Cappella Marianak eta Constantinople ensembleak Mediterraneoko musikak dakartzate Victoria Eugeniara

•    «Krystof Haranten odisea» aurkezten dute, humanista noble, soldadu, idazle eta konpositore txekiar horren bizi-ibilbide aparta kontatzen duen ikuskizuna, horretarako oraingoan Ramón Bareasen ahotsean entzungai izango diren Haranten bidaia-egunkariko pasarte hautatuak oinarri hartuta.

•    Venezia, Jerusalem, Zipre, Sinai eta Kairoko musikak joko dituzte.

•    Sarrerak salgai Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus-en.

Musika Hamabostaldiak Mediterraneo ekialdeko herrialdeetako antzinako musikara hurbiltzen gaituen proposamen original bat aurkeztuko du gaur, asteartea, abuztuaren 20an. «Krystof Haranten odisea» izenburupean, bi talde ariko dira horretan: Cappella Mariana, sei ahots bakarlariz osatua, eta Constantinople talde instrumentala, tradizio persiarreko instrumentuak erabiltzen dituena, hala nola kanuna, kemenche eta setarra. Bi taldeokin batera, Venezia, Jerusalem, Zipre, Sinai eta Kairoko ibilbide musikal batean murgilduko gara, Krystof Harant noble bohemiarrak bere bidaia-liburuetan utzi zituen, eta gaurkoan Ramón Barea euskal aktoreak  helaraziko dizkigun oroitzapenen bidez. Ikuskizuna Victoria Eugenia Antzokian izango da eta 20:00etan hasiko da.

«Krystof Haranten odisea» lanak humanista noble, soldadu, idazle eta konpositore txekiarraren bizi-ibilbidea kontatzen du. Pragako Hiri Zaharreko plazan amaitu zuen behar baino lehenago, 1621eko ekainaren 21ean, Bohemiako Matxinada Protestantean parte hartzeagatik exekutatu zutenean. Konpositore gisa, bere musika-ondarea osatu gabe geratu zen tirabira historikoen ondorioz, baina ikuskizun honetan Cappella Marianak bizirik iraun duten bere konposizio guztiak bildu eta bere literatura-ondarearekin harilkatu ditu, «Bidaia Jerusalemgo Bohemiara, Veneziatik eta itsasotik igarota» izeneko bidaia-egunkariarekin, hain zuzen. Lan koloretsu honek Zipre, Jerusalem, Sinai edo Kairoko lurralde exotikoetara gidatuko gaitu bidaia musikal batean, Ramón Barearen ahotan entzungai izango ditugun zatiei esker; Haranten konposizioez gain, urrutiko lurralde horietako musika entzungo dugu, berak entzun ahal izan zuen bezalaxe.

Kultura horietako lan historikoak dira, Vojtere Semerád Cappella Marianaren zuzendari artistikoak XVII. mendeko iturri otomandar, persiar eta postbizantziarren eskuizkribu musikaletan oinarrituta berreraiki dituenak, eta mendeetan zehar ahozko tradizioz transmititutako beste maisulan batzuekin batera entzungo direnak. Proiektuaren benetakotasuna ziurtatzeko, halaber, Cappella Marianak Constantinople taldea eta haren zuzendari bertutetsu Kiya Tabassian gonbidatu ditu, zeinak, persiar sustraiei esker, musika-hizkuntza komun bat bermatu duen. Baina talde bana ez da Bosforoko kontrako ertzetan egongo: euren ezaugarriak partekatuta, Mendebaldeko eta Ekialdeko bi kulturak elkartuko dituzte baterako jarduera batean.

Cappella Mariana ahots talde txekiarrak, duela 16 urte sortu zenetik, Erdialdeko Europan ospe handia lortu du. Ahots-polifonia handiko interpretazioa du helburu nagusi, Erdi Aroko eta Errenazimentuko musika polifonikoan espezializatuta, baita Barroko goiztiarrean ere. Vojtere Semeráden zuzendaritzapean lan egiten duen taldea Garizumako Ostiraleko kontzertuen zikloaren transmisore artistikoa da, eta Pragako Izar Gorriaren Gurutzeko Zaldunen Monasterioan egiten ziren musika-emanaldien tradizio historikoa berpiztea du helburu. Sarritan, Europa osoko jaialdi eta agertokietan ere jotzen dute, hala nola Oude Muziek Utrecht, MA Festival Brugge, Musikfest Bremen, Prague Spring edo Amsterdamgo Muziekgebouw. Ez da gaurkoa Cappella Marianak Musika Hamabostaldian jotzen duen lehen aldia, 2021eko udan aurkeztu baitzen jaialdian; Antzinako Musika Zikloaren barruan, italiar eta flandriar berpizkundeari eskainitako programa bat interpretatu zuten, moteteekin eta Grudencz, Isaac, Tourout, Palestrina, Gobert eta Desprez artisten meza-zatiekin.

Krystof Haranten inguruko ikuskizun honen ideia Vojtere Semerád-ena, Cappella Marianaren zuzendari artistikoarena da. Praga eta Pariseko Kontserbatorioetan graduatua, kantua ikasi zuen Chantal Santon Jeffery, Peter Kooij edo Poppy Holden bezalako artistekin batera, eta abeslari gisa Les Arts Florissants, Ensemble Correspondances, Wroclaw Baroque Orchestra, Vox Luminis edo Huelgas Ensemble bezalako talde ospetsuekin aritu da. Deutsche Gramophon, Naïve, Harmonia Mundi, Passacaille eta Supraphon diskoentzat 30 disko baino gehiago grabatu ditu, eta ikertzailea ere bada, Erdialdeko Europako XV, XVI eta XVII. mendeetako ahots musikaren aurkikuntzan zentratuz.

Constantinople Mediterraneo ekialdeko instrumentu tradizionalak jotzen dituen taldea da, Kiya Tabassian setarraren birtuosoa zuzendari duena. Teheranen jaioa, 14 urterekin Tabassian Quebecera joan zen bere familiarekin, Irango musika eszenan ibilbidea hasiberria zuenean. Musikari, konpositore eta bere kulturaren oroimen musikalaren igorle bihurtzeko erabakia hartuta, pertsiar musikan trebatzen jarraitu zuen modu autodidaktan eta Reza Gassemi eta Kayhan Kalhor musikariekin behin eta berriz topaketak eginez. Aldi berean, Montrealgo Kontserbatorioan konposizioa ikasi zuen Gilles Tremblayrekin. Musika-kulturen bidegurutze horren aukerak aurkitzeko asmoz, 2001ean Constantinople taldea sortu zuen, Erdi Aroko eta Errenazimentuko ondareaz elikatzen dena, Europatik Mediterraneora eta Ekialde Ertainera.

Krystof Harant-en bidaia-egunkariko testuen narrazioa Ramón Barea aktore, egile, zuzendari eta errealizadoreak egingo du. 1949an Bilbon jaioa, 70eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide profesionala, Cómicos de la Legua antzerki independenteko taldearekin, eta ordutik Helena Pimenta, Juan Carlos Rubio, Pérez de la Fuente, Mario Gas, Andrés Lima eta abarrekin egin du lan antzerkiko aktore gisa. Zuzendari lanetan, Arriaga Antzokiak ekoitzitako azken piezak ditu Fernando Fernán Gómezen «El viaje a ninguna parte» eta «La lucha por la vida», Pio Barojaren izen bereko trilogiaren antzerki-egokitzapena. Bilboko Pabellon 6 proiektuaren sustatzailea da, arte eszenikoen gune autogestionatua. Zinematografiaren esparruan, ehun film baino gehiagotan hartu du esku. Espainiako Antzerki Sari Nazionalaz gain (2013), Zinemira Saria eskuratu du eta Arte Eszenikoen Akademiako Ohorezko Kidea da.

Kontzertu honetarako sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.