John Eliot Gardiner zuzendariak inauguratuko du Hamabostaldia. Kursaaleko kontzertu handiei hasiera emango die musika barrokoarekin, zeina Collegium 1704ek ere ekarriko duen auditoriora, Václav Luks zuzendariaren gidaritzapean.
La Fille du Régiment, Xabier Anduaga eta Elena Sancho-Pereg abeslariekin.
Opera Hamabostaldira itzuliko da ekoizpen propioko Donizettiren obra baten bertsio erdi-eszenaratuarekin. Xabier Anduaga eta Elena Sancho-Pereg donostiarrak izango dira abeslari zerrendako lehenak.Ahots handiko Kursaal Auditorioa.
Monteverdi eta Collegium Vocale 1704 nazioarteko abesbatzekin eta bertako Landarbaso, Easo, Andra Mari, Vocalia Taldea eta Donostiako Orfeoiarekin batera, Hamabostaldiak, aurten, etorkizun handieneko euskal ahots bakarlarietako hainbat eskainiko ditu, beste zenbait bakarlari handirekin batera. Gainera, kontzertu bertsioan emango duten La tabernera del puerto lanak Sorozabalen 125. jaiotza-urteurrena ekarriko du gogora.Frankfurteko Orkestra Sinfonikoa eta Txekiar Orkestra Filarmonikoa. Hamabostaldian tradizio luzea duten Europa erdialdeko bi orkestrak Donostiara itzuliko dira.
Dantza eta pianoa Victoria Eugenia Antzokian.
Ballet Flamenco de Andalucía El maleficio de la mariposa (“Tximeletaren sorginkeria”) ikuskizunarekin eta Víkingur Ólafsson pianista islandiarra izango dira aurtengo hitzorduak.
Musika Hamabostaldiaren 83. edizioa abuztuaren 2an hasiko da, asteartearekin, eta abuztuaren 27ko larunbatean bukatuko da. Lau aste horietarako hirurogeita hamar kontzertu eta ikuskizun baino gehiago antolatu dira, baita Organo Erromantikoaren 38. Nazioarteko Ikastaroa eta beste hainbat ekintza paralelo ere. Programazioa osatzen duten zikloek nagusiki Donostia izango badute ere egoitza, Gipuzkoako beste hainbat herritan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere izango dira ekitaldiak.
Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugenia Antzokiko programazioa da aurrerapen honetan ezagutaraziko dena.
Jonh Eliot Gardiner zuzendariak, English Baroque Soloists ensemblearen eta Monteverdi Choir talde koralaren gidari, Kursaal Auditorioko kontzertu handiak inauguratzeko ardura izango du (abuztuak 2). Musika barrokoaren erakusgarri garrantzitsuenetakoak dira, baita jaialdiaren aspaldiko ezagun ere, laurogeita hamargarren hamarkadatik hona. 2016an Hamabostaldian egon eta sei urtetara itzuliko dira festibalera. Ganbera talde moduan, Carissimi, Scarlatti eta Schutz konpositoreen obraz osatutako programa interpretatuko dute (XVII-XVIII mendeak). Gardiner Europako jaialdirik garrantzitsuenetako zenbaitetan izango da uda honetan; izan ere, uztailaren 20an programa bera interpretatuko du Salzburgoko Festibalean, eta dagoeneko agortuta daude gaualdi horretarako sarrerak.
25. urteurrena ospatzen ari den Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) agertokia Kanariar Uharteetako Orkestra Gaztearekin (JOCAN) partekatuko du (abuztuak 5) Mahler konpositorearen 3. sinfonia interpretatzeko, obra horrek eskatzen duen interprete talde zabalari erantzunez. Víctor Pablo Pérez zuzendariak gidatuko du kontzertua, kanariar orkestraren titular eta historian zehar Hamabostaldiko podiumean aldi gehienetan aritu den zuzendariak, hain zuzen. Ahotsen alderdiari dagokionez, 2021ean Francisco Viñas Nazioarteko Kantu lehiaketa irabazi zuen Carmen Artaza mezzo donostiarrak interpretatuko ditu IV eta V mugimenduetako testu trinkoak; azken horretan Donostiako Orfeoiko eta Orfeoi Gazteko ahots zuriak izango ditu lagun, esku-hartze labur baina edertasun handikoan. Mahlerren Hirugarrena da konpositorearen sinfonietatik gehien interpretatzen denetako bat; partitura hunkigarria.
Aurten 125 urte betetzen dira Pablo Sorozabal (Donostia, 1897 - Madril, 1988) jaio zenetik eta, ospatzeko, Hamabostaldiak La tabernera del puerto (“Portuko tabernako neska”) zarzuelaren kontzertu bertsioa berreskuratuko du (abuztuak 7). 1936ko apirilean estreinatu zenean arrakasta itzela izan zuen eta donostiar konpositorearen pieza garrantzitsuenetakoa da. Lan horrekin zarzuela Hamabostaldira itzuliko da hogeita bost urteren ondoren. Unai Urrechoren zuzendaritzapean, Sorozabalen obra interpretatuko dute Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS), zeinak lehen mendea betetzen duen aurten, Landarbaso Abesbatzak nahiz Miren Urbieta-Vega eta Aneka Gorrotxategi protagonista izango dituen bakarlari taldeak. Urbieta-Vega eta Gorrotxategik eskakizun handiko paperei egin beharko diete aurre.
Abuztuaren 12an eta 14an opera Hamabostaldira itzuliko da, pandemiaren eraginez bi urtez programaziotik kanpo geratu ondoren. Kursaalak La Fille du Régiment (G. Donizetti) opera komikoaren ekoizpen berri baten estreinaldia hartuko du, Musika Hamabostaldiak Guillermo Amayari enkargatutakoa. Lucas Macías musika zuzendariaren gidaritzapean, rol nagusiak Elena Sancho-Pereg sopranoak eta Xabier Anduaga tenorrak interpretatuko dituzte. Azken horrek interpretatuko du Ah mes amis! aria, bularreko bederatzi do dituena. Aria hau operako Everest menditzat jotzen dute askok, bere zailtasuna dela eta. Azken aldiko euskal ahotsik aipagarrienak diren bi donostiarrek lehen aldiz kantatuko dute elkarrekin beren jaioterrian. Euskadiko Orkestra zulogunetik aritzeaz gain, Easo Abesbatzak ere hartuko du parte.
2022an berrogei urte betetzen dituen Euskadiko Orkestra Kursaalera itzuliko da (abuztuak 20) Wayne Marshall zuzendari duela, eta Indira Mahajan sopranoak, Eric Greene baritonoak eta Andra Mari Abesbatzak lagunduta, musika amerikarrez osatutako programa eskaintzeko: Gershwin-en Rhapsody in Blue eta Porgy & Bess operako hautaketa emango dute. Marshall errepertorio honetan aditua da eta Hamabostaldian debutatzen badu ere, aurretiaz Euskadiko Orkestra zuzendu du hainbat alditan; zuzentzeaz gain, pianoarekin interpretatuko ditu instrumentu horren pasarteak kontzertu honetan.
Alemaniako orkestra aktiboenetakoa den Frankfurteko Irrati Orkestra Hamabostaldira itzuliko da (abuztuak 21) Alain Altinoglu titularrarekin, berrogei urtetan zehar jaialdiarekin izandako harremana berretsiz. Altinoglu 21/22 denboralditik da orkestrako zuzendaria, baita Bruselako La Monnaierena ere 2015etik. Bomsori Kim biolinista izango du lagun bereziki zaila den Sibelius konpositorearen Biolinerako kontzertua interpretatzeko eta Vocalia Taldea Debussy-ren Nocturnes-en azken mugimenduari aurre egiteko. XX. mendearen lehen erdia zeharkatzen duen eskakizun handiko programa osatuko dituzte Verdi-ren La Forza del destinoko oberturak eta Weinberg-en Orkestrarako suiteak.
Václav Luks-ek sortutako Collegium 1704 musika barrokoko orkestra eta ahots taldea da edizio honetako berrikuntza aipagarrienetako bat. Václav Luks klabezinista eta zuzendaria izateaz gain, John Eliot Gardiner bezalakoen oinordeko izatera deitua den garai barrokoaren aditu belaunaldi berriko ordezkari aipagarrienetako bat da. 2005ean Collegium 1704 Orkestra Barrokoa eta Collegium Vocale 1704 sortu zituenetik, konpositore barrokoen eta bereziki txekiarren ondarea berreskuratzen eta ezagutzera ematen dihardu. Ildo horretan, Haendel konpositorearen Dixit dominus eta Zelenka, garaiko konpositore txekiar garrantzitsuena izandakoaren Missa omnium aurkeztuko ditu Donostian.
