- Zikloak tarte nabarmena eskainiko dio frantses musikari; musika hori izango da, hain zuzen, zenbait kontzerturen errepertorio nagusia.
- Organo Erromantikoaren Nazioarteko 39. Ikastaroa abuztuaren 7tik 11era egingo da, Organo Zikloari loturik, Daniel Roth irakasle gonbidatuarekin.
Musika Hamabostaldiko Organo Zikloa, jaialdiko ziklo ospetsu eta zabalenetako bat, hazten ari da azken urteetan, eta halaxe jarraituko du uda honetan ere, 16 kontzertu eskainiko baititu aurten, abuztuaren 3an hasi eta 15era bitartean. Euskal herriko eta nazioarteko ospe handiko organisten eskutik, Zikloak aukera eskainiko du Gipuzkoako organo-ondare aberatsa ezagutzeko, zeina baita munduan berdinik gabeko organo bilduma bat. Instrumentu bikain horiek jardunean ikustea bihurtu da, hain zuzen, Organo Zikloaren erakargarritasun handienetakoa, eta, azken bi edizioetan, 4.500 lagunetik gora bildu ditu. Donostia da Zikloaren egoitza nagusia eta egitarauan nabarmen ageri da Koruko Andre Mariaren basilikako Cavaillé-Coll organoa, 2023aren hasieran amaitu baitziren hura zaharberritzeko lanak. Hala ere, sei proposamen badira hiriaz kanpo, eta, hitzordu horietan, Gipuzkoako zenbait elizatako organoek hartuko dute erabateko protagonismoa, hala nola Tolosa, Loiola, Deba, Ataun, Azkoitia eta Usurbilekoek.
Datozen egunetan martxan jarriko diren musika-tresnetako batzuk benetako maisulanak dira, hala nola Ataungo organo barroko iberiarra (Lorenzo de Arrázola), Donostiako San Bizente elizako Cavaillé-Coll edo Azkoitiko Andre Maria elizakoa, Tolosako Andre Mariako Sotlz-Frères edo Donostiako Iesu elizako Johannes Klais organo garaikidea. Mundu osoko organista handiek parte hartzen dute ziklo honetan, eta hori, neurri batean, Gipuzkoako organo erromantiko asko jatorrizko egoeran mantentzen direlako gertatzen da. Sonoritate original hori da, hain zuzen ere, munduko hainbat jatorritako organistek eta organo-ikasleek urtez urte gure lurraldean bilatzen dutena.
Hala, Organo Zikloaren egitarauan, nazioarteko artista ugari izango dira aurten ere. Hamar, zehazki: Thomas Trotter (Erresuma Batua), Felix Hell (Alemania), Mami Sakato (Japonia), Joonho Park (Hego Korea), Monica Melcova (Eslovakia), Jonathan eta Tom Scott (Erresuma Batua), eta Daniel Roth, Jean-Baptiste Robin, Eric Lebrun eta David Cassan frantziarrak. Zikloan parte hartuko duten euskal organistekin batera, askotariko errepertorioa eskainiko dute, baina eskaintza horretan bereziki nabarmenduko da frantses musika. Zikloko saio askotan ageri dira musikagile frantsesak, esaterako Franck, Debussy, Saint-Säens, Widor edo Vierne, baina baita alemanak ere, Bach, Mendelssohn eta Liszt, adibidez.
Erromantizismoko musikan eta XX. mendearen lehen erdialdeko musikan oinarritutako kontzertu ugarirekin batera, beste garai eta estilo batzuei tartea egingo dieten proposamenak ere badira. Esate baterako, Jesus Gonzalok eta Ataungo Eate Abesbatzak abuztuaren 6an Ataungo San Martin Toursekoan eskainiko dutena Errenazimentuko eta Barroko iberiarreko musika ardatz harturik; Thomas Trotterrek udaletxeetako organoei eskainitako errezitaldia, Ligetiren jaiotzaren mendeurreneko omenaldia (abuztuak 4, Artzain Onaren Katedrala), edo Jonathan eta Tom Scott anaiek organoaren sonoritateak pianoaren sonoritateen aurrez aurre jarriz emango duten errezitaldi originala (abuztuak 9, Artzain Onaren Katedrala). Azken edizioetan ohi bezala, Zikloak ikuskizun zinematografiko bat ere eskainiko du, Ana Belén García organistaren eta Thierry Biscary perkusionista eta abeslariaren eskutik; hain zuzen ere, soinu-banda jarriko diote El mayorazgo de Basterretxe filmari, Euskal Herrian filmatutako lehen filmetako bati.
Inprobisazioa garrantzi handiko espezialitatea da organisten artean, eta leku nabarmena hartuko du Zikloaren azken txanpan. Izan ere, bi inprobisatzaile handi arituko dira bertan: David Cassan, abuztuaren 14an San Bizente elizan, eta Monica Melcova, Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariekin batera, inprobisazioan erabat oinarritutako errezitaldi batean (abuztuaren 15ean Usurbilgo Salbatore elizan).
Abuztuaren 7tik 11ra, eta Zikloarekin batera, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroa egingo da. Uda honetan 39. edizioa du, eta Daniel Roth arituko da irakasle, Frantziako organistarik ospetsuenetakoa eta Parisko Saint-Sulpice elizako titularra ia lau hamarkadaz. Munduko hainbat herrialdetatik iritsitako ikasleek parte hartuko dute ikastaroan, eta Rothekin batera ikasitakoa erakusteko aukera izango dute abuztuaren 11n Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan egingo den errezitaldi bateratuan.