ES · EU

Kategoriazko lagunak 2010

Lagunarteko
solasaldiak

Musika Hamabostaldiak lagunen arteko solasaldi batera gonbidaturik, jaialdiaren jarraitzaile leialek, barrea gogotik eginez eta pasadizo gogoangarriak kontatuz, jaialdiarekin lotutako oroitzapen samurrak partekatu dituzte.

Irene Agirrezabala
Irene Agirrezabala(1964, Donostia)

"Bereziki hunkitu nauten hainbat isilune ditut iltzatuta memorian"

Xabier Laboa
Xabier Laboa(1962, Pasai Donibane)

"Udaberriaren sagaratzebat dut gogoan. nik ordura arte pentsatzen nuen tankera horretako musika ez nuela gogoko, gogorregia zela"

Juan Pedro Sesé
Juan Pedro Sesé(1960, Donostia)

"...Izugarria izan zen; horrelako gauzak gutxitan ikusten dira, zoragarria!”

Beren udak, Hamabostaldiari esker, musikaz beteta daude. “Niri, bururatu ere ez zait egiten Hamabostaldiko sasoian oporretan irtetea”, dio Xabier Laboak. “Oso argi duzun gauza da, galdu ezin diren kontzertuak izaten dira…”. Hamabostaldiak denbora handia kentzen diela dio, udako ia denbora libre guztia. “Zenbaitetan, burutik pasa zait garai horretan oporrak hartzea eta dena…”.

Erakargarria
Juan Pedro Sesé-k biziki estimatzen du Hamabostaldiaren programazioa, musika klasikoaren alorreko izen handiak ekartzen baititu. “Gainerakoan urte osoan zehar ikusi ezin diren orkestra handiak etortzen dira, esate baterako”. Hirurek, Hamabostaldiak Kursaalen eta Victoria Eugenian eskaintzen duten programazioari erreparatzen diote, batez ere; onartzen dute, gainerako ziklo eta ekitaldiak ez dituztela gertutik jarraitzen. “Izan ere, denborarik ere apenas geratzen den…”, dio Xabier Laboak. Inguruko beste hainbat jaialdirekin alderatuz (Granada, Santander…) Hamabostaldiak antzeko maila duela diote. “Nolanahi ere, nire iritzia da hemen gauza gehiago daudela…”, dio Juan Pedro Sesé-k. Bat dator Xabier Laboa ere: “Nik ezeren inbiriarik ez dut”. Granadak agertoki zoragarriak dituela dio, baina Donostiako eskaintza aski interesgarria izaten dela, eta denetan “osoena” iruditzen zaiola.

Kritika eraikitzailea
Hamabostaldira hain hertsiki lotutako urte hauetan zehar, kritikarako joera ere garatu dute. Juan Pedro Sesé, oro har, aski gustura dago eskaintzarekin, baina azken urte hauetan Hamabostaldiko eskaintzak “behera” egin duen susmoa du. Bere ustez “orain dela urte asko” izen handiko figura gehiago hurbiltzen ziren jaialdira. “Zubin Mehta, Ricardo Mutti, Lorin Maazel eta izen handiko zuzendarien presentzia gogoan dut nik, baita bakarlari handiena ere. Eta egun hori aldatu egin da. Hori botatzen dut faltan, benetan distiratsuak diren zuzendari eta bakarlarien presentzia”, dio. “”Orain badira orkestra onak, baina ez da gauza bera; Kursaala erori egongo dela ematen duen momento horiek falta dira”. Irene Agirrezabala bat dator iritzi horrekin. “Ez dakit krisiagatik izango den…”, dio, “baina lehendik dator”. Azken urtea hauetan Hamabostaldia asko “zabaldu” dela diote, emanaldi gehiago eskaintzen dituela, eta tankera askotakoak. Nolanhai ere, hazi ahala, jaialdiaren “muinaren” maila apur bat jaitsi den susmoa dute.

