Musika sinfoniko-korala Musika Hamabostaldira itzuliko da Donostiako Orfeoiaren eta Euskadiko Orkestraren eskutik

  • Víctor Pablo Pérezek zuzenduko ditu Poulenc, Fauré eta Beethovenen lanek osatutako programan.
     
  • Gaualdia Rafael Banús musika kritikariari eskainiko diote.

 

Bihar, abuztuaren 21eko larunbatean Musika Hamabostaldiko egitaraura itzuliko dira jaialdiarekin harreman estu eta iraunkorra izan duten bi talde: Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoia. Elkarrekin emango dute kontzertuan, 19:30ean hasiko dena Kursaal Auditorioan, Poulenc, Fauré eta Beethovenen hiru obra sinfoniko-korali egingo diete aurre, abesbatzarentzat eskakizun handikoak. Víctor Pablo Pérezek zuzenduko duen programa erakargarrian Iwona Sobotka sopranoak, Airam Hernández tenorrak eta Frederic Jost baxuak ere hartuko dute parte.

Euskadiko Orkestrari maiz oholtzako kide izan duen Donostiako Orfeoia batuko zaio, festibalaren historian garrantzia handia izan duen taldea hau ere. Harremana estua eta emankorra izan da, Orfeoiak Hamabostaldiaren 72 ediziotan parte hartu baitu, bere zuzendari guztiekin arrakasta handia erdietsiz: Juan Gorostidi, Antxon Aiestaran eta gaur egun gidari duen José Antonio Sáinz Alfaro. Orfeoiak protagonismo erraldoia izango du kontzertuan: hasieratik amaierara abestuko du, abesbatzarentzat intentsitate handia duen hiru obra sinfoniko-koraletan.

Bi euskal taldeak Víctor Pablo Pérezek zuzenduko ditu. Hamabostaldiarekin harreman estua duen batuta da berea, jaialdian berekin lotura izan duten bi espainiar estatuko orkestrekin aritu da maiz: Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa eta Galiziako Orkestra Sinfonikoa. Jaialdian azken aldiz 2013an izan zen, OSGk Víctor Pablo Pérezekin egin zuen azken biran. Richard Straussen Azken lau Lieder interpretatu zuten bi gaualditan, Ainhoa Arteta euskal sopranoarekin, Anton Brucknerren 9. Sinfonia eta Gustav Mahlerren 2. Sinfonia, Berpizkundea erraldoia. Azken sinfonia hau interpretatzean, Donostiako Orfeoiak ere parte hartu zuen. Kontzertua abuztuaren 31n ospatu zen, 1813ko hiriaren erreketaren 200. urteurrenean. Larunbateko kontzertuan hiru artista bokal garrantzitsu ere izango dira: Iwona Sobotka sopranoa, Belgikako Queen Elisabteh Nazioarteko Musika Lehiaketako irabazlea; Airam Hernández tenor tenerifetarra, espainiar abeslari gazteen artean ibilbide garrantzitsuenetarikoa egiten ari dena; eta Frederic Jost baxua, Berlingo Staatsoper Unter den Linden konpainiako kide bezala Mozarten Txirula Magikoa edo Straussen Ariadna Naxosen ekoizpenetan parte hartu duena.

Kontzertua Rafael Banús musika kritikariaren oroimenez egingo dute. Musika Hamabostaldiarekin harreman estua izan zuena iragan uztailean zendu zen. Bilbon jaioa, musika eta filologia alemaniarra ikasi zituen, eta bere ibilbidean zehar hainbat eta hainbat testu musikal itzuli zituen. Hala ere, operan espezializatutako musika kazetari gisa zen gehienbat ezagun: hiru hamarkadatan zehar Radio Clásicako “El fantasma de la ópera” programa gidatu zuen, El Mundo egunkarirako eta Scherzo aldizkari espezializaturako idazten zuen, L’Opera eta Der Opernfreund aldizkarien korrespontsala zen eta kontzertu eta operetako eskuko programak idazten zituen Espainia osoko erakundeentzat, baita Musika Hamabostaldiarentzat ere, uda oro hitzordu zuena.

Kontzertuari musika sinfoniko-koral frantsesaren bi adibide ederrek emango diote hasiera. Lehenik, Letaniak Ama Birjina Beltzari joko dute, Francis Poulencek lagun baten heriotzaren doluan zehar konposatutakoa. Poulenc erlijiotik urrunduta egon zen hamabost urtetan zehar, baina itzuli egin zen Pierre-Octave Ferroud konpositorea 1936an auto istripu batean hil zenean. “Bizitasun handia zuen musikari hori gugandik erauzia izan zen modu izugarriak erabat harritu ninduen”, azaldu zuen Poulencek beranduago. “Gure giza bilgarriak duen garrantzi txikia ikusita, berriz ere bizitza espiritualak erakarri ninduen”. Gertakari tragikotik bost egunetara, Poulencek Rocamadourreko santutegia bisitatu zuen, “ezohiko bakea duen lekua”, birjina beltz baten estatua zuena. Sakon txundituta, “Letaniak Ama Birjina Beltzari” idazten hasi zen gau horretan bertan, eta aste bakarrean bukatu zuen.

Ondoren Gabriel Fauréren Villervilleko Arrantzaleen Meza izango da entzungai. Erlijiozko musika sortzeari dagokionez, Faurék arrandia eta zeremonia ekiditen zituen, eta ez zituen idazkera goratuak maite. Introspekzio zehatz bat bilatzen zuen, harmonia koloretsu eta melodia delikatuekin, eta ganbera izaera markatuarekin. Ezaugarri horiek ditu Faureren Villervilleko Arrantzaleen Meza lanak, zeina bere ikasle eta laguna zen André Messager-ekin idatzi zuen. Elkarrekin maiz joaten ziren Villervillera, Normandiako kostaldeko arrantzale herri idilikora, eta han arteen babesle aberats batzuen etxean geratzen ziren. Egonaldi horietako batean, 1881ko udan, Fauré eta Messagerrek elkarrekin herriko arrantzaleentzako zerbait konposatzeko ideia sortu zen. Hala idatzi zuten partitura hau, eta herriko emakumeek eta hara oporretara joaten ziren damek osatutako koru txiki batekin estreinatu zuten. Herriko elizan egindako estreinaldian hamar ahots inguruk hartu zuten parte, harmoniumak eta biolinak lagunduta. Beranduago, Messagerrek kontzertu honetan entzungo dugun orkestrarako bertsioa landu zuen.

Amaitzeko, Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko orkestrak Ludwig Van Beethovenek konposatutako oratorio bakarra interpretatuko dute: Kristo Olibondoen Mendian. Oratorio horrek Kristo kontsolamendu bila irudikatzen du Getsemaniko baratzean, sakrifizioari buruzko zalantzengatik arduratuta, bere atzemaileak heldu zain dagoenean. Beethovenek ia 15 urte zeramatzan bere konposizioetan korurik erabili gabe, 1802an oratorio hau idatzi zuen arte, bere hitzetan, soilik 15 egunetan. Urte bat beranduago estreinatu zen Theater an der Wienen, lehen eta bigarren sinfonia eta pianorako hirugarren kontzertua ere aurkeztu zituen gaualdi luzean. Oratorioak Kristoren egoeraren erretratu humanista eskaintzen du, baina harrera epela izan zuen eta duela gutxi arte ez zitzaion merezi duen balioa eman errepertorioan. Hala ere, Kristo Olibondoen Mendian lanaren bidez konpositoreak koruarekin, errezitatiboekin, ariekin eta bakarlari taldeekin lan egiten ikasi zuen eta ikasketa hori baliagarri izan zitzaion bi urte beranduago bere opera bakarra, Fidelio sortzean.

 

BIOGRAFIAK


Euskadiko Orkestra
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatu eta garatuta, Euskadiko Orkestra 1982an jaio zen musika ondasun partekatu eta ondare aberats gisa hartzen duen gure gizartean. Orkestra, ondorioz, ondare horren gordailuzaina da eta, halaber, ondare hori hedatzeko eta garatzeko konpromisoa du. Estatu-mailan erreferentzia den talde sinfonikoa da egun, gure erkidegoan sendoki errotutako taldea, 7.000 abonatu eta, bataz beste, 150.000 ikusle dituena urtero. Garaiko orkestra bat da, exijentzia-maila oso handikoa eta garai guztietako musika sinfonikoa hedatzeko konpromiso irmoa duena. Arreta berezia eskaintzen dio euskal musikaren sorkuntzari eta honen hedapenari. Ongi errotutako eta antolatutako jarduerari esker, lau kontzertu ziklo iraunkorretan aritzen da, eta ganberako musikari eta haur eta familiei eskainitako beste bi ziklo ere ospatzen ditu. Halaber politika diskografiko sendoa garatzen du, euskal konpositoreen produkzio sinfonikoan oinarrituta.

Donostiako Orfeoia
1897an sortutakoa Espainiako talde koral garrantzitsuenetarikoa da. Ehunka obra sinfoniko-koral lantzen ditu bere errepertorioan, berrogeita hamar opera eta zarzuela baino gehiago, baita folklore nahiz polifoniako hainbat obra ere. Koru amateurraren espirituarekin jarraitzen du lanean, baina profesionalen mailan jarduten du, urtero 35-40 kontzertu inguru emanez urtero. 1987tik José Antonio Sainz Alfaro da bere zuzendaria. Espainiako musika jaialdi garrantzitsuenetan aritzen da sarri. Donostiako Musika Hamabostaldiaren eta Santanderko Festibalaren jarraitzaile leiala da eta ondoko jaialdietan ere parte hartu du: Kanariar Uharteetakoan, Granada, peralada, Cuenca eta Soriakoan. Europako aipagarrienetako batzuetan ere aritu da, Salzburgon, Rhin-en, Rhur-eko Hirurtekoetan, Luzernako jaialdian, parisko Saint-Denisen, Chorègies d’Orange eta Londresko Proms-en. Abbado, Argenta, Barenboim, Chailly, Dudamel, Frühbeck, Gergiev, Heras-Casado, López Cobos, Maag, Makerras, Maazel, Mandeal eta bestehainbat zuzendari entzutetsurekin ere aritu da. Hainbat orkestra ospetsurekin kolaboratu du: Berliner Philharmoniker Orchester, English Chamber Orchestra, Txekiar Filarmonikoa, Dresdeko Filarmonikoa, Royal Liverpool Philharmonic, Berlingo Rundfunk Sinfonie Orchester, Toulouseko Kapitoliko Orkestra Nazionala… 200 grabazio baino gehiagotan hartu du parte.

Víctor Pablo Pérez
Burgosen jaioak Madrilgo Errege Kontserbatorioan eta Municheko Hochschule für Musik eskolan ikasi zuen. 1980 eta 1988 artean Asturiasko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistiko eta titularra izan zen, 1987an Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari gonbidatu nagusi izan zen; 1986 eta 2005 artean Tenerifeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistiko eta titularra izan da, eta 1993tik 2013ra Galiziako Orkestra Sinfonikokoa. Madrilgo Teatro Real, Bartzelonako Gran Teatre del Liceu, Coruñako Festival Mozart eta Nazioarteko Hainbat Musika jaialdirekin kolaboratu du: Kanariar Uharteetakoa, Peralada, Granada, Santander, Schleswig Holstein, Madrilgo Bruckner, Rossini Opera Festival, Festival de San Lorenzo del Escorial eta Musiak Hamabostaldia. 2013/14 denboralditik Orquesta y Coro de la Comunidad de Madrid-eko [ORCAM] zuzendari artistiko eta titularra da.

Iwona Sobotka
Belgikako Queen Elisabeth Nazioarteko Musika Lehiaketako Sari Nagusia irabazi ondoren, Iwona Sobotkak aitorpen zabala jaso zuen nazioartean. Lehen etapa horretan Varsoviako Arte Poloniarreko Kantu Lehiaketako Lehen Saria irabazi zuen, baita New Yorken Ekialdeko eta Mendebaldeko Nazioarteko Artisten Entzunaldietako Lehen Saria ere, Carnegie Hall-en debutatzera eraman zuena. Bere opera debuta Parisko Opera Nazionalean egin zuen 2004an, non Lehen Dama (Txirula Magikoa) eta Ygraine (Ariane et Babe-Blue) interpretatu zituen. Ondotik arrakasta handia erdietsi du Tatyana (Eugene Onegin), Donna Anna (Don Giovanni), Violetta (La Traviata), Pamina (Txirula Magikoa) eta Mimi (La Bohème) bezalako paperekin. 2017an Komische Oper Berlin-en debutatu zuen Pamina bezala, Barrie Kosky-k zuzenduta, eta urte bat geroako Baden-Badeneko Pazko Festibalean, Parfisal-eko Blumenmädchen interpretatuz Berlingo Filarmonikoarekin eta Sir Simon Rattlerekin. Kontzertuei dagokienez, London Symphony Orchestra, Staatskapelle Berlin, Vienna Symphony, NDR Elbphilharmonie Orchestra, Bavarian Radio Symphony Orchestra, Berlin Radio Symphony Orchestra, Royal Philharmonic Orchestra, Mahler Chamber Orchestra eta City of Birmingham Symphony Orchestra-rekin emandakoak nabarmendu daitezke. Varsoviako Musika Unibertsitatean graduatu ondoren, Iwonak Tom Krause artista eta pedagogoarekin jarraitu zituen ikasketak Madrilgo Reina Sofía Goi Mailako Musika Eskolan.

Airam Hernández
Tenerifen jaioak Opernhaus Zurcí-eko Ensemblean hasi zuen bere ibilbidea. Pollione (Norma), Alfredo (Traviata), Fenton (Falstaff), Faust (Faust), Don Ottavio (Don Giovanni), Edgardo (Lammermooreko Lucia), Apollo/Dionysos (Orest), Caruso a Cuba (Caruso), Sardanapalo (Sardanapalo. F. Liszt-en operaren nazioarteko estreinaldia), kantatu ditu, besteak beste. Staatskapelle Weimar, MusicAeterna, Staatskapelle Dresden, ORCAM, Orchestre Symphonique de Nancy eta Orquesta Ciudad de Granadarekin kolaboratu du, besteak beste, Beethovenen IX.a, Lobgesang (Mendelssohn), Stabat Mater (Rossini), Requiem (Mozart), Messa di Gloria (Mascagni), Misa Criolla (Ramírez), Magnificat (Bach) eta abar interpretatuz. G. Dudamel, T. Currentzis, F. Luisi, N. Luisotti, G. Antonini, N. Santi, J. Conlon, I. Bolton, V.P. Pérez zuzendariek gidatu dute. Ondoko aretoetan abestu du: Dallas Opera, Théâtre du Capitole de Toulouse, Teatre del Liceu, Teatro Real de Madrid, Opéra de Lausanne, Dutch National Opera, Opéra de Luxembourg, ElbPhilharmonie Hamburg, KonzertHaus Dortmund, La Fenice Antzoia, Veronako Antzoki Filarmonikoa, Perm Opera, eta abar. Errezitalak eta kontzertuak eman ditu Espainia, Portugal, Alemania, Suitza, Frantzia, Italia, Txina eta Japonian.

Frederic Jost
Munichen jaioa 2019/20 denboralditik Berlingo Staatsoper Unter den Linden-en kide da, bere Opera Studio-n parte hartuz, eta Mozarten Txirula Magikoa edo Straussen Ariadna Naxosen bezalako ekoizpenetan parte hartu du. 2018an Frankfurteko Operan debutatu zuen Ordulforen papera interpretatuz M. Trojahn konpositorearen Enrico-n, eta 2019an itzuli zen Berg-en Wozzeck kantatzera. 2018ko udan Bregenz-eko Festibalean debutatu zuen. 2014tik Frederic Jost Municheko Bayerische Staatsoper-eko ohiko gonbidatua da. 2019/20 denboraldian Gluck-en Alceste operaren ekoizpen filmatuan parte hartu zuen han. Kontzertuei dagokienez, J. S. Bach-en Pasioa San Mateoren arabera eta Gabonetako Oratorioa interpretatu ditu Erl-eko jaialdi austriarrean. Michelle Breedt maisuarekin ikasi zuen Frederic Jostek, eta Hans-Jörg Albrecht, Antonello Manacorda, Oksana Lyniv, Kent Nagano, Kirill Petrenko bezalako zuzendariekin lan egin du, baita Brigitte Fassbaender eta Andreas Kriegenburg bezalako eszena zuzendariekin ere.