77. Musika Hamabostaldia

2016

  • Kursaal Auditorioan, orotara, 10 kontzertu eskaini direla kontuan izanik, 7 alditan bete da erabat aretoa. Sarrerak agortu ez diren hiru emanaldietan, batez besteko betetze-maila %84,42koa izan da
  • 35.333 ikus-entzule izan dira 77. edizio honetara gerturatu direnak

77. Musika Hamabostaldia agurtu beharrean gaude. Egundoko amaiera eman zitzaion, atzo, jaialdiari. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS), Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS), Donostiako Orfeoia eta Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Araoz Gazte haur-abesbatzekin batera, izan ziren atzoko jardunaldiko protagonistak. Ia 440 lagun, musikariak eta abeslariak kontuan hartuta, igo ziren egokiera horretarako moldatu behar izan zen Kursaal Auditorioko oholtzara, eta Hector Berliozen “Te Deum” lan monumentala, izugarrizko tamaina duen soinu-arkitekturazko obra, eskaini zuten. Victor Pablo Perez maisua arduratu zen 70 proposamen baino gehiago eskaini dituen aurtengo edizioari amaiera emateaz. Kontzertuak zein bestelako jarduerak antolatu dira, eta milaka lagunek gozatu ahal izan dute jaialdiaz.

Aurreko edizioetan bezala, Kursaal Auditorioa ezinbesteko gune bilakatu da Musika Hamabostaldiarentzat. Arrakasta sarritan errepikatu da bertan: 7 emanalditan bete da guztiz, eta edukieraren %95 bete da, batez beste, aretoa; 2 puntuko gorakada gertatu da, beraz, iazko datuekin alderatuz gero; edonola ere, areto honetan programatutako kontzertu kopuruak behera egin du: 13 izan ziren iaz, eta aurten, berriz, 10. Sarrerak agortu ez diren hiru emanaldietan, azpimarragarria da antzokiaren batez besteko betetze-maila %84,42koa izan dela.  

Leihatilan bildutako diru kopurua 795.390 euro gordinekoa da. Honek, 2015eko edizioarekin alderatuz, diru-sarrera maila mantentzea lortu dugula esan nahi du; hala ere, kontuan hartzekoa da, iaz baino ekitaldi gutxiago programatu direla bai Kursaal Auditorioan eta baita Victoria Eugenia Antzokian ere. Ikus-entzuleei dagokienez, 35.333 izan dira 77. edizio honetara bertaratu direnak.       

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.