Gizarte foroa
Zaletasunak bultzatzen ditu, batez ere, Hamabostaldira. Adiskideekin ere lotzen dute. “Ni normalean bakarrik joaten naiz kontzertuetara, edo bestela amarekin… Izan ere, nire senarrarekin ezinezkoa da”, dio Irene Agirrezabalak. Hamabostaldiak lagunak egiten laguntzen duela dio. “Zure adiskideak egiten dituzu”. Xabier Laboa uste berekoa da. “Badira lagunak gero eta gutxiago ikusten dituzunak, baina Hamabostaldiari eta antzeko ekimenei esker, eutsi egiten diezu adiskidetasun horiei”. Musikak erakarrita hurbiltzen dira beraiek Hamabostaldira, baina publikoaren zati bat, jaialdiaren erakargarritasun sozialak hurbilduta joaten den susmoa dute. “Abuztuak hori du, lehen zezenketak izaten ziren, eta egun Hamabostaldia”, dio Irene Arrizabalagak. Aski kritikoak dira kontzertuetan behar bezala portatzen ez diren entzuleekin, kontzertuak eteten dituzten telefono mugikorren hotsek, esaterako, erretxindu egiten dituzte, eta ildo horretan jendea “hezten” jarraitzea ezinbestekoa dela diote.

Ahaztu ezin diren oroitzapenak
Musikari esker hazi egin da beraien musika zaletasuna. Jaialdiari lotutako oroitzapen aski kuttunak dituzte, gustura gogoratzen dituztenak. “Nik, esaterako, Holandar alderraia-ren interpretazio aski eder bat dut gogoan”, dio Juan Pedro Sesé-k. “Marta Argerichek Kursaalen emandako kontzertu bat ere nabarmenduko nuke; Beethoven interpretatu zuen… Eta izugarria izan zen; horrelako gauzak gutxitan ikusten dira, zoragarria!”. Oroitzapenak, oldeka datoz mahainguruko kideengana. “Nik, esaterako, Udaberriaren Sagaratze bat dut gogoan”, dio Xabier Laboak. “Victoria Eugenia Antzokian eskaini zen, eta biziki eragin zidan, izan ere, nik ordura arte pentsatzen nuen tankera horretako musika ez nuela gogoko, gogorregia zela. Wagnerrekin ere hori bera gertatzen zitzaidan”. Irene Arrizabalak bereziki hunkitu duten hainbat isilune ditu iltzatuta memorian. “Victoria Eugenian aire egokitua entzuten zen, eta, aditzen zenean, esan nahi zuen zerbait berezia ari zela gertatzen…”. Izen propioak dituzte bere oroitzapenek ere. “Nire lehen opera, osorik ikusi nuena, La Traviata izan zen, Ainhoa Artetarekin; izugarri gustatu zitzaidan. Ondoren ikusi ditudan guztien artean, bakar bat ere ez da heldu haren mailara”.


Opera aski gogoko dute. Xabier Laboak ere bizi-bizi ditu gogoan jaialdian ikusitako hainbat opera emanaldi. “Ondo gogoan dut, esaterako, Xirula miresgarria-ren emanaldi bat, primeran egon zen; garai bertsuan beste ekoizpen bat Madrilgo Zarzuela Antzokian eskaini zen, eta gero kritika bat egin zuten biak alderatuz, eta azkenenan, ondorioa zen, aldea “siderala” zela, hemengoaren alde”. Beste hainbat opera ere badira Xabier Laboaren kuttunen artean. “Oso ondo egon zen Boris Godunov bat gogoan dut”. Aurten, Hamabostaldian, opera hori bera, Errusiako musikaren enblema, gozatzeko aukera izango dute.

Antzeztutako opera oso gogoko dute, baina kontzertu bertsioan egindakoekin ere gozatzen dute. “Badira zenbait interprete oso artistak direnak, eta aski da haien begirada bat, edo beso mugimendu bat, antzezten ari direla sentitzeko; nahiago dut hori, antzeztua izan eta ez hain ona izatea baino”, dio Xabier Laboak. Uste berekoa da Juan Pedro Sesé: “Nik ere nahiago dut orkestra on batekin eta bakarlari on batzuekin egindako kontzertu bertsioa, antzeztu beharrak dakarren antolaketa handia baino, oso garestia izaten dela aintzakotzat hartuz”. 

Hamabostaldiaren agertokiak
“Nire ustez, Kursaala ez dago diseinatuta opera egiteko”. Juan Pedro Sesé eta gainerako mahaikideak bat datoz, akustika ederra du Kursaal Auditorioak, baina operak antzezteko orduan agertokiak muga gehitxo dituela uste dute. Hamabostaldiko agertoki kuttuna, zalantzarik gabe, Victoria Eugenia Antzokia da beraientzat. “Zoragarria da”, dio Irene Agirrezabalak. Bat dator Juan Pedro Sesé ere: “Bakarlari eta talde txikientzat primerakoa da”.

