[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Organoko Zikloaren barruan 15 kontzertu egingo dira, bi astean, nazioartean izen handia duten interprete gailenekin

  • Organo Erromantikoko Nazioarteko XXXVIII. ikastaroa, abuztuaren 8tik 12ra bitartean egingo da, Organo Zikloari loturik, eta Michel Bouvard arituko da irakasle gonbidatu gisa.
  • Zikloan lehen aldiz parte hartuko dute Jon Laukvik, François Espinasse, Brett leighton, Masaaki Suzuki, Gunnar Idenstan eta Wayne Marshall organistek.
  • Egitarauan leku nabarmena izango dute musika frantsesak eta garaikideak, eta David Briggsek Musika Hamabostaldiaren enkarguz sortutako "Agur Jesusen Ama"ren gaineko fantasia estreinatuko da.

Musika Hamabostaldiko Organo Zikloa, jaialdiko ziklo emankorrenetako bat, gaur, abuztuaren 2an hasiko da, eta bi astez luzatuko da, abuztuaren 15era arte. 2021ean izan zuen hazkunde handiaren ondoren, aurten ere 15 kontzertuko kopuru errekorra eskainiko du zikloak, Gipuzkoako organo-ondare aberatsa ezagutzera emateko; hain zuzen ere, munduan parerik ez duen organo-bilduma berezia du Gipuzkoak, erakargarritasun handienetakoa. Mundu osoko organista handiak etortzen dira ziklo honetara, eta horren arrazoia da, neurri batean, Gipuzkoako organo erromantiko askok jatorrizko egoeran jarraitzen dutela. Hain zuzen ere, sonoritate original hori bilatzen dute munduko hainbat tokitako organistek eta organo-ikasleek urtez urte gure lurraldean.

Aurten nabarmentzekoa da abuztuko lehen hamabostaldian Gipuzkoara etorriko diren nazioarteko organisten kopurua. Hamahiru artistetatik sei lehen aldiz ariko dira Musika Hamabostaldian: Jon Laukvik, François Espinasse, Brett Leighton, Masaaki Suzuki, Gunnar Idenstam eta Wayne Marshall. Zikloan izango diren euskal organistekin batera, askotariko errepertorioa emango dute: aipagarria da programa askotan musika frantsesak izango duen lekua, baita Johann Sebastian Bach konpositorearen ekoizpenari eskainitako bi kontzertuak ere, Karsten Dobers y Loïc Mallié (abuztuak 4) organisten eskutik, batetik, eta Bach konpositorearen lanean aditua den Masaaki Suzuki-ren (abuztuak 10) eskutik, bestetik.

Inprobisazioak, organisten artean adierazgarria den espezialitatea, leku nabarmena izango du ere aurtengo programetan, Gunnar Idenstam (abuztuak 11 eta 14), Marie-Bernadette Dufourcet (abuztuak 13), Wayne Marshall (abuztuak 15) eta David Briggs (abuztuak 9) inprobisatzaileekin. Azken honek egun berean obra berri bat estreinatuko du: “Agur Jesusen Ama”-ren gaineko fantasia, Musika Hamabostaldiak enkargatutako lana. Hain zuzen zikloko hainbat ikuskizunetan musika garaikideak izango duen lekuari batuko zaio obra hau ere.

Zikloaren egoitza nagusia Donostia bada ere, zazpi proposamen egingo dira hiritik kanpo, agerian jartzeko Donostia, Tolosa, Loiola, Deba, Ataun, Usurbil eta Azkoitiko elizak babesleku dituzten organoen kalitatea. Hain zuzen ere, datozen egunetan martxan jarriko diren instrumentuetako batzuk benetako maisulanak dira, hala nola Ataungo organo barroko iberikoa (Lorenzo de Arrázola), Donostiako San Bizente elizako eta Azkoitiko Santa Maria la Real elizako Cavaillé-Coll organoak, Tolosako Santa Mariako Sotlz-Frères organoa edo Donostiako Iesu elizako Johannes Klais organo garaikidea. Zikloak publikoaren babes handia izan du beti, urteko 4.500 ikusletik gorakoa, eta uda oro gora jarraitzen du. 2022an, 15 kontzertu emango dira zikloaren barruan. Zenbait kontzertuk Organo Zikloa bisitari izango duten udalerrietako udalen laguntza izango dute.

Musika-proposamen horiez gain, abuztuaren 10ean, 17:00etan, Esteban Elizondo organo-jotzaileak Koruko Santa Maria Basilikako Cavaillé-Coll organoaren ezaugarriak ezagutzeko aukera emango dio publikoari, laster berriz inauguratuko dutela-eta. Basilikan bertan hitzaldi horretan, Aristide Cavaillé-Coll sortzailearekin lotuko du organoa Elizondok, eta Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako organo erromantikoaren testuinguruan kokatuko du.

Abuztuaren 8tik 12ra, Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroa ere egingo da (XXXVIII. edizioa). Zikloarekin batera egingo da, eta, aurten, Michel Bouvardek emango du. Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan 27 urtez irakasle izandako aditua gidari dutela, beraz, munduko hainbat herrialdetako ikasleak izango dira ikastaroan, eta ikasitakoa erakusteko aukera izango dute abuztuaren 12an Donostiako San Bizente elizan elkarrekin egingo duten errezitaldian.

Hauek dira zikloko 15 kontzertuak:

Jon Laukvik – abuztuaren 2an, 20:00etan – Santa Maria eliza (Tolosa)

Jon Laukvik organo-jotzaile eta konpositore norvegiarrak irekiko du Organo Zikloa, abuztuaren 2an Tolosako Santa Maria elizan emango duen kontzertuarekin. Stoltz-Frères enpresaren organo erromantiko bat du eliza horrek, 1885ean eraikia. Stuttgarteko Arteen Unibertsitatean irakasle izan da Laukvik, baita Londresko Royal Academy of Music ikastegian eta Yaleko Unibertsitatean ere. Tolosan aurkeztuko duen programa Bachen musikarekin abiatuko da, eta, ondoren, XIX. mendeko erreferentziazko hiru autoreren –Brahms, Mendelssohn eta Franck– ekoizpen organikoan barrena ibiliko da. XX. mendean amaituko da, Oskar Lindberg musikagile suediarraren organorako sonata batekin eta Laukvik-en sorkuntza propio batekin, «Ach Herr, mich armen Sünder» preludio korala.

François Espinasse – abuztuaren 3an, 20:00etan – Loiolako santutegia (Azpeitia)

Loiolako Santutegiko Cavaillé-Coll organoa gure lurraldeko instrumenturik nabarmenetako bat da, eta ez du hutsik egiten Musika Hamabostaldiko Organo Zikloaren programazioan. François Espinassek, Parisko Saint-Séverin elizako organoaren titularkide eta Lyongo Goi Mailako Musika Kontserbatorio Nazionaleko organo-irakasleak, programa frantses bat diseinatu du organo berezi honen ezaugarri onenak erakusteko, XX. mende hasierako egileen obrek –Fauré, Dupré, Vierne eta Tournemirerenek, esaterako– eta Valéry Aubertinen sorkuntza garaikide batek osatua.

Karsten Dobers / Loïc Mallié – abuztuaren 4an, 20:00etan – Santa Maria eliza (Deba)

Debako Santa Maria elizak zikloko proposamenik originalenetako bat hartuko du; izan ere, bertan egingo den kontzertuan, biola gehituko zaio organoari, Bachen musika eta modernitatea aurrez aurre jarriko dituen programa bat esploratzeko. Karsten Dobersek eta Loïc Malliék osatutako bikoteak arrakasta handia lortu zuen 2017an Berliozen Harold Italian grabatu zuenean biolarako eta organorako bertsioan. Konponketa horrek itzelezko arrakasta izan zuen (kontzertu honetan pasarte bat entzun ahal izango da), eta ideia berri bat esploratzera bultzatu zuen bikotea: Bachen obra gure garaiko piezetan islatzea, eta, horrela, bi instrumentuen tinbreen eta egikaritze-moduen aukera guztiak aztertzea. Bachen beraren piezekin batera, Bernd Alois Zimmermann, Olivier Messiaen, Paul Hindemith, Maurice Ravel eta Gorka Cuestaren partiturak biltzen ditu programak.

Easo Abesbatza / Ana Belén García / Óscar Candendo – abuztuaren 5ean, 20:00etan – Artzain Onaren katedrala (Donostia)

Artzain Onaren Katedraleko organo neoklasikoa Gipuzkoako instrumenturik handiena da: eskuzko bost teklatu, pedal-teklatu bat eta 125 joko ditu. Haren sonoritate ikaragarriak Easo Abesbatzaren ahotsekin bat egingo du, eta Eugène Gigout, Louis Vierne, Charles-Marie Widor eta Marcel Dupré egileen orrialde solemneak entzungai izango dira "Liturgia Handiak eta Parisko organistak" izenburuko saioan. Ana Belén García, Koruko Andre Mariaren basilikako organista titularra, eta Óscar Candendo, Bartzelonako ESMACeko organo irakaslea, arituko dira teklatuan, txandaka.

Esteban Elizondo – abuztuaren 6an, 20:30ean – San Bizente eliza (Donostia)

Organoaren Euskadiko patriarkak, Esteban Elizondok emanaldia eskainiko du Donostiako San Bizente elizako Cavaillé-Coll organoan. Frantziako enpresa ospetsu horrek 1868an eraikitako organo horretan defendatuko du, hain zuzen, aldameneko beste eliza bateko, Koruko Andre Mariaren basilikako, Cavaillé-Coll organoari lotutako musikekin osatutako programa bat. Aita Donostia, Usandizaga, Guridi, Otaño, Olaizola, Beobide, Garbizu, Juan Urteaga eta Luis Urteagaren lanak biltzen ditu programa horrek.

Naji Hakim – abuztuaren 7an, 20:00etan – San Inazio eliza (Donostia)

Naji Hakim libanoarra Parisko Trinitate elizako organista izendatu zuten, 1993an, Olivier Messiaenen oinordeko. Organista ez ezik, konpositore handia ere bada, ordea, eta Musika Hamabostaldiko errezitaldian bere sorkuntzetako batzuk aurkeztuko ditu. Donostiako San Ignazio elizako Walcker organoa instrumentu berezia da Alemaniako etxe hark eraiki zituenen artean, tradizio frantseseko organoen ezaugarri batzuk baititu. Bi munduren arteko erdibideko sonoritate hori Johann Sebastian Bach eta César Francken musikak interpretatzeko baliatuko du Hakimek.

Brett Leighton – abuztuaren 7an, 12:00etan – Tourseko San Martin eliza (Ataun)

Tourseko San Martin elizako organo barroko iberiarra Gipuzkoako musika-ondareko bitxi zahar eta baliotsuenen artean dago. Brett Leighton australiarrak –27 urtez Linzeko (Austria) Anton Brucker Unibertsitateko organo-irakaslea eta instrumentu tekladun historikoetan aditu ezaguna– programa berezi bat diseinatu du instrumentu berdingabe honetarako. “XVI eta XVII. mendeetako teklaturako estilo nazionalen sorrera” izenburupean, Europako txoko guztietako pieza barrokoen sorta hautatu zabala aurkeztuko du.

Michel Bouvard – abuztuaren 8an, 20:30ean – San Bizente eliza (Donostia)

Michel Bouvard organo-jotzaile frantsesa, Versaillesko Errege Kaperaren titular eta 1995 eta 2021 artean Parisko Kontserbatorioan irakasle izana, irakasle arituko da aurten Organo Erromantikoko XXXVIII. Nazioarteko Ikastaroan, eta Organo Zikloko kontzertuetako baten protagonista ere izango da, San Bizente elizako Cavaillé-Coll organoarekin. Kontzertu monografikoa izango da, “Cesar Franken omenaldia” izenburukoa; bertan, organisten artean funtsezkoa den musikagile belgikar haren Preludioa, fuga eta bariazioa, Hiru piezak eta 1. Korala interpretatuko ditu Bouvardek.

David Briggs – abuztuaren 9an, 20:30ean – San Bizente eliza (Donostia)

Musika frantsesa izango da nagusi, berriz ere, David Briggsek San Bizente elizako Cavaillé-Coll organoan eskainiko duen errezitaldian; hain zuzen ere, ezin hobeki egokitzen zaio instrumentu hori Frantziako errepertorioari. Briggs artista egoiliarra da New Yorkeko St. John the Divinen eta irakaslea Cambridgen, inprobisatzaile bikaina ez ezik (Tournemire saria irabazten lehen britainiarra izan zen St. Albanseko Inprobisazioko Nazioarteko Lehiaketan). Briggsek hautatu duen programan, Saint-Saëns, Ravel, Debussy eta Francken piezak eta Musika Hamabostaldiak enkargatutako "Agur Jesusen Ama"ren gaineko fantasia –erabateko estreinaldia– joko ditu, “Joie de vivre” izenburupean.

