Gewandhausorchester Leipzig orkestrak 86. Musika Hamabostaldiari amaiera emango dio bi kontzertu sinfoniko handirekin

•    Kursaalen ostegun eta ostiralean izango diren bi emanaldiak, alemaniar orkestraren zuzendari nagusiak, Andris Nelsons-ek, zuzenduko ditu. 

•    Lehendabiziko egunean, Isabelle Faustek Hilary Hahn ordezkatuko du Dvrorak-en “Biolinerako kontzertua” interpretatzeko. Hurrengo egunean, Donostiako Orfeoiak, Julia Kleiter sopranoak eta Christian Gerhaher baritonoak parte hartuko dute Bahms-en “Requiem alemaniar bat” obran.

Abuztuaren 28 eta 29an, Kursaal Auditorioan, izango diren azken bi  kontzertu sinfoniko handirekin itxiko du Donostiako Musika Hamabostaldiak bere 86. edizioa, genero eta formatu ezberdinetako 70 kontzertu baino gehiago egin ondoren, Donostiako zein Euskal Herriko beste hainbat agertokietan, abuztu osoan zehar. Jaialdiari amaierakoa emango diona Gewandhausorchester Leipzig izango da, Europako orkestra hoberenetakotzat hartzen dena. Andris Nelsons letoniarraren zuzendaritzapean ariko da orkestra Dvorák, Mendelssohn eta Brahms-en obrak interpretatzeko (1943an sortu zen orkestra honen historiari oso lotuta dauden konposagileak dira hirurak ere).Orkestra alemaniarrarekin batera ariko dira, gainera, Isabelle Faust biolinista (Hilary Hahnen ordez ariko da, osasun arrazoiak medio, azarora bitarteko emanaldiak bertan behera utzi baititu hark), Julia Kleiter sopranoa, Christian Gerhaher baritonoa eta Donostiko Orfeoia. Bi kontzertuak Kursaal Auditorioan hasiko dira 20:00tan. Kontzertu horietarako sarrerak (29rako sarrera bakar batzuk baino ez dira geratzen) Kursaal zein Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eskura daitezke.

Gewandhausorchester Leipzig munduko orkestra zibil zaharrena da. Grand Concert kontzertu elkarteari esker, 1743an Leipzigeko hamasei merkatari eta hiritarrek sortu zuten, baina geroago, 1781ean, lortu zuen bere izena, “arropa-etxeko” (Gewandhaus) orkestra izatea. Orkestrak alemaniar ondarea bultzatzen du. Beste mugarri historikoen artean,  1825 eta 1826 urteen artean, Beethovenen bederatzi sinfonien ziklo bat antolatu zuen, konpositorea oraindik bizirik zela, eta Wagnerren “Maisu Kantariak” obertura estreinatu zuen. Gaur egun, Gewandhausorchesterrek urtero 250 kontzertu baina gehiago eskaintzen ditu, bere orkestra nagusia, Leipzigeko Operaren Orkestra, eta beste talde baten laguntzarekin. Azken honek, Thomanechor izenekoak, astero Bach-en kantatak interpretatzen ditu Leipzigeko Thomaskirchen, non Bach Kantor maisua izan zen 27 urtez. Johann Adam Hiller, Felix Mendelssohn, Arthur Nikisch, Kurt Masur, Herbert Blomstedt edo Riccardo Chailly orkestraren zuzendari nagusi izan dira, eta, 2018an Andris Nelsons-ek hartu zuen kargu hori.

Andris Nelsons-ek, Rigan 1978an jaioa, musikarien familia batean, Letoniako Operako Orkestra Nazionalaren tronpetista bezala hasi zuen bere ibilbidea, zuzendaritza ikasketak osatzen zituen bitartean. City of Birmingham Symphony Orchestraren zuzendari nagusia izan da (2008-2015), horrekin batera, Nordwestdeutstche Philarmonie, Herdford, Alemanian (2006-2009) eta Letoniako Orkestra Nazionala (2003-2007) zuzendu ditu. Orain, munduko bi orkestra hoberenen zuzendaria da: Bostoneko Symphony Orchestra eta Leipzigeko Gewandhausorchester. Deutsche Grammophon diskoetxerako egiten ditu grabaketak esklusiboki eta, horri esker, Bostoneko Symphony Orchestrarekin “Mtsesk barrutiko Lady Macbeth” opera disko batera eraman izan du, eta Shostakovichen sinfonien integraleko zikloarekin lau Grammy sari irabazi zituen. Leipzigeko Gewandhausorchesterrekin, momentu honetan, Brucknerren sinfoniak lantzen ari da proiektu berri batean. 

 

Abuztuaren 28ko kontzertua
Kontzertu honetan Isabelle Faust biolinista alemaniarra izango da bakarlari. Leopold Mozart lehiaketa eta Paganini Lehiaketa entzutetsuen irabazle, oso gaztetan hasi zen munduko orkestra nagusiekin batera lan egiten; besteak beste, Berliner Philharmoniker, Boston Symphony Orchestra, NHK Symphony Orchestra Tokyo, Chamber Orchestra of Europe, Les Siècles eta Barockorchester Freiburg eta abarrrekin aritu izan da. Horren ondorioz, epe luzez lan egin izan du  Andris Nelsons, Giovanni Antonini, François-Xavier Roth, Sir John Eliot Gardiner, Daniel Harding, Philippe Herreweghe, Jakub Hrque ša, Klaus Mäkelde, Robin Ticciati edo Sir Simon Rattle bezalako zuzendariekin. Isabelle Faust artistaren jakin-min artistikoa hain da zabala non biolinerako lanen garai eta modu guztiak hartzen ditu bere baitan: biolinerako kontzertu sinfoniko handiak jotzeaz gain, lotura handia du, halaber, musika garaikidearekin (Péter Eötvös, Brett Dean, Ondque ej Adámek, Rune Glerup, Vito Кuraj…). Bakarlari gisa aritzearekin batera, ganbera-interpretea ere bada; arlo horretan, Alexander Melnikov eta Kristian Bezuidenhoutekin kolaboratzen du aspalditik.

Abuztuaren 28ko kontzertuak kutsu eskandinaviarra izango du, hain zuzen ere, Arvo Pärt estoniar zuzendariaren musikarekin irekiko delako, eta Jan Sibelius finlandiarraren sinfonia ospetsuenarekin itxiko. Pärt-ek 1977an idatzi zuen bere “Cantus in memoriam Benjamin Britten” hunkigarria, miresten zuen Ingalaterrako konpositorearen heriotza gertatu eta aste gutxitara. Bertan hariak eta kanpai bat bakarrik erabiltzen dira. Bere laburtasun, erraztasun eta iradokitzen duen bakearengatik, pieza hau Pärten pieza ospetsuenetakoa izatera iritsi da. Jan Sibeliusen kasuan ere, “2. Sinfonia”rekin gauza bera gertatu zen. 1902aren martxoan estreinatu zen eta finlandiar gizarteak nazioaren independentziarako bidearen sinbolo gisa hartu zuen. Konnotazio politikoez gain, lana doinu ahaztezinez betetako arnasbide freskoa da, eta bere okerrune, grina eta heroismoaren atzean, Beethovenekin lotzen duen espiritu klasiko bat atzematen da. Bi eskandinaviar jatorria duten sorkuntza hauen artean Antonin Dvoráken “Biolinerako Kontzertua” dago. Bakarlariarentzat birtuosismo handiz betetakoa den partitura bikain hau 1882an osatu zen, eta Viena nahiz Londresen aurkeztu ondoren, bohemiar konpositorearen musika Europan zehar zabaltzen lagundu zuen ora izatera iritsi zen. 

Abuztuaren 29ko kontzertua
Bigarren eguneko kontzertuan, alemaniar orkestra ospe handiko bi bakarlarik lagunduko dute. Julia Kleiterrek, Limburgon jaioa (Alemania), Mozarten “Txirula Magikoa”ren Paminaren interpretazio apartarekin lortu zuen ospea Pertsonaia hau Madril, Zurich, New York, Munich eta Salzburgoko Jaialdian antzeztu zuen. Nikolaus Harnoncourt, Marc Minkowski, Claudio Abbado, Adam Fischer eta Philippe Jordan bezalako zuzendariekin batera egin ditu emanaldiak, eta, Mozarten lanen interprete garrantzitsua izateaz gain, bere moldakortasuna ere erakutsi du mota askotako rol operistikoekin, Milango La Scala, Covent Gardeneko Royal Opera House, Wiener Staatsoper, eta Municheko Bayerische Staatsoper bezalako eszenatokietan.

Beste abeslari bakarlaria Christian Gerhaher izango da. Alemaniar baritonoa liederren aditu handienetako bat bezala hartzen da. Schubert, Schumann eta Brahmsen abestiekin egindako diskoak prentsa espezializatuaren sari garrantzitsuak lortu zituen. Herhaher, Munichen ikasi, bizi eta, gehienetan, bertan ere, bere lan artistikoa egiten du, operan eta oratorioko eremuetan ere asko ibiltzen da. Gerhaher Musika Hamabostaldian 2018an egon zen azken aldiz, Hamburgoko NDR Elbphilarmonie Orkestrarekin, orduan Mahlerren Des Knaben Wunderhorn lied zikloaren bertsio gogoangarria eskaini zuen. 

Ahotsen atala Donostiako Orfeoiak osatuko du, Musika Hamabostaldiaren klausura kontzertuen ohiko protagonista, 75 edizioetan baino gehiagotan parte hartu du Jaialdian. Nahiz eta hasierako jarrera afizionatua mantentzen duen, gaur egun Orfeoiak izaera guztiz profesionala du, urtean zehar 35-40 kontzertu inguru ematen ditu eta beren errepertorioa ehundaka obra sinfoniko-koralek, berrogeita hamar opera eta zarzuela titulu baino gehiagok, folklore eta polifonia obra askok osatzen dute. Hala ere, abuztuak 29an interpretatuko duten obra <”Requiem Alemaniar bat” bere “aurkezpen-gutuna” bezala erabili izan dute europar eszenatokietan, eta Orfeoiak bere 128 urteetan zehar gehien interpretatu duten partitura da. 

 

Leipzigeko Gewandhausorchesterren bigarren emanaldia (abuztuak 29) Felix Mendelssohnentzat prestatutako omenaldi batekin hasiko da, honek garrantzi berezia du orkestraren historian bertako zuzendaria izan zelako 1835-1847 urte artean. Mendelssohnekin estreinatu zituen orkestrak, besteak beste: “Biolinerako Kontzertua”, “Eskoziar Sinfonia” eta Ruy Blasen obertura; baita, Schuberten “Handia” eta Schummannen 1, 2 eta 4. Sinfoniak. Mendelssohni esker Alemaniako lehen kontserbatorioa sortu  zen 1843an, orain Leipzigeko Felix Mendelssohn-Bartholdy Musika eta Antzerki Goi Eskola dena, oraindik Gewandhaus erakundearekin oso lotuta dagoena bere ikasleen orkestrari esker, Mendelssohn Orchesterakademie. Donostian bere “5. Sinfonia2 interpretatuko dute, 1830ean amaitutakoa eta “Erreformaren” Sinfonia” bezala ezaguna dena.

Kontzertuaren bigarren zatian, Gewandhausorchesterrek Johannes Brahms konpositoreari helduko dio. Brahms-ekin ere, harreman handia izan zuen orkestrak, eta bere “Biolinerako Kontzertua”  bezalako lanak estreinatu zituen. Brahmsen beste hainbat lan ere interpretatu zituen, bereziki, konpositorearen lagun handia zen Carl Reinecken zuzendaritzapean. Donostian, orkestrak Brahmsen “Alemaniar Requiema” interpretatuko du, erromantizismoaren errepertorio sinfoniko-koralaren sorkuntza enblematikoenetako bat dena. Hildakoen meza tradizionaletatik urrunduz, pieza hau ikuspuntu humanista eta itxaropentsua duen heriotzaren meditazio bat bezala sortuta dago. Brahmsek Biblia luteranoaren bertsikuloak erabiliz, alemanez,  izaera intimo eta gogoetatsua lortzen du, eta bizidunen kontsolamenduan eta hildakoen bakean zentratzen da, azken judizioaren beldurra alde batera utziz Obraren ideia hau Schumannen heriotzaren ondoren sortu zen, 1856an, baina bere amaren heriotzarekin, 1865an, heldu zion berriz proiektuari indarrarez. Aldaketa eta hedapen asko eta gero, 1869an, Leipzigeko Gewandhausorchesterren behin betiko bertsioaren estreinaldiak Brahmsen arrakasta sendotu zuen. 

 

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.