[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Musika Hamabostaldia, entzun, a zer plana

  • Musika Hamabostaldiak musika eta dantza eskaintza zabala dakar, 70 ekitaldi baino gehiago, eta horien artean norberak bere jaialdia aukeratu eta diseinatu ahal izango du.
     
  • Kursaaleko ziklo sinfonikoak une gogoangarriak eragingo ditu, hala nola Mahlerren 8. sinfonia monumentala, eszenatokian 400 musikari bilduko dituena; eta bakarlari handien atalean, Pablo Ferrández, Mitsuko Uchida, Anne-Sophie Mutter, Grigory Sokolov eta Hilary Hahn izango dira, besteren artean.
  • Stravinskyren "Oedipus Rex" oratorio erdi antzeztuaren bertsio bat da jaialdiak aurten  ekoizpen propioaren alde egiten duen apustua, Per Poc txotxongilo konpainiak zuzendu eta sortua, eta Irène Jacob aktore frantsesaren parte-hartzearekin.
  • Dantza-eskaintzak kutsu abangoardista nabarmena hartzen du, Ballet Preljocaj-en “Beltxargen aintzira” balletaren bertsioa modernoari esker eta Tabakalera Dantzan zikloaren baitan Vera Tussing, Poliana Lima, Dani Hernández eta Blanca Arrietak sinatutako proposamen berritzaileei esker.
  • Victoria Eugenia Antzokian, Euskal Barrokensemblek antzinako musika herrikoiak biltzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du, Fallaren “El amor brujo” oinbarri hartuta, eta Landarbaso Abesbatzak “Nora?” haurrentzako opera aurkeztuko du, Haurren Hamabostaldiko ikuskizun nagusia.
  • Musika Garaikidearen Zikloan bost erabateko estreinaldi izango dira.
  • Aurten, Hamabostaldiaren Laguna izateak inoiz baino abantaila eta deskontu gehiago dakartza, baita sarrera solteak erostean eta abonuak erostean ere.

 

Udan, Donostia jaialdien hiri bihurtzen da, inoiz baino gehiago artea eta kultura zuzenean bizitzera gonbidatzen duen hiri. Eta, abuztu bakoitzean, Donostiako Musika Hamabostaldia da musika klasikoaz gozatzeko abagunea, baita beste musika batzuez, dantzaz eta beste arte diziplinez gozatzeko ere. Jaialdi irekia eta dinamikoa da eta kalitate-maila altuena dibertsifikazioarekin eta publiko gero eta zabalago batengana iristeko proposamenak bilatzearekin uztartzen ditu. Horrela, Hamabostaldia plan bikaina da abuzturako. Entzun, a zer plana!


Abuztuaren 3tik irailaren 1era, 84. Musika Hamabostaldia hiriko areto eta kultur gune nagusietan izango da, baita Gipuzkoako beste herri batzuetan ere, eta Araban, Nafarroan eta Lapurdin. 70 ekitaldi baino gehiago izango dira, bertako zein nazioarteko publiko eta artisten arteko topagune.
 

Sarreren salmenta orokorra ekainaren 8an, osteguna, hasiko da, 11: 30ean. Kontzertu guztietarako sarrerak www.musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira.

Aurten, Hamabostaldiaren Laguna izateak inoiz baino abantaila eta deskontu gehiago ekarriko ditu, baita sarrera solteen erosketan eta abonuen erosketan ere, % 25eko deskontua izango baitute sarrerak erostean.

 

KURSAAL AUDITORIOA: MAHLERREN 8.SINFONIAKO 400 MUSIKARIEN HANDITASUNETIK SOKOLOVEN PIANOAREN AURREKO INDIBIDUALTASUN BIKAINERA

 

Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloari hasiera emateko, Pablo Ferrández biolontxelo jotzaileak debuta egingo du jaialdian (abuztuaren 3an), Donostian, Rotterdam Philharmonic Orchestrarekin batera, Lahav Shani  horren zuzendari titular berriaren gidaritzapean. Bere garaian Asier Poloren ikasle izandakoa eta Anne-Sophie Mutterrek babesean hartutakoa, egun mundu osoko kontzertu-areto handietan gehien agertzen den espainiar bakarlarietako bat da Pablo Ferrández.

 

Rotterdam Philharmonic Orchestraabuztuaren 4an itzuliko da Kursaaleko agertokira, oraingo honetan Beethovenen 9. Sinfonia, “Korala” atriletan dutela. Partitura hori errepertorio klasiko osoko piezarik ezagunenetakoa da publiko zabalarentzat, bere azken mugimendu famatuari esker: "Alaitasunerako ereserkia". Era berean, jaialdian gehien interpretatu den pieza sinfoniko-korala da, 1940an lehen aldiz interpretatu zenetik, bigarren edizioan. Rotterdamgo Filarmonikoarekin batera ariko dira: Chen Reiss soprano israeldarra, Kursaaleko ziklora itzuliko den Carmen Artaza mezzo donostiarra, Matthew Newlin tenore estatubatuarra eta Jose Antonio López baritono murtziarra, baita Donostiako Orfeoia ere. Guztiak Lahav Shani gaztearen zuzendaritzapean.

 

Ballet Preljocaj konpainiak abuztuaren 7an Beltxargen aintzira aurkeztuko du, konpainiaren sortzaile eta zuzendari Angelin Preljocaj-ek klasikoa oinarri hartuta ondutako bertsioan. Beltxargen aintzira (2020) lanarekin, Preljocaj-ek printzesa-beltxargaren mitoaren ikuspegi pertsonalena eskainiko du, ballet narratibora itzulita. Jatorrizko obrari leial bada ere, Odette-n eta Sigfrido printzearen istorioa gaur egungo gizartera eramaten du, gai sozioekonomikoengatik eta ingurumenagatik kezkatutako gizartera, hain zuzen. Horretarako, Tchaikovskyren maisulana soinu-efektu garaikideekin nahasten du.

 

Chamber Orchestra of Europe orkestrak kutsu klasikodun kontzertua emango du Hamabostaldian (abuztuak 8), Beethovenen eta Sibeliusen arteko kontrasteekin jokatzen duen programa eskuartean duela. 1981ean sortu zen, Claudio Abbadoren bultzadaz; egun 60 bat musikarik osatuta, ez du zuzendaritza titularrik eta bere izaera proiektu bakoitzean lankide dituen zuzendari eta bakarlarien arabera garatzen da. Oraingo honetan Daniel Harding maisuaren zuzendaritzapean dator; Suediako Irratiko Orkestrako zuzendari artistiko eta musikala, Orchestre de la Suisse Romandeko zuzendari egoiliarra eta Mahler Chamber Orchestrako zuzendari saritua, aurrez ere izana da Harding Musika Hamabostaldian.

 

Abuztuaren 16an, Grigory Sokolov pianistak errezital bat emango du, piano modernoan gutxi interpretatutako Purcell konpositore barrokoaren eta Mozarten, errusiar pianista handiaren konpositore kuttunenetakoaren lanekin. Zalantzarik gabe, une honetan Sokolov da munduko piano-jotzailerik txalotuena eta eskatuena. Zorrotza, perfekzioaren bilaketan amore ematen ez duena eta soila bere keinuetan, aparteko artista da, eta publikoarekin oso eskuzabala: emanaldi bakoitzaren ondoren bis ugarirekin eskertu ohi du bertaratutakoen harrena beroa.

 

Mahlerren 8. Sinfoniak eta bere handitasuna izango dira edizio honetako bigarren hitzordu sinfoniko-koral handiaren muina (abuztuak 18): 400 pertsona inguru izango dira eszenatoki gainean, post-erromantizismoko autore garrantzitsuenetako baten piezarik enblematikoenetako bat interpretatzeko. Bere tamaina izugarria dela eta, “Milakoena” bezala ere ezaguna dena gutxitan sartzen da auditorio edo jaialdien programazioan. Sinfonia etenik gabeko bi zatik osatzen dute: lehenengoan, latinez abestutako erlijio-ereserki bat, eta, bigarrenean, Goetheren Faustoren azken eszenak, alemanez abestuak. Hori interpretatzeko, Hamabostaldiak bildu ditu, Robert Treviñoren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa arlo instrumentalean; Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza abesbatza-pasarteetarako eta ahots bakarlarien pasarteetarako Sarah Wegener, Mojca Erdmann eta Miren Urbieta-Vega sopranoak, Justina Gringyte mezzosopranoa, Claudia Huckle kontraltoa, Aj Glueckert tenorra, José Antonio López baritonoa eta Mikhail Petrenko baxua.

