Carlos Núñez: Beethoven Arantzazun

  • Carlos Núñez gaitero ospetsuak bertako hainbat artista gonbidaturekin batera “Celtic Beethoven” kontzertua emango du bihar ostiralarekin (abuztuak 20) Arantzazuko Santutegian.
     
  • Maisu alemaniarrak berak konposatutako inspirazio zelta duten obren aukeraketa interpretatuko du, 2020an ospatutako konpositorearen 250. urteurrena gogoan.

 

Oñatiko Arantzazuko Santutegia da Musika Aitzaki zikloko beste agertoki enblematikoetako bat. Maiz diziplina artistikoen eta musika estiloen arteko bidegurutzea proposatzen duten ikuskizunei ematen die aterpe. Ildo horretan, eta Beethovenen 250. urteurrena 2020an ospatu zela aitzakia hartuta, Carlos Núñez gaitero eta flautistak musika klasikoaren eta folkaren arteko fusioa aurkeztuko du, konpositore alemaniarrak melodia irlandar, eskoziar eta galestarren gainean konposatutako hainbat obra oinarri hartuta. Abuztuaren 20an, ostiralarekin, 19:00etan hasiko den kontzertuan bere ohiko taldekideak izango ditu Núñezek ondoan: Pancho Álvarez (hariak), Xurxo Núñez (perkusioa), Jon Pilaztke (biolina, Chieftains taldeko kide ere badena) eta Isabel Pérez Dobarro pianista, baita bertako hainbat artista gonbidatu ere.

Urteotan zehar Carlos Núñezek Beethovenek XIX. mende hasieran moldatutako berrehundik gora melodia irlandar, eskoziar eta galestarren arteko hautaketa egin du, eta “Celtic Beethoven” kontzertuarekin horiek interpretatzeko modu berri bat proposatzen du, konpositoreak sortutako melodiak errespetatuz, baina musika tradizionaleko erritmoa, ornamentazioak eta tinbreak nahiz hizkuntza zeltetan egindako letra originaletako batzuk berreskuratuz. Beethovenen obrako konposizio mota hau bereziki ezaguna ez izanagatik ere, musika tradizio zeltikoko hainbat eta hainbat baliabide dituen Zazpigarren Sinfonia bezalako lanen inspirazio iturri izan zen.

Aurten 25 urte betetzen dira Carlos Núñezen lehen diskotik. A irmandade das estrelas kaleratu zuenean, dagoeneko artista ezaguna zen mundu osoan, The Chieftains taldeak Castreloseko Auditorioan, Vigo bere jaioterrikoan 13 urte zituela ezagutu ondoren, 1989an taldearekin La Isla del Tesoro filmaren soinu banda grabatu baitzuen. Berak sinatutako hainbat disko kaleratu, Goya saria irabaztera eraman zuen Mar Adentro bezalako filmen soiu bandak grabatu eta askotariko ibilbide eta jatorriak dituzten artistekin kolaboratu ondoren, Carlos Núñez milioi bat disko baino gehiago saltzera heldu da eta birritan izendatu dute Grammy Latino sarietan.

Hitzordu berezi honetara, Núñezek bertako eta nazioarteko hainbat artista gonbidatu ditu, haietako batzuk bere taldeko kide izandakoak eta bere nazioarteko biretan aritutakoak. Gonbidatu horien artean dira María Berasarte abeslaria, María Ryan eta Martin Kortabarria biolinistak, Garikoitz Mendizabal txistularia, Itsaso Elizagoien trikitilaria, Pello Ramirez biolontxelo-jotzailea, Alicia Griffiths harpista eta Oinkari Dantza Taldea.

 

BIOGRAFIA

Carlos Núñez
Carlos Núñez mundu mailako gaitero onenen eta Musika Zelta/World Music-eko artista entzutetsuenen artean dago. BBCren hitzetan, “munduko musikari hunkigarrienetako eta profesionalenetakoa” da. Nerabe zela ezagutarazi zuen The Chieftains talde ospetsuak, eta taldeko ohorezko kide bihurtzeaz gain, haiekin Grammy bat irabazi zuen “Santiago” CDa grabatu zuen.

SONY MUSICekin (lehenago BMGClassics/RCA Victor) 10 disko grabatu ditu gaur arte, milioi bat CD baino gehiago salduz 1996an debutatu zuenetik. Platinozko eta urrezko hainbat disko eta DVD ditu, baita Latin Grammy sarietan bi izendapen ere. Montserrat Caballé, Jordi Savall, Víctor Pablo Pérez, The Chieftains, Ry Cooder, Jackson Browne eta beste hainbatekin kolaboratu du.

Flauta eztian formazio klasiko sendoa du eta maiz jotzen du nazioarteko orkestra nagusiekin. Agertoki garrantzitsuenetan aritu da, New Yorkeko Carnegie Hall, Boston Symphony Hall, Vienako Musikverein, Londresko Royal Albert Hall edo Buenos Airesko Teatro Colón, besteak beste.