- Abuztuan 16 kontzertu eskainiko ditu guztira zikloak, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat herritan.
- Musika Aitzaki zikloaren lehen atala abuztuaren 4an jarriko da abian, Getarian, Elkanori egingo zaio omenaldian, haren bidaiaren amaieraren bosgarren mendeurrena dela-eta.
Musika Hamabostaldiaren proposamen gehienak Gipuzkoako hiriburuan badira ere, azken urteotan urrats handiak egin ditu jaialdiak emanaldien lekuak eta espazioak dibertsifikatzeko. Musika Aitzaki ekimenaren barruan, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat herritan musika klasikoko kontzertuak eskainiko dituzte, hainbat talderen eskutik, besteak beste, Donostiako Orfeoia, Conductus Ensemble, Dúo Cassadó, Kukai.
16 kontzertu izango dira guztira, estilo eta formatu askotakoak: bakarlariak, ganbera-taldeak, abesbatzak, antzinako musika, musika garaikidea, eta baita hainbat proposamen berezi ere, hala nola Pablo Sorozabali Arantzazuko Santutegian egingo zaion omenaldia edo Jon Mayaren koreografia berriaren erabateko estreinaldia, Errenteriako Lekuona Fabrikan. Horixe izango da Musika Hamabostaldiak gune berri horrekin izango duen lehen lankidetza.
Jaialdiak, halaber, pandemia dela-eta 2020an etendako Inaziotar Bideko musika-txangoak berreskuratuko ditu. Abuztuaren 20an Gesaltza eta Arantzazu arteko tartea egingo du, lagun duela Egeria taldearen musika. Arabako beste bost herritara ere iritsiko da musika, Hamabostaldia Araban ekimenaren bidez.
Zikloaren lehen etapan, abuztuaren 4tik 10era, bost proposamenez gozatu ahal izango da Getarian, Senperen, Zumaian eta Hondarribian. Doakoak izango dira guztiak, bat izan ezik: Donostiako Orfeoiaren emanaldia Senperen (abuztuaren 6an).
Hauek dira Musika Aitzaki zikloaren lehen etapako bost kontzertuak:
Landarbaso Abesbatza – abuztuaren 4an, 20:45ean – San Salbatore eliza (Getaria)
Musika Aitzaki zikloak Getarian ekingo dio ibilbideari, Juan Sebastian Elkanoren jaioterrian, aurten betetzen baitira 500 urte amaitu zuela lurraren inguruko lehen itzulia (1522an), eta kontzertu bat antolatu da balentria handi hura ospatzeko. Landarbaso abesbatzak eta Iñaki Tolaretxipi zuzendariak “Maria Itsasargia” izenburuko programa prestatu dute. Hainbat kolaboratzaile gonbidatu dituzte, hala nola Kontari eta Dizdika gazte abesbatzak, Xabier Euzkitze bertsolaria eta Daniel Zulaika antzezlea. Itsasoaren inguruko testu- eta abesti-bilduma bat aurkeztuko dute, nazioarteko musikagileen lanekin, besteak beste, Dvorak, Esenvalds, Earley, Barret, Papoulis eta Basler, baina baita euskal musikagileenak ere, hala nola Sarasola, Elberdin, Guerrero, Landazabal, González, Laboa eta Sorozabalenak.
Donostiako Orfeoia – abuztuaren 6an, 21:00etan –Saint Pierre eliza (Senpere)
2022. urtean Donostiako Orfeoiaren sorreraren 125. urteurrena da, eta, horren harira, leku nabarmena izango du aurten Musika Hamabostaldiaren programazioan. Kursaal Auditorioko kontzertu sinfoniko-koral handiekin batera, Orfeoia bakarka arituko da Senpereko Saint Pierre elizan, abuztuaren 6an, eta bertan aurkeztuko duen programan bere lan bereizgarrietako bat interpretatuko du: Fauréren Requiem. Mundu osoan interpretatu dute lan hori, eta Michel Plassonekin eta Toulouseko Kapitolioko Orkestrarekin batera grabatu zuten erreferentziazkotzat hartzen den bertsioa. Frantziako musika sakratuaren maisulan horrekin batera, Orfeoiak gai erlijiosoko beste musikagile batzuen lanak eskainiko ditu, hala nola Francis Poulenc, Tomás Aragüés, Pau Casals eta Aita Madinaren lanak. Kontzertu horretan, Orfeoiarekin batera arituko dira Gerardo Rifón organista, Irene del Molino sopranoa eta Miguel Valencia baritonoa.
Dúo Cassadó – abuztuaren 7an, 20:00etan –San Pedro Eliza (Zumaia)
Dúo Cassadók Gaspar Cassadó kataluniar biolontxelo-jotzaile ospetsuaren omenez hartu zuen izena. Damián Martínez biolontxelo-jotzaileak eta Marta Moll pianistak osatzen dute bikotea. Zumaiako San Pedro elizan egingo duten emanaldian, azken diskoa aurkeztuko dute: “Hypnotik”. Lan kontzeptual bat da, oro har, eta horren bitartez saiatuko dira publikoa beren izatearen alderdirik intimoenarekin lotzen; horretarako, hainbat baliabide musikal erabiliko dituzte, nola diren erritmoa, errepikapena, enfasia eta estasia. Helburu horretarako, Johann Sebastian Bach, Sulkhan Tsintsadze, Maurice Ravel, Ernest Bloch, Philip Glass eta Arvo Pärt musikagileek bakarlari eta bikoterako idatzitako lanez osatutako programa prestatu dute.
Conductus Ensemble – abuztuaren 10ean, 20:00etan – Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza (Hondarribia)
Conductus Ensemble Musika Aitzaki ziklora itzuliko da, joan den udan Senperen Johann Sebastian Bachi eskainitako kontzertu monografikoaren ondoren. Bach izango da berriro ere protagonista Hondarribiko Jasokundeko Andre Mariaren elizan egingo den emanaldian; izan ere, Andoni Sierrak zuzentzen duen ahots-taldeak Eisenachen moteterik ezagunenetako bat interpretatuko du: “Jesu, meine Freude” BWV 227 motetea. Bachen musikarekin batera, Conductusek gaur egungo artista ospetsu baten obra erlijioso onenetako bat eskainiko du, Domenico Scarlatti italiarraren Stabat Mater, hamar ahotsetarako partitura espiritual konplexua.