Musika txekiarra Kursaaleko kontzertu handien azken txanpan ere izango da protagonista, Txekiar Orkestra Filarmonikoaren eskutik, zeinak Semyon Bychkov titularraren batutapean bi kontzertu (abuztuak 26 eta 27) emango dituen. Lehenengoan Mahler konpositorearen 7. sinfonia interpretatuko du, talde txekiarrarekin harreman estua duena, 1908ko irailean estreinatu baitzuen orkestrak sinfonia, konpositoreak berak zuzenduta; Mahlerren sinfonia apurtzaileenetako bat da, oso konplexua eta orkestra zabalak interpretatzeko konposatutakoa.
Txekiar filarmonikoaren bigarren kontzertuak (abuztuak 27) emango dio amaiera 83. Donostiako Musika Hamabostaldiari. Itxiera horretarako, Bychkov maisuak hiru egile txekiar handiri eskainitako programa osatu du: Dvorak, Martinu eta Janacek. Kontzertua Dvoraken Inauteri obertura-rekin hasiko da; jarraian, Katia eta Marielle Labèque pianistek, orkestrarekin batera, Martinuren Bi piano eta orkestrarako kontzertu ezohikoa interpretatuko dute; emanaldia ixteko, Janaceken Meza glagolitiko izugarria joko dute, Evelina Dobračeva sopranoarekin, Lucie Hilscherová mezzoarekin, Aleš Briscein tenorrarekin, Jan Martiník baxuarekin eta Donostiako Orfeoiarekin.
Era berean, dantza ikuskizun bat eta piano errezital bat ere izango dira Victoria Eugenia Antzokian.
Ballet Flamenco de Andalucía (abuztuak 17) dantza konpainiak bere El maleficio de la mariposa (“Tximeletaren sorginkeria”) interpretatuko du. 1920an García Lorcak antzerkian debutatu zuen lan honekin; aldi hartan La Argentinitaren dantza izan zen kritikaren eta publikoaren gaitzespena jaso ez zuen bakarra. 2021ean Úrsula López zuzendari duen konpainiak ekoizpen hau estreinatu zuen, XXI. mendeko soinuaren, eszenografiaren eta jantzien bidez, aurreko mendeko koreografiak birsortzeko.
Víkingur Olafsson pianista Donostiara etorriko da (abuztuak 22) bere proiektu diskografiko berria aurkeztera: Mozartek 1780ko hamarkadan konposatutako piezen hautaketa bat, hain zuzen, Salzburgoko jenioaren alderik heldu eta esperimentalena biltzen duena. 19/20 denboraldian Berlingo Orkestra Filarmonikoko egoiliarra izan zen islandiarra, eta New Yorkeko Juilliard School ospetsuan egin zituen ikasketak. Teklatua nagusitasun handiz eta birtuosismoz darabil eta klasizismoko bikaintasunetik musika garaikidera erraz igarotzeko gaitasuna du.
Ziklo paraleloak
83 Donostiako Musika Hamabostaldia, gainera, beste ziklo batzuek ere osatuko dute: Antzinako Musika eta Ganberako Musika, biak San Telmo Museoan; Organoa, Musika Garaikidea, Interprete Gazteak, Musika Aitzaki ziklo ibiltaria, Inaugurazio Eguna, Haurren Hamabostaldia eta Tabakalera Dantzan. Programazio osoa datozen asteetan emango da ezagutzera.
83. Musika Hamabostaldiko Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugenia Antzokiko programazioa ondoko estekan kontsultatu daiteke: www.musikahamabostaldia.eus
Abonuen eta Sarreren salmenta
Hamabostaldiaren Lagunek beren abonuak eta sarrerak gordetzeko epea datorren ostiralean, maiatzak 13 amaituko da.
Sarreren salmenta orokorra ekainaren 20an hasiko da. Sarrerak www.musikahamabostaldia.eus webgunean nahiz Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira.