- 38 urteko musikari islandiarra kultuzko pianista bihurtu da 2016an nazioarteko eszenan murgildu zenetik.
- Mozartek 1780ko hamarkadan konposatu zuen teklaturako musikarekin batera, Galuppi, Cimarosa, C.P.E. Bach eta Haydnen piezak joko ditu.
Abuztuaren 22an debutatuko du azken urteetako pianista goraipatuenetakoa den Víkingur Ólafsson islandiarrak Musika Hamabostaldian. Victoria Eugenia Antzokiak Ólafssoni utziko dio bere eszenatokia, bakarkako errezitalean Mozarten teklaturako obrari buruzko bere ikuspegi berezia aurkezteko, Deutsche Grammophon zigilupean argitaratu dituen diskoen artean berrienean landutako ikuspegia, hain zuzen. Mozarten musikarekin batera, eta bere testuinguru historikoa ulertzeko, garai bereko Galuppi, C.P.E. Bach, Cimarosa eta Haydn egileen piezak interpretatuko ditu Ólafssonek. Kontzertua 20:00etan hasiko da.
2020an online emandako hitzaldi batean, Clemens Trautmannek, Deutsche Grammophon-eko presidenteak azaldu zuen Víkingur Ólafsson bezalako musikari ezezagun bat Herbert von Karajan, Gustavo Dudamel edo Yuja Wang bezalako artistak dituen zigilu handi horretan hartzeko arrazoia. Trautmannek honakoa adierazi zuen: “Ólafsson ez zen lehiaketetara aurkezten, eta ez zituen beste musikari batzuen ohiko bideak jarraitzen, baina 2016an Islandiako piano-jotzaile gazte baten berri izan genuen. Berlingo gure egoitzan jotzera gonbidatu genuen eta, amaitu bezain laster, disko bat grabatzeko aukera eskaini genion”.
Lehen CD hark agerian utzi zuen Ólafsson ideia propioak dituen musikaria dela, ez baitzuen aukeratu piano-jotzaile guruen musika (Chopin, Liszt edo Rachmaninov), Philip Glass minimalistaren musika baizik. Proposamen bitxi horrek, hala ere, ikusleen eta kritikaren arreta erakarri zuen eta bere bigarren diskoari esker, Johann Sebastian Bach oso argi interpretatzen zuen horretan, (The New York Times egunkariak “Islandiako Glenn Gould” bataiatu zuen), kultuko piano-jotzaile izendatu zuten, gaztea izan arren.
Bere hirugarren grabazioan formatu monografikoa alde batera utzi zuen bi konpositore frantsesen arteko lotura ezartzeko: Claude Debussy eta Jean-Philippe Rameau, bi egileen 27 pieza laburren bidez, bata bestearekin txandakatzen eta argiztatzen zirenak. Egileen txandakatze eta antzekotasunen bilaketa dinamika hori bera jarraitu du bere azken diskoan ere, Mozart & Contemporaries, 2021eko irailean argitaratua. CDa Mozarten teklaturako obran zentratzen da, zehazki 1780ko hamarkadan konposatu zuena, baina garai bereko egileen sorkuntzekin aurrez aurre jarriz, hala nola Baldassare Galuppi, garai hartako opera egile ezagunenetako bat; C.P.E. Emanuel Bach, Klasizismoari behin betiko bultzada eman zion eta Mozarten heroietako bat izan zen J.S. Bachen semea; Domenico Cimarosa, operako beste izar bat, Mozartek behin aria bat idatzi ziona; eta, jakina, Joseph Haydn, XVIII. mendearen amaieran Europako musika-figura ospetsuena eta Mozartek estimu handitan zuena. Egile horiek guztiak Ólafssonek Musika Hamabostaldiko errezitaldian interpretatuko duen programan egongo dira.
PrestoMusic aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean, Mozartek 1780ko hamarkadan idatzi zuen musika zergatik aukeratu zuen azaltzen du Ólafssonek: “Mozart bere unerik onenean erakusten digu: gaur egun Mozarten kontzertuan entzuten dugunaren % 85 edo % 90 1780ko hamarkadakoa da. Mozarten bizitzako azken hamarkada hau musikaren historiako hamarkadarik ikaragarrienetako bat da edozein konpositorerentzat, maila pertsonalean zein musikalean. 1781ean J.S. Bachen musika aurkitu zuen (ia ustekabean, Vienako liburutegi batean) eta bere musika ez zen inoiz bera izango. Bachen lanean sakontzen ari zen garai horretan, eta hori argi eta garbi entzuten da album honetan. Aldi berean, mirari guztien miraria izatetik musikari heldua izatera igarotzen ari zen: hogeiko hamarkadaren erdialdean, jada ez zuen haur prodijioa izatearen babesa, eta bere garaiko stablishment musikalarekiko zailtasun askori egin behar izan zien aurre. Baina Mozart ez zen makurtu aristokraziaren presioen aurrean, beti lortzen baitzuen bere jokoan jokatzea”.