Rotterdameko Orkestra Filarmonikoak inauguratuko ditu Kursaal Auditorioko kontzertu sinfonikoak

  • Lahav Shani zuzendariak zuzenduko ditu abuztuaren 3an eta 4an Herbehereetako orkestrak eskainiko dituen bi emanaldiak.
  • Pablo Ferrández biolontxelo-jotzailea bakarlari arituko da Xostakovitxen Biolontxelorako 1. Kontzertuan, ostegunean, eta Donostiako Orfeoiak orkestrarekin bat egingo du, ostiralean, Beethovenen 9. sinfonia interpretatzeko. 

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 84. edizioa datorren ostegunean hasiko da, hiri osoan zehar kontzertu eskaintza zabalaz gozatzeko aukera emango duen inaugurazio-jardunaldi batekin. Jardunaldi horretako hitzordu nagusia, nolanahi ere, Kursaal Auditoriokoa da, eta Donostiako publikoak ongi baino hobeto ezagutzen duen orkestra bat izango du protagonista: Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa. Azken urteetan Valery Gérgiev eta Yannick Nézet-Séguin zuzendariekin jaialdira bisita egin ondoren, 2018tik Herbehereetako orkestraren zuzendari titularra den Lahav Shanik izango du gidari aurten. Zuzendariak bi programa oso desberdin jorratuko ditu Hamabostaldiko debutean: Errusiako musikari eskainitako kontzertu bat, abuztuaren 3an, eta Beethovenen sorkuntza handienetako bat, 9. Sinfonia, abuztuaren 4an, ostiralean. Pablo Ferrández espainiar biolontxelo-jotzaile gazteak Xostakovitxen Biolontxelorako 1. Kontzertua interpretatuko du, eta Donostiako Orfeoiak eta ahots bakarlarien laukote ospetsu batek parte hartuko dute ostiraleko hitzordu sinfoniko-koral handian. Bi kontzertuak 20:00etan hasiko dira Kursaal Auditorioan. 

Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa Herbehereetako bi orkestra handietako bat da, Amsterdamgo Concertgebouw Orkestrarekin batera.  Musika Hamabostaldira 2018an egin zuen azken bisita, sorreraren mendeurreneko urtean, hain zuzen. Aurretik aritua zen Hamabostaldian, 2011n eta 2014an Yannick Nézet-Séguinen eskutik eta lehenago ere, 2004an, aurreko titular Valery Gérgievekin. Titular zerrenda ikusgarria izan du Rotterdamgo Filarmonikoak: David Zinman, James Conlon, Jeffrey Tate, Valery Gérgiev, Yannick Nézet-Séguin eta, 2018tik aurrera, Lahav Shani, orkestra honen historiako zuzendari titular gazteena. Taldeak De Doelenen du egoitza, Europan akustika onenetakoa duen auditorium handian. 

Lahav Shani Daniel Barenboimen ikasle eta bere belaunaldiko zuzendari gazte nabarmenetakoa izana, ospe handiko batuta da mundu osoan, gaur egun, 34 urterekin. 2013an egin zen ezaguna, Bambergeko Orkestra Sinfonikoak antolatzen duen Gustav Mahler Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketa irabazita, eta laster hasi zen garrantzi handiko taldeak zuzentzen, hala nola Los Angelesko Filarmonikoa, Txekiar Filarmonikoa, Birmingham Hiria Orkestra, Luzernako Sinfonikoa edo Rotterdamgo Filarmonikoa, zeinarekin debutatu baitzuen 2016an, titulartasuna hartu baino bi urte lehenago. Herbehereetako orkestra horrekin lan egiteaz gain, Israelgo Filarmonikaren zuzendari titularra eta Vienako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia da Shani, eta Municheko Orkestra Filarmonikoaren zuzendaritza hartuko du 2026an. Zuzendari handia ez ezik, pianista birtuosoa ere bada, oso aktiboa bakarlari eta ganbera-musikari gisa. 


Abuztuak 3 – Xostakovitx eta Txaikovskiren obrak
 Abuztuaren 3ko emanaldia errusiar errepertorioari eskainia egongo da osorik, eta Dmitri Xostakovitxen kontzertu ezagunenetako bat izango du abiapuntu: musikagileak Mstislav Rostropovitx biolontxelo-jotzaile ospetsuarentzat idatzi zuen Biolontxelorako 1. kontzertua. 1943an ezagutu zuten elkar, konpositoreak Rostropovitx gaztea (16 urte zituen) onartu zuelarik Moskuko Kontserbatorioko bere orkestrazio-eskoletan. Adiskidetasun-harreman ona izan zuten eta elkarrekin jotzen hasi ziren, baina musikagileak 16 urte geroago eskaini zion, 1959an, biolontxelorako lehen kontzertu hau Rostropovitxi. Hala ere, eta neurri handi batean Rostropovitxek berak obraren alde egindako defentsari esker, laster bihurtu zen instrumenturako errepertorioko ezinbesteko klasiko, eta Xostakovitxen sinfonia-ziklotik kanpoko obrarik ezagunenetakoa da.

Kontzertu honetan obra interpretatuko duen bakarlaria ere Espainiako biolontxeloaren promesa gazteetako bat da: Pablo Ferrández, Musika Hamabostaldian aurten debuta egingo duena. Madrilgo musikari-familia batean jaio zen: biolontxelo-jotzailea du aita, eta ama musikako irakaslea. 13 urterekin Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan sartu zen, eta Rostropovitxen ikasle ohi Natalia Xakhovskaia izan zuen irakasle; gero, Kronberg Akademian jarraitu zituen ikasketak, Alemanian, Frans Helmersonekin. Handik gutxira, Anne-Sophie Mutter Fundazioko akademiko bihurtu zen; hain zuzen ere, gazte madrildarrari buruz «benetan berezia» zela esan zuen Anne-Sophie Mutterrek. Ferrándezek Txaikovski Nazioarteko Lehiaketan parte hartu du, besteak beste, baita munduko lehiaketa ospetsuenetakoa den hori 2015ean irabazi ere. Horrek eman zion nazioartean ospetsu bihurtzeko azken bultzada, aurreko urteetan ibilbide ikusgarria egin ondoren, eta dagoeneko debuta egin du maila goreneko orkestrekin, hala nola Los Angelesko Filarmonikoa, Txekiar Filarmonikoa eta Londresko Royal Philharmonic. 2021az geroztik, Sony Classical diskoetxeko artista da Ferrández.  

Abuztuak 4  –Beethovenen 9. Sinfonia
Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoaren bigarren emanaldia garai guztietako musika-lan ospetsuenetako bati eskainia egongo da: Ludwig van Beethovenen 9. Sinfonia, «Korala». Anbizio artistikoagatik, iraupen luzeagatik, konposizio- eta adierazpen-berrikuntzengatik, eta azken mugimenduagatik, zeinetan Beethovenek erabaki baitzuen koru bat gehitzea ordura arte instrumental hutsa izan zen genero bati, Beethovenen Bederatzigarren sinfonia XIX. mende osoan zehar Europako musikaren ibilbidea modu erabakigarrian markatu zuen sorkuntza iraultzailetzat jotzen da. Sei urte eman zituen maisuak hura idazten,  eta 1824an estreinatu zuten Vienan Beethovenek entzumena ia erabat galdua zuela, baina lana laster bihurtu zen eredu, musikari dagokionez ez ezik, baita zailtasunak gainditzearen ikur eta bakearen eta batasunaren aldeko kantu gisa ere, azken mugimenduan Friedrich Schiller alemaniar poetaren Alaitasunaren oda txertatu izanari esker. Koruak kantatzen duen oda hori Europako Kontseiluaren ereserki bihurtu zen 1972an, eta Europar Batasunaren ereserki ondoren.   

Koruaren zati ospetsua Donostiako Orfeoiko ahotsek abestuko dute. Ezin konta ahala bider interpretatu du partitura hau bere ibilbidean zehar, hasieratik ia. Obra itzel hori interpretatzeko, lau ahots-bakarlari esanguratsu batuko zaizkie, gainera, Rotterdamgo Filarmonikoari eta Donostiako Orfeoiari: Chen Reiss soprano israeldarra, Austriako eta Alemaniako opera-bizitzarekin oso lotua; Carmen Artaza mezzosoprano donostiarra, 2021ean Viñas Tenor Kantu Lehiaketa ospetsuan hiru sari irabazi zituena; Matthew Newlin tenore estatubatuarra, Berlingo Deutsche Oper taldeko kidea 2013az geroztik; eta José Antonio López baritonoa, Los Angelesko Filarmonikoarekin eta Gustavo Dudamelekin duela gutxi debuta egin duen abeslari espainiar moldakorra.