Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Beethovenen Missa Solemnis interpretatuko dute Kursaalen

•  Abuztuaren 23 ostiralean gozatu ahalko den partitura hau, Beethovenen lan sakraturik garrantzitsuena kontsideratzen dena, 2003an interpretatu zen azkenekoz Hamabostaldian.

•  Jérémie Rhorer-en gidaritzapean, bakarlari ariko dira gainera nazioarteko izen handiko lau ahots-bakarlari: Chen Reiss sopranoa, Victoria Karkacheva mezzosopranoa, Maximilian Schmitt tenorra eta Hanno Mueller Brachmann baxua.

• Sarrerak salgai Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus-en.

Ostiral honetan, abuztuaren 23an, 20:00etan, Musika Hamabostaldiak Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloari helduko dio berriro, Beethovenen Missa Solemnis berealdiko musikalanarekin. Jérémie Rhorer frantziarraren zuzendaritzapean, berau interpretatuko dutenak dira Euskadiko Orkestra, Donostiako Orfeoia eta Chen Reiss sopranoa, Victoria Karkacheva mezzosopranoa, Maximilian Schmitt tenorra eta Hanno Mueller Brachman baxua ariko dira.

Hamabostaldiaren bereizgarrietako bat formatu handiko kontzertu sinfoniko-koralak dira: euskal abesbatza handien eta jaialdia bisitatzen duten atzerriko orkestren arteko lankidetza errazteaz gain, Hamabostaldiak obra handien interpretazioa ere sustatu ohi du. 2022an, Gustav Mahlerren 3. Sinfonia izan zen, Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) eta Kanarietako Gazte Orkestra (JOCAN) bildu zituen bertsioan, Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Gaztearekin batera, Víctor Pablo Pérezek zuzenduta. 2023an, errepertorioko partiturarik itzelenetako batek, Mahlerren 8. Sinfonia, "Milakoa" erraldoiari aurre egin zioten Euskadiko Orkestrak eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak, Iruñeako Orfeoiak, Easo Eskolaniak eta Easo Gazte Abesbatzak, zortzi ahots-bakarlarirekin batera, guztiak Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Eta 2024an, aukeratutako lana Beethovenen Missa Solemnis da, konpositorearen Bederatzigarren sinfonia ospetsuaren garaikidea eta lehen Erromantizismoaren partitura sakratu ikaragarrienetako bat.

Missa Solemnis 2003ko edizioan entzun zen azkenekoz Musika Hamabostaldian. Izan ere, bere konplexutasun eta zailtasun teknikoak direla-eta, programazioetan ez da hain partitura ohikoa, musikaren historiako lan sakratu garrantzitsuenetakotzat jotzen den arren. Liturgi tradizioaren barruan, mezak euren asmoaren eta zeremonia mailaren arabera sailka daitezke. «Meza solemnea» meza erregularra edo brevis delakoa baino zeremonia handiagoarekin egiten dena da, eta une berezietarako edo liturgia-egutegiko jai garrantzitsuetarako gordetzen da. Bere lanak Missa Solemnis izenburua izateak, bere garrantzi liturgikoa adierazteaz gain, partitura hark Beethovenentzat zuen esanahi pertsonala ere adierazten du. Harentzat ez zen pieza erlijiosoa soilik; fedearen, zalantzaren, itxaropenaren eta gizadiak jainkotiarra denarekiko duen harremanaren esplorazioa ere bazen. 1819 eta 1823 artean konposatua, Missa Solemnis bere bizitzako garai zailenetako batean idatzi zuen Beethovenek. Entzumena nabarmen hondatua zuen ordurako, eta galera horrek introspekziora erretiratzera bultzatu zuen, eta mundu horretan musika bihurtu zen komunikatzeko eta adierazteko bide nagusia. Missa Solemnis Austriako Rodolfo artxidukearentzat, artzapezpiku bihurtzear zen bere lagun min eta ikaslearentzat opari gisa pentsatu zuen. Beethovenek errespetu eta miresmen handia zion artxidukeari, ez baitzen bere ikaslea bakarrik, ongile eta konfiantzazko lagun bat ere bazen. Baina ez zuen artxidukearen izendapenerako garaiz osatu, ia lau urte behar izan baitzituen hura amaitzeko. Atzerapen hori, neurri batean, Beethovenen izaera perfekzionistak bultzatuta, obra liturgiko perfektu bat sortzeko nahiagatik gertatu zen, baina, era berean, bizitzen ari zen borroka pertsonalen isla ere izan zen: bere osasuna gainbeheran, bere ilobaren legezko zaintza eskuratzeko borroka eta beti presente zegoen gorreriaren mamua. Hala ere, bizitzak ipinitako proba horien artean, Missa Solemnis ihes-balbula bihurtu zen Beethovenentzat, katarsi eta hausnarketa lan bat.

Euskadiko Orkestra beti egon da Musika Hamabostaldiaren programazioan 1982an sortu zenetik; aurtengo edizioan, Carmen operan zulogunetik parte hartu eta, Musika Aitzaki zikloaren baitan Senperen kontzertu bat eman ondoren, Beethovenen inguruko anbizio handiko proiektu honekin itxiko du bere eskuhartzea; eta hamaika aldiz lankide izan duen aesbatzarekin ariko da horretan, Donostiako Orfeoiarekin, alegia; 127 urteko ibilbidea egina duela, Hamabostaldiaren 75 ediziotan parte hartu du eta jaialdiak bere Urrezko Domina eman zion, Euskadiko Orkestrari bezalaxe; edizio honetan, biharko emanaldiaz gain., duela egun gutxi Mozarten Requiema interpretatu zuen Budapest Festival Orchestrarekin batera, Ivan Fischerren zuzendaritzapean. Ahotsaren atala osatzeko, Musika Hamabostaldiak lau abeslari ezagun gonbidatu ditu Beethovenek bakarlarientzako idatzitako zati zorrotzak interpretatzeko: Chen Reiss sopranoa, Richard Straussen musikan gaur egungo espezialistarik handienetakoa, eta Dudamel, Mehta, Rattle edo Pappano zuzendariekin elkarlanean aritu dena; Victoria Karkacheva mezzosopranoa, Moskuko Bolshoi Antzokiaren baitan ikasitakoa eta duela gutxi Milango Teatro alla Scala antzokian debutatu duena, Werther-en Charlotten paperean; Maximilian Schmitt tenorra, Alemaniako musika-zirkuituan erreferentziazko abeslaria eta Mozarten operetan espezialista handia; eta Hanno Mueller Brachmann baxua, alemaniar errepertorioan aditua den interpretea eta Bernard Haitinken gertuko lankidea; harekin grabatua du, besteak beste, 2016an urteko diskoari Gramophone saria merezi izan zuen Missa solemnis lanaren bertsioa.

Giza talde handi horren buru Jérémie Rhorer frantziarra izango da, bere belaunaldiko zuzendari interesgarrienetako bat. Rhorer bere moldakortasunagatik da ezaguna; izan ere, zirkuitu sinfoniko eta operistiko tradizionalarekin batera, antzinako musika lantzen du Le Cercle de l 'Harmonie taldearen sortzaile eta zuzendari gisa. Talde horrekin XVIII. eta XIX. mendeetako errepertorioa aztertzen du, garaiko instrumentuak eta jatorrizko afinazioak erabiliz. Zuzendari gisa, oso txalotua da Mozarten obren bere bertsioengatik, baina baita sorkuntza garaikideak zuzentzeagatik ere, eta bera ere aintzat hartua da oso konpositore gisa. Hamabostaldian zuzendu baino hilabete batzuk lehenago, Rhorerrek Le Cercle de l 'Harmonie taldearekin interpretatu zuen Missa Solemnis Parisko Philharmonie antzokian, eta martxoan Poulencen La voz humana eta Schoenbergen Erwartung lanen ekoizpen berria estreinatu zuen Madrilgo Errege Antzokian.

Kontzertu honetarako sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.