ES · EU
Bi ahotsetara egindako performancea grafikoki irudikatuta: Itziar Ocarizek sortu du 80. Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela

Bi ahotsetara egindako performancea grafikoki irudikatuta: Itziar Ocarizek sortu du 80. Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela

21.03.2019
ikusi
berri
guztiak
>

• Testu bera irakurtzen duten bi pertsonaren arteko topaketa irudikatzen du kartelak: ordena ezberdinean irakurtzen dute testua eta, azkenean, batera irakurtzen dute, korua eginaz

Itziar Okariz da (Donostia, 1965) 80. Musika Hamabostaldiaren irudia izango den kartelaren egilea. Performancea da bere jardun nagusia: bere ekintzek, gehienbat, subjektu gisa definitzen gaituzten zeinuei eta hizkuntzari dagozkien arauak zalantzan jartzen dituzte. Abangoardia guztietatik edaten du bere lanak, situazionismoa buru. Gorputza eta ahotsa elementu ezinbestekoak dira bere obra ulertzeko, errepikapena bezalaxe.

“Karteleko irudia nire Baron Ashler performancean (2015) oinarrituta dago. Performance horretan, bi pertsonak testu bera irakurtzen dugu, aldi berean, eta aldiro hitz bat gehiago irakurriz. Bata testuaren hasieratik hasten da irakurtzen, eta bestea, berriz, amaieratik. Paragrafoa luzea baldin bada, eraikitzen dituzun irudiak erabat ezberdinak dira elkarrekiko. Testuaren erdialdean, bi irakurleok bat egin eta koru modukoa osatzen dugu. Pasarte bera irakurtzen dugu azkenean, soinubakarrean, batera. Nire ahotsa transkribatu dut lehenik; ondoren, Victorrena. Bi ahotsek espazioan aldi berean dihardutenean gertatzen dena adierazten ahalegindu naiz. Kartela topaketa horren irudikapen grafikoa da” dio kartelaren egileak.

Performancearen izenburua Baron Ashler da, erdi gizon eta erdi emakume den anime pertsonaia baten izena: pertsonaia horren erdi bakoitzak bere genero identitatearekin bat datorren ahotsa dauka. Baina, batzuetan, biek batera hitz egiten dute, gizon ahotsak eta emakumezko ahotsak koru bat balira bezala hitz egiten dutelarik.

Honako hitzekin azaltzen du Itziar Okarizek Hamabostaldia irudikatzeko Baron Ashler aukeratu izana: “Niretzat erritmoarekin du zerikusia, koruaren ideiarekin, hitzen soinuen erritmoak moldatzearekin, eta norberak bere burua denboran bilatu eta topatzearekin; niretzat horrek musikarekin zerikusia du”. Bere obran etengabe azaltzen den ulergarritasun kontzeptua azpimarratzen du: “Musikan, errepikatzen diren esaldiak perpaus tradizional batetik haratago doaz. Kantatu egiten direnez, sintaxiaren arauak apurtu ditzakezu, eta hori erabat naturala iruditzen zaigu, sostengatzen duen erritmo bat baldin badago”.

Azken hamarkadan egin dituen performanceetatik ezagunenak Mear en espacios públicos o privados dira, non artistak gizonentzako ez, baina emakumeentzako tabua den ekintza burutzen duen. Trepando Edificios lanean ere, gorputza darabil donostiarrak espazio publikoa bereganatu eta hari dagozkion arauak zalantzan jartzeko. Irrintzi Repeticiones instalazioan, hainbat irrintzi kantatu eta grabatu ondoren, beren testuingurutik kanpo erreproduzitzen ditu Okarizek, Bilboko Guggenheim Museoan edota Donostiako Tabakaleran. Veneziako Bienalean Espainia ordezkatuko du aurten Itziar Okarizek, Sergio Prego artistarekin batera.

 

HAMABOSTALDIKO KARTELAK

Hauek dira azken urteotako sortzaileak:

69 QM: Ricardo Ugarte (2008)
70 QM: Cállate la Boca (2009)
71 QM: Maider López (2010)
72 QM: Esther Ferrer (2011)
73 QM: Asier Mendizabal (2012)
74 QM: Koldobika Jauregi (2013)
75 QM: Txema G. Amiano, TGA + Asociados (2014)
76 QM: Jesús Mª Lazkano (2015)
77 QM: Elena Odriozola (2016)
78 QM: Manu Muniategiandikoetxea (2017)
79 QM: Juan Luis Goenaga (2018)
80 QM: Itziar Okariz (2019)

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical