• Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoan izango da emanaldia; eskainiko den programaren baitan, Fernando Buideren La constelación de Sagitario lanaren erabateko estreinaldia dago.
• Kursaaleko eta Victoria Eugeniako antzokiko leihatiletan nahiz quincenamusical.eus atarian lor daitezke sarrerak.
Musika Hamabostaldiko proposamen ausartenek eta esperimentalenek beren lekua dute Musika Garaikideko Zikloan. Euskal Herriko zein nazioarteko konposizioaren azken joeretan interesa duen publiko leiala dago ziklo horretan. Gaur, asteartea, abuztuak 27, Abraham Cupeiro eta Ensemble Música Práctica galiziarrak izango dira Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoetan, 20:00etan.
Haize instrumentuekin iaioa den Abraham Cupeiro eta Ensemble Música Práctica Donostiako Musika Hamabostaldian izango dira lehen aldiz, eta bi hitzordu izango dituzte, gainera: batetik, Musika Garaikideko Zikloko kontzertua eskainiko dute eta bestetik, Musika Aitzaki zikloaren baitan Arantzazun urtero egin ohi den kontzertua, beste zenbait sortzailerekin batera abuztuaren 29an izango dena.
Musika Garaikideko Zikloan, Leonardo Balada konpositorearen inguruko programa bat eskainiko dute. Katalunian jaioa, baina AEBn nazionalizatua, 51ko Belaunaldiko egile handienetako bat da Balada, eta Amerikatik eragin handia izan du Joseba Torre euskal musikagilearengan eta Fernando Buide galiziarrarengan besteak beste, Pittsburgheko Carnegie Mellon Unibertsitatean ikasi baitzuten harekin. Horrela, Joseba Torreren Música de Cámara II eta Leonardo Baladaren Cuatris interpretatuko dituzte. Fernando Buideri Musika Hamabostaldiak eta Galiziako Cidade da Cultura Fundazioak eskatutako La constelación de Sagitario obra ere estreinatuko dute; eta egitaraua osatzeko, Karlheinz Stockhausenen miniatura zodiakalak tartekatuko dituzte pieza horien artean.
Musika tresnen egilea da Abraham Cupeiro eta hainbat haize instrumentu jotzen ditu. Denboran galdutako instrumentuak berreskuratzen ditu, eta baita haiekin soinu berriak sortu eta beste zenbait musika motarekin uztartu ere. Tronpeta ikasi zuen Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta gero Antzinako Musikaren Interpretazio Masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bere formakuntza musika klasikoari lotutakoa bada ere, musika mota guztiek erakarri izan dute beti: hala, txikitatik, folk, jazz, antzinako musika eta beste hainbat musika motatako taldeetan aritu izan da. Bestalde, karnyx deritzon musika tresna (Burdin Aroko tronpeta zeltiarra) jotzen duen pertsona bakanetakoa da Cupeiro; are gehiago, organologiarekiko interesak bultzatuta, mundu guztiko eta aro ezberdinetako 200 instrumentu baino gehiago ditu.
Jorge Montes, Fernando Buide eta Alejandro Sanz kideek osatzen dute Ensemble Música Práctica: errepertorio, estilo eta formazio mugarik gabe sortu zen. Musikarekiko errespetu eta kalitatean oinarritzen da taldearen lana, eta proiektuei eta kontzertuei heltzean taldeak berak duen pragmatismo zehatza iradoki nahi du izenak berak. Diziplina anitzak elkartzen dituen proiektua da; hain zuzen, hizkuntza artistiko desberdinen arteko topagunea erakustea da bere helburua, betiere ideia musikal batetik abiatuta.
Musika Garaikideko Zikloa abuztuaren 13an hasi zen, Valentziako Spanish Brass haize-metal taldearen kontzertuarekin. Taldeak lau konpositore espainiarrek haientzat idatzitako partituren hautaketa bat interpretatu zuen, Felix Ibarrondoren Glass obraren erabateko estreinaldia barne. Zikloa KEA Ahots Taldearen (abuztuak 28) eta Cikada String Quarteten (abuztuak 29) kontzertuek osatuko dute.
KEA Ahots Taldea – abuztuak 28, 20:00 – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak
KEA Ahots Taldeak, Enrique Azurzak zuzentzen duen erreferentziazko euskal abesbatzak, bereziki ahots errepertorio garaikideari dagokionez, programa heterogeneo bat aukeratu du Musika Hamabostaldiko Musika Garaikidearen Ziklora itzultzeko. Programa horretan, David Azurza eta María Eugenia Luc euskal musikagileen presentzia nabarmentzen da, baita nazioarteko György Ligeti, Eric Whitacre eta Pascal Dusapin. Bertan, erraz entzuteko moduko sorkuntzak, koruen munduko egile ezagunen (James MacMillan, Eric Whitacre edo Urmas Sisask) lanak eta zailtasun hipnotikoko orrialdeak (María Eugenia Luc Euskal Herrian bizi den konpositore argentinarraren Exaudi) uztartzen dira. KEAk György Ligetiren Lux aeterna 16 ahotsetara ere interpretatuko du, Stanley Kubricken 2001: A Space Odyssey filman agertzeagatik ezaguna.
KEA Ahots Taldea erreferentziazko abesbatzetako bat da euskal abesbatzen panoraman. 12 abeslari profesionalek osatzen dute ahots ensemble hau, 1997an sortua, ganbera-errepertorio koral garaikideko obra handiak lantzeko gai den taldea osatzeko. Sortu zenetik, azken mendeko musika korala zabaltzeko lan handia egin du, eta Euskal Herrian ezaugarri horiek dituen talde bakarra da. Taldekideak hainbat taldetakoak dira eta musika- eta ahots-prestakuntza zabala dute. Besteak beste, Jesús María Sagarna, Enrique Vázquez, David Azurza, Marcos Castán eta Aurelio Edlerren lanak estreinatu dituzte. Gainera, De Pablo, Stockhausen, Schönberg, Nörgård, Dusapin, Bacri, Feldman eta beste hainbaten lanak eskaini dituzte lehen aldiz Euskal Herrian.
Cikada String Quartet – abuztuak 29, 20:00 – Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak
Haydnen garaitik konpositore handi guztiek obrak eskaini dizkioten arren, hari-laukotea oraindik ere musika gehien idazten zaion ganbera taldeetako bat da. Cikada String Quartet hari laukote norvegiarraren Musika Hamabostaldiko aurkezpenak formatu instrumental horren alde abangoardistena erakutsiko digu, XX. mendearen erdialdeko lan erreferentzial batetik abiatuta, Ligetiren 2. Kuartetoa (1968), gaur egungo sortzaile garrantzitsuenetako bat gero (Rebecca Saunders), eta amaitzeko, konpositore oso gazteen bi obra berri: Fran Barajas alacantarra eta Pekingo Ziyi Tao; azken hau, Gipuzkoako Foru Aldundiak deitzen duen “Pablo Sorozabal” Nazioarteko Konposizio Lehiaketaren azken edizioaren irabazlea, kontzertu honetan estreinatuko den Notspur obrarekin.
Cikada String Quartetek ospe handia lortu du Eskandinaviako mugetatik harago, musika garaikideari eta konposizioa eta inprobisazioa uztartzen dituzten proiektuei bereziki eskainitako talde gisa. Elektrikoki anplifikatutako hari-laukoterako lanak biltzen ditu bere errepertorioak, eta baita harien soinu akustikoa eta zuzeneko elektronika uztartzen dituztenak ere. Ortodoxoak ez diren konbinazio instrumentaletan ere aritzen da maiz laukotea, akordeoiarekin boskotea egiten, esaterako. Taldearen errepertorio nagusiak Kaija Saariaho, Rolf Wallin, Luigi Nono, Iannis Xenakis, Toshio Hosokawa, James Dillon eta beste hainbat konpositoreren XX. mendeko bigarren erdiko lan garrantzitsuak biltzen ditu, baita genero guztietako musikariekin kolaborazioak ere, hala nola Annette Peacock, Steve Swallow eta Trygve Seim.
Emanaldi hauetarako sarrerak Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus atarian eros daitezke.