Jose Zugastik egin du 85. Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela

Jose Zugasti (Eibar, 1952) da 2024ko abuztuaren 1etik 30era bitartean luzatuko den 85. Musika Hamabostaldiaren kartelaren egilea. Artista eibartarrak ibilbide luzea du; etengabeko bilaketa- eta hausnarketa-prozesuan, hasieran pinturatik abiatu eta eskulturara igaro zen, eta azken urteotan pintura lantzera bueltatu eta, horrez gain bideogintzan ere murgildu da.

Zugastik Madrilen ikasi eta Arte Ederretako pintura lizentziatura eskuratu zuen. Bere lehen urteetan horretan jardun zuen lanean eta hortik, bere lan plastikoaren bilakaera-prozesuan aurrera eginda, eskulturari heldu zion. Lehen urte horietan pintura-lehiaketak irabazi zituen, hala nola Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketa, C. A. Municipal de Vitoria, eta abar; eta eskulturan Valentziako Bancaixa eta Arabako Vital Kutxa sariak. Aurrerago, Bilboko Udaleko Ría-2000 erakundeak A la deriva (2002) eskultura publikoaren proiektua saritu zuen, Euskalduna ontziolak gogora ekarriz. Ordutik aurrera, espazio publikoetan hainbat obra instalatzeko aukera izan zuen: Lemoan (Bizkaia), Pinton (Madril), Ceutin (Murtzia), Agurainen (Araba), Palman, Donostian eta Eibarren. Bilboko Galería Vanguardia ordezkari zuela batez ere, bakarkako erakusketa ugari egin ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira Donostiako Kubo Kutxa Aretoko (2009) eta Eibarko Portaleako (2016) atzera begirakoak. Nazioarteko hainbat azokatan parte hartu du, hala nola Arco, London Art Fair, Berlin eta Kolonian. Besteak beste, hauek dira bere obren jabe: Artium, Arte Ederren Bilboko Museoa, Donostiako San Telmo eta Elizbarrutiko Museoa (D’Museoa), Balear Uharteetako eta Euskal Herriko Gobernuak, Bizkaiko Gorte Nagusiak, hainbat udal, erakunde pribatu (Euskadiko Bide Ingeniarien Elkargoa, Bartzelonako eta Valentziako Bankaixa, Kutxabank, etab.) eta bilduma partikularrak. Azkenaldian, Irungo Mentxu Gal Erakusketa Aretoan (ITSAS ETA LOTURAK/MAR y AMARres, 2022ko abendua - 2023ko otsaila), Soraluzeko Oreka Art galerian (Meta LUR-Nere Suztraiaetatik-Desde mi Origen, 2023ko abendua) eta Eibarko Armagintzaren Museoan (Ciclista, 2023ko abenduaren 20a - 2024ko otsailaren 18a) erakutsi ditu bere lanak.

Bere obrari dagokionez, hein handi batean, Eibarri, jaioterri duen hiri industrialari zor dio Jose Zugastik bere berezitasun estetikoa. Betea denaren irudikapen bisuala, gorputzen hauskortasuna eta ezegonkortasuna funtsezko ideiak dira bere lanen garapenean, horretarako zenbait lodieratako burdinak eta alanbreak landuta. Masa kenduta lerro eta formetan sortzen den biluztasuna oinarrizkoa da bere bilakaeran, eta baita forma horien elkarrekintzak eta lengoaia bisualean zer irudikatzen duten, lotzen dituzten forma ortogonalekin eta lerroekin duten harremana... eta, amaitzeko, denboraren aztarnak eta garai industrialaren zauriak ere, beregan horrenbesteko arrastoa utzi zuen Eibarko haurtzaroaren oroigarri. 2011n, osasun-arazoek formatu arinagoetan ikertzera behartu zuten, eta sormen-fase berri bati ekin zion: euskarri eramangarriagoak lantzeko aukera ematen zion pinturarako grina berpiztu zen beregan, tenperak eta akrilikoak kasu, eta, aldi berean, bideogintzan ere murgildu zen, mugimenduarekiko interesak bultzatuta. Lekeitioko eta 1980. urteaz geroztik bizileku duen Donostiako itsasoa, bere eguneroko ibilaldietan ikusten duen itsaso hori da fase berri horretan liluratu zuena; itsasoaren izaera eta mugimendu aniztasuna, betiereko kezkak Zugastiren lanean. Oraingoan ere masa alde batera utzi eta berak funtsezkotzat jotzen duena bakarrik hartzen du aintzat: forma eta bere interakzioak, bere adierazpena eta funtzionamendua naturan eta espazio irekian, eta gizatasunaren metafora gisa, lasaitasunaren eta indarkeriaren isla. Gaur egun, esferen, mikrokosmosen zein makrokosmosen munduan ere mugitzen da, eta horien bilakaeran eta garapenean oinarritzen da, formaren garapen bisuala eta horren interakzioak ulertzeko borroka tematian.

Zugastik Hamabostaldirako sortu duen kartelaren jatorria Itsas-dantza margo akrilikoen seriean dago. Eibarko eskultore eta margolariak berak honako hau dio kartelari buruz: "Orkestra-zuzendari batek bere batutarekin espazioan musika marrazten duen bezala, formak, kasu honetan pinturarenak, betea denaren izaeratik askatzeko borrokatzen dira, espazioan askotariko doinuak marraztuta, lasaitasunaren eta agresibitatearen arteko hegaldiak, baxu eta altuak, naturaren izaera anitza irudikatuta".

Musikarekin duen harremanari buruz galdetuta, honako hau dio: " batzuetan jeloskor sentiarazten nau. Transmititzeko gaitasun gertuagokoa du bisuala denak baino, edo hori da behintzat niri iruditzen zaidana, edo eragiten didana. Hainbesteko emozioak eragiten dizkit… Nahiko nuke neuk ere bisualki horrenbesteko emozioak eragiteko gaitasuna izatea!  Lanerako ez dut gustuko musika, nahastu egiten nauela uste baitut. Oso ongi ari zarela sinetsarazten dizu eta gero, musikarik gabe ikustean, zera diozu: bada ez; musikaren eraginpean nengoen eta zoragarria zela iruditu zait, baina ez, musika zen zoragarria. Beraz, lanean ari zarela, kendu musika eta sor itzazu zeuk zeure kumeak!".

Jose Zugastik 90eko hamarkadatik Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artisten zerrendan dago honezkero.