ES · EU

Kategoriazko lagunak 2009

Lagunarteko
solasaldiak

Musika Hamabostaldiak lagunen arteko solasaldi batera gonbidaturik, jaialdiaren jarraitzaile leialek, barrea gogotik eginez eta pasadizo gogoangarriak kontatuz, jaialdiarekin lotutako oroitzapen samurrak partekatu dituzte.

Carlos Arce
Carlos Arce(1953, Cangas de Narcea, Asturias)

"Aldi eklektiko baten ondoren sartu nintzen musika klasikoan: izan nuen nire jazz-garaia, gero flamenko-aldi bat.."

Xabier Laboa
Xabier Laboa(1962, Pasai Donibane)

“Nik gau osoak eman izan ditut Victoria Eugenian ilaran”

Elisabete de Beotegi
Elisabete de Beotegi(1929, Donostia)

"Hamabostaldia Europa hegoaldeko jaialdirik hoberena da"

Remedios León
Remedios León(1951, Aldeanueva de Ebro, La Rioja)“1994az gero daukat abonamendua, eta lehenago banakako sarrerak hartzen nituen”. Arreta handiz aukeratzen zuen zer kontzertutara joan. “Balleta eta operarentzat bakarrik hartzen nituen sarrerak, garai hartan haur txikiak

"Behin ere ez zait ahaztuko  Laranja mekanikoaren soinu banda"

Daniel Apaolaza
Daniel Apaolaza(1941, Zumarraga)

“Nik ulertu ez dut ulertzen, baina gozatzen dut”

Ilarak
Adiskideen irudia sortu zen arte, Hamabostaldirako abonamenduak erosi nahi zituzten zaleek oso ilara luzeak egin behar izaten zituzten abonamendu haiek eskuratzeko. Itxoinaldi luze haiek oso gogoan dituzte denek. Dibertiturik gogoratzen dituzte, eta batzuetan baita halako oroimin pixka batekin ere. “Nik gau osoak eman izan ditut Victoria Eugenian ilaran”, gogoratzen da José Luis Nagore. Onartzen dute eguraldi txarra pairatu behar izaten zutela, baina oroitzapen atseginenak nagusitzen dira. “Jendea ezagutzen zen”, onartzen dute. “Gu adiskide talde bat ginen eta txandak egiten genituen”, oroitzen da Elisabete de Beotegi. “Berriketan egoten ginen, musika pixka bat aditzen, irrati bat edo kasete bat edo eramaten bazenuen… Ondo pasatzen zen”, onartzen du. “Gogoan dut behin emakume bat farola baten azpian eseri zela aulki txiki batean, eta josten aritu zen”. Remedios Leónek ere gogoan du zer goiz jaiki behar izaten zuen sarrerak lortzeko . “Baina ni goizeko seiak baino lehen ez nintzen behin ere joaten...”, aitortzen du dibertiturik. “Nolanahi ere, oso ondo pasatzen zen”. Daniel Apaolazak Zumarragatik Donostiara etorri behar izaten zuen, eta goizeko 05:00etan jaikitzen zela gogoratzen da, ilarara garaiz iristeko.

Musika plazer gisa 
Musikak sorrarazten duen gozamena defendatzen dute oroz gain. Ez dute ulertzen beti dena gaitzesten aritzen den publiko zorrotz hori. “Bi urtetan segidan Donostian oso ezaguna den pertsona bat egokitu zitzaidan aldamenean, ez dut izenik esango, musikan oso-oso aditua den pertsona bat, eta ni ez naiz aditua, niri gustatu egiten zait baina ez dut ulertzen. Eta pertsona hari ez zitzaion ezer ere gustatzen, gaizki esaka aritzen zen beti… Eta hurrengo urtean leihatilako andreari esan nion, faborez, ez jartzeko berriz pertsona haren aldamenean”, kontatzen du, barrez, Elisabete de Beotegik. Kontzertuetara ondo pasatzera joaten dira, eta ez dute nahi gozamen hori espiritu kritiko gehiegizko batek gutxitzea. “Gogoan dut Santa Teresako Komentuan eman zen kontzertu batean zuzendariak biribil batean jarri zuela korua eta birak emanarazten zizkiola, eta, era horretan, denok ikusten genituen abeslari batzuk guri bizkarra emanda, eta beste batzuk gure parean; zoragarria izan zen. Eta nik irtetean esaten nuen, “Pentsa zer ederki abestuko zuten, Arturo Reverterrek [kritikari ezaguna] ere txalo egin du!”. Ez dute obsesiorik, badakite ez zaizkiela obra guzti-guztiak gustatuko, ezta sail guztiak ere. Remedios Leónek aitortzen du ez zaizkiola musika-estilo guztiak gustatzen, ezta obra guztiak ere: “Batzuk zeharo aspergarriak dira”.

