Interprete Gazteen Zikloak musika klasikoaren bost musikari talentudun gazte aurkeztuko ditu Miramar Jauregian

•    Bost kontzertu izango dira guztira, abuztuaren 21etik 25era.
•    Kontzertu horietako lautan Musikeneko (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) ikasleak izango dira protagonista.

Interprete Gazteen Zikloa da Musika Hamabostaldiak musikari berri talentudunei gordetzen dien eremua, bereziki Musikeneko (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) ikasgeletan prestatzen ari direnei, jaialdiaren eta ikastetxearen lankidetza estuaren fruitu. Musikeneko ikasleek jaialdiaren baitako beste ekimen batzuetan ere parte hartzen dute, bereziki Inaugurazio Eguneko programazioan; baina Interprete Gazteen Zikloan eskaintzen zaie beren gaitasunak erakusteko aukera. Aurten, Musikeneko artistak eta taldeak izango dira protagonista Zikloa osatuko duten bost kontzertuetako lautan, abuztuaren 21etik 25era bitartean, Miramar Jauregian. Guztiak hasiko dira 19:00etan, eta sarreraren prezioa 6 eurokoa izango da.

Zikloa abuztuaren 21ean hasiko da, Claudia Besné harpa-jotzailearen bakarkako errezitalarekin. Besné donostiar gaztea 18 urterekin joan zen Salzburgora, Mozarteum kontserbatorio ospetsuan ikastera. Gaur egun, Euskadiko Gazte Orkestrako (EGO) eta Espainiako Gazte Orkestra Nazionaleko (JONDE) harpa-jotzailea da. Errezital horretarako hautatutako programak Nicanor Zabaletari egiten dio omenaldia, eta euskal harpa-jotzaile handiarentzat idatzitako lanak biltzen ditu, besteak beste Germaine Tailleferreren Sonata eta Aita Madinaren Euskal Sonata, eta baita hainbat lan garaikide ere, esate baterako Caroline Lizotteren Suite galactique.

Biharamunean, abuztuaren 22an, harpak gitarrari utziko dio lekua, June Agirreren eskutik, zeina baita Marco Socías gitarrista ospetsuaren ikaslea, Musikenen. Agirrek hainbat lehiaketa irabazi ditu, besteak beste Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketako lehenengo saria edo euskal-nafar interprete onenaren saria Juan Crisóstomo de Arriaga VIII. Lehiaketan. Hamabostaldiko errezitalean gitarrarako musikaren bi mende hartzen dituen programa aurkeztuko du, besteak beste interpretatuko ditu Johann Sebastian Bachen lan barrokoak, Johann Kaspar Mertzen lan erromantikoak, Lennox Berkeleyren Sonatina –XX. mendearen erdialdean osatua–, eta espainiar errepertoriotik Albénizen Asturias eta Tárregaren Arabiar kapritxoa.

Zikloaren hurrengo kontzertuak, abuztuaren 23an (asteazkena), ganbera-musikan jarriko du arreta, zehazki saxofoi kuartetoarentzat osatuan. Cadenza Quartet taldearen emanaldia (2020an osatua Musikeneren barruan) jatorriz harizko musika-tresnetarako idatzitako lan oso ezagunen bi moldaketaren inguruan izango da: Edvard Griegen Suite Holberg, taldeak berak saxofoietarako moldatua, eta Antonín Dvoraken Harizko kuartetoa 12. zkia., “Amerikarra” kontzertuaren saxofoietarako bertsio bat, Hugo Schmittek egina. Bi moldaketa horiekin batera, Cadenza Quartetek taldearentzat berariaz idatzitako lehenengo partitura aurkeztuko du: Alfred Desenclosen Kuartetoa saxofoientzat.

Interprete Gazteen Zikloaren azken aurreko kontzertua (abuztuak 24), Ismael Gil pianistak eskainiko du. Miguel Ituarteren ikaslea da Musikenen. 2001ean jaio zen Santanderren, eta harreman estua du Kantabriako bizitza musikalarekin, eta bertako hainbat agertokitan jardun du bakarlari gisa. Musika Hamabostaldian egingo duen debuterako, Antonio Solerren bi sonatekin batera, lau musikagile-pianista handiren lanak hautatu ditu: Chopinen nokturnoen, mazurken eta scherzoen hautaketa bat; Maurice Ravel eta haren Sonatina; Alexander Scriabinen Sonata-Fantasia; eta Isaac Albénizen Suite Iberia: Ebokazioa eta Málaga.

Interprete Gazteen Zikloa abuztuaren 25ean amaituko da, perkusioko kontzertu ikusgarri batekin. Kirudat Dúo izango da protagonista eta Juan Luis Garcíak eta Markel Pérezek osatu dute, Musikeneko perkusioko ikasleak biak. Perkusio tresna ugari uztartzen dituzten lanen hautaketa bat aurkeztuko du duoak. Zehazki berariaz perkusiorako idatzitako lanak, esaterako Anders Koppelek bibrafono eta marinbarako idatzitako Toccata, Robert Marinok multiperkusiorako idatzitako Eight on 3 and Nine on 2 eta Adi Moragek bi marinbatarako idatzitako Octabones, Maurice Ravelen Alborada del gracioso lanaren edo Paul Dukasen El aprendiz de brujo lan ospetsuen moldaketak.