ES · EU

Kategoriazko lagunak

Lagunarteko
solasaldiak

Musika Hamabostaldiak lagunen arteko solasaldi batera gonbidaturik, jaialdiaren jarraitzaile leialek, barrea gogotik eginez eta pasadizo gogoangarriak kontatuz, jaialdiarekin lotutako oroitzapen samurrak partekatu dituzte.

Coro Jareño
Coro Jareño(1944, Donostia)

“Musika Hamabostaldia musikari eskainitako bizitza bat da”

Juan José Lopez de Maturana
Juan José Lopez de Maturana(1935, Donostia)

"Musika bizipenezkoa da ororen gainetik, eta emozioak izan behar du nagusi"

María José Turrillas
María José Turrillas(1928, París)

“Gorena da, ez naiz nekatzen"

Coro Jareño

Coro Jareñok bi alderditatik ezagutzen eta maitatzen du jaialdia; ezin konta ahala alditan izan da zale gisa, eta, ibilbide zabala izan duenez Donostiako Orfeoian –1998. urtea arte izan zuen harremana abesbatzarekin–, jaialdiko emanaldi ugaritan ere parte hartu du. Orfeoian hasi eta Hamabostaldira hurbildu garai berean bizi izan zituen: “1965. urte inguruan". Oso gazte zela. Urte haietan antzeztutako hainbat operatan parte hartu izana gogoratzen du, eta kontzertu asko entzutera ere joaten zela dio: “Ahal nuen guztietara”. Gogoan du urte haietan Luciano Pavarottiren mailako abeslariak etortzen zirela. Eta haietako askorekin batera jardun zuen eszenategian: gazte eta ilusioz beterik ikusten du garai hartan bere burua, hazten eta heltzen lagundu zion abentura musikal batean buru-belarri sartua.

Victoria Eugenia Antzokiak, urte askoan jaialdiaren egoitza nagusia izan denak, eszenatoki kutuna izaten jarraitzen du beretzat. Cororen ustez, gainera, Kursaaleko ganbera-aretoari etekin gehiago atera beharko litzaioke: “Eszenatoki bikaina da”. Baina badaki garaietara egokitzen. Eta horiez gozatzen du gainera. “Oso gauza onak ekartzen dira. Uda honetan, adibidez, Mariinsky Orkestrak ezin hobeto jardun du”, dio. Ez da batere nostalgikoa. Umorez begiratzen die iraganeko zenbait pasarteri. “Lagunek barre egiten zidaten, ilarak egitearen guztiz kontrakoa nintzelako”, gogoratzen du. Zaleentzako abonamendurik ez zegoen urruneko garai haietan, berak erabaki zuen ez zituela orduak eta orduak emango eserleku onenak lortzeko ilarak egiten. “Azken orduan joaten nintzen leihatilara, eta beti lortzen nuen zerbait. Nire lagunek barre egiten zidaten, ez nintzelako sekula antzokiko eremu berean egoten...”. Baina ez zitzaion inporta zein zen kokapena, musikarenganako pasioa izan da bere eragile bakarra. 

Eszenatokietan izan duen esperientzia ahaltsuaren ondorioz, biziki gozatzen du kontzertuetan. “Zuzendari bat ikusi orduko jakin daiteke nolakoa den”, azaldu du. Interprete gisa jardun zuenez, publikoa sentitzen ere ikasi zuela dio, haien emozioak hautematen. “Gauza horiek sentitu egiten dira”.

Juan José López de Maturana

Esperientzia handia du. Oso zabala. Juan José López de Maturana urte askoan egon zen Operaren Lagunen Bilboko Elkartearekin –OLBE– ikuspegi profesionaletik lotuta; gainera, gaur egun zalea da, eta Bilboko programazioaz gainera,  

