• Mahlerren 8. Sinfonia erraldoiak 400 musikari bilduko ditu Kursaaleko oholtza gainean.
• Stravinskyren Oedipus Rex oratorio erdi-eszenaratuaren bertsio berri bat izango da aurten jaialdiak aurkeztuko duen berezko ekoizpena, Per Poc txotxongilo-konpainiak zuzendua eta sortua eta Irène Jacob aktore frantsesa narratzaile dela.
• Bakarlari handien atalean, Pablo Ferrández-ek Hamabostaldian debuta egingo du Rotterdamgo Filarmonikoarekin batera; Mitsuko Uchidak lau eskutara interpretatuko du Jonathan Bissekin; Anne-Sophie Mutterrek bere 60. urtebetetzea ospatuko du bere kamera-taldearekin; beti harrera bikaindun Grigory Sokolov-ek errezitala emango du, eta Hilary Hahn gurera itzuliko da, Deutsche Kammerphilharmonie Bremenen eskutik.
• Dantza Kursaal Auditoriora itzuliko da, Angelin Preljocajek sinatutako Beltxargen aintzira lanaren bertsio abangoardista batekin.
• Victoria Eugenia Antzokian, Euskal Barrokensemblek antzinako musikak eta musika herrikoiak biltzen dituen ikuskizun bat aurkeztuko du, Fallaren El amor brujo oinarri hartzen duena.
• Hamabostaldiaren Lagunek abantaila eta deskontu berriak dituzte aurten, eta apirilaren 26ra arteko epea dute abonuak eta sarrera solteak erreserbatzeko.
Abuztuaren 3an, ostegunarekin, hasi eta irailaren 1ean ostiralarekin amaituko den Hamabostaldiaren eskaintza zabala eta askotarikoa izango da: 70 emanalditik gora, ohiko kontzertu-zikloetan banatuta (ganbera musika, antzinakoa, garaikidea, Tabakalera Dantzan eta abar), eta horiei gehitu behar zaie, halaber, 39. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroa. Abuztuan zehar, Hamabostaldiak publiko guztientzako musika eta dantza eramango ditu hiriko areto eta kulturgune nagusietara eta, Musika Aitzaki zikloari esker, kontzertuak izango dira Gipuzkoako beste herri batzuetan, Araban, Nafarroan eta Lapurdin. Horrela, Hamabostaldiak zuzeneko kulturaz gozatzeko une aproposa bihurtzen du abuztua; hilabete osoan zehar, publikoaren eta bertako zein nazioarteko artisten arteko topagune da jaialdia, musika klasikoko une gogoangariak partekatzeko abagunea.
Aurten, Musika Hamabostaldiak Lagunentzako abantaila eta beherapenen politika indartu du, eta % 25rainoko deskontua izango dute sarrerak erosterakoan.
Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloari hasiera emateko, Pablo Ferrández biolontxelo jotzaileak debuta egingo du jaialdian (abuztuaren 3an), Donostian, Rotterdam Philharmonic Orchestrarekin batera, Lahav Shani horren zuzendari titular berriaren gidaritzapean. Egun mundu osoko kontzertu-areto handietan gehien agertzen den espainiar bakarlarietako bat da Pablo Ferrández. Ferrándezek Shostakovitxen Biolontxelorako 1. kjontzertua interpretatuko du; 1959an estreinatu zuen Rostropovichek, konpositoreak hari eskainita. Kontzertua osotzeko, Tchaikovskyren 6. Sinfonia, "Patetikoa" izango da entzungai, haren katalogoa osatzen dutenen artean ezagunena.
Rotterdam Philharmonic Orchestra abuztuaren 4an itzuliko da Kursaaleko agertokira, oraingo honetan Beethovenen 9. Sinfonia, “Korala” atriletan dutela. Partitura hori errepertorio klasiko osoko piezarik ezagunenetakoa da publiko zabalarentzat, bere azken mugimendu famatuari esker: "Alaitasunerako ereserkia". Rotterdamgo Filarmonikoarekin batera ariko dira: Chen Reiss soprano israeldarra, Kursaaleko ziklora itzuliko den Carmen Artaza mezzo donostiarra, Matthew Newlin tenore estatubatuarra eta Jose Antonio López baritono murtziarra, baita Donostiako Orfeoia ere. Guztiak Lahav Shani gaztearen zuzendaritzapean; horrek 2020an Zubin Mehta ordezkatu zuen Israelgo Orkestra Filarmonikoko musika zuzendari musikal gisa, eta Municheko Filarmonikaren hurrengo titularra izango da, Valery Gergieven ordez.
