400 musikari igoko dira Kursaaleko oholtzara Gustav Mahlerren 8. Sinfonia, “Milen sinfonia”, jotzera

  • Robert Treviñoren gidaritzapean, bi orkestra, lau koru eta zortzi ahots-bakarlari ariko dira partitura handi hau interpretatzen,
  • Musika Hamabostaldian Mahlerren 8. Sinfonia programatu zen lehen aldia eta bakarra 2005eko edizioan izan zen.

Formatu handiko kontzertu sinfoniko-koralak dira Donostiako Musika Hamabostaldiaren ezaugarri nagusietako bat. Pandemiagatik bi ediziotan huts egin ondoren iazko udan Hamabostaldiak urteetako ohiturari berriro heldu eta Mahlerren 3. Sinfonia eskaini zuen bere programan, Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO), Kanarietako Orkestra Gaztea (JOCAN), Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Gaztea bildu zituen bertsio batean. Eta abuztuaren 18an, ostiralarekinKursaal Auditorioan (20:00ean) 400 musikari elkartuko dira Mahlerren beste sinfonia bat interpretatzeko: 8. Sinfonia, hain zuzen; musika-errepertorioko partitura handienetako bat, hura interpretatzeko behar diren giza baliabide ugariengatik “Mila musikarien sinfonia” izenez ezaguna. Lan titaniko horri aurre egiteko, bertako bi orkestra (Euskadiko Orkestra eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa), lau abesbatza (Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza) eta zortzi ahots bakarlari ariko dira elkarrekin indarrak batuta, guztiak ere Robert Treviñoren gidaritzapean.

Mila musikarien sinfonia erraldoi hau Musika Hamabostaldian interpretatu den lehen aldia eta bakarra 2005. urtean izan zen, jaialdiak 1998-2005 bitartean programatu zituen Mahlerren sinfonien ziklo oso baten amaiera gisa. Orduko hartan, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Gaztea, Donostiako Orfeoia, Andra Mari Abesbatza eta Easo Eskolania aritu ziren, Víctor Pablo Pérezen zuzendaritzapean, Mahlerren partitura erraldoi honetarako behar diren zortzi bakarlariez gain. Mahlerren 8. Sinfoniaren erabateko estreinaldia 1910eko irailaren 12an izan zen Munichen, Mahlerren beraren zuzendaritzapean eta bertako Vienako eta Leipzigeko abesbatzak lagunduta Erdialdeko Europako intelektualetako asko han bildu ziren, musika-gertakari historiko handi modura iragarritako ekitaldi hura ez galtzeko asmoz; han izan ziren Richard Strauss edo Stefan Zweig eta Thomas Mann. Eta hura izan zen musikagile handiak bere ibilbidean ezarritako azken mugarria, zortzi hilabete geroago hil baitzen. Estreinaldi-eguneko esku-programaren arabera, obraren lehen entzunaldian 858 abeslari eta 171 instrumentista aritu ziren oholtza gainean: 84 hari-instrumentu, 6 arpa, 22 zurezko haize-instrumentu eta 17 metalezko haize-instrumentu, oholtzatik kanpo jardun zuten beste zenbait musikariz gain. Horren organiko Itzela izanagatik gezurra badirudi ere, 8. A izan zen Mahlerrekazkarren konposatu zeun sinfonia; denbora errekorrean, 1906ko udako hamar astean idatzi zuen 90 minutuko musika-apoteosi hori: “sutan balego bezala” jardun zuen, Alma emazteak gogorarazi zuenez. Orkestrazioan zuzenketatxo batzuk baino ez zituen egin gero, neguan.

8. Sinfonia honek bi zati bereiz ditu, eta bi sinfonia desberdin direla esan ohi da: sinfonia bi bat eginda, nolabait esanda. Zati bakoitzak literatur testu bana du oinarri, Lehen atala Veni Creator Spiritus Mendekosteko latinezko ereserki zaharrean oinarritzen da, eta honela hasten da: “Zatoz, espiritu sortzailea, gure gogoan bizitzera; bete graziaz zure zerbitzarion bihotzak”. Jatorri erlijiosoko testua den arren, Mahlerrek egiten duen interpretazioa ez dator guztiz bat musika sakratuaren kanonekin, eta badirudi berak ikuspegi artistiko eta humanistiko bat eman nahi izan ziola. Sinfoniaren bigarren erdirako, berriz, Goetheren Fausto, alemanierazko drama epiko ospetsura jo zuen Mahlerrek. Hala ere, ez zuen aukeratu Faustok gaztetasunaren eta maitasunaren truke arima deabruari saltzen dion eszena ezaguna, hamarkada batzuk geroago gertatzen dena baizik: Faustoren zoritxar lurtarrak amaiturik deabrua bere harrapakinaz jabetzera agertzen denekoa. Horrela, alderdi sakroa eta profanoa partitura berean bilduz, Mahlerrek azken ondorioetaraino eraman nahi izan zuen, itxura batean, sinfonia batek unibertso osoa islatu behar zuelako bere ideala. Adiskide bati 8. Sinfoniari buruz aitortu zion bezala: “Imajinatu unibertso osoa abesti batean eztanda egiten. Jada ez ditugu giza ahotsak entzuten, planetenak eta eguzkienak baizik, beren orbitetan itzulika dabiltzala”.

Euskadiko Orkestra sortu zenetik, 1982tik, izan da Musika Hamabostaldiaren programazioan, eta aurten ere itzuliko da gurera, anbizio handiko proiektu honekin, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean; hainbat hamarkada joan dira dagoeneko nafar orkestra Donostiako Musika Hamabostaldian azkenekoz ikusi genuenetik. Koru-ahotsen atalari dagokionez, bi orkestrek lau abesbatza izango dituzte lagun: Donostiako Orfeoia eta Iruñeko Orfeoia, eta gazteen bi abesbatza, Easo Eskolania (ahots zuriko mutil gazteak), eta Easo Gazte Abesbatza (13 eta 19 urte bitarteko neskak). Ahotsen atala osotzeko, Musika Hamabostaldiak nazioarteko ospea duten zortzi abeslari gonbidatu dituela Mahlerren partituraren bakarlarientzako zatiak interpretatzeko: Sarah Wegener, Mojca Erdmann eta Miren Urbieta-Vega sopranoak, Justina Gringyte eta Claudia Huckle mezzosopranoak, Aj Glueckert tenorra, José Antonio López baritonoa, eta Mikhail Petrenko baxua. Giza talde handi horren buru Robert Treviño izango da, Euskadiko Orkestraren zuzendari titularra. Nagusiki musika sinfonikoko zuzendari gisa ezagutzen dugu Treviño hemen, baina oratorioko eta operako kontzertu-zuzendari bikaina da, halaber. 2013an, adibidez, Verdiren Don Carlo zuzendu zuen Moskuko Bolshoi antzokian, eta egindako lanak nazioarteko ospea eman zion (Golden Mask sarirako izendatu zuten). Euskal orkestrarekin aritzeaz gain, Rairen Orkestra Sinfoniko Nazionaleko zuzendari gonbidatu nagusia ere bada Treviño.