Adiskideak
“Abonamenduak berak, urtero eserleku berean egoteak, jendea ezagutzera bultzatzen zaitu”, dio Carlos Arcek. “Gero baliteke jende horrekin harremanik ez izatea, baina Hamabostaldian bai. Atsedenaldian atera egiten gara, kalera joaten gara erretzen dutenek lasai erre dezaten… eta denak berriketan aritzen gara”. Daniel Apaolazak, bere aldetik, bere ahaideekin lotzen du Hamabostaldia. “Abonamendua partekatua daukat, alegia, ni ez naiz kontzertu guztietara joaten, koinatekin erdibana hartzen dut eta sarrerak banatu egiten ditugu, abonamendu bikoitza da, eta bide batez hizketan aritzen gara eta oso-oso gustura egoten gara”, agertzen du. 

Hasierak
Remedios León, Daniel Apaolaza, José Luis Nagore eta Carlos Arcek aitortzen digute heldutasunean deskubritu dutela musika klasikoa, eta zaletasuna denborarekin areagotu zaiela. “Ni optikoa nintzen, eta New Yorken egin nuen ikastaro batean, gogoan dudanez, -12 gradu egiten zituen. Hotelera joan nintzen, eta zer egin behar genuen galdetu nion emazteari. Atezainak ikusi gintuen, eta esan zigun nahi bagenuen bi sarrera genituela operarako. Verdiren ‘Traviata’ ematen zuten. ‘Hotzik behintzat ez dugu pasatuko’, esan nion emazteari, eta operatik ateratzerakoan konturatu nintzen ez nintzela batere aspertu, oso gustura egon nintzela”. Emanaldi hura egunetik egunera handitzen den zaletasun baren ernamuina izan zen. Carlos Arcek agertzen digu bide luzea egin ondoren zaletu zela musika klasikoarekin. “Aldi eklektiko baten ondoren sartu nintzen musika klasikoan: izan nuen nire jazz-garaia, gero flamenko-aldi bat... Eta hasieran orkestra filarmonikoek egiten zidaten zirrararik handiena, orkestra indartsuek”. Eta aldatzen jarraitu du: “Orain opera da gehiena gustatzen zaidana”. Remedios León ere ezohiko bideetatik heldu zen musika klasikora. “Lehendabizi Kubricken musikarekin; behin ere ez zait ahaztuko ‘Barry Lindon’en soinu-banda, edo ‘Laranja mekanikoa’rena, filma ezin gogorragoa izan arren... Ni orduan gaztea nintzen eta pixkana-pixkana diskoak erosten hasten zara. Eta gero, zera, ‘Clásicos Populares’ irratsaioan gauzak aditzen dituzu eta ‘niri hau gustatzen zait’ esaten duzu, baina nik ez nuen behin ere kontzerturik zuzenean aditu”. Aurreneko abonamendua Euskadiko Orkestrarekin erosi zuen: “Ea zer gertatzen den… Eta honaino heldu naiz”.&nb

