Ahotsa nagusi 86. Musika Hamabostaldian

  •  Hurrenkera kronologikoan, sarrerak agortu dira ahotsdun honako kontzertu hauetan: Orquestra de la Comunitat Valenciana-Palau de les Arts, Xabier Anduaga barne hartzen zuen bakarlari taldearekin eta Donostiako Orfeoiarekin; Xabier Anduagaren beraren errezitala Victoria Eugenian; “West Side Story”, Easo Abesbatzarekin, eta Gewandhausorchester Leipzigek, Julia Kleiter eta Christian Gerhaher bakarlariek eta Donostiako Orfeoiak emango duten amaierako kontzertua. 
  • Hamabostaldia bertako, Euskal Herriko eta Estatuko artista gehien biltzen dituen jaialdia izateagatik nabarmentzen da, eta, zentzu horretan, aurten bereziki nabarmentzen dira “Amaya” eta “West Side Story” lanak eta Xabier Anduagaren Victoria Eugeniako emanaldia.
  • Aipatzekoak dira, halaber, Mitsuko Uchidaren arrakasta eta "Nizugu" operaren erabateko estreinaldia Victoria Eugenian eta Alos Quarteten eta euskal artisten hiru belaunaldiren topaketa Arantzazun; baita beste ziklo batzuen betetze-maila ere, hala nola San Telmon eta Tabakaleran izandakoena, edo Interprete Gazteen Zikloa edo Organo Zikloa, % 90etik gorako betetzearekin.
  • Guztira 79 ekitaldi izan dira, horietatik 27 doakoak, 32.723 pertsona bertaratu dira eta 812.732 euro bildu dira leihatilan.

29 egunetan, zuzeneko musika eta dantza programazio zabal eta aberatsa eskaini du jaialdiak. 79 hitzordutan, horietatik 27 doakoak, gero eta heterogeneoagoa den publikoaren interesa piztu du hiriko hainbat espaziotan eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdin banatutako hogei bat herritan. Aurten 32.723 pertsonek jaialdiko ekitaldiren batera bertaratzeko hautua egin izanak berresten du Hamabostaldiaren leloa: Entzun, a zer plana! Edizio honetan 812.732 euro bildu dira leihatilan.

Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloan 14.890 lagun bildu dira eta hirutan agortu dira sarrerak: Orquestra de la Comunitat Valenciana - Palau de les Arts orkestraren kontzertua, besteak beste Xabier Anduaga bakarlari zela eta Donostiako Orfeoiarekin, Rossiniren Stabat Mater obraren interpretazioan; Bernsteinen "West Side Story"ren interpretazio gogoangarria, Euskadiko Orkestrarekin, Miren-Urbieta Vega eta Caspar Singh buru zituen bakarlari taldearekin eta Easo Abesbatzarekin, Clark Rundellen zuzendaritzapean; eta Gewhausandorchester Leipzigek, Julia Kleiter eta Christian Geraher bakarlariek eta Donostiako Orfeoiak eskainiko duten amaierako kontzertua, denak Andris Nelsonsek zuzenduta.

Gogoangarria da, halaber, Hamabostaldiaren irekiera: Verdini Dantza Taldeak atariko gisa foyer-ean emandako erakustaldiaren ondoren, Ballet Preljocaj konpainiaren Requiem(s) ikuskizunak ireki zuen Hamabostaldia. Aretoa ia Beteta zegoela, Bach, Mozart eta Ligetirekin batera System of a Down musika-taldearen metal alternatiboa ekarri zuena jaialdira Angelin Preljocajen sorkuntzak. Horrez gain, izan dira beste hainbat une azpimarragarri: Guridiren Amayaren kontzertu bertsioaren berreskuratzea, erabat euskal musikariz osatutako talde artistikoaren eskutik (Diego Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean, Arantza Ezenarro eta Gillen Munguía buru zituen bakarlari-taldea, Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza), tokiko talentua zer eskaintzeko gai den agerian utzita berriz ere; edo Jordi Savallen itzulera, Le Concert des Nations eta La Capella Nacional de Catalunyak lagunduta Mendelsohnn interpretatzeko.

Aipatzekoa da Auditorioan interpretatutako obretatik Guridiren Amayaren bertsio osoa, Bernsteinen West Side Story, Wagner/Maazel-en Hitzik gabeko eraztuna, Adèsen Piano eta orkestrarako kontzertua eta Pärten Benjamin Cantus in memoriam Benjamin Britten lehenbiziko aldiz entzun zirela Hamabostaldian.

Victoria Eugenia Antzokian emozioz eta pozez beteriko gau lirikoa bihurtu zen Xabier Anduaga tenorrak emandako errezitala, antzokia erabet bete zuten ikus-entzule guztiak zutik jartzeraino. Penintsulan gutxitan aritzen den Mitsuko Uchida pianoko izarra, lau urtean hirugarren aldiz itzuli da Hamabostaldira, eta hark ere bete zuen antzokia. Flamenkoa eta cantea Rafaela Carrascoren Nocturna lanak ekarri zuen aurten Victoria Eugeniara: gaua eta insomnioa aitzaki hartuta, dantzaren, musikaren eta poesiaren inguruko hausnarketa. Antzerkia Nizugu opera sortu berriaren erabateko estreinaldiaren lekuko izan zen, halaber; Easo Abesbatzaren eta Musika Hamabostaldiak publiko ororentzat ekoitzitako ikuskizun horrek berretsi du beste behin jaialdiak sorkuntza eszeniko berria bultzatzeko eta sustatzeko garatzen duen politikaren garrantzia, eta baita gazteen artean musika klasikoarekiko interesa pizteko egiten duen ahalegina ere.

Aurtengo edizioko mugarri bihurtu den beste kontzertuetako bat publikoz gainezka zegoen Arantzazuko Santutegian Alos Quarteten inguruan bildutako euskal musikarien hiru belaunaldiren topaketa izan zen: Xabier Zeberio buru duen taldearekin batera, Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Amorante, Iñar Sastre eta Bixente Martínezek eskainitako kontzertua une historiko bilakatu zen, Hamabostaldia Arantzazun egitasmoaren inguruan, klasikoaren, tradizionalaren eta egungo musikaren bat-egitetik sortzen den atmosfera berezi hartan.

Beste behin ere, jaialdiak tokiko artisten presentzian jartzen du arreta, eta, askotan, nazioarteko orkestra, zuzendari edo bakarlari ospetsuekin elkarlanean, errepertorio zorrotzenaren zerbitzura jarrita, euren talentua eta lanerako gaitasuna erakus dezaten plataforma aproposena da Hamabostaldia. Izan ere, bere programazioan bertako, Euskal Herriko eta Estatuko artista gehien biltzen dituen jaialdia da Musika Hamabostaldia eta, horri esker, ageriko egiten du gure lurraldeak lehen mailako musikariei dagokienez bizi duen garai samurra.

Hamabostaldiaren eskaintza osatzen duten beste zikloak ere ikus-entzule ugariren topagune bilakatu dira, eta horietako askotan betetzea % 90etik gorakoa izan da. Edizio honetan, 17.833 pertsona izan dira eta ikus-entzule kopuruagatik bereziki nabarmentzekoak dira: Victoria Eugenia Antzokia (2.451 pertsona), Antzinako Musika eta Ganbera Musika Zikloak (2.182 pertsona eta 7 aldiz erabat beteta), Tabakalera Dantzan (851 pertsona) Organo Zikloa (6.131 pertsona), Musika Aitzaki (2.396 pertsona) eta inaugurazio-kontzertuak (860).

Hamabostaldiaren 86. edizioak opera baten, bi koreografiaren eta sei musika-piezaren erabateko estreinaldia hartu du:

-    Nizugu opera (Haurren Hamabostaldia).
-    Orta edo nor-bat dantzan_pista de baile, Idoia Zabaletaren koreografia (Tabakalera Dantzan sorkuntza egoitza).
-    Tactus, Melania Olcinaren koreografia (Tabakalera Dantzan).
-    Cantos del alma desnuda, Israel López Estelche (Organo Zikloa). 
-    Oximoron, Garazi Zabaleta (Musika Garaikideko Zikloa).
-    Affectionate Light Bulb, Frédéric Pattar (Musika Garaikideko Zikloa).
-    Eguzkitan, Mikel Urquiza (Musika Garaikideko Zikloa).
-    Alboan nauzu, Alicia Díaz de la Fuente (Musika Garaikideko Zikloa).
-    Itzaletatik II, Carlos Satué (Musika Garaikideko Zikloa).

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.