• Munduko hamar orkestra onenetako bat, Hamabostaldia gehien bisitatu duen atzerriko orkestra da, eta berau sortu zuen Ivan Fischeren zuzendaritzapean dator gurera abuztuaren 17an eta 18an.
• Lehenengo kontzertuan, Patricia Kopatchinskaja biolinista ikonoklasta izango du lagun, gaur egungo biolin-bakarlari goraipatuenetako bat, bere emanaldietan erakusten duen originaltasunagatik eta beregain hartzen duen arriskuagatik. Eta bigarrenean, Donostiako Orfeoia eta Anna Lena Elbert, Olivia Vermeulen, Martin Mitterutzner eta Hanno Müller-Brachmann bakarlariak, Mozarten Requiem ospetsua interpretatzeko.
• Sarrerak salgai Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus-en.
Budapest Festival Orchestrak kontzertu bana emango du Hamabostaldian abuztuaren 17an eta 18an. Ivan Fischer-ek, orkestraren sortzaileak berak zuzenduta, orkestra hungariarra abuztuaren 17an iritsiko da, Patricia Kopatchinskaja egungo biolinista apurtzaileenetako eta miretsienetako batek lagunduta; Bartóken Biolinerako 2. kontzertua interpretatuko du, eta horrekin batera Prokofiev eta Dvoraken obrak izango dira programan. Hurrengo egunean, abuztuaren 18an, Budapest Festival Orchestrak bat egingo du Donostiako Orfeoiarekin eta lau ahots-bakarlarirekin, Mozarti eskainitako monografiko bati ekiteko. Bi kontzertuak Kursaal Auditorioan izango dira eta 20:00etan hasiko dira.
Budapest Festival Orchestra 1983an sortu zuten Ivan Fischerrek eta Zoltan Kocsisek, beren herrialdeko, Hungariako, interprete gazte onenei irteera profesional bat eskaintzeko asmoz. Hasieran hiruzpalau kontzertu bakarrik ematen zituzten urtero, baina gaur egun Budapesteko musika ikur bihurtu den talde egonkorra den hori munduko hamar orkestra onenen artean dago. Hor kokatu zuten Gramophone aldizkari ospetsuak 2008an egindako ranking batean, BBC Music Magazinek 2020an egindako beste ranking batean, eta 2022an Gramophone aldizkariaren Urteko Orkestra Onenaren saria irabazi zuen herri-bozketa baten bidez; halaber, lehen hamarren artean agertzen da musika-kritikarien panel batek Bachtrack webgunerako egindako ranking batean 2023an. 2023an bertan, orkestrak Budapesteko Liszt Akademian eman zuen lehen kontzertuaren 40 urteak ospatu zituzten, kontzertu eta bira ugari eginez. Orkestra honen ezaugarria da, halaber, interpretatzeaz gain, bere kideek elkarrekin ere abesten dutela, Ivan Fischerren aburuz, bere kalitate musikala goratzen duen ariketa baita. Hala egin izan dute, bis gisa, Hamabostaldian ere.
BFOk gaualdi handiak eskaini ditu Hamabostaldian, 2009an, 2011n, 2014an, 2016an jaialdiko «orkestra egoiliar» gisa hiru bider, 2018ko udan bi kontzerturekin (horietako bat Donostiako Orfeoiarekin batera, aurten bezala) eta 2021ean, Hamabostaldiaren 82. edizioari amaiera emanez.
Ivan Fischer zuzendaria bere belaunaldiko sormen handien duen musikarietako bat da. 1951n jaio zen, Budapesten, eta familian bertan jaso zituen pianoaren, biolinaren eta biolontxeloaren oinarrizko ezagutzak. Gero, Vienan graduatu zen, eta han Hans Swarowsky eta Nikolaus Harnoncourtengandik jaso zituen orkestra-zuzendaritzako eskolak. Bere errepertorioak Bach, Mozart, Brahms, Dvorák, Mahler eta Bartók ditu ardatz, eta bere lanean filosofia, antzerkia eta psikologia nahasten ditu, Schopenhauer, Stanislavski eta Jungen irizpidean aintzat hartuta. 25 urte zituela BBC/Rupert Foundation lehiaketa irabazi zuenean egin zuen jauzi nazioartera, eta horrek munduko orkestra nagusien ateak ireki zizkion. Zuzendari gisa, programa oso originalak eta arriskutsuak egiten ditu, eta emozioa eta harridura bilatzen ditu batez ere. «Zertarako balio du zehaztasunak, hunkitzea lortzen ez baduzu ?», galdetzen zuen duela gutxi El Mundo egunkarirako egindako elkarrizketa batean, eta musikaren aurreko jarrera hori bera bat dator bira honetan lagun duen bakarlariaren pentsamoldearekin, Patricia Kopatchinskaja-renarekin, alegia.
Patricia Kopatchinskaja (1977, Chisináun, Moldavia) nazioarteko izen handiko biolinista da, musika klasikoarekiko agertzen duen moldakortasunagatik eta ikuspegi berritzaileagatik ezaguna. Ama biolinista eta aita zinbalista zituen, eta sei urte zituela hasi zen biolina ikasten. 1989an Vienara emigratu eta, han, Musika eta Arte Dramatikoko Unibertsitatean jarraitu zuen ikasten. Geroago, Bernara joan zen ikasketak osatzera, eta Suitzako hiri horretan bizida gaur egun. Grammy baten irabazlea, Kopatchinskaja munduko orkestra onenekin aritu da bakarlari gisa: Vienako Orkestra Filarmonikoa, Berliner Philharmoniker, Estatu Batuetako orkestra handiak eta abar. Baina bere errepertorioa ez da zirkuitu sinfonikoko kontzertuetara mugatzen, musika barrokotik hasi eta konposizio garaikideetaraino zabaltzen baita. Bere emanaldiei aplikatzen dien antzerki-ikuspegiagatik ezaguna da, bere interpretazioei sakontasuna eta umorea ematen dien presentzia eszenikoarekin, esaterako, kontzertuetan oinutsik jotzen du zenbaitetan. Gainera, bere proiekzio artistikoa biolinetik haratago doa, izan ere, erregularki orkestrak zuzentzen ditu, programatzaile gisa jarduten du edo abeslari gisa ere aritzen da. Donostian debuta duen kontzertu honetan, Béla Bartóken Biolinerako 2. kontzertua joko du; Zoltán Székely hungariar biolinista handiarentzat konposatua, Bigarren Mundu Gerraren aurreko aldikoa da, eta nabarmena da horretan Bartóki nazismoaren aurrerapenak eragiten zion kezka, justu Estatu Batuetara emigratu aurretik. Garai hartan, eta aro modernistago eta erradikalago baten ondoren, Bartók hasia zen bere lanetan Ekialdeko Europako doinu folkloriko diatoniko eta eredu erritmiko gehiago txertatzen; agerian geratzen da hori 2. kontzertuko lehen konpasetan, biolinaren hasierako gai luze eta rapsodikoak berehala adierazten baitu bere jatorri hungariarra; hortik aurrera, kontzertuak aurrera egiten du soinu ederraren eta lirismo urratzailearen arteko oreka konplexu batean, eta batzuetan amets-fluxu hori bortizki eteten da, eta Bartókek bizitzen ari zen une historikoaren basakeriara eramaten gaitu. Askorentzat XX. mendeko biolinerako kontzertu handienetako bat da entzun gai izango den hori.
Bartóken obrarekin batera, eta Prokofieven Hebrear gaiei buruzko obertura laburraz gain, BFOren lehen kontzertuak Antonin Dvoraken Zazpigarren Sinfonia ere hartuko du. Konpositore txekiarra 1883ko abenduan Brahmsen Hirugarren Sinfonia estreinatu eta gutxira hasi zen bere Zazpigarren Sinfonia lantzen. Dvořáken asmoa bere ospea sendotzea zen, Simrockek merkatu britainiarrerako eskatzen zizkion bohemio koloreko musika arinak baino sona handiagoko lan batekin, arrakasta handia baitzuten horrelakoek bertan. Baina bazen Dvorak gehiago kezkatzen zuen kontu bat: «Zerbait errespetagarria izan behar du, ez baitiot Brahmsi huts egin nahi», idatzi zuen. Europako sinfoniagile handienaren mailan egoteko ahalegin horren fruitua izan zen bere sinfoniarik perfektuena, monumentu soil eta pitzadurarik gabekoa, baina horregatik bohemiar kolore herrikoiari uko egin beharrik gabe; 1885eko apirilean Londresen estreinatu zenean harrera beroa izan zuen.
Bigarren kontzertuan, abuztuaren 18an, Budapest Festival Orchestrak Mozarti eskainitako monografiko bat eskainiko du, eta Donostiako Orfeoiak Mozarten Requiem ospetsua interpretatuko du. Orfeoia Musika Hamabostaldiarekin harreman estuena duen talde koraletako bat da: 75 ediziotan aritu da, eta 1997an jaialdiak bere Urrezko Domina eman zion. Donostiako Orfeoiarekin batera, lau bakarlari nabarmenek osatzen dute ahotsaren atala: Anna Lena Elbert sopranoak, Olivia Vermeulen kontraltoak, Martin Mitterutzner tenorrak eta Hanno Müller-Brachmann baxuak.
Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem re minorrean, K. 626, musika klasikoko obrarik ospetsuenetako bat da, baina baita partitura enigmatiko bat ere. 1791n konposatua, Mozarten azken lana izan zen, eta hura osatu aurretik hil zen. Franz von Walsegg kondeak enkargatu zuen: hildako emaztearen oroimenez requiem meza bat nahi zuen. Mandatua mezulari misteriotsu baten bidez egin zen, eta horrek konposizioari buruzko kondaira ugari elikatu zituen. Mozartek, jada larriki gaixorik zegoenak, Requiemean lan egin zuen bere hileta-meza idazten ariko balitz bezala, eta obraren zati bat bakarrik osatzea lortu zuen, 1791ko abenduaren 5ean hil aurretik. Bere emazte Constanzek Franz Xaver Süssmayr Mozarten ikasleari eman zion amaitzeko enkargua, eta horrek heriotza-ohean maisuak emandako argibideetan eta utzitako zirriborroetan oinarrituta amaitu zuen konposizioa. Konposizioaren ziurgabetasun hori guztia gorabehera, 1793ko urtarrilaren 2an Vienan estreinatu zenetik, obra musika sakroaren errepertorioari egindako ekarpen bikainenetakotzat jo izan da, elementu lirikoak, dramatikoak eta erlijiosoak konbinatzen dituen maisutasunagatik. Dies Irae, Tuba Mirum, Rex Tremendae edo Lacrimosa bezalako pasarte iradokitzaileek musikaren historian gehien interpretatu eta grabatutako sorkuntzetako bat bihurtu dute Requiema.
Requiemaz gain, BFOk Mozarten 38. Sinfonia, Praga, interpretatuko du. 1787ko urtarrilean estreinatu zen Pragan, Mozartek hirira egindako bisitetako batean eta hortik datorkio ezizena. Hiriak estimu handia erakutsi izan zuen beti Mozartekiko. Ezohiko egitura du, hiru mugimendukoa laukoa izan beharrean, eta sinfonia Mozarten konposizio-heldutasunaren eta forma tradizionalen barruan berritzeko duen gaitasunaren adibidetzat hartzen da, hain zuzen ere, 39tik 41era bitarteko sinfoniek osatzen duten azken trilogiarekin ekoizpen sinfonikoaren muinera iritsi baino lehen.
Kontzertu hauetarako sarrerak Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus atarian eros daitezke.