Gau bat Operan
Opera ahaztu ezinezko oroitzapenen iturria da denontzat. “Elektra”ren emanaldia, esate baterako, Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak eskainia, eta Semyon Bychkov-ek kontzertu-bertsioan 2004an zuzendua, hizlari guztien gogoan dago. “Hark ez zuen antzezpenik behar”, dio Remedios Leónek, “zoragarria izan zen, benetan zirraragarria”. Gozatzeko, operak ez duela beti eszeneratua izan behar onartzen dute. “Zerorrek irudikatzen duzu gogoan”, esaten du Remedios Leónek. “Askotan, kontzertuko bertsioetan gehiago sartzen zara musikan”, dio hausnarketa eginez. “‘Holandar alderraia’ opera, esate baterako [2006ko edizioan eman zen] ez zen eszenaratua eman, baina nik eszenaratua izan balitz bezala daukat gogoan gordea”, gogoratzen da Carlos Arce. Eta badira opera gehiago ere emozio handiz gogoratzen dituztenak, batzuk eszenaratuak, baina kontzertuko bertsioan eskainitako operak ere oso gogokoak dituztela aitortuz. Oso luzea da atsegin handiz gogoratzen dituzten operen zerrenda:  “Don Carlo”, “Boris Godunov”,  “Rigoletto”, “Bahiketa serrailoan”, “Madama Butterfly”, “Italiarra Aljerren” ... 

Ezin ahaztuzko kontzertuak 
Barrez gogoratzen dituzte Musikaldiko gertaera batzuk. “Christian Zacharias, Mozarten pianorako obra osoa interpretatzen ari zela —hiru ediziotan interpretatu zuen—, su-hesia gora eta behera hasi zen”, gogoratzen da Carlos Arce, besteek baietz dioten bitartean. Musikari batek, jantzi-geletan, sutearen kontrako kutxa bat hautsi zuen uste ez zuela, eta abian jarri zen suteei antzematen dien mekanismoa. “Baina entzuleak mugitu ere ez ziren egin. Entzuleen jarrera ereduzkoa izan zen”, laburtzen du Daniel Apaolazak. Era guztietako pasadizoak daude, oso atseginak ez direnak ere bai batzuk. “Duela hamar bat urte israeldar orkestra bat etorri zen, Mehtarekin”, kontatzen du Elisabete de Beotegik, “eta poliziak egon ziren agertokian”. Kontzertu mitikoen artean, Teresa Berganzak eta Montserrat Caballék 1989. urtean eskaini zituztenak aipatzen dituzte. “Montserrat Caballék abestu zuen, eta apartekoa izan zen; ez dakit hurrengo egunean edo hurrenagokoan zetorren Teresa Berganza, eta jende guztiak esaten zuen: ‘Orain honek bai zaila!’. Gainera, telebistatik eman zuten Montserrat Caballéren kontzertua, eta Berganzarena ez… Baina emakume horrek oso eskarmentu handia du, eta egiaz zoragarria izan zen, zoragarri egon zen. Zazpi bis ere oparitu zizkigula uste dut!

Luxuzko interpretatzaileak 
Zale bakoitzak bere gustuak, bere artista kutunak izaten ditu. Zerrenda oso luzea da, amaierarik gabea, baina Hamabostaldiko interpretatzaile maiteenen artean dantzako munduaren izen batzuk nabarmentzen dira, azken urteotan gure solaskideak txundituta utzi dituztenak: Lucía Lakarra (“berezko izarra da”, aitortzen dute), Sara Baras, Tamara Rojo... Jordi Savall, Hamabostaldira oso maiz etortzen den beste musikagile bat, oso maite duten beste artista bat da. “Urtero ekarri behar lukete”, dio José Luis Nagorek. Christian Zacharias ere oso maitea dute.  “Nik uste dut pianista handi bat dela, eta oso pozik etortzen da Donostiara, ikustekoa da nola egiten duen gaztelaniaz”), dio Carlos Arcek.  María Joao Pires da kuttunen artean, beste kuttun bat: “Apartekoa da, bakarlari gisa nahiz jende gehiagorekin”. 

Zikloak
Hamabostaldiak azken urteotan ugaritasuna irabazi duela onartzen dute. Antzinako musikako zikloa, musika garaikidea, ganberakoa… Denek ematen dizkiete azkeneko urte hauetan aukera asko zaleei. José Luis Nagorek adierazten du neurriz txikiagoak diren zikloak interesatzen zaizkiola, esate baterako musika garaikidearena edo Chillida-Lekukoa. “Niri iruditzen zait oso atsegina dela, esate baterako, Chillida-Lekuko kontzertu batzuetara joatea. Batzuk gogor samarrak izan dira… baina niri interesatzen zaizkit”. Gainerakoak ez dute ziklo horietan halako interesik erakusten, batez ere oso abangoardiako musika programatzen dutenean. “Nik gustatzea nahi nuke”, esaten du Elisabete de Beotegi, erdi barrez eta erdi etsita. Auditorioan edo Victoria Eugenian eskaintzen ez diren kontzertuei batzuetan ez zaiela jaramonik egiten onartzen dute. “Kursaaleko kubo txikia, esate baterako, gutxitan bete da kamerako musikarekin, eta nik areto horretan egiazko bitxiekin gozatu dut”, azpimarratzen du Remedios Leónek.

Gaztedia
Batzuk eszeptikoak dira gazte-jendea erakartzeari dagokionez; urruti ikusten dute. “Nik neure inguruan, esate baterako, ez dut gazterik ikusten”, dio Daniel Apaolazak. “Zumarragan, adibidez, bada musika-eskola bat, eta neska-mutil asko joaten dira bertara, 200-300 bat bai; baina gero, Antiguan egiten diren kontzertuetara, eta oso-oso onak izaten dira, oso gazte gutxi joaten da”. Musikan sartzen diren gazteak gutxi direla esaten du: “Baina nire ustez, gutxi horiek hain lotuak geratzen dira, non luzerako izaten baita”. Beste batzuek, berriz, denbora-kontua besterik ez dela uste dute. “Nire alabak, esate baterako, ez daude musika klasikoarekin lotuak. Gogoan dut nola gazteenak esaten zidan, Beethovenen 5. Sinfonia jartzen nionean, ‘jar ezazu misteriozko hori’; eta asko gustatzen zitzaion ‘Xirula Miragarria’ko ‘Gaueko Erregina’…” agertzen du Remedios Leónek. Alabekin joan izan da ikuskariren batera, eta berriz ere joango liratekeela iruditzen zaio: “Ikuskari ona eskaintzen baldin badiezu...”. Carlos Arcek azpimarratzen du ez duela uste, gazteak erakartzeko, musika klasikoko kontzertuen maila ‘jaistea’ komeni denik: “Ni ez naiz horren aldekoa. Iritsiko dira, iritsi behar dutenean; ni berandu heldu nintzen, hogeita hamarrak ondo beteta...”.

Proposamenak
Denak daude, orokorrean, Musika Hamabostaldiak eskaintzen duenarekin oso pozik. José Luis Nagorek aipatzen du, nolanahi ere, asko gustatuko litzaiokeela gainerakoen gainetik nabarmentzen diren izen batzuk aurkitzea egitarauan. “Maila ona da, baina agian faltan ematen da inoiz, lehen mailako orkestra edo bakarlari bat ez ezik, lehen-lehen mailako bat”, hala dio. Oro har, solaskideen iritziz aukera ezin hobea eman die Hamabostaldiak artista handiak deskubritzeko, kasu askotan, gainera, nazioarteko mailako artista handiak bihurtu baino lehen. “Seguruenera, orduan ez zuten izango gaur duten ospea eta ez zuten kobratuko gaur kobratzen dutena, eta guk haiekin gozatu genuen”, azpimarratzen du Remedios Leónek. Juan Diego Flórez aipatzen dute, adibide moduan. “Ni txunditua geratu nintzen”, dio Carlos Arcek. “Eta ez nuen ezagutzen...”. Daniel Apaolazaren aburuz, Hamabostaldiak Donostiatik ateratzen jarraitu behar du eta irteerak areagotu gainera, jaialdia Gipuzkoako beste lekuetara ere irits dadin. “Gipuzkoa osoan txertatzeko”. Carlos Arcek, bere aldetik, gogoan izanik jazzaldia eta jazzaldiak kalean duen presentzia handia, Hamabostaldiak ere kalera gehiago atera behar lukeela uste du, horretarako formula berriak saiatuz. “Talde bat kalean jotzen jar liteke… ” proposatzen du.

Uda "beteak" 
Solaskideen iritziz, Hamabostaldia, era guztietako kontzertuak eskaintzen dituelarik, jende askorengana heltzen da. Gure lagunek jaialdiaren inguruan antolatzen dute abuztua. “Une batean astirik ez duzu denera iristeko…” aitortzen du Carlos Arcek. “Agian abonamendu osoa ez daukan jendeak denbora gehiago du, baina abonamenduak egun asko hartzen dizkizu… Nik aspalditik ez daukat oporrik Hamabostaldiaren garaian, eta primeran”. Gainerakoak ados daude. Egun batzuetan bi emanaldietara joaten dira, “eta, batzuetan, baita hiru emanaldietara ere”, eransten du Nagorek. “Denok berdintsu ibiltzen gara egun horietan, baina oso gustura, oso atsegina da”, laburtzen du Remedios Leónek.

Lehen mailako jaialdia
Donostiako Musika Hamabostaldia kalitate handiko musikalditzat hartzen dute. “Oso duina”, dio Elisabete de Beotegik. Remedios León ados dago. “Santander, Granada eta gu”, esaten du, hurbileneko jaialdiak aipatuz, “eta gu merkeagoak gara”. Azken urteotan Hamabostaldira etorri diren orkestrak eta interpretatzaileak gogoratuz, zalantzarik gabe diote: “Europako gauzarik hoberenak ekartzen dizkigu”. Eskertuta aitortzen dute 30 edizio hauetan José Antonio Echeniquek jaialdia zuzenduz egin duen lana. Elisabete de Beotegik azpimarratzen du guztien sentipena: “Magia egiten du”. Konturatzen dira artista asko oso kontentu etortzen direla Donostiara, eta iruditzen zaie José Antonio Echeniqueren gestioak zerikusi handia duela horretan. 

Kursaala

Azken 10 urteotan funtseko espazioa bihurtu da Kursaala jaialdian. Gure solaskideek oso maite dute espazio hau. “Bultzada handia izan da”, esaten du Remedios Leónek. Oso akustika ona duela iruditzen zaie: “Niretzat oso akustika ona du, niri asko gustatzen zait nola aditzen den”, dio José Luis Nagorek, “primeran aditzen da, eta orkestra batekin egiaz gozatzen duzu”. 

70 Edizioa 
Hamabostaldiko 70. edizioaren programazioaren aurrerapenak erakarri ditu. “Niretzat gustagarria da, gainera hainbeste urteurren ospatzen da aurten...”, dio Carlos Arcek. Remedios Leónek ere “erakargarria” aurkitzen du Hamabostaldiak edizio honetarako prestatu duen egitaraua. Nagorek azpimarratzen duenez, maila handiko izenak daude aurten: “Nahiko ugaria da eta nahiko izen dago, agian joan den urtean ez zen hainbeste izan”. Era berean, oso erakargarria iruditzen zaio ‘1930-36: Abangoardia aroa’ zikloak musikaldiari emango dion hari gidaria. “Niri oso ondo iruditzen zaizkit halako oroigarriak”. Irrikaz daude La Fura des Baus taldeak jaialdi honetan estreinatuko duen ‘Carmina Burana’ren zain. “Gauza politen bat egingo dute”, dio Carlos Arcek. Baina dena ez da gorespen eta laudorio. Faltan ematen dute Hamabostaldiak urte askoan argitaratu duen katalogoa. “Niri asko gustatzen zitzaizkidan”, dio Carlos Arcek, “zoragarria aurkitzen nuen, gordeta dauzkat denak”. Ez zaio ondo iruditzen katalogoa desagertzea, eta protesta egiten du: “Erreibindikatu egin nahi dut, katalogo zoragarria zen”.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical