Hamabostaldia
Donostiako Musika Hamabostaldia Espainiako musika klasikoko jaialdi zaharrena da eta beteranoetakoa Europan.
1939an sortu zen hiriko ostalari eta merkatarien kezka eta bultzadari esker, urte batzuk beranduago Nazioarteko Zinemaldia jaioko zen moduan, uda sasoiko eskaintza turistikoa aberasteko asmoz. Horretarako, XIX. eta XX. mendeen artean hirian zegoen musika tradizioaren lekukoa jaso zuten: Donostiako Orfeoiaren sorrera, Gran Kursaal Kasinoko orkestrak, gerratik Victoria Eugenia Antzokian babesa aurkitu zuten europar artista handiak…
Musika Hamabostaldiaren lehenengo edizioa gaur egun desagertua den Gran Kursaal Antzokian izan zen, eta 1940koa, berriz, Victoria Eugenia Antzokian. Hura izan zen jaialdiaren egoitza ofiziala 1999. urtea arte, hau da, jaialdia Kursaal Auditorio berritura itzuli zen urtea arte. 2007. urtean amaitu ziren Victoria Eugenia Antzokia zaharberritzeko lanak, eta orduz geroztik bi agertokiak dira Musika Hamabostaldiaren egoitza ofizialak.
Opera protagonista nagusia izan zuen jaialdiaren lehen aro arrakastatsuak 60ko hamarkadaren bukaeraraino iraun zuen, orduko istilu politikoek eta ohitura turistiko berriek kinka larrian utzi baitzuten Musika Hamabostaldia. 1979an Udalak hartu zuen jaialdiaren ardura eta pixkanaka suspertzen hasi zen. Urte horretan izendatu zuten José Antonio Echenique jaialdiaren zuzendari, eta kargu horretan egon zen 2009. urtera arte. Egun, Patrick Alfaya da Musika Hamabostaldiko zuzendaria.
Musika Hamabostaldiak gero eta gehiago iraun du, eta azken urteetan abuztu osoa hartzen du.
Musika Hamabostaldiaren berreskuratze aldi hori 1991n sendotu zen, Sozietate Kudeatzailea eratu zenean (Sozietate Anonimoa), Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearekin. Urtebete lehenago, Musika Hamabostaldia Europako Jaialdien Elkarteko kide egin zen, nazioartean duen oihartzunaren erakusgarri. Alderdi artistikoari dagokionez, 1987an opera antzeztuari heldu zitzaion berriro ere, hainbat urtez kontzertu bertsioak bakarrik eskaini ondoren; garrantzizko inflexio-puntua izan zen hura.
Jaialdiak, lehenengo urteetan, bi aste irauten bazuen ere, denborarekin, sendotu egin da, eta ikus-entzuleen babesari esker, Musika Hamabostaldiak gero eta gehiago iraun du, eta azken urteetan abuztu osoa hartzen du.
Opera, balleta, orkestra sinfoniko handiak, ganbera talde txikiak, organo erromantikoa, abesbatzak, musikagile garaikideak, etorkizun oparoko bertako artistak, nazioarteko musikari apartak, haur ikuskizunak... denak du bere txokoa jaialdi honetan. Gainera, haren durundia Kursaal eta Victoria Eugenia egoitza nagusietatik harago entzuten da, Donostiako nahiz Gipuzkoako hainbat espazio paregabetara heltzen baita.
70 urtetik gorako historiaren ondoren, Musika Hamabostaldiak egonkortasun maila handia lortu du, eta horrek etorkizunari anbizioz begiratzeko aukera ematen dio. Eta hori guztia posible da publikoaren babesa izugarria delako; besteak beste, Hamabostaldiaren Lagunak 2.000 direla hartu behar da kontuan.
Hala, jaialdiak publiko berriak bilatzeari ekin dio, musika klasikoko jaialdi guztiek duten erronkarekin bat eginez. Aniztasunaren espirituari eustea da jaialdiaren beste erronketako bat, egile eta titulu aniztasunari lekua egingo dion -ildo zabalari jarraituz. Halaber, musika-sorkuntza eta -heziketa sostengatzeko ahalegina sendotu nahi du Musikenerekin, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroekin elkarlanean. Horrez gain, hirian eraikitzekoak diren musikagune berriak, hala nola, Donostiako Orfeoiaren eta Musikeneren egoitza berriak bere programazioan integratzea du xede. Beste erronka eta proiektuen artean, mugaz gaindiko harremanak estutu nahi ditu, Toulouse eta Bordelekin batez ere.
Festclásica kidea.