ES · EU
Víctor Ullate Balletak “Carmen” aurkeztuko du gaur,  begiratu berri eta ausarta Bizeten klasikoari

Víctor Ullate Balletak “Carmen” aurkeztuko du gaur, begiratu berri eta ausarta Bizeten klasikoari

01.08.2017
ikusi
berri
guztiak
>
Lucía Lacarrak interpretatuko du “Carmen” gaur, konpainiak Kursaal Auditorioan aurreikusita dituen bi saioetatik lehenengoan. Bihar berriz, Marlen Fuerte dantzaria izango da protagonista.

Victor Ullate Balletak sinatuko du Hamabostaldiaren edizio berri honetako dantzarekin hitzordua, eta bide batez, amaiera bikaina emango die jaialdiaren 78. edizioa inauguratzeko gaur, abuztuak 1, Donostian egingo diren ekitaldi ugariei. Konpainiak Georges Bizeten klasiko hilezkorraren, “Carmen”en moldaketa berri bat dakar, pasio eta desengainuz inguratutako obra, oraingoan eguneratuta eta topikoetatik aldenduz. Dantza taldeak bigarren saio bat eskainiko du bihar, abuztuak 2, Kursaal Auditorioan.  

Gaur gauzatuko den lehen hitzorduan Lucía Lacarrak beteko du “Carmen”-en papera. 11 urte igaro dira Zumaiako dantzaria Hamabostaldian azkenekoz jardun zenetik. Orduko hartan Asami Maki Balletarekin aritu zen elkarlanean, bere maisu Roland Petiten “Pink Floyd Ballet” obra taularatuz. Ballet klasikoaren egungo ordezkari nagusitzat hartua, Víctor Ullateren Eskolan trebatu ostean heldu zitzaizkion hain justu ospea eta laudorioak, eta besteen artean, Roland Petiten Ballet Nazionala, San Frantziskoko Balleta eta Munich-eko Operaren Balleteko kide bilakatu zen. 1995ean egin zuen debuta Hamabostaldian; “Coppelia” lanaren protagonista izan zen orduan, Marsellako Ballet Nazionalaren dantzari nagusi gisa, Roland Petiten zuzendaritzapean, hain zuzen ere. 

Bestalde, Marlen Fuertek interpretatuko du “Carmen” Kursaal Auditorioak eskainiko duen bigarren saioan, bihar, abuztuak 2. Víctor Ullateren Balletaren Dantzari Nagusia da eta bere jaioterrian, Kuban, trebatu zen. Kubako Ballet Nazionalaren Solista Nagusia izan zen, Alicia Alonsoren gidaritzapean. Besteen artean, “Giselle”, “Errauskine” edota “Intxaur Hauskailua” balleten rol nagusiak dantzatu ditu.

Víctor Ullate Ballet taldeari dagokionez, hau izango da Hamabostaldia bisitatzen duen bigarren aldia. Víctor Ullate dantzari entzutetsuak sortu zuen konpainia 1988an, eta nazioartean ospea lortu duen Espainiako lehen talde pribatua izateaz gain, dantzari gazteen harrobi ere bada. Konpainia 2014ko edizioan aritu zen estreinakoz Donostian, Hamabostaldiak 75. urteurrena ospatzen zuen edizioan, hain justu. Alabaina, Víctor Ullate bera hemen izan zen 1970eko hamarraldian, Maurice Béjart dantzari eta koreografo ezagunaren XX. Mendeko Balletaren kide bezala. Orduko hartan, Nomos Alpha obra estreinatu zuen Iannis Xenakisekin Victoria Eugenia Antzokian, Maurice Béjart berak sortutako 20 minutuko bakar-saioa. Hain zuzen ere, dantzari haren eraginpean urratu du Ullatek koreografiaren esparruko bere karrera, hura izan baizuen maisu. 

Hamabostaldiaren baitan taularatuko duen ikuskarian, Víctor Ullate Balletak Bizeten “Carmen”-en birmoldaketa berria dakar. Dantzaren munduan inspirazio iturburu agortezina izaten jarraitzen du obra honek. Eta hain justu, hainbat moldaketa gogoangarriren lekuko izan da Hamabostaldia bere historian zehar, zein baino zein arrakastatsuagoa; besteen artean, Antonio Gadesen Balletak, Mats Ek eta Cullberg Balletak edota María Pagés-en konpainiak aurkeztutako koreografiak. 

Oraingoan, eta istorioaren mamia bilatze aldera, proposamen berria topiko eta klixeetatik aldendu nahi izan du Víctor Ullatek. Koreografoaren hitzetan, “jatorrizko kontakizunak eguneraketa bat jasan du, hartara, istorioa abangoardiazko denbora-espazio batetara aldatu dugu, denbora ez dadila izan ikusle eta protagonistaren arteko oztopo”. Halaber, Bizeten klasikoaren berrikusketa ere beharrezkotzat jo du Ullatek. “Duela mende bat idatzi zen obrak begiratu berri eta ausarta behar du, betiere istorioaren funtsa errespetatuz”.  

“Carmen” femme fatale irtirin eta xarmagarriaren istorioa da, inguratzen duen gizarte itogarritik ihes egin nahi duen emakume sutsuarena. Moldaketa berri honetan Víctor Ullatek luxu eta glamourraren esparruan kokatzen du Carmen: gauez escort bilakatzen den puntako modeloa da, eta alde ilun bat gordetzen du, erakargarri eta misteriotsua egiten duena. 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical