• Abuztuaren 8an, Landarbaso Abesbatzak eta bere haur taldeak Victoria Eugenia Antzokian haurrentzako opera berritzailea aurkeztuko dute.
• Emanaldiek nahiz tailerrek belaunaldi berrien inspirazioan eragin nahi dute; adierazpide artistikoa, ulermen emozionala eta, esan bezala, parte-hartze aktiboa sustatu nahian datoz.
Gaur haurren Hamabostaldia abiatzear da. Zikloak bost musika-emanaldi izango ditu, etxeko txikienen gozamenerako sortuak. Aurten Hamabostladiak haurrentzako ipuin-kontalaria eta tailerrak berreskuratuko ditu eta edizio honetan, haurrak eszenatokiaren jaun eta jabe izango dira Victoria Eugenia Antzokian, abuztuaren 8an izango den “Nora?” ikuskizunean. Aukera paregabea, non dibertsioak eta musikak bat egingo duten Donostian publiko familiarrari planik gozagarrienak eskaintzeko.
“NORA?” HAUR OPERA. VICTORIA EUGENIA ANTZOKIAN
Sorpresaz beteriko bidaia eskaini nahian, abuztuaren 8an, iluntzeko 19:00etan, “Nora?” euskarazko haur opera izango dugu Victoria Eugenia Antzokiko eszenatokian. Produkzio honetan, Landarbaso Abesbatzak protagonistak amonarenganako egingo duen bidaian bidaia-lagun izatera gonbidatzen gaitu. Bide horretan protagonistak izango dituen sentimenduak geuk ere bizitzera, poz handiena, fustrazioa, kezka eta beldurra... Gazte nahiz helduentzat irakasbidea dakar oinarrian: emozio hauek guztiak sentitu, bizi, komunikatu eta abesteak duen garrantzia. Musikaren bidez, sentimentuak identifikatu, adierazi eta besteekin partekatzeko gaitasuna deskubrituko du haurrak.
Musika Hamabostaldiaren bigarren astean Donostian plazaratuko den proiektua Maddalen Dorronsoro eta Laure Jekabsoneren elkarlana dugu. Laura Jekabsone letoniar konpositore ospetsua eta abesbatza-zuzendaria dugu, Landarbaso Abesbatzaren ohiko kolaboratzailea. Mundu osoan zehar eskola magistralak emateaz gain, eta ahots talde profesional baten lider izateaz gain, konpositore letoniarrak goi mailako hezkuntza zentroekin proiektu berezietarako elkarlanean aritzen da. Jekabsoneren obrak Asian eta Amerikan interpretatu dituzte eta bere herrialdean “State Choir Latvija” estatu mailako abesbatza entzutetsurako zenbait pieza konposatu ditu. Jekabsonek musikatu eta opera-lan honetarako egokitu dituen zenbait testu Marts Pujats idazlearenak dira, letoniar olerkari gaztearenak. Bere hainbat lan ingelesera, bulgarora eta errusiar hizkuntzara itzuli dira, eta artista gazteei emandako sari asko eskuratu ditu; entzutetsuena, bere herrialdeko Literatura Sari Nazionala. Ideia originaletik abiatuta, Donostiako Musika Hamabostaldian estreinekoz taularatzeko lanaren adaptazioa egin du Landarbaso Abesbatzak. Umezaroko emozioak, bizitzaren joana, dendora, eta emakumearen rola ditu ardatz haurrentzat eginiko ikuskizun honetan.
IPUIN KONTALARIA: “HIRU GANBERA-IPUIN”. KURSAAL
Abuztuaren 4an eta 26an Kursaal Auditorioaren foyerra 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzako ipuinen eszenatoki bihurtuko da. Jesus Guridiren hiru pieza herrikoiri bizia emango die Ander Edo kontalariak, Nerea Azona harpa-jotzailearen melodiak lagun izango dituelarik. Emanaldia euskaraz izango da eta ikuskizunean ahozko tradiziotik datozen ipuinen magiak eta ganbera-musikaren doinuek elkar hartuko dute esperientzia intimoa eta gozagarria eskaintzeko bertaratutako haur eta familia guztiei.
TAILERRA: “JOAN-ETORRIKO PERKUSIOA”. KURSAAL
Abuztuaren 8an eta irailaren 1ean Nerea Quincoces Ochoa perkusio-jotzailearen gidaritzapean tailer interaktiboa izango dugu Kursaal Auditorioko Foyerrean. Zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrek euren gorputzaz eta zenbait perkutsio-tresnen bitartez, erritmo kubatarrak eta Afrika Iparekialdeko erritmoak esploratzeko aukera izango dute. Bi hizkuntzatan egingo den tailerra esperientzia dibertigarria eta hezitzailea izango da.
Bost emanaldi hauetako sarrerak www.quincenamusical.eus web-orrian eskura daitezke. Baita Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.