Pello Irazu da (Andoain,1963) 81.Musika Hamabostaldiaren (abuztuak 1-29) irudia izango den kartelaren egilea. 80.hamarkadaz geroztik euskal eskulturak izandako berrikuntzaren giltzarri nagusienetakotzat jotzen den Irazuk, ibilbide sendoa egin du hiru dimentsiotako artelanak argazkigintzarekin, horma-pinturekin eta marrazkiekin uztartuz. Azken euskarri honi, marrazkiei, andoaindarrak eskulturen dimentsioa eman izan die beti, nahiz eta gerora gauzatzeko eskulturen zirriborro edo diseinu bezala ez pentsatu eta egin.
Irazuk Hamabostaldirako egin duen kartelean zeinu xume bat ageri da, bitxia baina aldi berean erakargarria den zeinua; gertutik begiratuta zapala ikusten bada ere, urrutitik so eginda bolumena bereganatu eta hiru dimentsiotakoa bilakatzen den irudi geometriko irmoa.
“Aukera ezberdinak izan ditut eskuartean baina, azkenean, hau aukeratu dut -dio egileak berak-. Irudiak nota bitxi bat iradoki dezake nolabait ere, baina ez da musika klasikoari edota Hamabostaldiari buruz ari. Ez nuen hori nahi. Zentzu honetan nahiago izan dut nere gaur egungo artelanekin, nere marrazkiekin, zerikusia duen zeinu bat bilatu eta landu. Hala, azpirragarria den ezaugarririk ez badu ere, zeinuak nota bat iradoki dezake, alfabetoko ikur bitxi bat, edo baita irudi figuratibo bat ere: itsasaldiak atzera egiten duenean bere aztarna uzten duen kostalde bateko airetiko ikuspegia.
Urdina eta laranja; hauexek dira 81.Musika Hamabostaldiaren irudi izango den kartela egiterakoan Irazuk erabili dituen bi margoak; urdin eta laranja biziak, distiratsuak, trazu indartsukoak nahiz eta trazu horiek perfektuak ez izan:
“Marrazkia, ertzetan eta kolorearen erabileran, inperfekzioekin ikustea interesatzen zait; izan ere nik ez nuen irudi hori zapala eta birtuala antzematea nahi, ez nuen zeinua photoshopean eginda egongo balitz bezala ikustea nahi. Aitzitik, marrakia eskuz eginda dago, landutako irudia da, eta zentzu honetan zerbait iradoki edo adierazi zezan bilatzen nuen. Helburu horrekin irudi hori, zeinu hori, irrist-arazi egin nuen eta irrist-arazterakoan beste kolore bat txertatu nuen, kontraste bat lortuz. Modu honetan, eta urrutitik begiratuz gero, zapala izan beharrean bolumena duen irudi bat ikusten da; hiru dimentsiotako zeinu bat da azken emaitza”.
Pello Irazuren artelanak Bilboko Arte Ederretako Museoan, Reina Sofia Museoan, Bartzelonako MACBAn, Gasteizko ARTIUMen, San Diegoko Arte Garaikideko Museoan edo Arizonako Yves Klein Fundazioan daude, besteak beste. Nazioarteko azoka eta lehiaketetan andoaindarraren presentzia etengabea da eta, laurogeitamarreko hamarkadaz geroztik erakusketa ugari egin ditu museotan nahiz galeria pribatuetan. Bere azken lanak oraintsu aurkeztu dira Bilboko Carreras Mugica Galerian eta “Dardara” izenburupean 2019(12/20-2020/03/07).
Bere sorkuntza lana dela eta Irazuk aitortzen du, joan-etorriko bidaia bat egin izan duela beti: ”nere lan egiteko moduarekin zerikusia duten zubiak egon, badaude; ni iraganaz behin eta berriz atzeraelikatzen naiz, eta ezaugarri hau artista batzuetan besteetan baino nabarmenagoa da -eta esandako honi eransten dio – nere helburua ez da sekula iskanbila sortzea izan; ez dut uste arteak horrela funtzionatzen duenik. Aitzitik, bestea erakarri edo liluratzea bilatzen ez duzunean gauzek zentzua bereganatzen dute eta, hau horrela, artelana ez du beste horrek pentsatzen duenaren menpekoa izan behar. Gure lanak gure desirei erantzun behar die, desira horiek zuzenak izan ala ez”.
Jaialdiaren 81.edizioaren kartela egiteko Musika Hamabostaldiak luzatutako gonbidapenari dagokionez berriz, Irazuk dio: “ez nuen enkargu hau jasotzea espero. Hamabostaldia ezagutzen nuen eta banekien jaialdiak, tradizionalki, euskal artistei eskatu izan diela bere kartelak egiteko, baina ez nuen deia jasotzea espero. Hala ere, ezustekoa atsegina izan da eta niretzat ohorea da tradizio horren zati izatea”.