 

Abuztuaren 20an pianoko beste izen handienetako bat Kursaal Auditoriora itzuliko da: Mitsuko Uchida; baina oraingoan Jonathan Bissekin lau eskutara interpretatuko duen Schuberten programa monografiko batekin. Errezitaldi hau bakarra izango da Espainian, eta hiru egun geroago Salzburgoko Jaialdian emango dute. Mitsuko Uchidaren emanaldi hau 2021eko Hamabostaldian eta joan den urtarrilean Kursaal Eszenan eman zituenei gehitzen badiegu, pianista anglo-japoniarra hiru erregistro ezberdinetan ikusi ahal izango dugu: errezitaldian, orkestra batekin kontzertuan eta lau eskutara. Kontzertu hau Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskadi Japonia 2023 ekimenaren programazio kulturalaren parte da.

 

Hamabostaldiak ekoizpen propioaren bidez pieza eszeniko berrien sorkuntza sustatzen darrai, edizio honetan Per Poc Kataluniako txotxongilo konpainiak sortu eta zuzendutako Oedipus Rex oratorio erdi eszenaratuaren bertsio berri baten erabateko estreinaldiarekin (abuztuaren 24a). Sofoklesen izen bereko tragedian oinarritutako Oedipus Rex bere opera-oratorioarentzat, Stravinskyk musikaz jantzi zuen, konpositoreak berak hala eskatuta, Jean Cocteauk moldatutako testua; Cocteauk, gainera, argumentua laburbiltzen duen narratzailearen pertsonaia gehitu zuen. Santi Arnalek eta Anna Fernándezek sortu eta zuzendutako Per Poc konpainia jatorrizko lanaren herstura eta hieratismoaren kontzeptutik abiatzen da eta antzerki estatikoan oinarritutako bertsio bat aurkezten du, ia estatuena. Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak oratorioa interpretatuko dute, baita Ediporen paperean Peter Marsh tenorra buru duen ahots bakarlari talde batek ere. Irène Jacob aktore eta abeslari frantziarrak egingo du narratzailearen rola.

 

Jaialdiaren azken txanpan, Anne-Sophie Mutter Kursaalera itzuliko da, Mutter 's Virtuosi bere kamera-taldearekin (abuztuak 26), aurten bere 60. urtebetetzea ospatzeko egiten ari den nazioarteko biran murgilduta. Hamalau hari musikarirekin batera, Vivaldi, Bachzein Bologneren lanak joko ditu eta baita Andre Previnen Nonet ere, musikagileak Mutterri berari eskainitakoa.

 

Kursaal Auditorioko kontzertu-zikloari amaiera emateko, Die Deutsche Kammerphilharmonie Bremen taldea bitan izango da Donostian, Omer Meir Wellber-en gidaritzapean. Lehenengo kontzertuan (abuztuak 29) Hilary Hahn biolinista izango da bakarlari gonbidatua; Mozarten Biolinerako 5. kontzertua, “Turkiarra” eta Aziza Sadikova uzbekatarraren “Labyrinthe du temps” obra interpretatuko dituzte, egun batzuk lehenago Bremenen estreinatuko dituztenak; egitarauaren osagarri izango dira Mozarten Don Giovanni eta Schuberten Bigarren Sinfonia. Deutsche Kammerphilharmonie Bremen-en bigarren kontzertuko (irailaren 1ean) pieza nagusia Haydnen katalogo zabaleko obra gailentzat jotzen den Nelson Meza izango da, Andra Mari Abesbatzarekin eta nazioarteko bakarlari talde batekin batera interpretatuko duena.

 

VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA: FALLAREN MUSIKAREN IKUSPEGI BERRI BAT ETA HAURREN HAMABOSTALDIKO IKUSKIZUN NAGUSIA

 

Abuztuaren 8an, Victoria Eugenia Antzokian izango da aurtengo Haurren Hamabostaldiko ikuskizun nagusia. Landarbaso Abesbatzak eta Kontarik, abesbatzaren haurrentzako sailak, “Nora?” ikuskizuna aurkeztuko dute. Laura Jekabsone eta Maddalen Dorronsororen ideia bat funtsean, eta Laura Jekabsonek berak musikaz jantzita, euskarazko haurrentzako opera honek sorpresaz beteriko bidaia izugarri bat proposatzen du: hasiera batean amonari bisita egiteko tren bidaia arrunta izango zena, sentitzeko eta bizitzeko emozioz beteriko ibilbide bihurtuko da.

 

Abuztuaren 28an, Enrike Solinísek sortu eta zuzentzen duen Euskal Barrokensemble taldeak, bereziki barroko garaiko musika berreskuratze lanean espezializatutako taldeak “El amor brujo: esencias de la música de Manuel de Falla” ikuskizuna eszenaratuko du. El amor brujo (Sorgin maitasuna) partituraren egileak sinatutako ganbera musikarako bertsio baten inguruan, Euskal Barrokensemblek hainbat konpositoreren lanen zatiak harilkatu ditu, hala nola Rodrigoren Concierto de Aranjuez (Aranjuezko Kontzertua), cantaora bat eta bailaora bat lagun zituela. Solinísen hitzetan: «Haisera batean deigarria gerta daiteke ensemble barroko batek Manuel de Falla interpretatzea, baina ez, ordea, Fallaren beraren helburu estetikoak kontuan hartzen baditugu».

 

ZIKLOAK: GUSTU GUZTIETARAKO PROPOSAMENAK

 

Hamabostaldiko ziklo espezializatuak publikoak proposamen paregabeak aurkituko dituen beste askotariko gune horiek dira: musika zaharretik garaikidera, organo-musikatik dantzarik abangoardistenera; errezitaldiak San Telmo Museoan, ganbera-kontzertuak Chillida Lekun, Cristobal Balenciaga Museoan, Senperen, Arantzazun, Urrestillan edo Iekorako (Araba) baseliza txiki batean.

 

Organo Zikloa


Ana Belén Garcíak, ziklo honetako arduradun artistikoak, ibilbide berri bat diseinatu du Gipuzkoako ondare aberatsa osatzen duten organoetako batzuetatik. Donostian ez ezik, Deban, Ataunen, Tolosan, Azpeitian, Azkoitian eta Usurbilen ere izango dira kontzertuak. Munduko hainbat lekutatik etorritako lehen mailako 15 organistak hartuko dute parte edizio berri honetan, eta horietako bederatzik lehen aldiz parte hartuko dute: Ana Belén García (Thierry Biscaryrekin batera), Thomas Trotter, Esteban Landart, Jesús Gonzalo (Eate Abesbatzarekin), Felix Hell, Daniel Roth, Jean-Baptiste Robin, Jonathan Scott (Tom Scottekin batera), Eric Lebrun, Alize Mendizabal (Koruko Santa Maria Musika Kaperarekin), Mami Sakato, Joonho Park, Davis Cassan eta Monica Melcova (Alaia Martin eta Andoni Egañarekin batera).


Kontzertuen zikloarekin batera, abuztuaren 7tik 11ra Organo Erromantikoaren Nazioarteko 39. Ikastaroa egingo da, Daniel Rothek zuzenduko duena eta ohiko Ikasleen Kontzertuarekin amaituko dena.


Antzinako Musika Zikloa


Abuztuaren 5etik 27ra bitartean, San Telmo Museoak antzinako musika aitzaki duten bost kontzertu hartuko ditu. Abuztuaren 5ean, Jorge Jiménezen zuzendaritzapean, Tercia Realidad taldeak Farinelliren esentzia eta bere musika berreskuratuko ditu biolinaren soinuaren bidez, 1720ko eta 1730eko hamarkadetan castratorako idatzitako errepertorioarekin. Abuztuaren 9an, Brezza taldeak “El arte de preludiar” (preludioak egiteko artea) programa interpretatuko du, Couperin, Abel, Morel, Haendel, Leclair, Ramea eta abarren lanekin. Abuztuaren 11n, Raquel Anduezak eta La Galaniak “Seguace d 'amore” aurkeztuko dute. Abuztuaren 19an, Daniel Zapicok, Carlos Mena kontratenorrarekin batera, "La Nouvelle Musique" aurkeztuko du: Frantziako barrokoaren pieza originalak tiorba eta ahotserako musikaren orrialde berri bihurtuak transkripzioaren teknikaren bidez. Zikloa Vivid Consort flauta hirukoteak itxiko du; abuztuaren 27an “Sundrie” interpretatuko du (Errenazimentuko eta Erdi Aroko musikan oinarritutako programa), Errenazimentuko konpositore ingelesen piezak biltzen dituena, hala nola Cornish, Dowland edo Morley.


