Grigory Sokolov pianista handia astelehenean Kursaal Auditorioan

  • Errusiar interpretea egungo piano-jotzaile onenetakoa da eta 2015ean aritu zen azkenekoz Musika Hamabostaldian.
     
  • Chopinen lau polonesa eta Rachmaninoven Hamar preludioak Op. 23 joko ditu.

Donostiako Musika Hamabostaldiak piano kontzertu handia eskainiko du abuztuaren 9an, astelehenean, egungo piano-jotzaile miretsienetako baten eskutik. Grigory Sokolovek Chopin eta Rachmaninoven lanak joko ditu bakarkako emanaldi batean. 2015ean egin zigun azken bisita ahaztezinaren ondoren eta joan den udako emanaldia bertan behera utzi behar izan ondoren, Sokolov berriz itzuliko da, beraz, gure hirira eta musika-jaialdira. Musika-emanaldia 19:30ean hasiko da, eta Kursaal Auditorioan egingo da, ezarritako edukiera-mugari ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta errusiar piano-jotzaileak bertako ikusleen artean sortzen duen ikusminari erantzuteko.

Grigory Sokolovek laurogeita hamarreko hamarkadan eskaini zituen lehen kontzertuak Donostian, eta Musika Hamabostaldian 2005, 2007, 2011 eta 2015eko edizioetan aritu da. 1950ean Leningradon jaioa, Sokolovek Txaikovski Lehiaketa ospetsua irabazi zuen duela berrogeita bost bat urte. Geroztik, pianoaren mito bizia bihurtu da pixkana-pixkana. Goi-mailako estatus hori gorabehera, oso eskuzabala izaten da bere emanaldietan. Horietako batzuk hiru ordu inguruko iraupena izatera iritsi dira, eta oparoak izaten dira bisetan ere. Batzuek gizon zakar samartzat daukate, besteak beste bi hamarkadatan estudioko disko gutxi grabatu zituelako, elkarrizketarik eskaintzen ez duelako eta ez duelako bere irudirik hartzeko baimenik ematen; baina musika-negozioaren alderik mediatikoenetik urrun egon nahi izate hori musikaren barne-bideetan buru-belarri murgilduta bizitzeko erabaki kontziente bati zor zaio, eta bere interpretazioetan nabarmen azaleratzen den dentsitate intelektual bati. Hori guztia dela eta, Sokolov oso maitatua da bai ikus-entzuleen artean, bai piano-jotzaileen artean ere. Kontzertua non, han agertzen dira haren jarraitzaileak ere.

Sokolov pianoaren tinbre-kalitateari lehentasuna ematen dion jotzeko modu batengatik nabarmentzen dela esan ohi da, purismo estilistikoa baino gehiago jenialtasun espresibo pertsonala bilatzen duen jotzeko modu batengatik. Izan ere, halaxe jotzen zuten garai bateko pianista onenek ere, hala nola Emil Gilels (irakasle izan zuen) edo Arthur Rubinstein maisu handiek. Ez alferrik, Sokolovek bere erreferente nagusitzat jotzen ditu biak ala biak.

Sokolovek oraingoan emango duen kontzertuak historiako konpositore-pianista handienetako bi izango ditu oinarri. Bai Chopin, bai Rachmaninov, beren garaiko piano-jotzailerik onenetakoak izan ziren, eta haien sormena estuki lotuta egon zen beti instrumentu honekin zuten harremanarekin.

Errezitala Frédéric Chopinen musikak irekiko du. Chopin lau urte zituela hasi zen pianoa jotzen, modu autodidaktan, eta konexio intimo bat ehundu zuen berehala inprobisazioaren, konposizioaren eta interpretazioaren artean. Chopinen lehen irakasleak paperera transkribatu zuen hark zazpi urterekin asmatutako inprobisazioetako bat, polonesa bat, baina teklatu gainean asmatzen zuen musika paper lerrodunean idazten erakutsi, hurrengo maisuak erakutsi zion, Józef Elsner konpositoreak. Chopinentzat ─sehaskatik zuzenean pianora egin zuen jauzi hark─, konposatzea jarduera guztiz praktiko bat zen, eta hamabost urteak bete arte ez zuen argitaratu bere lehen opus zenbakia, rondo bat. Sokolovek, hain zuzen, Chopinek sorkuntza garai betean idatzitako lau polonesa interpretatuko ditu: Polonesa Op. 26 1. zk. eta 2 zk., Polonesa Op. 44 fa sostenitu minorrean eta Polonesa Op. 53 bemol maiorrean. Lan horietan, haren teknikaren ezaugarri berezietako asko biltzen dira, hala nola, folklore musikarekiko hurbiltze sofistikatua, deklamazio-ezaugarriz hornitutako adierazkortasuna, gai eta melodiei darien inprobisazio-kutsuko bat-batekotasuna, eta, polonesen kasuan bereziki, haren nortasunaren funtsezko “faktore poloniarra”.

Ondoren, Sergei Rachmaninoven musikak hartuko du protagonismoa, hark piano solorako idatzi zuen lan handienetako baten bidez: Hamar preludioak Op. 23 izeneko seriea. Piano-jotzaile errusiarraren esku handiak, hamabidun bitartea erraz hartzeko adinakoak, teklatua maisuki menderatzeko bidea ematen zion, baita barne-polifoniez eta xehetasun apaingarriz beteriko testura konplexuak sortzekoa ere. Ezaugarri horiek bereziki nabarmenak dira haren bi preludio-serieetan, Op. 23 (1902) eta Op. 32 (1910) preludioetan: preludio horiek antzekotasunak dituzte Chopinen Op. 10 eta Op. 25 estudioekin, beren zabaltasun eta handinahiagatik. Sokolovek Donostian interpretatuko duen serieak, Op. 23 preludioek, askotariko soinu-paisaiak eta egoera emozionalak zeharkatzen ditu: halako barrukotasun intimo bat lehen eta laugarren preludioetan, indarra eta kementasuna bigarren eta zazpigarrenean, militar kutsuko doinuak hirugarren eta zazpigarrenean, eta elegia itxurakoak seigarrenean.

 

Biografia

Grigory Sokolov

1950ean jaio zen, Leningraden. Moskuko Txaikovski Nazioarteko Lehiaketan saritua izan zenetik igarotako berrogeita bost urteotan, halako estatus ia mistiko bat bereganatu du, era guztietako musikazaleak liluratzen dituena bere errepertorio eta musikaltasunarekin. Pianoa jotzeko duen moduak ez du aurreko maisuen eraginik, estilo guztiz pertsonala baitauka. Sokolovek interpretatzen duen orok sortu berria dirudi. Ohiko gonbidatua da Europa osoko kontzertu-areto eta jaialdi ospetsuenetan, eta munduko zuzendari garrantzitsuenetako askorekin lan egin du. Besteak beste, orkestra hauekin aritu da: New Yorkeko Filarmonikoa, Montrealgo Sinfonikoa, Municheko Filarmonikoa, Leipzigeko Gewandhaus, Philarmonia eta Amsterdameko Concertgebouw.

Bi hamarkadatan ezer grabatu gabe egon ondoren, Sokolovek kontratu esklusibo bat sinatu zuen Deutsche Grammophonekin. Lan guztiak zuzenean grabatuta, lehen CDa 2008an Salzburgoko Jaialdian eskainitako emanaldiak osatu zuen, Mozart eta Chopinen lanekin. Bigarrena Schubert eta Beethoveni eskainitako disko bat izan zen, eta hirugarrena, berriz, Mozarten Pianorako kontzertua KV 488 eta Rachmaninoven Pianorako kontzertua 3. zk. obrek osatu zuten. Azken CD hori Nadja Zhdanovaren “A Conversation That Never Was” DVDarekin batera argitaratu zen. Haren azken lanak Beethoven eta Brahmsen musika biltzen duen CD bikoitz bat eta Turingo Lingotton grabatutako DVD bat dira.