• 17 urterekin, Europako jaialdi eta agertoki garrantzitsuenetako batzuetan aritu da.
• Programak Beethoven, Schumann eta Scriabinen hiru sonata eta musika barrokoan inspiratutako Rachmaninoven bi pieza biltzen ditu.
• Sarrerak salgai Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus-en.
Donostiako Musika Hamabostaldiak hitzordu handia izango du bihar, abuztuak 19, astelehena, pianoarekin, Europako musika-zirkuituetan nabarmentzen ari den pianista gazte baten eskutik, Alexandra Dovganen eskutik, alegia. Beethoven, Schumann, Rachamninov eta Scriabinen obrak interpretatuko ditu jaialdian debuta izango duen ekitaldi honetan. Errezitala 20:00etan hasiko da, Victoria Eugenia Antzokian.
Alexandra Dovgan bere aparteko talentuarekin eta interpretazio-heldutasunarekin pianoaren mundua liluratu duen prodijioa da, eta bere belaunaldiko artista oparoenetako bat bezala finkatu da honezkero. 2007an jaio zen musikari familia batean eta lau urte zituela hasi zituen piano ikasketak. Bost urterekin, Moskuko Estatuko Kontserbatorioko Musika Akademia Zentraleko sarbide-probak gainditu zituenean eman zen ezagutzera, eta Mira Marchenko izan zuen irakasle. Alexandra nazioarteko bost lehiaketatan saritu dute, besteak beste, Moskuko Vladimir Krainev Nazioarteko Piano Lehiaketan, "Astana Piano Passion" Pianista Gazteen Lehiaketan eta "Intxaur-hauskailua" musikari gazteentzako Nazioarteko Telebista Lehiaketan. Alexandrak 10 urte besterik ez zituen "Grand Piano Competition" International Il Lehiaketan Grand Prix saria irabazi zuenean. Ekitaldi horren grabazioak nazioartean zabaldu ziren Medici TV eta Youtube bidez, eta mundu osoko musikariak eta piano-zaleak hunkitu dituzte.
Honezkero munduko kontzertu-aretorik ospetsuenetan aritu da, hala nola Berlin Philharmonie, Théâtre des Champ-Elysées Parisen, Concertgebouw Amsterdamen, Vienna Kontzerhaus, Victoria Hall Genevan, Konzerthuset Stockholmen, txalo zaparrada eta kritika bikainak jasoz. 2019ko uztailean Salzburgoko Jaialdian errezitala eman zuenetik, Alexandrak kritikoak eta ikusleak txunditu ditu nazioarteko debut-sorta nabarmenean: 2021eko ekainean, Gustavo Dudamel eta Mahler Chamber Orchestrarekin batera jo zuen, 2022ko irailean Japonian debutatu zuen Kioi Sinfonietta eta Trevor Pinnockekin, eta 2023ko apirilean Tonhalle Orkestrarekin batera aritu zen Zurichen, Paavo Jarviren gidaritzapean. Salzburgoko Mozarteum Orkestrarekin eta Trevor Pinnockekin, Stockholmeko Orkestra Filarmonikoarekin eta Ton Koopmanekin, Bartzelonako Sinfonikoarekin eta Kazushi Onorekin eta Slovenska Filharmonija eta Philipp von Steinaecker-ekin ere kolaboratu du.
Kritikak Dovganen jotzeko moduan heldutasun handia dagoela adierazi du, soinu ederra eta zehaztasun tekniko handia uztartzen dituen estilo oso zehatz batekin, eta modu soilean, nabarmenkeriarik gabe irakurtzen dituela partiturak, baina aldi berean era espontaneo eta sakonean. Hari buruz, Hamabostaldian ohikoa eta jaialdiko ikusleek oso maitatua den Grigory Sokolov bertutetsuak honako hau adierazi zuen: «Alexandra Dovgan pianistari nekez dei dakioke haur mirari, zoragarria bada ere, berak egiten duena ez baita haurren jolasa. Pertsona heldu baten interpretazioa da [...]. Alexandra Dovganen talentua oso harmoniatsua da. Zintzotasunez eta kontzentrazioz jotzen du. Etorkizun handia iragartzen diot».
Dovganek Victoria Eugenia Antzokian interpretatuko duen programak pianorako hiru sonata ditu ardatz, estiloaren hastapenetatik azkenaldietaraino Erromantizismoa zeharkatzen dutenak. Ludwig van Beethovenen 31. Sonata op.110 obrarekin hasiko da, konpositore horren sonatetako azken-aurrekoa; 1821eko bigarren seihilekoan konposatu zuen, bost urte geroago heriotza eragin zion gibeleko gaixotasunaren lehen sintomak ziren ikteriziak eta erreumak eragindako deserosotasunean. Opus 110en, Beethovenek malgutasun handiagoz esperimentatu zuen: deklamazio edo ia inprobisazio pasarteak, mugimendu beraren sekzioen arteko muga lausoagoak, mugimenduak lotzen zituzten ideia ziklikoen gainetik hegan egiten dutenak, eta instrumentuaren erabilera inoiz baino zabalagoa da. Konplexutasun horren ordaina bere arrakasta komertzial eskasa izan zen; izan ere pianistak ia 100 urte beranduago hasi ziren euren errezitaletan interpretatzen hasi.
XIX. mendean eta erromantizismo garaian aurrera eginez, Robert Schumannen 2. Sonata, op. 22 interpretatuko du Dovganek. Schumannek pianorako bakarrik konposatu zuen azken sorkuntza handia izan zen — 3. sonata, berez, lehenagokoa da — eta bere maisulan handienetako bat da. Bere emaztea izango zen Clara Wieck gaztearentzat idatzi zuen eta Schumannek kontu handia jarri zuen lan horren konposizioan, eta behin baino gehiagotan berrikusi zuen 1833 eta 1838 urte bitartean, pasioa zein oldartasuna modu berezian nahastuz, alde batetik, eta samurtasun ia lotsati batez, bestetik. Klarak azken bertsioa irakurri zuenean, honela idatzi zion senargaiari: «Zu maite zaitudan adina maite dut sonata; hain argi adierazten du zure izate osoa, eta, aldi berean, ez da ulergaitzegia».
Dovganek, azkenik, Erromantizismoaren amaierako sonata bat interpretatuko du: Alexander Scriabinen 2. sonata, op. 19. Nerabezarotik irten berritan, graduatu zen urtean, Scriabin Baltikoko kostaldera joan zen, eta itsasoarekin toko egin zuen lehenbiziko aldia Bigarren sonatarako inspirazio bilakatu zen. Bost urte, eta kostaldera beste bidaia batzuk igaro ziren konpositoreak 1897an «Sonata-Fantaisie» izenburupean argitaratu zen eskuizkribua amaitu zuenerako. Scriabinek azaldu zuenez, «lehen mugimenduak hegoaldeko itsas ertzean, gau baten lasaitasuna irudikatzen du. Garapena itsaso sakoneko, oso sakoneko astindu ilunak dira. Atal nagusiak, mi maiorrean, gaueko lehen iluntasunaren ondoren datorren ilargiaren argi laztangarria erakusten du. Bigarren mugimendua, Presto, ekaitzak astindutako ozeanoaren handitasuna islatzen du».
Erromantizismo aroa zeharkatzen duten hiru sonata horiekin batera, Dovganek Barrokoaren musika abiapuntutzat hartzen duten Sergei Rachmaninoven bi obra interpretatuko ditu: Johann Sebastian Bachen Preludioa, Gavota eta Giga konpositore errusiarraren bertsioan, eta Corelli bariazioak, op. 42.
Errezital honetarako sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eros daitezke.
