ES · EU
Xabier Anduagak opera eta zarzuela errezitala emango du, Euskadiko Orkestrarekin eta Robert Treviñorekin batera

Xabier Anduagak opera eta zarzuela errezitala emango du, Euskadiko Orkestrarekin eta Robert Treviñorekin batera

12.08.2020
ikusi
berri
guztiak
>

Hitzordu honetan, tenor donostiarra berriz elkartuko da bere hiriko entzuleekin, 2019ko uztailean Operalia lehiaketa irabazi ondoren.

Programan Rossini eta Donizettiren operetako ariak entzun ahal izango dira, baita Amadeo Vives eta Pablo Sorozabal konpositoreen erromantza eta zarzuelak ere.

Tradizioz, Musika Hamabostaldiak abuztu erdialdeko egunak operari eskaini ohi dizkio. Aurten, osasun egoera dela eta, ez dugu opera antzeztuarekin gozatzerik izango jaialdian, baina genero lirikoa izango dugu haren ordez, Xabier Anduaga protagonista izango duen errezitalaren bidez, gaur egun nazioartean etorkizun oparoena duen tenor gaztea. Anduaga, Operalia lehiaketa 2019ko uztailean irabazi ondoren, bere hiriko entzuleekin berriz elkartuko da errezital honetan, eta opera aria nahiz zarzuela erromantza ezagunak kantatuko ditu, Euskadiko Orkestrak eta haren zuzendari titularra den Robert Treviñok lagunduta. Hitzordua larunbatean izango da, abuztuaren 15ean, 20:00etan, Kursaal Auditorioan.

Gaztea izan arren, Xabier Anduagaren ibilbideak azken bost urteetan altuera estratosferikoa erdietsi du, eta dagoeneko Espainia, Alemania, Italia eta Argentinako antzokirik garrantzitsuenetan debutatu du. Bere konpromiso berrienen artean da Ernesto-ren papera (Ricciardo e Zoraide) Pesaroko Rossini Opera Festival jaialdian; udaro itzultzen da jaialdi horretara Anduaga. Baita ere, Leicester-en (Il Castello di Kenilworth) eta Gennaro-ren (Lucrezia Borgia) interpretazioak Bergamoko Donizetti Opera Festival delakoan, Ricardo Frizza-ren zuzendaritzapean, eta Don Ramiro-ren (La Cenerentola) papera Paduako Teatro Verdi-n eta Hamburgische Staatsoper izenekoan. Hala ere, azken hilabeteotan gehien laudatu dioten papera Conte d’Almaviva (Il Barbiere di Siviglia) izan da. Paper horrekin, Parisko Opera Nazionalean arrakasta handiz debutatu du, baita Pekingo Arte Eszenikoen Zentro Nazionalean, Parmako Teatro Region eta Rouengo Operan ere. Juan Diego Flórez-en begikoa da Anduaga, eta lehen lerroko abeslari rossiniar bezala nabarmentzen ari da. Hain zuzen, egile honen musika entzun ahali zango dugu, besteak beste, Hamabostaldiko errezitalean.

Covid-19aren krisia hasi baino lehen diseinatutako programazioan, Anduaga pianista batek lagunduta zen errezitala ematekoa, baina, azkenean, Euskadiko Orkestraren borondateari esker, aria eta erromantza hautatuok beren ahots eta orkestrarako bertsio originaletan entzun ahal izango ditugu. Gainera, Musika Hamabostaldi honetan Euskadiko Orkestrak emango duen bigarren kontzertua izango da, joan den larunbatean, Semyon Bychkov zuzendariarekin batera, Beethoveni eskainitako programa jo ondoren. Oraingoan, Euskadiko Orkestra bere zuzendari titularrak gidatuko du, Robert Treviño estatubatuarrak. Treviño Euskal Herrian zuzendari sinfoniko gisa ezagutu dugu gehienbat, baina opera zuzendari bikaina ere bada. Horren erakusgarri da 2013an jendaurrera nazioartean agertu izana Moskuko Bolshoi Antzokian, Verdiren Don Carlos zuzendu ondoren. Emanaldi harengatik Golden Mask sarietan izendatu zuten.

Anduagak 2014. urtean debutatu zuen Musika Hamabostaldian eta 2018an jaialdira itzuli zen Mozarten Aitorlearen Bezpera Handiak obrako tenor bakarlariaren zatia kantatzeko, Ivan Fischer-ek zuzenduta. Oraingoan, programaren lehen zatia bere espezialitatea den bel canto-ari eskainiko dio Anduagak, Giacchino Rossini eta Gaetano Donizetti-ren aria eta kantekin. Pesaroko konpositorearen lanetatik, Sevillako bizargina laneko aria bikainenetako bat hautatu du, “Cessa di piùr esistere”, koloratura maila handian menderatzea eskatzen duena, baita Les Soirèes musicales bildumako tarantella napolitar bat ere, “La danza” izenekoa eta Pavarottiren kanta gogokoenetarikoa zena. Rossiniren ondoren, tenor donostiarrak Donizettiren aria ospetsuenetako bati egingo dio aurre: “Ah! Mes amis”, La Fille du régiment operan Toniok intonatzen duena. Askoren ustez, tenor liriko-arinaren errepertoriotik ariarik zailenetakoa da hau bere bederatzi do altuengatik. “Una furtiva lacrima” ere kantatuko du, Nemorino-k Maitasunaren elixirra erromantza ezagunean kantatzen duena.

Zarzuelari eskainia izango da errezitalaren bigarren zatia, Doña Francisquita zarzuelako “Por el humo se sabe dónde está el fuego” erromantza ezagunetik hasita. Anduagak, jarraian, Granada intonatuko du, Agustín Lara mexikarrak 1932an konposatutako kantua; artista handi askok egin dute kantu horren bertsioa, Frank Sinatratik hasi eta José Carreras-eraino. Tenorrak bere hiriari egindako keinuarekin amaituko du emanaldia, Pablo Sorozabal maisuaren musikaren bidez: Portuko tabernako neska-ko “No puede ser” hautatu du, zarzuela errepertorioko erromantza ezagunenetariko bat.

Kontzertuaren hasieran eta aria batzuen artean, Euskadiko Orketsrak eta Robert Treviñok orrialde sinfoniko batzuk joko dituzte, Weber-en Euryanthe-ren eta Rossini-ren Guillermo Tell-en oberturak, edo Jesús Guridiren Diez Melodías Vascas-eko “Amorosa” ospetsua, Euskadiko Orkestrak 1982an sortu zenetik askotan interpretatu duena

 

BIOGRAFIAK

Xabier Anduaga
Xabier Anduaga tenor liriko-arin gaztea Donostian jaio zen 1995ean. Haurtzaroan abesbatzetan kantatu zuen eta opera nahiz erlijio-musika emanaldietan bakarlari aritu zen. Musikenen ikasi zuen, eta gaur egun Maciej Pikulski eta Elena Barbé ditu aholkulari. Ernesto Palacio, Alberto Zedda, Ana Luisa Chova eta Juan Diego Flórez-en eskola magistralak ere jaso ditu. 2016. urtean Accademia Rossiniana-ko kide izateko hautatu zuten Alberto Zeddarekin. Cavalier Belfiore bezala debutatu zuen nazioartean Il Viaggio a Reims operan. Aitorpena Tenor Francisco Viñas lehiaketan jaso zuen, bost sari irabaziz, baita entzuleen eta kritikaren babesa ere. Théâtre des Champs Elysées-era eraman dute azken denboraldiek, Lord Arturo (Lucia di Lammermoor) bezala, Conte d’Almaviva (Il Babiere di Siviglia) bezala Anconan eta San Petersburgoko Mikhailovsky antzokian debutatzera, eta Ramiro (La Cenerentola) kantatzera Nafarroako AGAOn. Era berean, Rossini-ren Petite Messe Solennelle kantatu du Madrilgo Auditorio Nazionalean, Fenton (Falstaff) Budapest Festival Orhcestra-rekin eta Ivan Fischer-ekin batera Budapesteko Müpa jaialdian, Lindoro (L’italiana en Algeri) Buenos Airesko Colón Antzokian eta Cavalier Belfiore (Il Viaggio a Reims), Vienako Musikverein-en, besteak beste. 2019an Operalia nazioarteko kantu lehiaketako Lehen Saria irabazi zuen.

Euskadiko Orkestra
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatu eta garatuta, 1982an sortu zuten, musika elkarbanatutako ondarea zen garaian. Ondare aberats horren gordetzaile da orkestra eta, aldi berean, ondare hori dibulgatzeko eta sustatzeko konpromisoa du. Gaur egun, estatu mailako talde sinfoniko garrantzitsua da, gure artean erabat finkatua, 7.000 abonatu inguru dituena eta 150.000 ikusleko bataz bestekoa urtero. Horrez gain, gure garaiko orkestra da, eskakizun maila handikoa eta garai guztietako musika sinfonikoa hedatzeko konpromiso sendoa duena, baita euskal musika sortzekoa eta hedatzekoa ere. Ongi finkatutako eta egituratutako jarduera horri esker, lau kontzertu ziklotan aritzen da modu iraunkorrean, eta ganberako musikari nahiz haurrei eta familiei eskainitako beste bi ziklo ere egin ohi ditu. Politika diskografiko trinkoa ere badu, euskal konpositoreen ekoizpen sinfonikoa ardatz duena. Joan den abenduan Austria eta Alemanian bira egin zuen, eta 2020ko urtarrilean Parisko Eliseo Zelaietako Antzokian jo zuen lehen aldiz.

Robert Treviño
Euskadiko Orkestraren eta Malmö Symphony Orchestraren zuzendari titularra gaur egungo zuzendari estatubatuar interesgarrienetako bat da. Bolshoi Antzokian egin zen ezagun nazioartean 2013an, Verdiren “Don Carlos” zuzendu eta Golden Mask sarietan izendatu zutenean. David Zinman-ekin trebatu zen Aspen Music Festival-en zuzendari elkartu bezala, eta ondoren Seiji Ozawa-ren zuzendari elkartu izan zen Tanglewood-en. M. Tilson Thomas-ekin ikasteko gonbidapena ere jaso zuen, baita Helsinkiko Orkestra Filarmonikoan Leif Segerstam laguntzekoa ere. Cincinnatiko Orkestra Sinfonikoan zuzendaritzaren laguntzailea izan da (2011-2015), baita, lehenago, New Cork City Opera-koa (2009-2011) ere. Azken denboraldietan hainbat orkestra garrantzitsutan debutatu du: Londresko Orkestra Sinfonikoan, Municheko Filarmonikoan, Londresko Filarmonikoan, Tonhalle Zurich-en, San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoan, Leipzig Gewandhaus-en, Detroiteko Orkestra Sinfonikoan, Dresdeko Filarmonikoan… Era berean, Decca diskoetxearentzako bere lehen grabazioa egin du eta Ondine zigiluarentzako Beethovenen sinfonia guztiak grabatu ditu. 2019/2020 denboradian RTW Symphony Orchestra, Antwerp Symphony Orchestra, Parisko Orkestra, Royal Philharmonic edo Oregoneko Orkestra Sinfonikoarekin izan du harremana, Euskadiko Orkestrarekin eta Malmökoarekin egiten duen ohiko lanaz gain.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical