Xumetasuna, kolore urritasuna eta trazu leunak erabiltzeko joera dira Elena Odriozola (Donostia, 1967) ilustratzailearen obra bereizten duten ezaugarri nagusiak, eta halakoxea da Donostiako Musika Hamabostaldiarentzat egin duen kartela ere: goxoa, intimista, itxura samurrekoa. “Hamabostaldiak aurtengo kartela egiteko gonbitea luzatu zidanean ikutu infantileko zerbait egitea erabaki nuen. Guztiz bestelakoa den zerbait egin nezakeen baina saguen aldeko apostua egin nuen; orain asko ez dela, “Errauskine”ren liburu bat ilustratzeko, sagu pila egin bait nituen eta haiek pentsatu eta irudikatzen oso ondo pasatu bait nuen”.
Hala, hemeretzi saguz osatutako orkestra barroko bat irudikatu du Odriozolak aurtengo kartelerako. Saguek, gehienek bai behintzat, benetakoak ez diren instrumentuak dituzte esku artean, itxurazkoak. Sabaitik zintzilik Musika Hamabostaldiaren hizki eta datuekin osatutako lanpara dotore bat dago (77 Musika Hamabostaldia / Donostia / Abuztua 4-31 / 2016 irakur daiteke bertan), eta lanpararen ertz batean, hainbat luma galdu dituen txoritxo bat ageri da: “Saguetako hainbat sabaira begira daude; txoriaren presentziak aztoratu egin ditu eta nahaste-borrastea sortu da orkestraren baitan”, dio egileak berak. Sorkuntza-lanean erabili dituen koloreei dagokienez berriz, sorta xumea, soila enplegatu duela esan behar: grisa saguentzat, beltza haien arropetarako, urre-kolorea instrumentuentzat eta lanpara osatzen duten harribitxiak irudikatzeko eta laranja txoritxoa janzteko.
Elena Odriozolak ibilbide luzea du ilustraziogintzan. Arte eta dekorazio ikasketak egin zituen eta 1997an hasi zen marrazkigintza lanetan. Ordutik hona ehundik gora liburu ondu ditu, hainbat eta hainbat hizkuntzatara itzuli direnak, eta bere jardunak aitortza ugari ekarri dizkio; besteak beste: Ilustrazioaren Euskadi saria “Tanten zapalketa” lanagatik 2009an; eta Espainiako Ilustrazio Saria 2015ean “ildo propio eta koherente bati jarraituz ilustratzaileak erakutsitako gaitasun berritzaileagatik eta haren obraren indar narratiboagatik”.
“Kartela ahalik eta pieza kopuru txikienarekin egiten ahalegindu naiz. Horixe izan da nere helburua: bitarteko gutxi batzuk erabilita, ahalik eta gauza gehien kontatzea. Hau horrela, saguak egiteko sei zigilu baino ez ditut erabili. Lehen lehenik pieza guztiak paperean egin nituen eta, behin haiek moztuta, jolasean hasi nintzen; pieza ezberdinak uztartzen eta saguak osatzen. Bigarren urrats batean paperean egindako piezak zigilu bilakatu nituen eta zigiluekin, banaka-banaka, sagu guztiak irudikatu nituen. Lanpara berriz, ordenagailuz egin nuen, bertan agertzen den informazioak (Hamabostaldiaren edizioa, datak….) irakurterraza izan behar bait zuen. Txoritxoa ere aparte egin nuen. Egia esan, kartel hau egiten oso ondo pasa dut; asko disfrutatu dut prozesu osoarekin; eta nik uste dut esku artean duzun horrekin jolaseko modua daukazunean eta disfrutatzeko gai zarenean gauzak askoz ere hobeto ateratzen direla”.
Hemezortzi urteko ibilbidean Elena Odriozolaren lanak bilakaera handia izan du, baina bere begirada, gauzak interpretatu eta kontatzeko duen era berezi hori, bere horretan mantendu da. Odriozolak bere esker ona erakutsi nahi izan dio jaialdiari:
“Musika Hamabostaldiaren enkargua ilusio handiarekin jaso nuen; asko eskertzen diot jaialdiari kartela egiteko neregan pentsatu izana. Gogotsu, ilusioz gainezka egin dut sorkuntza-lan hau eta oso pozik nago lortutako emaitzarekin”.
