87. Hamabostaldiaren programazio-aurrerapena

• Juan Diego Flórez tenorrak irekiko du jaialdia.

• Kursaaleko kontzertu handien zikloan nazioarteko orkestra hauek izango dira: Mahler Chamber Orchestra, The Constellation Choir and Orchestra, Seoul Philharmonic Orchestra eta Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa; zuzendarien artean, Riccardo Chailly, Sir John Eliot Gardiner, Daniel Harding edo Jaap van Zweden; eta bakarlariei dagokionez, Grigory Sokolov eta Daniil Trifonov pianistak, Julia Hagen txelista edo Matthias Goerne baritonoa.

• Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Easo Abesbatzak, Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Berliozen Hildakoen Meza Handia, “Requiema” zorrotz eta monumentala interpretatuko dute.

• Publiko zabalarentzat, ulerterraz izanagatik bereziki nabarmentzen dira Seoul Philharmonic Orchestraren bi kontzertuak, Mozarten 40. Sinfonia eta Beethovenen Bederatzigarrena entzungai; eta Scalaren lehen kontzertua, Dvoraki eskainia.

• Victoria Eugenia Antzokian Arriaga harrigarria kontzertua izango da, konpositorearen heriotzaren bigarren mendeurrenean; Euskadiko Orkestra eta Easo Abesbatza Juanjo Menaren zuzendaritzapean ariko dira.

• Eva Yerbabuena flamenko dantzariak "Yerbagüena" ilun disdiratsua ikuskizuna dakar jaialdira.

• Hamabostaldiaren Lagunek apirilaren 1era arteko epea dute abonuak eta sarrerak eskatzeko, eta Lagun izatearen abantaila guztiez baliatu nahi duten zaleek Hamabostaldiaren webgunean edo jaialdiaren bulegoetan eman dezakete izena.

• Sarreren salmenta orokorra maiatzaren 19an hasiko da. 

Ikus Egitaraua (aurrerapena)

Abuztuaren 2tik 30era, Donostiako 87. Musika Hamabostaldiak Donostiako eta Gipuzkoako uda publiko ororentzako kalitate oneneko zuzeneko musikaz eta dantzaz beteko du. Hiriko areto nagusietan, kultura-espazioetan eta beste hainbat lekutan, bai eta Gipuzkoako beste herri batzuetan ere, proposamen ugari izango dira, sinfonikotik errezitaldira, tradizionaletik abangoardiara, Kursaaleko formatu handitik Tabakaleran edo San Telmon izango diren emanaldi intimistenetara. Katalogoa askotarikoa da, bakoitzak gehien erakartzen duena aukeratu eta jaialdia bere egin dezan, bere plana bihur dezan… Musika Hamabostaldia, a zer plana! Otsailean iragarri genuen bezala, Mari Puri Herrerok egindako kartela izango da aurtengo edizioaren irudia.

Jarraian, Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian izango diren kontzertu eta ikuskizunak zehaztuko ditugu, jaialdiko hitzordu nabarmenen eszenatokiak.

Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloa

Abuztuaren 2an, Hamabostaldiaren irekiera egunean, Juan Diego Flórez tenor perutarra jaialdira itzuliko da. Bi hamarkada baino gehiagoren bueltan, munduko ahotsik handienetako bat bihurtuta dator Donostiara; hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea du, arrakastaz josia, operako tenplu handienetan, hala nola New Yorkeko Metropolitan Opera, Milango alla Scala antzokian, Londresko Royal Opera Housen edo Veronako Arenan. Vincenzo Scalera pianistak lagunduta, errezitalean ariko da; Italiako eta Frantziako opera, zarzuela eta musika hegoamerikarreko piezekin eraikitako programa baten zerbitzura jarriko du bere talentu handia (Verdi, Donizetti, Bellini, Rossini, Massenet, Gounod, Serrano, Lecuona, etab.); abuztuaren 30ean programa horrekin berarekin itxiko du Salzburgoko Jaialdia. Vincenzo Scalera estatubatuarra Juan Diego Flórezen kolaboratzaile estua da eta beste artista handiekin ere jardun da bere ibilbidean zehar: Carlo Bergonzi, Montserrat Caballé, José Carreras, Andrea Bocelli, Leyla Gencer, Vittorio Grigolo eta Renata Scotto, besteak beste. Dudarik gabe, publikoaren oroimenean eta jaialdiaren historian iraungo duen gaualdia izango da.

Abuztuaren 6an, Daniel Harding maisu britainiarra Hamabostaldira itzuliko da Mahler Chamber Orchestra zuzentzeko. Bertan, bakarlari gonbidatu berezi bat izango du: Daniil Trifonov pianista, Kursaal Auditorioko zikloaren hurrengo hitzordua izango den Grigory Sokolov bezalako pianista handien oinordeko izatera deitutako musikari hautatuen ordezkari. Daniel Hardingek berebiziko garrantzia izan du Mahler Chamber Orchestraren historian eta garapenean laurogeita hamarreko hamarkadan hasi zenetik; bere soinua definitzen lagundu du, opera eta konposizio sinfonikoak zein mundu mailako estreinaldiak biltzen dituen errepertorioa landuta; bere zuzendaritzapean, MCOk 21 herrialde bisitatu ditu 3 kontinentetan. Aurreko Hamabostaldian (2023), kritikak Hardingen lana goraipatu zuen: "Harding zuzentzen ikustea plazer bat da. Entzuleek eta musikariek batutaren lana goraipatu zuten”, "Daniel Hardingen perfekzio naturala"...

Grigory Sokolov abuztuaren 13an itzuliko da jaialdira. Unibertsalki mirestutako artista da; lanerako duen gaitasun nekaezinak lanak zehatz-mehatz disekzionatzera eramaten du, milimetroraino, bere izate intimoenaren zati bihurtuz. Hori dela eta, badira hamarkada batzuk kritika eta publikoak munduko pianismoaren gorenean kokatu zutela, eta hor dirau oraindik ere. Bere proiektu berrienen artean, nabarmentzekoa da Deutsche Gramophonek 2024an bideoan eta audioan argitaratutako albuma, 2023ko Hamabostaldiko kontzertuan Mozarten piezen interpretazioaren grabaketa biltzen duena. Oraingo honetan Beethoven eta Schuberten obrak interpretatuko ditu.

Abuztuaren 19ko kontzertuak, beste behin ere, eskakizun-maila handia edo tamainan ere erraldoia izanda ere, errepertorioko edozein obrari ekiteko Euskadin dugun ahalmen sinfoniko-koral handia erakutsiko du, handia izan arren. Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Easo Abesbatzak Berliozen Hildakoen Meza Handia, "Requiem" interpretatuko dute, Erik Nielsen BOSeko titular ohiaren zuzendaritzapean, eta John Matthew Meyers tenorra bakarlari dela (New York Philharmonic, American Symphony Orchestra, Verbier Festival, Metropolitan Opera, Opéra National de Paris, Teatro alla Scala edo Teatro La Fenice bezalakoetan sarri aritzen dena). Instrumentu ugari eskatzen dituen sinfonia da, eta laurehun pertsona inguru bilduko dira taula gainean; konpositoreak pieza jendetsuekiko duen gustua irudikatzen duen obra izanik, soinu itzela bai, baina barru-barrurainokoa ere badu, eta azken judizioari, heriotzari, heltzeko erabiltzen duen dramatismoa gehiegizkoagatik kritikatua izan da batzuetan.

Abuztuaren 22an The Constellation Choir & Orchestra estreinakoz ariko da Donostian, 1987tik Hamabostaldira maiz etorri izan den Sir John Eliot Gardinerren proiekturik berriena. 2024an sortuak, orkestrak eta abesbatzak musikaren bikaintasunari eta berrikuntzari eskainitako bizitza oso baten gailurra irudikatzen dute. Constellation Orchestra & Choir Springhead Constellation izeneko ekimenaren parte da; musika, artea eta ideiak modu eraldatzailean lotzen dituen talde abangoardista horrek XXI. mendeko artea birdefinitzea xede duten musika-taldeak eta sortzaileak biltzen ditu. Constellation Orchestra & Choirrek, aro barrokotik musika garaikiderainoko errepertorioa hartzen duenak, Brahmsen Patuaren kanta eta Mendelssohnen 2. Sinfonia, "Lobgesang" interpretatuko ditu Sir John Eliot Gardinerren zuzendaritzapean.

Abuztuaren 25ean eta 26an Seoul Philharmonic Orchestraren bisita bikoitza jasoko du jaialdiak, Jaap van Zweden holandarrak zuzenduta. Jaap van Zweden New Yorkeko Orkestra Filarmonikoko zuzendari ohia da, eta udazkenean Radio Franceko Orchestre Philharmoniqueko musika-zuzendari kargua hartuko du. Orkestra Asiako orkestra nagusietako bat da, eta bere doitasunagatik eta soinu ahaltsuengatik nabarmentzen da. Lehenengo kontzertua zaletasuna akuilatzen duten hitzordu horietako bat izango da, publiko ororentzat aproposa: orkestra korearrak interpretatuko ditu Mozarten 40. Sinfonia, Erromako pinuak, Respighiren pieza deskribatzaile eta koloretsua, eta Mendelssohnen Biolinerako kontzertua, Bomsori biolinista korearra bakarlari gonbidatu dela. Kontzertua Inferno izenburudun obrak irekiko du, Seoul Philharmonic-ek Jung Jae-il konpositoreari egindako enkargua; izan ere, konpositore hori da, besteak beste, Parasitoak filmeko eta Squid Game (Kalamarraren jokoa) seriearen soinu-banden sortzailea. Van Zwedenen arabera, "arriskurik handiena ez arriskatzea da. Gure garaiko orkestrak musika-aukera zabala interpretatzeko gai diren kamaleoi bihurtu behar dira, iraganeko obra klasikoetatik hasi eta gaur egungo pieza garaikideetaraino. Jung Jae-il horren adibide garbia da ".

Abuztuaren 26koa izango da publiko zabalarentzako beste kontzertuetako bat. Bertan, Easo Abesbatzak Koreako orkestrarekin ariko da, eta bakarlarien artean nabarmentzekoa da Matthias Goerne baritonoa, operan eta Lieden interpretazioen sakontasunagatik eta intentsitateagatik ezaguna. Bederatzigarren Sinfonia Hamabostaldiaren historian gehien interpretatu den obra sinfoniko-korala da, hamabost aldiz baino gehiagotan, eta hau da Easok jaialdian interpretatzen duen lehen aldia. The Wound-Dresser (Erizaina) partiturak osotuko du programa; 1998an John Adamsek ganbera-orkestrarako eta baritonorako sinatua, aurkikuntza handia izango da publikoarentzat.

Eta abuztuaren 29an eta 30ean, beste bisita bikoitza izango da: Milango Scalako Orkestra Filarmonikoarena eta Riccardo Chaillyrena. Lehenengo kontzertua Dvoraki eskainia izango da eta Julia Hagen biolontxelo-jotzaileak Biolontxelo kontzertua op. 104 interpretatuko du. Hagen artista moldakor eta bikaina da, eta egonaldiak egiten ditu Festspielfrühling Rügen-en, Aix-en-Provence-ko ganbera-musikako jaialdian, Risør-eko jaialdian eta Norvegian Leif Ove Andsnesen babesarekin egiten den Rosendal jaialdian; Gautier eta Renaud Capuçonekin ere lankidetzan aritzen da aldizka. Bigarren zatian, 9. Sinfonia, "Mundu Berriarena" izango da entzungai; konpositorearen ekoizpeneko obra gailenetako bat, New Yorkeko garaian idatzia, garai hartan hasi berria zen amerikar kulturako doinuak jasotzen ditu.

Eta amaiera kontzerturako (abuztuak 30), Chailly maisuak Verdiren Lau pieza sakratu hautatu ditu; musikagilearen azken garaiko lau obra independente dira, sarritan betera jotzen direnak, oraingoan Donostiako Orfeoiak lagunduta; eta ondoren, Tchaikovskyren 4. Sinfonia, festa-amaierarako su artifizialak.

Victoria Eugenia Antzokia

Victoria Eugenia Antzokiak Hamabostaldiaren aurtengo edizioko beste bi proposamen nagusi hartuko ditu.

Abuztuaren 12an, Arriaga harrigarria izenburupean, Juan Crisostomo Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua izango da. Juanjo Menaren gidaritzapean, Euskadiko Orkestrak bilbotar jenio goiztiarraren obra ezagunenetako batzuen aukeraketa bat interpretatuko du: "Los esclavos felices"-en Obertura, Sinfonia re maiorren, Stabat Mater, O Salutaris Hostia eta Obertura re maiorren. Abesbatzarako zatiak Easo Abesbatzaren esku egongo dira.

Jaialdiak flamenkoarekin duen ohiko hitzordua abuztuaren 17an iritsiko da, Eva Yerbabuena eta bere konpainiaren eskutik. Dantzari eta koreografo ospetsuak Yerbagüena (ilun distiratsua) ikuskizuna ekarriko du antzokira. Bertan, dualtasunera jotzen du modu adierazkor baina, batez ere, gogoetatsu gisa; funtsean, elkarren aurkakoak eta osagarriak diren bi indarretan murgilduta. Eva Yerbabuenaren hemeretzigarren muntaia, horrela, zurruntasun erabatekoenaren eta malgutasun irmoenaren artean mugitzen da, lasaitasunaren eta mugimenduaren, argiaren eta iluntasunaren artean, abestiaren eta dantzaren artean, klasizismoaren eta abangoardiaren artean, artisautzaren eta teknologiaren artean... jada absolutua eta aldaezina zela uste zuena birplanteatzeko.

Victoria Eugenia Antzokian egin ohi den Haur Hamabostaldiko ikuskizun nagusia Tabakalerara lekualdatuko da aurtengo edizioan; hori izango da aurten jaialdiaren baitan pisu handiagoa hartuko duen espazioaren berrikuntzetako bat; aurrerago emango dugu horien berri.

 Gainerako zikloak

Azaldutakoez gain, 87. Musika Hamabostaldiaren eskaintza honako ziklo hauek osatuko dute: Antzinako Musika eta Ganbera Musika San Telmo Museoan; Organo Zikloa, Musika Garaikidea, Tabakalera Dantzan, Interprete Gazteak, Musika Aitzaki, Inaugurazio Eguna eta Haurren Hamabostaldia.

Programazio osoa datozen asteetan emango da ezagutzera.

Abonuak eta sarrerak

Zabalik dago Hamabostaldiaren Lagunek abonu eta sarrera solteak lehentasunez erosteko epea (apirilaren 1a arte), beste hainbat abantaila baliatzeaz gain: deskontuak, lagunentzako ekimen esklusiboak eta abar.

Gainera, hala nahi duena Hamabostaldiaren Lagun egin daiteke, jaialdiaren webgunean edo bulegoetan, hartara lagunen abantailak baliatzeko: abonua erosteko aukera, sarrera solteak lehentasunez erosteko aukera, deskontuak eta abar.

Sarrera solteen salmenta orokorra maiatzaren 19an hasiko da.

Ikus Egitaraua (aurrerapena)

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.