1. AURKIBIDEA

1. AURKIBIDEA

2. HITZAURREA

3. HELBURU NAGUSIAK

4. LAN MOTAREN ARABERAKO IRIZPIDE ETA ARAUAK

4.1.KANPO-HARREMANAK
4.2.BARNE-HARREMANAK
4.3.PUBLIZITATEA ETA ARGITALPENAK
4.4.PAISAIA LINGUISTIKOA
4.5.TRESNA DIGITALAK ETA TEKNOLOGIA BERRIAK
4.6.GIZA BALIABIDEAK

5. EUSKARA SUSTATZEKO EKINTZAK

6. EGITURA ETA JARRAIPENA

7. TESTUINGURU JURIDIKOA 

2. HITZAURREA

Donostiako Musika Hamabostaldiaren hizkuntza-politika azaltzen da esku artean duzun testu honetan; jaialdiaren zeregin ezberdinetarako hizkuntza-erabilera definitzen eta arautzen duten irizpide eta neurriak biltzen dira bertan.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren hizkuntza-politika adostu eta onartzeko, hizkuntza-erabileraren inguruko arau, irizpide, neurri eta gomendio ezberdinak jaso dira, ondoren jaialdiko esparru guztietan aplikatzeko (ikus 7.puntua: Testuinguru juridikoa). Gisa honetan, jasotako arau eta gomendioak Musika Hamabostaldiko langile guztien eskura jarri dira orain. Era berean, Musika Hamabostaldiak politika hau berrikusi eta hobetzeko konpromisoa hartzen du, idatzi honen argitalpenetik abiatuta.

Hizkuntza Politikako irizpide eta neurriak betetzeko erantzukizuna Euskara Batzordearena eta Donostiako Musika Hamabostaldiko langile guztiena da. Hizkuntza-plan hau aurrera eramateko ezinbestekoa da langile guztien parte-hartzea eta, hala, euskararen normalizazioa eta beste hizkuntzen (gaztelania, frantsesa eta ingelesa gehienbat) erabilera egokia, Donostiako Musika Hamabostaldiko langile talde osoaren erantzunkizuna da.

Donostiako Musika Hamabostaldian hizkuntzen erabilera ahalik eta egokiena bermatzeko irizpideak eta arauak zein diren azaldu nahi da orrialde hauetan.

3. HELBURU NAGUSIAK

Honako hauek dira hizkuntza politika honen helburu nagusiak:

  • Euskararen normalizazioa bultzatzea Donostiako Musika Hamabostaldian, kontuan hartuta jaialdiaren izen onak eragin dezakeela euskararen erabilera areagotzeko orduan.
  • Musika Hamabostaldiko langileen artean euskararen erabilera sustatzea.
  • Euskaraz lan egin nahi duten enpresako pertsonei hartarako bitartekoak eskura jartzea.
  • Bezero edo erabiltzaileekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izango dela bermatzea, bai Musika Hamabostaldiak zerbitzua zuzenean ematen duenean, bai zerbitzua hirugarrenen bitartez kudeatzen duenean.

4. IRIZPIDE ETA ARAUAK LAN-ARDATZEN ARABERA

4.1. KANPO-HARREMANAK

Atal honek kontuan hartzen ditu Musika Hamabostaldiak bezeroekin, hornitzaileekin nahiz beste enpresa eta langileekin, ahoz zein idatziz, izan ohi dituzten harremanak.

  • Euskararen erabilera lehenetsiko da harreman guztietan.
  • Bezeroekiko harremana haiek eskatutako hizkuntzan izango da.
  • Euskal erakundeei gutxienez euskaraz bidaliko dizkie Donostiako Musika Hamabostaldiak jakinarazpen guztiak. Era berean, erakunde horiei eskatuko zaie Musika Hamabostaldiarekin harremanetan jartzerakoan euskara kontutan izan dezaten.
  • Langileek euskaraz dakitela adierazten duten, eta hala euskara erabiltzeko gonbitea luzatzen duten, bereizgarriak erabili ahal izango dituzte.

4.2. BARNE-HARREMANAK

Enpresa barruko edozein komunikazio hartzen du kontuan atal honek.

  • Langileen artean euskara lehenetsiko da, ahozko nahiz idatzizko komunikazioetan.
  • Lehen kontaktua euskaraz izango da beti.
  • Dokumentu eta informazio testu guztiak (kontratuak, nominak, ordutegi-orriak, dietak, lanerako jarraibideak, e-mail bidez bidaltzen diren oharrak...) gutxienez euskaraz izango dira.
  • Bileretan euskara txertatzeko modu berriak bilatuko dira. 

4.3. PUBLIZITATEA ETA BESTE ARGITALPEN MOTAK

Publizitate testuetan eta bestelako argitalpenetan (sarrerak, abonuak, esku-orriak, programak, buletinak, hedabideetako publizitatea,...) kontuan hartu beharreko irizpideak azaltzen dira jarraian:

  • Elebidunak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta euskaraz eta frantsesez Ipar Euskal Herrian. Hizkuntzen ordena ezartzerakoan, euskara izango da beti lehenengoa. Hizkuntza gehiago erabiltzen direnean, ondokoa izango da hurrenkera: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa (eu, es, en, fr).
  • Jendeaurreko ekitaldietan euskararen presentzia eta erabilera bermatuko da, euskara ezagutzen duten parte-hartzaileekin edota itzulpenak (aldiberekoa zein kontsekutiboa) bitarteko direla.
  • Testuak estatu-mailako edo nazioarteko hartzaileentzat idazten direnean, lekuan lekuko hizkuntza ofizialak erabiliko dira.
  • Idatzizko testuetan lehentasuna euskarari emateko, estrategia hauek baliatuko dira:
    • Testuak hizkuntza batean baino gehiagotan idazten direnean, euskarazko bertsioak izango du lehentasuna. Hizkuntzen hurrenkera ondorengoa izango da beti: eu, es, en, fr.
    • Bi orritan idazten bada, euskarazko testua eskuineko orrian jarriko da eta gaztelaniazkoa ezkerrekoan.
    • Dokumentazioa (prentsaurreko batean esaterako) hizkuntza ezberdinetan banatzen bada, euskaraz idatzitako dokumentua jarriko da beste bertsiotan idatzitakoen gainean.
    • Testua tolesten den euskarri batean inprimatuta badago (triptikoak, adibidez), euskara ikusgai gelditzeko moduan tolestuko da euskarri hori beti.
  • Kasu hauetan erabili ahal izango da euskara, itzulpenik gabe:
  • Hitz edo esamoldeen esanahia euskara ezagutzen ez duten hiztunentzat ere ulergarria denean (esaterako, sopranoa, biolina, gitarra...).
  • Mezuarekin batera piktograma bat agertzen denean, mezua ulergarri eginez.
  • Egoerak berak eta hartzaileek aukera ematen dutenean. Euskal eremuetako haur eta nerabeei zuzendutako testuak nahiz ekitaldiak, esaterako, euskara hutsean egiteko aukera egongo da.
  • Izen berezietarako (pertsona izenak, orkestrak, taldeak...) jatorrizko izen ofiziala baliatuko da. Salbuespena egin ahal izango da izen ofizialaren esanahia ez denean argia; kasu horretan euskarazko itzulpena lehenetsiko da.

4.4. PAISAIA LINGUISTIKOA

Languneetan egon litezkeen testuek osatzen dute paisaia linguistikoa.

  • Errotulazioak elebidunak izango dira (euskarari lehentasuna emanez).
  • Apalategi, karpeta edo antzekoen izenetarako euskara lehenetsiko da eta, bestela, elebidunak izango dira.

4.5. TRESNA DIGITALAK ETA TEKNOLOGIA BERRIAK

Tresna digitalak eta teknologia berriekin zerikusia duten alderdiak aipatzen dira jarraian.

  • Langileek Office, Windows eta posta elektronikoaren euskarazko bertsioa konfiguratzeko aukera izango dute. Era berean Xuxen zuzentzailea konfiguratuko zaie.
  • Webguneko eduki guztiak elebidunak izango dira, eta euskara izango da webgunera sartzean azalduko den lehen hizkuntza.
  • Sare Sozialetan argitaratzen diren testuak elebidunak izango dira, eta euskararen erabilerari emango zaio lehentasuna, estrategia hauen bitartez:
    • Mezu batean bi hizkuntzatan idazten bada, euskara izango da lehen hizkuntza.
    • Testua bi mezutan idazten denean, lehenengo gaztelaniazkoa argitaratuko da eta bigarrenik euskarazkoa, azken hau, euskarazkoa, izan dadin sareetan ikusten den lehena.
    • Mezu eleanitza izatekotan, honako ordena erabiliko da beti: eu, es, en, fr.

4.6. GIZA BALIABIDEAK

Lanpostuei eta kontratazio berriei begira jarraitu beharreko irizpideak dira ondokoak.

  • Euskara ezinbestekoa duten lanpostuak identifikatuko dira, kontratazio berriei begira hizkuntza irizpideak finkatzeko.
  • Langile berrien harrerarako protokolo hau baliatuko da:
  • Euskararen erabilera lehenetsiko da harreman guztietan.
  • Langile berriei ematen zaien dokumentazioa elebiduna izango da, euskara lehenetsiz.

