79 Musika Hamabostaldia

Juan Luis Goenaga da (Donostia, 1950) 79. Musika Hamabostaldiaren (abuztuak 2-irailak 1) irudia izango den kartelaren egilea. Euskal espresionismoaren ordezkari nagusietakotzat hartzen da Goenaga, eta haren arteak gai etnografikoak, harpeetako pintura, euskal mitologia eta paisaia gogorarazten ditu sarritan: “Egia da erreferentzia jakinetatik abiatzen naizela beti: animaliak, irudiak edo inguratzen nauen paisaia bera; baina erreferentzia horiek edo abiapuntu hori izanagatik ere, obra bere gisa sortzen eta tankeratzen da. Niretzat pintura gauza instintiboa da beti, erabateko askatasunez margotzen dut, eta inoiz ez dut jakiten zein izango den azken emaitza”.

Goenagak Musika Hamabostaldirako sortu duen kartelean, lur-, harri-koloreak nagusitzen dira, kolore ilunak, nahiz eta erdialdean, goi partean, hori koloreko eztanda moduko bat ere nabarmentzen den: “pintatzeko garaian eskura izan ditzakedan era guztietako tresnak erabiltzen ditut, ikatz-zatiak, makilak, sokak… Eskuak eta oinak ere asko erabiltzen ditut; niretzat ohiko lan-tresnak dira”.

Juan Luis Goenaga Donostian jaio zen, baina gazte-gaztetandik nahiago izan zuen Alkizan bizi, XVI. mendeko baserri zahar batean, eta oraindik ere hantxe bizi da eta lan egiten du. Ikasketak bukatu ondoren, eta bere kabuz, marrazkiak eta pinturak egiten hasi zen. 70eko hamarkadan Europan ibili zen bidaian, eta joera artistiko garaikideak ezagutu zituen. Gipuzkoara itzuli zenean, pertsona barnekoia eta ikasketazalea izaki, bere Alkizako baserrian geratu zen, eta harrezkero euskal naturaren eta landa-munduaren ondare artistikoa lantzen aritu da artista, bere alderdi abstraktu eta primigenioenetan: airea, sua, tantak, belarra, lurra, adarrak, sustraiak… Hala, Goenagaren lehen sailen izenak honakoak dira: Itzalak, Belarrak, Hari matazak, Sustraiak eta Sorgin kontuak.

Goenagaren pintura-estiloa abstrakzioaren eta figurazioaren artean garatu da, inoiz alde batera utzi gabe ez hizkera bat ez bestea, naturaltasun osoz landu duen bilakaera batean. Artistak berak hainbat generotan sailkatzen ditu bere obrak: arkeologia eta harpeetako pintura, paisaiak, margolan figuratiboak eta abstraktuak. Bikotearen mundua eta biluzia ere interesatu izan zaizkio, eta zenbait sail margotu ditu gai horren ingurukoak.

Goenagak ez du bere lanaz hitz egin nahi izaten: “Niri ez zait gustatzen nire lanaz askorik “intelektualizatzea”. Nire pintura fisikoa da intelektuala baino gehiago, niretzat pintura gauza naturala da-eta; nik ez dakit pintatu gabe bizitzen, horixe da nire pasioa, neure burua adierazteko dudan forma, eta nik uste dut obrek beren kabuz hitz egin behar dutela. Horregatik, bakoitzak bere gisan begiratu behar die obra horiei eta bakoitzak bere gisan ulertu behar ditu, gidalibururik gabe”.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.