Mitsuko Uchida pianista estreinakoz Musika Hamabostaldian

  • Musikari japoniarra kultuzko pianista da eta gutxitan ematen ditu kontzertuak Espainian.
     
  • Interpretatuko duen programa Schuberten Lau impromtu D935 eta Sonata sol maiorrean D894 obrek osatuko dute, konpositoreak bere bizitzaren amaieran idatzitakoak biak.

 

Uda honetan Musika Hamabostaldiak pianoaren aldeko apustu sendoa egin du bere egitarauan. 82. edizioko piano bakarlari handietatik, jada hirian izan ditugu Yuja Wang, Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin batera jaialdia inauguratzen aritu zena abuztuaren 1ean eta 2an, eta Grigory Sokolov errusiarra, zeinak abuztuaren 9an errezital ahaztezina eskaini baitzuen, Chopin eta Rachmaninoven obrekin. Aste honetan ere bi hitzordu nabarmendu daitezke: Stephen Houghek Mompou konpositorearen Música callada (“Musika isila”) interpretatu zuen San Telmon, eta Elisabeth Leonskaja Brahmsen 2. pianorako kontzertua jotzen entzun ahal izan genuen, Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin batera.

Pianista handien zerrenda hau koroatzeko, Musika Hamabostadiak Mitsuko Uchida japoniarrari harrera egiteko ohorea izango du igandean. Kultuzko pianistak aldi gutxi batzuetan baizik ez du jo Iberiar Penintsulan, eta Musika Hamabostaldian debuta egingo du, osorik Franz Schuberten obrari eskainitako bakarkako errezitala emanez. Kontzertua Donostiako Kursaal Auditorioan izango da, abuztuaren 22an, igandearekin, eta 19:30ean izango du hasiera. Azken sarrerak salgai daude www.musikahamabostaldia.eus webgunean.

Mitsuko Uchida Tokioko aldirietako hiri batean jaio zen 1948an. 1930eko hamarkadan Berlinen bizi eta bertan musikazale bihurtu zen diplomaziako kide baten alaba da. Bera izan zen Uchidari Japonian bizi izan zen urteetako esperientzia musikal bakarra eskaini ziona, Italiako opera konpainia baten Japoniako lehen bira antolatzen lagundu baitzuen. Uchidak hamabi urte bete zituenean, bere aita Vienara bidali zuten eta, artista japoniarraren hitzetan, han hasi zen benetan bere bizitza musikala. Vienara heldu eta bost egunetara, familia Wiener Staatsoperren izan zen Herbert von Karajan zuzentzen entzuten.

Uchida Vienan hasi zen piano eskolak hartzen, Richard Hauser ospetsu eta zorrotzarekin, eta 14 urterekin eman zuen bere lehen errezitala, nahiz orduan oraindik ez jakin ziur hori izango zuela bokazio. Aldaketa ekarri zuena Wilhelm Kempffek Schuberten musikarekin emandako errezital bat izan zen. “Sonata sol maiorrean hain izan zen ederra hasieratik amaierara, zera pentsatu nuela: pianorako musika horrelakoa izan badaiteke, merezi du pianista izaten saiatzeak”. Uchida beste hamar urtez izan zen Vienan, baina garai horren amaieran dagoeneko ekonomikoki independentea zen bere kontzertuei esker, eta hiriko giro musikal kontserbadorea itogarria iruditzen hasi zitzaion. 26rekin Londresera alde egin zuen, eta urtebete beranduago bere bizitza goitik behera aldatzen hasi zen. “Gogoan dut pentsatu nuela behingoz topatu nuela nire soinua osotasunean, nire jotzeko modua. Denbora asko behar izan nuen hori lortzeko”. Beste interpreteen musika asko entzunez eta diskoak “ero moduan” erosiz lortu zuen hori. Eta ez zen soilik pianorako musika. “Furtwängler, Szigeti, Casals bezalako jendeak ia nire maisuak baino eragin handiagoa izan zuen nigan” dio Uchidak.

Konpositorearen osotasunean Uchidak zuen uste osoak musikaren munduan lagun asko egitera eraman zuen, horien artean Sir Charles Mackerras. Mozarti buruzko ikerketako kide bilakatu ziren, Uchidaren ibilbidean hain garrantzitsu izan den konpositoreari buruzkoan. Beste zuzendari batzuekin ere harreman estua izan zuen, bereziki Kurt Sanderlingekin: harekin Beethovenen kotzertu ziklo bat grabatu zuen. Pierre Boulezekin ere izan zuen harremana: berekin grabatu zuen Schoenberg-en Pianorako kontzertua, Clevelandeko Orkestrarekin batera, 2001ean.

Dagoeneko aipatu bezala, Schubert beti izan da Uchidarentzat oinarrizko egileetako bat: “Bera izan zen gertu sentitu nuen konpositore handietako bat, ume nintzelarik ere. Nire arima bikia zela sentitu nuen, berekin bakarrik egon zaitezkeela. Mozartek zure inguruan korrika egiten du, zurekin hitz egiten du, atzetik jarraitzen zaitu; beti ari da zerbait gertatzen bere musikarekin. Baina Schubert bakartia da, eta arima bakarti guztiak hunkitzen dira berarekin”.

Musika Hamabostaldiko bere errezitala konpositore austriarrari eskainiko dio osorik, zehazki bere bizitzaren amaieran idatzi zituen bi sorkuntzari. Uchida Lau Impromptu D935 izenekoak interpretatzen hasiko da, Schubertek 1827an idatziak eta hil ostean argitaratutakoak. Schuberten ekoizpen pianistikoko pieza ezagun hauek, inprobisazioan oinarritutako konposizioetatik landuenetakotzat dituzte askok. Birtuosismoaren, sormenaren eta bat-batekotasunaren arteko oreka bikaina dute, baita xehetasunez betetako sofistikazio harmoniko eta erritmikoa ere.

Jarraian, Uchidak Sonata sol maiorrean D894 obrari egingo dio aurre, haur zela Wilhelm Kempff entzutean hainbeste eragin zionari, eta ordutik bere ibilbide osoan zehar ondoan izan duenari. Schubertek bizirik zela argitaratu zituen hiru sonatetatik azkena da -hamabi konposatu zituen-, 1828an gazte zela hil aurretik kaleratutakoa. Robert Schumannek ezagutu zuenean, Schubertenetatik “forma eta sorkuntzari dagokionez perfektuena” dela esan zuen; une hartan gailendu ohi zen pianorako sonata beethovendarren hizkuntzako indar eta bultzadaren aurrean, Schuberten sonata honetan lasaitasuna eta instrospekzioa dira nagusi. Hori dela eta, pianistek irakurketa pertsonalenei zabaldu diete atea, Sviatoslav Richter pianistak egin bezala, zeinak bertsio guztiz geldo eta solemnea proposatu baitzuen bere sonata gogokoena interpretatzeko.

 

BIOGRAFIA

Mitsuko Uchida
Gure garaiko artista beneratuenetakoa, Mitsuko Uchida Mozart, Schubert, Schumann eta Beethovenen obrak interpretatzen parekorik ez izateagatik da ezagun, baita Alban Berg eta Arnold Schoenberg konpositoreen pianorako musikari dion debozioagatik ere. Urte askotan zehar izan du harreman estua munduko orkestra garrantzitsuenekin, Berlingo Filarmonikoa, Royal Concertgebouw Orkestra, Irrati Bavariarreko Sinfonikoa, Londresko Orkestra Sinfonikoa, Londresko Orkestra Filarmonikoa eta, Estatu Batuetan, Chicagoko Sinfonikoa eta Clevelandeko Orkestrarekin, besteak beste. Azken honekin eman du berriki bere ehungarren kontzertua Severance Hall aretoan. Bernard Haitink, Sir Simon Rattle, Riccardo Muti, Esa-Pekka Salonen, Vladimir Jurowski, Andris Nelsons, Gustavo Dudamel eta Mariss Jansons zuzendariekin ere izan du harreman estua. 2016tik Mahler Chamber Orchestrako kide artistikoa da, eta Europan eta Ipar Amerikan maiz egiten du bira haiekin.

Decca zigiluarentzat grabatzen du esklusiboki eta hainbat sari irabazi ditu, horien artean bi Grammy. Borletti-Buitoni Trust-en fundatzailea da, baita Marlboro Music Festivaleko zuzendaria ere. Mitsuko Uchidak Mozart Urrezko Domina jaso du Salzburg Mozarteum-en eta Japan Art Association-en Praemium Imperiale. Royal Philharmonic Society-ren Urrezko Domina ere eman diote, eta Oxford eta Cambridge unibertsitateetako ohorezko tituluak ditu. 2009an Britaniar Inperioko Ordenako Dame Commander izendatu zuten.