Masaaki Suzuki – abuztuaren 10ean, 20:00etan – Iesu eliza (Donostia)

Bach Collegium Japan taldearen zuzendari gisa ezagutzen du publikoak Masaaki Suzuki organo-jotzaile bikaina, eta Johann Sebastian Bachen teklaturako lanean autoritate handia ere bada. Egile horri eskainiko dio emanaldia, preludio, koral, tokata eta ihesaldi sorta batekin, zeinak topatuko baitu sonoritate ideala Donostiako Iesu elizako Johannes Klais organoan. Organo hori 2011n eraiki zen, Moneok diseinatutako tenplu honen ezaugarrietara egokituta.

Gunnar Idenstam – abuztuaren 11n, 20:00etan – Artzain Onaren katedrala (Donostia)

Gunnar Idenstam organoko kontzertista eta konpositorea ezaguna da organoko musikari buruz duen ikuspegi originalagatik; izan ere, musika klasikotik dator, baina beti izan du "maitasun harreman urruna" 70eko hamarkadako folk eta rock sinfonikoarekin. Haren lanetan agerikoak dira eragin horiek, zubiak eraikitzen baititu Frantziako katedraleko tradizioaren, rock sinfonikoaren eta musika folkloriko suediarraren artean. Artzain Oneko emanaldian, bere Suite from Metal Angel luzeaz gain, Ravel eta Reubkeren obrak ere interpretatuko ditu.

Organo Erromantikoaren XXXVIII. Nazioarteko Ikastaroko ikasleak – abuztuaren 12an, 20:30ean – San Bizente eliza (Donostia)

Urtero bezala, Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroan parte hartuko duten ikasleek kontzertu bat eskainiko dute Organo Zikloaren barruan; aurtengoan, Donostiako San Bizente elizako Cavaillé-Coll organoa erabiliko dute. Ikastaroan zehar Michel Bouvard irakaslearekin landutako obrak aurkeztuko dituzte, hala nola Bach, Franck edo Brahmsenak.

Marie-Bernadette Dufourcet – abuztuaren 13an, 20:00etan – Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Azkoitia)

Zikloaren azken zatian, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokiako organoari helduko zaio txanda. Aristide Cavaillé-Collek berak eraiki zuen instrumentu hori 1898an, eta euskal geografiako instrumenturik miretsienetakoa da. Marie-Bernadette Dufourcet euskal-frantziar organo-jotzaileak, Sorbonako Unibertsitateko musikologiako doktore eta Parisko Goi Kontserbatorio Nazionaleko organo-jotzaile diplomatuak, “Alabatu Jauna haren santutegian” izenburuko programa joko du; J.S. Bach, César Franck, Jean Langlais, Baldomero Fernández, Naji Hakim eta Dufourcet beraren lanak biltzen ditu programa horrek.

Gunnar Idenstam – abuztuaren 14an, 20:00etan – San Salbatore eliza (Usurbil)

Artzain Onaren katedralean jo ondoren (ikus abuztuaren 11), Gunnar Idenstam organista eta konpositore suediarrak bigarren kontzertua emango du Usurbilgo San Salbatore parrokiako Cavaillé-Coll/Mutin organoan. Egitarauan, Idenstamen obra bakar bat: “Peaceful organ. Inprobisazio gogoetatsuak garai zurrunbilotsuetarako”, ordubeteko iraupenekoa, zeinetan Idenstamek erakutsiko baititu bere sorkuntzetan lantzen dituen musika estiloak, hala nola musika liturgikoa, folka eta rock progresiboa.

Wayne Marshall – abuztuaren 15ean, 20:00etan – Artzain Onaren katedrala (Donostia)

Zikloak amaiera bikaina izango du, Artzain Onaren Katedralean. Wayne Marshall Koloniako WDR Funkhausorchesterreko zuzendari titular eta Manchesterreko Bridgewater Halleko organista eta artista elkartuak emanaldia eskainiko du bertan. Marshallek Euskadiko Orkestra eta Andra Mari Abesbatza zuzenduko ditu beste kontzertu batean, abuztuaren 20an, Kursaalen, eta Andrew Ager, Charles-Marie Widor eta Guy Bovet musikarien lan sorta interpretatuko du honako honetan; amaitzeko, euskal gai herrikoiei buruzko inprobisazio bikaina egingo du.