Ganbera Musika Zikloa


Ganbera Musika Zikloaren ohiko egoitza ere San Telmo Museoan dago. Abuztuaren 10etik 23ra bitartean, klaustroak bost kontzertu hartuko ditu. Abuztuaren 10ean, Cuarteto Trifolium laukoteak, ikuspegi historizista batetik, hari-laukoteak hasieratik Mozarteraino izan duen bilakaera erakutsiko du, honek Haydni eskainitako serieko lehen laukotearekin. Abuztuaren 13an, Francisco Fernández-Ruedak (tenorra), Andoni Mercerok (biolina) eta Susana Garciak (pianoa), Nacedo hari-hirukotearekin batera, Vaughan Williamsen “On Wenlock Edge” zikloan oinarritutako kontzertu bat emango dute. Abuztuaren 17an, Cuarteto Bretón laukoteak izena ematen dion musikagilearen heriotzaren mendeurrena oroituko du, bere lanen aukeraketa batekin, Brahmsen kuartetoekin batera interpretatuko duena. Abuztuaren 21ean, Judith Jáuregui pianista donostiarrak, Soyoung Yoon biolinjotzaileak eta Nadège Rochat biolontxelojotzaileak XIX. mende amaierako egileen lanak interpretatuko dituzte: Arensky, Debussy eta Brahms. Eta, amaitzeko, abuztuaren 23an, Josu de Solaunek (pianoa) eta Adolfo Gutiérrez Arenasek (biolontxeloa) beren proiekturik pertsonalena aurkeztuko dute, XIX. mendeko egile erromantikoak ere ardatz hartuta: “Loss & Love” diskoa. Esprientzia pertsonaletik abiatuta galera eta maitasuna lantzen dituena.

 

Tabakalera Dantzan

 

Kursaal Auditorioarekin batera, Tabakalera izango da 84 Musika Hamabostaldiko dantza-eskaintzaren erreferentziazko egoitza. Abuztuaren 17tik 22ra, Patioan eta eraikineko beste espazio batzuetan edizio honetako lau dantza proposamen bilduko dira, sorkuntza koreografikoaren eta ikusizko arteen arteko fusioan. Abuztuaren 17an, Vera Tussing belgikarrak “The Palm of your hand” aurkeztuko du, proposamen berritzailea, dantza eta ukimena publikoarekin elkarreragiteko eta esperientzia ezberdin eta paregabea eskaintzeko erabiltzen dituen moduagatik. Abuztuaren 18an (goizeko eta arratsaldeko saio bikoitzean), Poliana Limak, Madrilen bizi den koreografo, dantzari eta irakasle brasildarrak, “Las cosas en la Distancia” aurkeztuko du, espaziora egokituz errepikapenera eta eraldaketara jotzen duen dispositibo koreografikoa; hilaren 18an ere, arratsaldean, Dani Hernándezek "Cordoba Drone" interpretatuko du, pieza ibiltaria Tabakalerako hainbat espaziotan zehar, garaikidearen eta flamenkoaren artean. Zikloak, lehen aldiz, sorkuntza-egoitza bat hartuko du, eta koreografo bati lanerako espazio bat eskainiko dio, Tabakalerako espazioekin lotzen den proiektu bat gara dezan: Blanca Arrieta koreografoak “Arte Ederren Bilboko Museoa – Tabakalera. That Time” erakusketaren inguruan eta horretatik abiatuta lan egingo du; eta emaitza abuztuaren 19, 20 eta 22an erakutsiko du publikoaren aurrean.

 

Interprete Gazteen Zikloa

 

Abuztuaren 22tik 25era, Hamabostaldiak gazteei eskaintzen dien atala aukera ezin hobea izango da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleen kalitatea egiaztatzeko, aurtengo zikloa osatzen duten bost kontzertuetako interpreteek lotura estua baitute prestakuntza-zentro horrekin. Abuztuaren 21ean Claudia Besné harpa jotzaileak Nicanor Zabaleta omenduko du; abuztuaren 22an June Agirrek Bach, Mertz, Berkeley, Barrios, Albéniz, Tárrega eta Machadoren piezak joko ditu gitarrarekin; abuztuaren 23an Cadenza Quartet saxo laukoteak Grieg, Dvorak eta Desenclos taldeen piezak eskainiko ditu; abuztuaren 24an Ismael Gilek piano errezitaldia emango du eta abuztuaren 25ean Kirudat Duo perkusio bikoteak itxiko du zikloa Koshinski, Koppel, Ravel, García-Tomás, Dulas, Viñao eta Marinoren musikarekin.

 

INAUGURAZIO JARDUNALDIA

 

Abuztuaren 3an, Kursaaleko ziklo sinfonikoaren eta Debako organo-zikloaren irekierez gain, Musika Hamabostaldiari hasiera emateko doako kontzertuak izango dira hiriko hainbat tokitan: eguerdian, Anacronía Ensemblek ganbera-kontzertua emango du udaletxeko osoko bilkuren aretoan; arratsaldean, agertoki berean, Nacho Castellanos & Gato Murr taldeak ahots, bioloi eta klabe errezitaldia emango du; eta, ondoren, udaletxeko terrazan, Kresala Dantza Taldeak euskal nabigazioaren Urrezko Aroaren inguruko “Zerumugan” ikuskizuna taularatuko du; San Bizente elizan Vocalia Taldeak “Anima sakra” programa kantatuko du (Mendelssohn, Poulenc eta Arnesen obrak).


Gainera, pandemiak behartutako geldialdiaren ondoren, bueltan da Hamabostaldi Solidarioa, kantaldiak izango dira Zorroaga eta Aldakonea egoitzetan.

 

HAURREN HAMABOSTALDIA


Haur eta familientzako eskaintza Landarbaso Abesbatzak abuztuaren 8an Victoria Eugenia Antzokian eszenaratuko duen “Nora?” haurrentzako operak eta Kursaalean egingo diren bi proposamenek osatzen dute: Ander Edoren eta Nerea Azkonaren “Hiru ganbera-ipuin” ipuin-kontaketa (abuztuaren 4an eta 26an) eta Nerea Quincocesen “Joan-etorriko perkusioa” tailerra (abuztuaren 8an eta irailaren 1ean).


MUSIKA AITZAKI: 16 KONTZERTU DONOSTIATIK KANPO


Hamabostaldiak aspaldi hartu zuen asmoa bere musika eskaintza hiritik haratago eraman eta, Musika Aitzaki zikloari esker, Gipuzkoa osora irekia izateko, baita Arabara eta Nafarroa eta Lapurdiko herrietara ere. Aurten, Gipuzkoan, ohi bezala Zumaia, Getaria edo Azpeitian izateaz gain, Urrestilla eta Orion ere izango dira; barrokoaren musikatik hasi eta XX. mendeko obrak barne hartzen dituen errepertorioa toki horietara iritsiko da Donosti Ensemble, Duo Cassadó, Intonationes taldea eta Iruñeko Ganbera Abesbatzaren eskutik. Abuztuaren 4tik 26ra bitartean, Iekora, Araia, Laudio, Argantzun, Aramaio eta Gaubeara iritsiko da Hamabostaldia Araban. Abuztuaren 19an, Leireko monasterioko organoa izango da protagonista Juan de la Rubiak eta Xabier Urtasunek emango duten kontzertuan; eta Senperen, Hamabostaldiaren presentzia bikoitza izango da, Easo Emakumeen Abesbatzarekin (abuztuaren 5ean) eta Judith Jáureguirekin. (abuztuaren 27a). Chillida Lekun Cuarteto Gerhard laukoteak Shostakovitxen kuartetoen integrala osatu bidean, beste bi emanaldi berri emango ditu (abuztuak 25 eta 27). Arantzazun, Hamabostaldiaren tradizio handieneko hitzorduan, Conductus Ensemblek, Andoni Sierrak zuzendutako ahots taldeak, Vivaldiren katalogoko pieza erlijiosoen aukeraketa bat joko du (abuztuaren 23an). Eta urteroko txangoak Done Jakue bideri helduko dio berriz ere (abuztuaren 20an): Irungo Santiago zubian hasi eta Gurutzerainoko (Oiartzun) ibilbidea egingo da.

 

#SOLasean
 

#SOLasean ekimenak musika klasikoa inoiz zuzenean gozatzeko aukera izan ez dutenei hurbildu nahi die, kontzertu batera gonbidatuz eta, horrela, afizioa sortu. Talde txikietan, eta aldez aurretik izena emanda, jarduera honetan parte hartzen dutenek ondoren gozatuko dutenari buruzko azalpen labur bat jasoko dute sarreran eta, kontzertura joan ondoren, berriro elkartuko dira esperientzia partekatzeko. Ekimen honetan parte hartu eta Hamabostaldiaren esperientzian lehen aldiz murgildu nahi dutenek gure webgunean eman dezakete izena.

 

SARREREN SALMENTA

 

Sarreren salmenta orokorra ekainaren 8an, osteguna, hasiko da, 11: 30ean. Sarrerak www.musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira.

 

ABANTAILA ETA DESKONTU BERRIAK HAMABOSTALDIKO LAGUNENTZAT

 

Aurtengo edizioan, Musika Hamabostaldiak jaialdiaren Lagunei zuzendutako abantailak eta deskontuak indartu ditu abonuak zein sarrera solteak erosteko orduan.

 

Abonuak Kursaal Auditorioko zikloa osatzen duten hamaika kontzertuetako 10 emanaldi hartzen ditu barne eta berau erosteak % 25eko aurrezkia dakar kontzertu horietarako sarrera solteak erostearekin alderatuta; gainera, Kursaal Auditorioko abonutik kanpoko saiorako sarrera % 20ko deskontuarekin erosteko eta 2 sarrera gehigarri % 10eko deskontuarekin erosteko eskubidea ematen du abonuak.

 

Sarrera solteak erostea erabakitzen duten Lagunek, lehen aldiz, % 10eko deskontua izango dute Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugenia Antzokiko kontzertuetarako sarrerak erosterakoan. Eta Lagun guztiek, abonua eskuratu ala ez, Hamabostaldiko gainerako zikloetako kontzertu bakoitzerako sarrera solte bat eskatu ahal izango dute.

 

 

 

GUZTION ESKURA

Hamabostaldiaren konpromisorik handiena sostengatzen duten herritarrekiko hartutakoa da. Horregatik, bere ahaleginik handienetako bat askotariko edizio bakoitzean biltzen duen eskaintza kalitatezko hori eskuragarria izan dadin ahalbidetzean datza. Prezio oso lehiakorrak izateaz gain, (Kursaaleko ziklo sinfonikorako sarrerak 11,60 eurotik gora eros daitezke) Hamabostaldiaren eskaintzaren zati bat doakoa da. Doakoak dira Inaugurazio Eguneko kontzertuak (Kursaal Auditorioko kontzertua izan ezik), Organo zikloko kontzertu guztiak eta Tabakalera Dantzan eta Musika Aitzaki zikloko hitzordu batzuk.

 

Gainera, 30 urtetik beherakoek Ordu Gazteaz balia daitezke: 3 euroko sarrerak erosi ahal izango dituzte Kursaal Auditoriumerako eta Victoria Eugenia Antzokirako (abuztuaren 8ko “Nora?” haurrentzako kontzerturako izan ezik), egun bakoitzeko ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, dagozkien leihatiletan. Txarteldegian eserlekuak izatearen baldintzapean eta aldez aurretik adina egiaztatuta. 30 urtetik gorako langabeek ere eskuratu ahal izango dute sustapen hori, aldez aurretik inskripzio-aldien ziurtagiri eguneratua aurkeztuta.