5. EUSKARA SUSTATZEKO EKINTZAK

Lantokian euskara sustatzeko irizpide orokor hauek ere kontuan hartuko dira:

  • Proposatzen den edozein motatako prestakuntza euskaraz jasotzeko aukera emango zaie langileei, prestakuntzak horretarako aukera ematen badu.
  • Jarduera ezberdinetan (hitzaldietan, txangoetan nahiz bestelako ekintzetan) euskara sustatzeko neurriak hartuko dira.
  • Donostiako Musika Hamabostaldiak, enpresa gisa, kontuan hartuko ditu Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak edo bestelako erakundeek euskara sustatzeko antolatu ohi dituzten ekintza eta proposamenak. Langileen artean eztabaidatu eta erabakiko da horietan parte hartzeko aukera (Euskaraldia, Korrika, Euskararen Eguna...).

6. EGITURA ETA JARRAIPENA

Euskara Batzordea arduratuko da Hizkuntza Politika hau betetzeaz. Batzorde hori gutxienez urtean behin bilduko da, Donostiako Musika Hamabostaldia osatzen duten langile guztien laguntzaz.

Honakoak dira Euskara Batzordearen eginkizun nagusiak:

  • Dokumentu honetan aipatzen diren irizpide eta arauak betetzen direla ziurtatzea, eta hala ez den kasuetan, dagozkion aldaketak egiteko baliabideak eta epeak finkatzea.
  • Beste langileen iradokizunak jasotzea eta horiek kontuan hartzea.
  • Garaian garaiko egoerara, lan-eginkizunetara eta tresna berrietara egokitzea Hizkuntza Politika.
  • Hizkuntza Politikari zuzenketak egitea, hala behar izanez gero.

Gainerako langileen eginkizun nagusiak honakoak izango dira:

  • Egiten duten lanari dagozkion hizkuntza-irizpideak eta -neurriak ezagutzea eta erabiltzea.
  • Hizkuntzen erabilerari lotutako behar berriak identifikatzea eta Euskara Batzordeari ezagutzera ematea.
  • Lantokian euskararen erabileraren normalizazioak duen garrantziaz jabetzea, eta zeregin horretan parte hartzea, jarrera baikorrez, lantokiko giroak eta ohiturek euskararen normalizazioa erraztuko dutela ziurtatzeko.

7. TESTUINGURU JURIDIKOA

Euskarari eta hizkuntza ofizialen erabilerari dagozkion hainbat lege eta eskubide datoz azken atal honetan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren Hizkuntza Politika biltzen duen testuari amaiera emateko.

Lurralde zehatz batean lege balioa duen hizkuntza da hizkuntza ofiziala, eta hizkuntza horretako hiztunei hizkuntza hori erabiltzeko eskubidea aitortzen die. Kontuan hartzekoa da, EAEn euskara hizkuntza ofiziala izanagatik ere, hizkuntza gutxitua ere badela: legeak, hortaz, ez du haren iraunkortasuna eta erabilera bermatzen. Horregatik, Hizkuntza Politikako Plan honetan proposatutako neurriak hori orekatzera daude bideratuta.

  • Espainiako Estatuko 1978. urteko Konstituzioak bere hirugarren artikuluan dioenaren arabera, gaztelania da Estatuko hizkuntza, eta herritar guztiek dute gaztelania jakiteko betebeharra eta berau erabiltzeko eskubidea. Autonomia Erkidegoetako hizkuntzak ere ofizialak izango dira, bakoitzari dagokion Autonomia Erkidegoan, beren Estatutuen arabera. Era berean, Espainiako Estatuko hizkuntza aberastasuna errespetatu eta babestu beharreko ondare kulturala da.
  • Euskadiko Autonomia Estatutuaren seigarren artikuluaren arabera, euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntzak, hizkuntza ofizialen maila izango du gaztelaniarekin batera Euskadin, eta herritar guztiek izango dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. EAEko erakundeek bi hizkuntzen erabilera bermatu beharko dute. Horrez gain, inor ezin izango da hizkuntzagatik baztertu.
  • Euskararen normalizaziorako azaroaren 24ko 10/1982 legeko bosgarren artikuluaren arabera, EAEko biztanleek hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta horiek ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea dute. Lege hori eta 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, garatzen duten apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak eta azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuak, helburutzat zehazten dute, euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea toki entitateetan, euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa normaltasunez eta orokorrean erabil dadin.
  • Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Zerbitzuak honakoa dio Erabiltzaileen eta Kontsumitzaileen Estatutuaren Legean: EAEko erabiltzaile eta kontsumitzaile guztiek kontsumoari zein ondasun, produktu edo zerbitzuen erabilerari buruzko informazioa berezko hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute, eta EAEn jarduten duten enpresek herritarrei bi hizkuntza ofizialetan arreta emateko prestatuta egon beharko dute.
  • Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartan honakoa aipatzen da: eremu urriko hizkuntzak babesteko neurriak hartu behar direla, gutxiengoen hizkuntzen erabilera sustatu eta erraztu behar dela. Halaber aipatzen du hizkuntza gutxituen aldeko neurri bereziak ez direla hizkuntza hedatuenen hiztunenganako diskriminazio ekintzatzat hartzen.

Hizkuntza Politika