Artxiboa

QM82

2021

Musika Hamabostaldiak itxi du bere 82. edizioa, susperraldirako bidean.

82. Donostiako Musika Hamabostaldia amaitu da Budapest Festival Orchestraren kontzertuarekin, Ivan Fischer zuzendariaren gidaritzapean. Dejan Lazic pianistak lagunduta helduko da, Ravelen Kontzertua solen interpretatuko duena. Hitzordua abuztuak 27, ostiralarekin, 19:30ean, Kursaal Auditorioan.

Budapest Festival Orchestra, munduko 10 talde sinfoniko onenen artean sailkatu izan dutena, jaialdia azken urteetan aldi gehienetan bisitatu duen nazioarteko orkestra da. Oraingoan edizioko amaierako kontzertua emango du. Iaz pandemiagatik ospatu zen edizio murriztuaren ostean, jaialdiak ohiko egitaraua berreskuratzeko apustua egin du, kontzertu kopuruari dagokionez, nazioarteko artisten parte-hartzeari dagokionez eta Hamabostaldiaren ikur izan ohi den musika koralaren protagonismoa berreskuratzeari dagokionez. Kontzertua ospatzeke den honetan, nolabaiteko normaltasunera itzultzeko saiakerarekiko helburuak bete direla esan daiteke.

18.249 pertsona bertaratu dira ospatu diren 74 musika hitzorduetara, edukiera %50era mugatuta egonda eta %95eko batez besteko okupazioarekin.

Covid-19aren eraginpean, hartutako neurri zorrotzek eta publikoaren kolaborazioak normaltasuna ahalbidetu dute.

Alderdi artistikoari dagokionez, nabarmentzekoa da nazioarteko orkestra eta bakarlariek izandako arrakasta, baita euskal konpositore, musikari eta taldeen parte-hartzea ere.

Nolabaiteko normaltasuna diogu, bigarren urtez Hamabostaldiak Covid-19arekiko prebentzio neurriak hartu behar izan dituelako jaialdian ospatutako hitzordu guztietan.

Edukiera mugatu eta kontrolatzea, bertaratu diren pertsonak identifikatzea, eskuen higienea, musukoaren nahitaezko erabilera, segurtasun-tarteak... Ahalegin handia egin da festibaleko hitzordu guztiak musikaz gozatzeko espazioak izan zitezen. Eta hala izan dira, neurri handian, publikoaren kolaborazioari esker. Andra Mari Abesbatzaren Inaugurazio Eguneko kontzertua izan da bertan behera geratu den bakarra. Programatutako gainerako kontzertuak, 74 guztira, eta antolatutako gainerako hitzorduak, erabateko normaltasunez ospatu dira, ezbehar aipagarririk gabe.

Publikoaren erantzuna positiboa izan da, era berean, kontzertuetara bertaratzearekiko; Galiziako Orkestrak emandako bi kontzertuen kronika batean irakurri ahal izan genuen bezala, “publikoa, gutxi ala asko, musika gosez dago. Atzoko gosea hain zen handia eta hainbestekoa arrakasta, une batez irentsiak izango ginela uste izan genuela” (J. Vizoso, ABC). Edukiera eserlekuen erdira murriztuta egon den edizio honetan, okupazioaren batez bestekoa %95ekoa izan da eta Kursaaleko kontzertu handien kasuan ia %100ekoa (%99,49). 18.249 pertsona bertaratu dira 74 kontzertuetara eta leihatilan bildutako diru-kopurua 385.000 € gordinekoa izan da.

82. edizioko bideoa

Kursaal Auditorioan ospatutako kontzertuetatik 11 erabat bete dira, guztira 8.800 ikuslerekin. Jaialdiak bere nazioarteko izaera berreskuratu izanaren lekuko izan da Hamabostaldiaren gune nagusi eta jaialdiko kontzertu sinfoniko-koralen agertoki dena, Luxenburgoko orkestraren edo Budapest Festival Orchestraren eskutik, baita mundu mailako artisten eskutik ere. Horien artean dira jaialdira itzuli diren Grigory Sokolov (“Haren errezitala Hamabostaldiko hitzordu handietako bat izango zelakoan geunden, eta hala izan zen”, DV) edo Elisabeth Leonskaja (“Fraseatzaile beteranoa, artista bakarra, adierazkorra eta komunikatiboa”, A. Reverter, La Razón), Hamabostaldian debutatu duten Mitsuko Uchida (“Denboraren eta isilunearen dama, Schuberten adierazpen purua oparitu zigun, bere pianotik etorri handiarekin mintzatuz”, M. J. Cano, DV) eta Yuja Wang pianistak (“Birtuosismo miragarriaren eta arima sentikor eta ezkutu baten bidez sorginkeria handienak egiteko gai den aztia”, J. Romero, Beckmesser), baita Anne-Sophie Mutter biolinista ere.

Hamabostaldiaren bereizgarri behinena, nazioartean duen lekuaz gain, musika-koralaren protagonismoa da, gure lurraldean abesbatzek duten garrantziaren isla, hain zuzen. Edizio honen ezaugarrietako bat, Kursaaleko eszenatokian koruak berreskuratzea izan da. Easo Ahots Mistoen Abesbatzak eta Donostiako Orfeoiak eskakizun handiko obrei egin zieten aurre, duten sasoi onaren erakusgarri. Jaialdiko beste hainbat ziklotan ere izan dira ahots taldeak: KUP Taldea, Suhar Abesbatza, Euskal Herriko Gazte Abesbatza, Easo Eskolania, Easo Gazte Abesbatza, Conductus Ensemble, Eskola Gurutzeaga, Donostiako Musika Eskolako Korua eta Landarbaso Abesbatza.

Donostiako Musika Hamabostaldiak euskal artistak bultzatzeko konpromiso sendoa du, eta horregatik hainbat izan dira, aipatu koruez gain, jaialdian parte hartu duten bertako musikari eta taldeak. Kursaal Auditoriotik Euskadiko Orkestra igaro da, baita Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) ere, zeinak bere ibilbideko une historikoa bizi izan duen Hamabostaldiko kontzertu handien zikloan debutatuz. Victoria Eugenia Antzokiak bi dantzari gipuzkoarren proiektuen aurkezpenei eman die aterpe, biak Espainiako Dantza Sari Nazionala jasotakoak eta azken Max sarietan izendatuak: Lucia Lacarra eta Iratxe Ansa. Antzokian, gainera, Hamabostaldiaren ekoizpen berria estreinatu zen, haurrek haurrentzat sortutakoa. Hirira bertako talentuek elkarlanean sortutako proiektua da, Easo Abesbatzako kide gazteenekin egindakoa, Gorka Mirandaren gidaritzapean eta Mafalda Saloioren zuzendaritza artistikoarekin. Hamabostaldiko ziklo ezberdinetatik berrogeita hamar interprete gipuzkoar baino gehiago igaro dira: Marta Zabaleta, Josu Okiñena, Iagoba Fanlo, María José Barandiaran, Judith Jáuregui edo Antton Valverde bezalako ibilbide luze eta oparoko artistak, baita Carmen Artaza bezalako etorkizun handikoak ere. Musikari gazteak ere entzun ahal izan ditugu, Musikeneko ikasleak, beren ibilbide profesionalari ekiten ari zaizkionak.

Jaialdiak iraun duen asteotan gozatu ahal izan den errepertorioari dagokionez, programazioak ez dute soilik kanonean egonkortutako obrek osatu. Ohiko obra horiez gain, gaurkotasuna duten obren eta bertako egileen alde egin du jaialdiak. Estatuko 37 konpositoreren obrak entzun ahal izan dira, horietatik gehienak euskaldunak, haietatik 28 egun konposatzen dihardutenak; Hamabostaldiak agindutako bi obraren erabateko estreinaldia ere egin da. Gainera, jardunean diharduten mundu osoko 38 konpositoreren obren partiturak interpretatu dira.


Jaialdia osatzen duten ziklo ezberdinei dagokienez, San Telmo Museoko klaustroa izan da beste urte batez Antzinako Musika Zikloaren eta Ganberako Musika Zikloko kontzertu gehienen egoitza, guztira 1.632 pertsona bilduz. Interes handia piztu ohi dute hitzorduok, Stephen Hough pianistarenak, besteak beste.

Musika Garaikideko Zikloan, aurten, Felix Ibarrondo eta Zuriñe F. Gerenabarrena konpositoreen bi obraren erabateko estreinaldia egin da. Hamabostaldiaren enkarguak izan dira biak, euskal konpositoreen obra bultzatzeko konpromisoari erantzunez.


Jaialdiko egitarauan bigarren urtez ospatu da Tabakalera Dantzan. Hamabostaldian egonkortu den gune hau dantza garaikideari eskaini dio jaialdiak, bertako konpainien emanaldiei, baita haiei buruzko hausnarketari ere. Gainera, edizio honetan, Hamabostaldiak Tabakaleran “Komunikazio-Inkomunikazio” erakusketari lotutako entzunaldietan parte hartu du, baita Musikeler hitzorduetan ere, Kutxa Kultur Gauetako egitarauan.

Organo Zikloko programazioa 15 kontzertuk osatu dute, Gipuzkoako ondare organistiko aberatsaren lekuko, eta 2.644 pertsona bildu ditu. Edizio hau Esteban Elizondo zikloaren antolatzaileak programatu duen azkena izan da.

Interprete Gazteen Zikloan, Miramar Jauregian, berriz ere agortu dira sarrerak, eta Musikeneko ikasleen talentua ezagutzeko aukera izan dute entzuleek.

Azkenik, Musika Aitzaki jaialdiko ziklo ibiltariak Hamabostaldiko musika Donostiako oholtzetatik kanpo eraman du beste behin, Udalekin eta beste hainbat erakunderekin lankidetzan. Horien artean izan da Chillida-Leku, aurten Hamabostaldiko egitarauan berreskuratutako gunea. Musika euskal geografiako hainbat txokotara heldu da, Donostiatik kanpo. Carlos Núñezek Arantzazun emandako kontzertua, Elkanori Getarian egindako omenaldia, Ignazio Loiolakoaren bizitzari buruz Loiolako Santutegian emandakoa, edo Arabako herri txikietan eskainitako ganbera kontzertuak gertakari kultural bihurtu dira, publikoaren babesarekin (“Showa [Carlos Núñezen kontzertua] zinez askotarikoa eta entretenigarria izan zen, urte zail baten ostean atzokoa bezalako poztasunen beharra duen publikoarentzat”, C.R. Vidondo, DV). 1.984 pertsona izan dira Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Araban (Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan) ospatu diren kontzertuetan.

82. Musika Hamabostaldia: Ibon Aranberri kartela | 82 Quincena Musical: Cartel de Ibon Aranberri