[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Frankfurteko Irrati Orkestra Musika Hamabostaldira itzuliko da Alain Altinoglu bere zuzendari berriarekin

  • Jatorri armeniarra duen maisu frantsesak Verdi, Sibelius, Debussy eta Weinberg konpositoreen obraz osatutako programa zuzenduko du.
  • Euskal Herriko Vocalia Taldeak eta Bomsori Kim biolinista korearrak orkestra alemaniarrarekin bat egingo dute obretako batzuetan.

Musika Hamabostaldiaren egitarauan ohitura den bezala, jaialdiko azken txanpan heltzen dira nazioarteko orkestra handiak hirira. Jarduten lehena, abuztuaren 21eko igandean, Frankfurteko Irrati Orkestra izango da, orkestra alemaniar onenetako bat. Duela 40 urte baino gehiago debutatu zuen festibalean eta ordutik sarritan aritu da Donostian. Oraingoan, Franfurtekoak zuzendari titularrarekin etorriko dira, Alain Altinoglurekin. Askotarikoa izango da emango duten programa: Verdi, Weinberg, Bombosi Kim biolinista gazte korearrarekin joko duten Sibeliusen Biolinerako kontzertua, eta Debussyren Nocturnes adierazkorrak, Gasteizko Vocalia Taldeko ahots zurien abesbatzarekin. 20:00etan hasiko da emanaldia Kursaal Auditorioan.

1929an sortutako Frankfurteko Irrati Orkestra (HR-Sinfonieorchester) Alemaniako hirugarren irrati orkestra zaharrena da. Hasieratik, Hans Rosbaud lehen musika zuzendariaren gidaritzapean, orkestrak errepertorio sinfoniko tradizionalaren aldeko apustu irmoa egin zuen, baita musika garaikidearen aldekoa ere. Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Kurt Schröder, Winfried Zillig eta Otto Matzerath buru zirela hazi zen orkestra, nazioartean lekua lortuz 1960 eta 1980 hamarkaden artean, Dean Dixon eta Eliahu Inbalekin. Orkestra maiz gonbidatzen dute izen handiko oholtzetan aritzera: Londresko Proms edo Amsterdameko Concertgebouw, Viena, Salzburgo, Paris eta Praga, besteak beste. Era berean, Musika Hamabostaldiaren zaleek ongi ezagutzen duten taldea da, 1980tik etorri baita festibalera. 2016an izan ziren Gipuzkoako hiriburuan azken aldiz. Eman zituzten bi kontzertuetan, besteak beste, Beethovenen 9. sinfonia interpretatu zuen Donostia 2016 Kultur Hiriburutza ospatzeko. Igande honetako kontzertuan, eta Claude Debussy konpositorearen Nocturnes interpretatzeko, Vocalia Taldea batuko zaio, Gasteizen egoitza duen eta Basilio Astúlezek zuzendutako ahots zurien abesbatza bikaina.

Frankfurteko Irrati Orkestraren zuzendari titularra Andrés Orozco-Estrada izan da azken hamarkadan, euskal bizitza musikalarekiko lotura estua duena, Euskadiko Orkestrako titular izan baitzen 2009 eta 2013 artean. Hala ere, Orozco-Estradak alemaniar orkestra 2021ean utzi zuen eta Alain Altinoglu sartu zen bera ordezkatzera, Frantziako orkestra zuzendari interesgarrienetako bat. Parisen jaio zen 1975ean eta armeniar sustraiak dituenak Parisko Goi-Mailako Kontserbatorioan ikasi zuen. Egun irakasle Kontserbatorio berean, eta musika bokalaren aditua da. Nora Gubish bezalako kantariak lagundu ditu pianoarekin, eta operak gidatu ditu Bruselako Théâtre Royal de la Monnaien. Hain zuzen, azken horretako titularra da 2016tik. Kritika bikainak jaso ditu errepertorio erromantiko eta inpresionista interpretatzeagatik, eta hori bera izango da Donostiako programaren oinarria.

Operari keinu egingo dion Giuseppe Verdiren La forza del destino laneko Obertura laburraren ondotik, Hego Koreako Bomsori Kim biolinista batuko zaio alemaniar orkestrari, instrumentu horren errepertorioko kontzertu ezagunenetako bat interpretatzeko: Jean Sibelius konpositorearen Biolinerako kontzertua. Kim egungo biolinista gazte miretsienetako bat da, biolinerako lehiaketa ezagun guztiak irabazi baititu (ARD Nazioarteko Musika Lehiaketa, Txaikovsky Nazioarteko Lehiaketa, Elisabeth Erregina, Jean Sibelius, Joseph Joachim Hannover, eta abar). Arrakasta handiko ibilbideari ekin dio eta Europa nahiz Amerikako orkestra nagusiekin debutatzen ari da.

Sibelius biolinista gisa ibilbidea egiten ahalegindu zen konposizioari ekin baino lehen. 1903an bukatu zuen bere Biolinerako kontzertua. Benetako sukar sortzailearekin egin zuen, berarentzat ez baitzegoen biolina bezalakorik bere ahotsa bera artikulatzeko. Aino, bere emazteak zera gogoratzen zuen: “Hainbeste gai zituen buruan, azkenean erabat zorabiatuta zegoela beti. Esna igarotzen zuen gau osoa, eta harrigarria eta ederra zen bere jotzeko modua […] Hainbeste ziren zituen ideiak, batzuetan zaila zela sinestea ere”. Zoritxarrez, ideia gaindosi horrek kontzertu ez oso eraginkor bat sortzera eraman zuen, eta erdipurdiko interpretazioaren erruz, bere estreinaldia erabateko porrota izan zen 1904ko otsailean. Sibeliusek orduan partitura berrikustea erabaki zuen, sinplifikatu egin zuen eta behin-betiko bertsioa Berlinen entzun zen lehen aldiz, 1905eko urrian, Karel Halíř bakarlari zuela eta Richard Strauss zuzendariak gidatuta.

Gaualdiko bigarren zatia Nocturnes obrarekin hasiko da. Orkestra eta emakumeen abesbatzarako triptiko sinfonikoa 1897an hasi zuen Claude Debussy konpsitoreak, eta 1899an bukatu zuen. Debussyren obra “inpresionistenetako” bat da, mugimenduetako bakoitzak paisaia ezberdin bat baitakar gogora. Horietako bakoitza orkestrazio sentsualeko maisulana da: emaitza maiz alderatu izan dute Monet, Renoir, Turner eta bereziki James McNeill Whistler artisten lan piktorikoarekin. Azken horrek ere Nocturne izena jarri zien bere pintura atmosferikoetako batzuei. Eraginak edozein izanda ere, Debussyren lengoaia erabat bereizgarria da, bai Nuages-eko inpresionismo nahasgarrian, Fêtes-eko animazio bikainean, nahiz Sirènes-eko sentsualitate uhinduan. Sirènes lanean testurik gabeko emakume abesbatza baliatu zuen, musikaren misterioa areagotzeko.

Gaualdia Mieczysław Weinberg konpositorearen Orkestrarako Suitea lanarekin bukatuko da. Varsovian jaio zenak aita konpositorea eta judutar antzerkiko zuzendaria zuen, 1939an Poloniatik alde egin behar izan zuena alemaniar erasoa zela eta. Sobietar Batasunean errefuxiatua izan zen, Minsken konposizioa ikasi zuen eta, Shostakovichen laguntzarekin, Moskura bizitzera joatea lortu zuen. Orkestrarako suitea, hain zuzen, Weinbergentzako hain zaila izan zen garai hartakoa da, baina, aldi berean, obra arin eta atsegina da, melodia gogoangarriak dituena eta poloniar herri musikari keinu egiten diona, polka edo galop-ari, besteak beste.