Gazteria
Gazteetakoak dira beraiek. Hamabostaldiko Lagunen artean, Irene Agirrezabalak, Juan Pedro Sesé-k eta Xabier Laboak, batez besteko adina apur bat jaitsi egiten dute. Horrek agerian uzten du zeinen garrantzitsua den jende  gaztea jaialdira erakartzea. Kezka eragiten die errealitate horrek. “Nire ustez, alde horretatik, gazteenen hezkuntza ez da onena; sarri ez da egiten kulturaren alde”, dio Xabier Laboak. Irene Agirrezabalak, gogoan ditu pena eragin dioten hainbat jazoera. “Iaz, oroitzen dut, hainbat sarrera oparitzen saiatu nintzenla, ez zizkidalako inork ere erosten; eta kontzertuetako batean sarrerarekin sartu nintzela gogoratzen dut, jendeari, jende gazteari, ematen nizkiolako, baina ezinezkoa zelako, inork ez zituelako hartzen. Egia da, alde horretatik, garai arraroak dira hauek…”. Juan Pedro Sesé-k ez du horrelako “hondamendiaren” ikuspegirik. Egun musika eskoletan eta gazte orkestretan musika klasikora lotutako gazte asko dauden iritzia du, eta poliki-poliki gerturatuko diren susmoa du. Xabier Laboa, ezkorragoa da. “Egia da abesbatza eta orkestratan jende gazte asko dagoela”, dio. “Baina sartuta ez daudenak, oso urrun daudela esango nuke”. Hasi berriak musika klasikora hurbiltzeko kontzertuak oso ondo hautatu behar direla dio. “Oso polita izan behar du, obrengatik, edo esplikatu egiten direlako… Jendeak atera behar du pentsatzen: ‘Bai ondo etorri naizela!’”. Gainerako mahaikideekin batera, pentsatzen du, obrei buruzko azalpenak emateko ekimenak sustatu egin behar direla. Bitartean, beraiek, ez dute amore ematen; beren etxeetako gazteenei musika klasikoa hurbiltzen saiatzen dira. “Nik, esaterako, ahalegin pila bat egin ditut nire ilobak erakartzeko”, dio Irene Agirrezabalak.

71. edizioa 
Pozik daude, 71. edizioaren zain. Gai nagusia Errusia izango da. Horrek aparteko poza eragin dio Irene Agirrezabalari, biziki maite baitu herrialde horretako musika. “Nik, aski da orkestra batean musikari bat Errusiako instrumentu bat jotzen aditzea… Ez dakit sugestioa den, edo zer arraio den, baina lehendabiziko notatik zoragarria iruditzen zait”.

Iradokizunak
Hamabostaldiko Lagun gisara, hainbat iradokizun dituzte, jaialdiarekiko atxikimendua handitzen lagun dezaketenak. Juan Pedro Sesé-k, batez ere, informazioa nahi du. “Inguruko ziklo eta jaialdietan izango denari buruzko informazioa”, dio. “Asko eskertuko nuke urtean zehar ez musikaren haria galtzea, eta hemen hasi eta Bordel bitartean izango diren aukeren berri izatea”. Irene Agirrezabalaren kezketako bat, jaialdiaren luzera da, luzea izaten baita Hamabostaldia, eta ekitaldiz josia. “Eta nekatzen hasten zara…”. Xabier Laboak, bere aldetik, euskal musikarekiko atxikimendu handiagoa eskertuko luke. “Badira obrak, esaterako, Musikasten aurkezten direnak, eta gero Hamabostaldia bezalako jaialdi handiago batean jarraipenik ez dutenak”, dio. “Musikastek berreskuratutako obrak izaten dira, obra oso politak asko, nik, esaterako, Andra Mari abesbatzarekin interpretatu ditudanak, eta gero gehiago interpretatzen ez direnak. Pena ematen dit jendeak ez ezagutzeak”. Diotenez, ausardia pixka bat gehiago ere eskertuko lukete programak egiteko garaian, ate berriak irekitzeko.

Emozioa
Ez dute, beren burua, aditutzat. Emozioak bultzatzen ditu, musikarekiko maitasunak. “Niri, hunkintzen nauen musika gustatzen zait; barrutik mugitzen nauena”, dio Xabier Laboak. Ez du bere solasaldia amaitu nahi José Antonio Echenique gogoratu gabe, hiru hamarkadaz Hamabostaldia zuzenduz eginiko lana ondo gogoan baitu. “Beti miretsi dut”.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical