Arantzazuko Santutegia kulturen eta musiken arteko topagune Hambostaldian

•    Ostegun honetan, abuztuaren 29an, Abraham Cupeiro eta Ensemble Música Práctica galiziarrak ariko dira bertan, Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran eta Kamerata Oiassoko bakarlariak lagun dituztela.

•    Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan nahiz quincenamusical.eus atarian eskura daitezke sarrerak.

Musika Aitzaki zikloaren baitan, Musika Hamabostaldia Arantzazuko Santutegira itzuliko da ostegun honetan, abuztuaren 29an. Jaialdiko agertoki adierazgarrienetako bat da Oñatiko santutegia, eta kulturen eta garaien arteko bidegurutze bihurtzen da urtero 2001etik: klasikoaren eta herrikoiaren artean dauden proposamen heterogeneoen zale den publikoaren interesa pizten du.

Oraingo honetan Galiziak eta Euskal Herriak bat egingo dute Abraham Cupeiroren proposamen originalean. Denboran galdutako haize musika tresna bakanetan aditua eta aritua da Cupeiro eta Ensemble Música Práctica (biolin, biolontxelo, piano eta perkusio interpreteek osatutako taldea) talde galiziarra, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte (Oreka TX), Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran eta Kamerata Oiassoko bakarlariak izango ditu lagun Arantzazuko emanaldian.

Ahaztutako hotsak izenburupean, hitzordu honetarako espresuki aukeratutako lanak izango dira gozagai: Abraham Cupeiroren Réquiem por Marsias, Armenia, Costa atlántica, Baleas eta Atlantis; Béla Bartóken Errumaniar dantzak; Iñaki Malbadiren Albiztur; Agus Barandiaranen Sardos; Eñaut Elorrietaren Itzulera; Astor Piazzollaren Oblivion; Oreka TX-en Amusia; eta Urkiola eta Canto de arrieiro tradizionalak.

Musika tresnen egilea da Abraham Cupeiro eta hainbat haize instrumentu jotzen ditu. Denboran galdutako instrumentuak berreskuratzen ditu, eta baita haiekin soinu berriak sortu eta beste zenbait musika motarekin uztartu ere. Besteak beste, karnyx deritzon musika tresna (Burdin Aroko tronpeta zeltiarra) jotzen duen pertsona bakanetakoa da Cupeiro. Bere formakuntza musika klasikoari lotutakoa bada ere, musika mota guztiek erakarri izan dute beti: hala, folk, jazz, antzinako musika eta beste hainbat musika motatako taldeetan aritu izan da. Horren adierazle Arantzazun ostegun honetan ikusgai eta entzungai izango den emaitza.

Arantzazuko Santutegian beren arrastoa utzi zuten eta aurten jaiotza mendeurrena duten bi euskal artistaren oroimenari eskainiko zaio kontzertu hau: Eduardo Chillida eta Nestor Basterretxea.

Kursaaleko eta Victoria Eugeniako Antzokiko leihatiletan nahiz quincenamusical.eus atarian eros daitezke sarrerak.