Madrilgo Errege Antzokiko eta Bartzelonako Lizeoko denboraldien jarraitzaile ere bada. 1.900 opera baino gehiago ikusi ditu zuzenean. Ikuspegi zabal horrekin, oso aintzat hartzen du Donostiako Musika Hamabostaldia –gaztea zela, 70eko hamarraldian, ezagutu zuena–.   Bere uda guztiak daude jaialdiari lotuta: “Oso jarraitzaile leiala naiz”. Oso kontentu dago: “Krisia gorabehera, Hamabostaldiak ez du kalitatea galdu. Oso ondo asmatu dute”. Esker oneko hitzak ditu José Antonio Echeniquerentzat: “Oso lan ona egin zuen eta estilo honetako jaialdi bat erreferentziazkoa bihurtu zuen mundu mailan”. Jaialdia dibertsifikatzeko eta publiko berriengana iristeko ahaleginak funtsezkoak iruditzen zaizkio. “Hazia erein behar da”. Berak dioenez, zaleen maila altuagoa zen orain hamarraldi batzuk, baina, hala ere, gizarteko talde askoz ere “murritzagoa” zen; beraz, jaialdiak eszenatoki berrietara iristeko egin dituen urratsak oso zuzenak izan direla uste du. 

Gogoan du gaztetan era guztietako kontzertuetara joaten zela. “Urteekin ikasi egiten duzu”, dio. “Baina kritika gaitasunak ez du inoiz hunkitzeko gaitasuna gainditu behar. Musika bizipenezkoa da ororen gainetik, eta emozioak izan behar du nagusi”, azaldu du. Oso ondo gogoratzen ditu iraganeko Hamabostaldian garrantzi handiko interpreteak, hala nola Pilar Lorengar, Montserrat Caballé eta Teresa Berganza. “Eta badakit 40ko hamarraldian Gigli handia ere etorri zela". Baina bere iritziz mailak oso goian jarraitzen du:  “Artista handiak ekartzen dira”. 

María José Turrillas

Aspaldi eserlekuak lortzeko zaleek egin ohi zituzten ilara luze haietan beti han egoten zen zaleetako bat da. María José Turrillasek maitasun handiz gogoratzen ditu: “Ondo pasatzen genuen”. Itxaronaldi luze haietan egin zituen lagunak ekarri ditu gogora, eta baita hotzari aurre egiteko elkarrekin hartu ohi zituzten kafesneak ere. Oso gazterik izan da musikaren zalea eta lehenengo heldutasunaz geroztik egon zaio Musika Hamabostaldiari lotua: “35 urte ingururekin joaten hasia nintzen”. Jakin-nahi kultural ugari ditu –zinema, antzerkia, artea–, eta horien artean dago musika ere. Horregatik du hain harreman estua Musika Hamabostaldiarekin. “Oso gustukoa izan dut hondartza, eta gogoratzen dut nola joaten nintzen Victoria Eugenia antzokira hondartzatik zuzenean, poltsa eta guzti". Urte haietan jaialdira etorri ohi ziren interprete handiak gogoratzen ditu, eta horien artean Teresa Berganza eta haren senarra Félix Lavilla nabarmentzen ditu. José Carreras ere gogoan du, artean ezezaguna zela; bere lagun batek etorkizun handia izango zuela esan zuen: “’Zuk arrakasta izango duzu’, esan zion”. Zale gisa hazi dela eta bilakatu dela dio. “Gaztetan dena gustatzen zitzaidan, dena berria zelako". Orain, hainbat urteko zaletasunaren ondoren, lagunei esan ohi die "etiketa beltzeko” zalea dela. Eta, ondorioz, gehiago “hautatzen du”. Dena dela, Hamabostaldia oso erakargarria da beretzat: “Gorena da, ez naiz nekatzen". Urte hauetan oso garai zailak izan ditu, baita jaialdira joatea zaildu dioten osasun arazoak ere, baina ez du inoiz amore eman.  “Ezin nuen nire lekuan eserita egon, eta libre zegoen palko batera joaten nintzen, kontzertua bertatik entzuteko”.

Hamabostaldian programako ziklo ia guztietan egon da. Orain, ordea, Kursaal Auditorioko eskaintzan jartzen du batez ere arreta. “Etortzen diren orkestra handiak izugarri onak dira”. Era horretako ekitaldiez urte askoan gozatzeko itxaropena du: “Bizi dugun egoera hain izugarri honetatik ateratzen zaituzte”. 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170
Fax: 943 003 181

© Quincena Musical