Ballet Preljocaj konpainiak abuztuaren 7an Beltxargen aintzira aurkeztuko du, konpainiaren sortzaile eta zuzendari Angelin Preljocaj-ek klasikoa oinarri hartuta ondutako bertsioan. 1985ean bere konpainia sortu zuenetik, koreografo frantziar honen ibilbidea bere proposamenen berritzailetasunagatik eta horien nazioarteko oihartzunagatik bereizten da. Jatorrizko obrari leial bada ere, Odette-n eta Sigfrido printzearen istorioa gaur egungo gizartera eramaten du, gai sozioekonomikoengatik eta ingurumenagatik kezkatutako gizartera, hain zuzen. Horretarako, Tchaikovskyren maisulana soinu-efektu garaikideekin nahasten du.
Chamber Orchestra of Europe orkestrak kutsu klasikodun kontzertua emango du Hamabostaldian (abuztuak 8), Beethovenen eta Sibeliusen arteko kontrasteekin jokatzen duen programa eskuartean duela. Daniel Harding maisuaren zuzendaritzapean dator, Suediako Irratiko Orkestrako zuzendari artistiko eta musikala, Orchestre de la Suisse Romandeko zuzendari egoiliarra eta Mahler Chamber Orchestrako zuzendari saritua.
Abuztuaren 16an, Grigory Sokolov pianistak errezital bat emango du, piano modernoan gutxi interpretatutako Purcell konpositore barrokoaren eta Mozarten, errusiar pianista handiaren konpositore kuttunenetakoaren lanekin. Zalantzarik gabe, une honetan Sokolov da munduko piano-jotzailerik txalotuena eta eskatuena. Zorrotza, perfekzioaren bilaketan amore ematen ez duena eta soila bere keinuetan, aparteko artista da, eta publikoarekin oso eskuzabala.
Mahlerren 8. Sinfoniak eta bere handitasuna izango dira edizio honetako bigarren hitzordu sinfoniko-koral handiaren muina (abuztuak 18): 400 pertsona inguru izango dira eszenatoki gainean, post-erromantizismoko autore garrantzitsuenetako baten piezarik enblematikoenetako bat interpretatzeko. Bere tamaina izugarria dela eta, gutxitan sartzen da auditorio edo jaialdien programazioan eta obra handi honetaz zuzenean gozatzeko aukera paregabea izango da aurtengoa. Sinfonia etenik gabeko bi zatik osatzen dute: lehenengoan, latinez abestutako erlijio-ereserki bat, eta, bigarrenean, Goetheren Faustoren azken eszenak, alemanez abestuak. Hori interpretatzeko, Hamabostaldiak bildu ditu Euskadiko Orkestra eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa arlo instrumentalean; Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza abesbatza-pasarteetarako eta ahots bakarlarien pasarteetarako Sarah Wegener, Mojca Erdmann eta Miren Urbieta-Vega sopranoak, Justina Gringyte mezzosopranoa, Claudia Huckle kontraltoa, Aj Glueckert tenorra, José Antonio López baritonoa eta Mikhail Petrenko baxua.
Abuztuaren 20an pianoko beste izen handienetako bat Kursaal Auditoriora itzuliko da: Mitsuko Uchida; baina oraingoan Jonathan Bissekin lau eskutara interpretatuko duen Schuberten programa monografiko batekin. Errezitaldi hau bakarra izango da Espainian, eta hiru egun geroago Salzburgoko Jaialdian emango dute. Mitsuko Uchidaren emanaldi hau 2021eko Hamabostaldian eta joan den urtarrilean Kursaal Eszenan eman zituenei gehitzen badiegu, pianista anglo-japoniarra hiru erregistro ezberdinetan ikusi ahal izango dugu: errezitaldian, orkestra batekin kontzertuan eta lau eskutara. Kontzertu hau Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskadi Japonia 2023 ekimenaren programazio kulturalaren parte da.
Hamabostaldiak ekoizpen propioaren bidez pieza eszeniko berrien sorkuntza sustatzen darrai, edizio honetan Per Poc Kataluniako txotxongilo konpainiak sortu eta zuzendutako Oedipus Rex oratorio erdi eszenaratuaren bertsio berri baten erabateko estreinaldiarekin (abuztuaren 24a). Santi Arnalek eta Anna Fernándezek sortu eta zuzendutako Per Poc konpainia jatorrizko lanaren herstura eta hieratismoaren kontzeptutik abiatzen da eta antzerki estatikoan oinarritutako bertsio bat aurkezten du, ia estatuena; ekintza museo arkeologiko bateko areto batean kokatzen du. Per Poc-en proposamen artistikoan kantaria estatua bihurtzen da, eta kantariak musikak zein interprete bakoitzaren ahots-indarrak bultzatutako mugimendua hartzen du. Erik Nielsenen zuzendaritzapean, Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak oratorioa interpretatuko dute, baita Ediporen paperean Peter Marsh tenorra buru duen ahots bakarlari talde batek ere. Irène Jacob aktore eta abeslari frantziarrak egingo du narratzailearen rola; esaterako Kiewsloski bezalako zuzendariekin ibilbide zinematografiko zabala izateaz gain (Gorria, Veronicaren bizitza bikoitza…), Jacob sarri aritzen da eszenatokiaren gainean ere: Stravinskyren Persephone interpretatu du Robert Craftekin (Stravinskyren ahozaina eta oinordeko musikala) New Yorkeko Lincoln Centerren edo Joana Arkukoa Palermoko Operan eta Salzburgoko Jaialdian Honnegerren sutan, eta antzerkiari dagokionez, Cocteauren La voz humana ere antzeztu du.
Jaialdiaren azken txanpan, Anne-Sophie Mutter Kursaalera itzuliko da, eta Mutter 's Virtuosi bere kamera-taldearekin itzuliko da (abuztuak 26), aurten bere 60. urtebetetzea ospatzeko egiten ari den nazioarteko biran murgilduta. Hamalau hari musikarirekin batera, Vivaldi, Bachzein Bologneren lanak joko ditu eta baita Andre Previnen Nonet ere, musikagileak Mutterri berari eskainitakoa.
Kursaal Auditorioko kontzertu-zikloari amaiera emateko, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen taldea izango da Donostian, Omer Meir Wellber-en gidaritzapean. Gaur egun, berrogeita bat musikarik osatzen dute orkestra, Paavo Järvi-ren zuzendaritza titularrarekin. Lehenengo kontzertuan (abuztuak 29) Hilary Hahn biolinista izango da bakarlari gonbidatua; Mozarten Biolinerako 5. kontzertua, “Turkiarra” eta Aziza Sadikova uzbekatarraren Labyrinthe du temps obra interpretatuko dituzte, egun batzuk lehenago Bremenen estreinatuko dituztenak; egitarauaren osagarri izango dira Mozarten Don Giovanni eta Schuberten Bigarren Sinfonia. Deutsche Kammerphilharmonie Bremen-en bigarren kontzertuko (irailaren 1ean) pieza nagusia Haydnen katalogo zabaleko obra gailentzat jotzen den Nelson Meza izango da, Andra Mari Abesbatzarekin eta nazioarteko bakarlari talde batekin batera interpretatuko duena.
Victoria Eugenia Antzokiak ikuskizun bakarra hartuko du aurten: Enrike Solinísek sortu eta zuzentzen duen Euskal Barrokensemble taldeak, bereziki barroko garaiko musika berreskuratze lanean espezializatutako taldeak El amor brujo: esencias de la música de Manuel de Falla ikuskizuna eszenaratuko du. El amor brujo (Sorgin maitasuna) partituraren egileak sinatutako ganbera musikarako bertsio baten inguruan, Euskal Barrokensemblek hainbat konpositoreren lanen zatiak harilkatu ditu, hala nola Rodrigoren Concierto de Aranjuez (Aranjuezko Kontzertua), cantaora bat eta bailaora bat lagun zituela.
