• Easo Abesbatzak eta Musika Hamabostaldiak lankidetzan ekoitzitako haurrentzako opera abuztuaren 26an estreinatuko da Victoria Eugenia Antzokian.
• Easo Abesbatzako haurren bi abesbatzek eta musika talde instrumentalak hartzen dute parte David de Oliveriaren zuzendaritzapean, Guillermo Amayaren eszena zuzendaritzarekin eta Lucía Arzallusen musika zuzendaritzarekin.
Abuztuaren 26 astelehenean estreinatuko da Victoria Eugenia Antzokian Egia ala geRuza haurrentzako opera, Easo Abesbatzak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak lankidetzan garatutakoa; hala, Itsasotik eskolara (2018), Árbolaré (2020), Hirira (2021) eta Itsasotik (2022) ikuskizunen bidea jarraitzen du honek ere.
Egia ala geRuza Easo Abesbatzak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak haurrei berariaz zuzendutako programazio musikala eta eszenikoa eskaintzeko nahiaren ondorioz sortu da, eta hori, kasu honetan bezala, proposamen sortzaile berrien bidez egin nahi da; entretenitzeaz gain, ikusle gazteenak hezi eta inspiratuko dituzten proposamenen bidez, hain zuzen, bai prozesuan eta baita emaitzan ere. Operaren generoa haurrei eta gazteei gerturatu eta talentu gazteen parte-hartzea sustatzeaz gain, jasangarritasuna, inklusioa eta hezkidetzako beste zenbait balioengan jarri da arreta. Azken finean, haurrek beraiek egindako eta haientzat egindako musika-ikuskizunak sustatu nahi dira, haurrek beren burua islatuta senti dezaten eta erakargarri gerta dakizkien, eta artearekin eta beren gizartearen funtsezko beste alderdi batzuekin bat egin dezaten.
Egia ala geRuza ekintza inkontziente batekin hasten den bidaia baten istorioa da: haur bat galdu egiten da oinez. Bere bidaian, itzulerako bidea aurkitzen lagunduko dioten (edo ez dioten) hainbat pertsonaia topatuko ditu. Baina… nora eta nondik itzuli behar du? Hala, hainbat galdera azaleratuko dira ikuskizunean zehar: Zer egingo zenuke galduko bazina eta non zauden jakingo ez bazenu? Nola aurkituko zenuke itzulerako bidea? Hobeto: non bilatuko zenuke? Zergatik ez gara ibiltzen hainbeste galdera egin beharrean?... Ikuskizunerako “bideari ekiteko” sarrerak 12 eurotan (6 euro 12 urtetik beherakoentzat) lortu daitezke quincenamusical.eus webgunean eta Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.
David de Oliveriaren zuzendaritzapean, Easo Eskolania eta Easo Txiki abesbatzetako kideek hartuko dute parte, Easo Sinfonietta musika talde intrumentalarekin batera; operaren sormen eta garapen prozesu osoan aritu dira. Guillermo Amaya da ikuskizuneko eszena zuzendaria eta Lucía Arzallus, berriz, orkestra zuzendaria. Marta Garcíak osatu du testua, eta berau taularatuko dute honako lagunek: Iraide Urbistondo (Egia), Lorea López (No), Haizea Miranda (Bla), Luken Munguira (Don Tiempos Verbales), Josu Martínez (Sujeto), Joel Zamora (Predicado), María Jaunarena (Jueza), Iñaki Carcavilla (Juez), Ibai Murillo (Signo), Xabat Caminos (Significado), Larraitz Otamendi (Quién) eta Alain Sánchez (Qué).
Proiektuaren premisa sozialetatik abiatuta, Emaús Gizarte Fundazioarekin elkarlanean aritu dira, bai jantziak sortzeko, bai eszenografia egiteko. Oihalak eta materialak (liburuak, adibidez) berrerabili dira jantziak eta atrezzoa egiteko, eta prozesu naturalak lehenetsi horiek guztiak prestatzeko.
Opera estreinatu aurretik, hilaren 17an eta 23an, 12:00etan, Egia argituz tailerra egin da Kursaaleko foyerrean, Maddi Bermudezen eskutik. Tailer interaktibo eta dinamikoa izan da, 8 eta 12 urte bitarteko publikoari zuzendua, musika, kantu eta mugimenduaren bidez haurren opera berriaren nondik norakoak ezagutzeko.
Ikuskizun honek eta Haur Hamabostaldiaren baitan sartzen diren jarduerek Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa dute.
