- 28.200 pertsona bertaratu ziren antolatutako 75 hitzorduetara, bataz besteko % 74ko okupazioarekin.
- Auditorioaren okupazioa % 90etik (2019 eta 2018ko datuak) % 80 pasa zen.
- Ikuspegi artistikotik, azpimarragarria izan zen Xabier Anduaga eta Elena Sancho-Pereg abeslariek La Fille du Régiment operan elkarrekin egin zutela debuta, Hamabostaldiaren ekoizpen berrian. Errepertorio ezohikoagoari publikoak harrera ere bikaina egin zion.
Abuztuaren 27an amaitu zen 83. Donostiako Musika Hamabostaldia, Txekiar Orkestra Filarmonikoak Semyon Bychkov zuzendariak gidatuta; bigarren emanaldia izan zuten, izan ere, bezperan Mahlerren 7. Sinfonia interpretatu baitzuten. Katia eta Marielle Labèque pianistekin, Evelina Dobračeva sopranoarekin, Lucie Hilscherová mezzoarekin, Aleš Briscein tenorrarekin, Jan Martiník baxuarekin, Daniela Valtová Kosinová organistarekin eta Donostiako Orfeoiarekin, festa giroan itxi zuten 83. Musika Hamabostaldia Dvorak eta Martinu egile bohemiarren obrekin, eta Leos Janacek konpositorearen Meza glagolitiko erraldoiarekin. Bi emanaldiok Kursaal Auditorioan izan ziren.
Pandemiaren eraginez tamaina txikiagoko bi edizio ospatu ostean, edukiera osoak berreskuratzea izan zen 83. edizioaren ezaugarri bereizgarrietako bat. Kontzertuetara bertaratutako ikusle kopuruak joera positiboa iragarri zuen: Kursaal Auditorioan, jaialdia hasi baino lehen aurreikusi zen publikoaren jaitsiera % 10ekoa baino txikiagoa izan zen azkenean. 28.200 pertsona bertaratu ziren ospatutako 75 musika eta dantza hitzorduetara eta leihatilan bildutako diru-kopurua 669.000 € gordinekoa izan zen guztira. Urrun gelditzen ziren jada 2021eko datuak (385.000 €), baina ez ziren 2019koak erdietsi: orduan 942.000 € bildu ziren leihatilan, kontzertu kopuru handiagorekin.