[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

John Eliot Gardinerren gidaritzapean, Monteverdi abesbatzak eta English Baroque Soloists taldeak Kursaal Auditorioko kontzertuen zikloa inauguratuko dute 83. Donostiako Musika Hamabostaldian

  • Fundatzaileak, John Eliot Gardinerrek, jardungo du zuzendaritzan. Gardiner funtsezkoa izan da antzinako musikak azken hamarraldietan izan duen garapenean.
  • Carissimi, Scarlatti eta Schützen hiru lan erlijioso interpretatuko dituzte. Kontenplaziozko lanak eta lan espiritualak dira, oro har.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 83. edizioaren Inaugurazioa abuztuaren 2an, asteartea, izango da, eta ohikoa denez, hainbat kontzertu izango dira hiri erdialdean. Jaialdiari hasiera emango dion eskaintza horren barruan, 20:00etan izango da hitzordu nagusia, Kursaal Auditorioan eta antzinako musikaren zirkuituko bikote ospetsuenetako bat izango da protagonista: Monteverdi abesbatza eta English Baroque Soloists, hain zuzen ere. John Eliot Gardiner, sortzailea, arituko da zuzendari-lanetan, eta errepertorio espiritual eta intimista interpretatuko dute, Carissimi, Scarlatti eta Schützen obra erlijiosoekin.

Britainiar musikaren eremuko hirukote hori ezaguna da Musika Hamabostaldiko entzuleen artean, izan ere, 1994az geroztik hainbat aldiz izan dira jaialdian. Azken emanaldiak hauek izan ziren: 2009an Haendelen Israel Egipton oratorioarekin; 2014an Bachen eta Scarlattiren inguruko kontzertu batekin; eta 2016ko jaialdian, Bachen Pasioa San Mateoren arabera lanaren interpretazio gogoangarria eskaini zuten. Aurten, Salzburgoko Jaialdiaren ondoren etorriko dira Hamabostaldira, barrokoko musika espiritualaren hiru maisulanez osatutako programa aurkeztera.

Monteverdi abesbatzaren bisita guztiak dira ekitaldi garrantzitsuak gure herrialdean, tradizio handia baitago abesbatzen arloan. Gramophone aldizkariak “Munduko abesbatzarik onena” dela adierazi zuen. 1964an sortu zen abesbatza, errepertorio barroko zabala esploratzeko asmoz. Ospe handia lortu du nazioartean bere interpretazio sutsu eta indartsuei esker, eta, orobat, hainbat musikagile, musika-lengoaia eta hizkuntza esploratzeko duen gaitasunari esker. Kantarien eskola ere bada abesbatza, 150 grabaziotan baino gehiagotan parte hartu du eta sari ugari jaso ditu; edonola ere, 2000. urtea izan zen unerik gogoangarriena: “erromesaldi” bat egin zuen Europako 63 elizatara, eta Bachen 198 kantata sakratu interpretatu zituzten horietan, konpositorearen heriotzaren 250. urteurrena ospatzeko.

Abentura hartan English Baroque Soloists taldea izan zuen lagun Monteverdi abesbatzak. English Baroque Soloists, jatorrizko instrumentuen orkestra, Abesbatza baino hamalau urte geroago sortu zen, 1978an alegia. Taldearen errepertorioa batez ere 1800 baino lehenagoko musikan oinarritzen da: besteak beste, Monteverdi, Mozart eta Haydn. Edonola ere, duela gutxi XIX. mendeko egileen eremura ere egin dituzte sartu-irtenak, hala nola Beethoven eta Berlioz musikariekin. Bestalde, munduko areto garrantzitsu askotan aritu da, Milango La Scalan, Amsterdamgo Concertgebouwn eta Sydneyko Operan, besteak beste.

Podiumean John Eliot Gardiner (Erresuma Batua, 1943) arituko da, hau da, antzinako musikaren zuzendari garrantzitsuenetako bat. Historikoki informatutako mugimenduaren aitzindarietako bat izan zen, Leppard, Harnoncourt edo Pinnock artistekin batera, eta interpretazioan leialtasun historikoaren bide horretatik aurrera egiteko sortu zituen Monteverdi abesbatza, English Baroque Soloists edo Orchestre Révolutionnaire et Romantique taldeak. Hala ere, Gardinerrek antzinako musika horiei ekiteko ikuspegi filologikoa baino ikuspegi garaikidea hautatu zuen laster. “Gaur egun ez dut ikusten nire burua obra horiek garai hartako instrumenturik gabe interpretatzen, baina salbuespen garrantzitsuekin", adierazi zuen Mundoclásico aldizkarirako egindako elkarrizketa batean. “Funtsean, tresna horien erabilera ez da berez helburu bat. Hala balitz, ariketa osoa fetitxismo idor batean amaituko litzateke. Urteen joanean galdutako adierazkortasun eta bizitasuna aurkitzea da garrantzitsuena. Adibidez, garai hartako instrumentuak funtsezkoak dira abeslariek eta instrumentalistek XIX. mendeko eragin estilistikoak alboratu ditzaten eta XVII. mendeko adierazpen-aukerak azter ditzaten. Baina ez da inoiz ahaztu behar gu hogeita batgarren mendeko izakiak garela, gure garaiko ezinbestekoak diren estilo, keinu eta emozioen bila. Obra horiek emozionalki garaikideak direla sinetsita interpretatu behar ditu musikariak”.

Gardinerrek eta haren jarraitzaileek hiru obra barroko interpretatuko dituzte Donostian. Hiru lan horiek elkarren oso desberdinak badira ere, jenero erlijiosokoak eta espiritualtasun nabarmenekoak dira hirurak. Lehenik, Giacomo Carissimiren Historia di Jephte oratorioa interpretatuko dute, haren garaiko (XVI. mendearen erdialdea) obrarik onenetakotzat hartua. Jephte lanaren musika oso ezaguna izan zen garai hartan, eta Europako hainbat herrialdetan barrena ibili ziren partituraren kopiak; handik ehun urtera, Haendelek omenaldia egin zion Jephteren amaierako koroa Samson oratorioan aipatuz. Epaileen Liburuko istorioan oinarrituta dago lanaren argumentua. Jeftek hitz ematen dio Jaunari guduan etsai amonita garaitzen badu, etxera itzultzean ikusten duen lehena sakrifikatuko duela, animalia bat topatuko duen itxaropenarekin. Baina etxera itzuli zenean, garaile, lehenik alabarekin topo egin zuen, aitari ongietorria ematera irtena baitzen bidera. Guduaren ondorengo giza drama horretan oinarritzen da oratorioa, eta baita alabak lanaren hasieran egiten duen garaipen dantzatik bere patuagatiko auhenaren arteko bilakaera emozionalean ere. Musikaren alderditik, solo errezitatiboen bitartez kontatzen da, sei ahotsetako koroekin kontrastatuz; edonola ere, Carissimik amaierako koruan baliatzen dituen disonantzia hunkigarriek osatzen dute pasarterik ospetsuena.

Domenico Scarlattiren Stabat Mater hamar ahotsetara literatura koralaren maisulantzat hartzen da, inondik ere. Doinu meditatiboan eta liturgian erabiltzeko idatzita dago; XVIII. mendearen lehen parteko musika-lan handien artean dago, kontuan hartuta lanaren dimentsioa, espazioaren erabilera berezia eta gozotasun liriko handia. Zazpi ataletan dago banatuta lana eta, garai hartan Napoliko eskolaren eragin nabarmena duten beste lan batzuen aldean, nagusiki XVI. mendeko forma arkaikoetan oinarritzen da, kontrapuntuaren tapiz trinkoa ehuntzen duten doinu bihurgunetsuekin.

Azkenik, Heinrich Schützen Musikalische Exequien entzun ahalko da. Musikagile alemanak 1635-36 bitartean idatzi zituen, Heinrich Posthumus Reuss printzearen hileta elizkizunerako. Lanak hiru parte ditu, hiletaren hiru atal desberdinetan interpretatzeko: lehenengo partea, abesbatza eta solistetarako kontzertu sakro moduan osatua, Bibliako hainbat pasartetan oinarritzen zen, eta printzeak berak bizirik zela diseinatutako hilkutxan errezitatu behar zen. Bigarren partea motete bat da, abesbatza bikoitzerako, sermoi baten testuan oinarritua eta Simeonen gorespen ereserki batekin amaitua. Enkarguz idatzitako musika-lan bat bada ere, Schützek Musikalische Exquien lanarekin musikaren historiako dolu-lan artistiko eta sentiberenetako bat sortu zuen.

Monteverdi Choir

1964an jaio zen errepertorio barrokoa esploratzeko asmo sendoarekin, eta nazioartean ospe handia erdietsi zuen bere interpretazio sutsu eta indartsuei esker, baita konpositore, musika-hizkuntza nahiz lengoaia ezberdinak aztertzeko gaitasunagatik ere. Aitzindari izan da hainbat bira eta proiektutan: anbizio handikoena 2000ko Bach Cantata Pilgrimage izan zen. J. S. Bach konpositorearen 198 erlijio-kantata interpretatu zituzten bira hartan, 63 elizatan, konpositorearen 250. heriotza-urteurrena ospatzeko. Proiektua Soli Deo Gloria zigiluarekin kaleratutako CDan islatu zuten, nazioartean kritika bikainak jasoz. 2007tik Monteverdi Ikaskuntza Programak koruan sartuko diren gazteak trebatzen ditu, hainbat kasutan bakarlari ibilbideak ere sustatuz. Koruak 150 grabazio baino gehiago egin ditu eta hainbat dira eskuratu dituen sariak. Maiz hartzen du parte opera ekoizpenetan, besteak beste, “Troiatarrak” Théâtre du Châtelet-en, “Carmen” eta “Ezkutuko ehiztaria” Parisko Opéra Comique-n eta Gluck-en “Orfeo eta Euridice” Hanburgo, Versailles eta Londresen.

English Baroque Soloists

Antzinako instrumentuz osatutako munduko orkestra garrantzitsuenetako bat da eta bere errepertorioa Monteverditik Mozart eta Haydneraino iristen da. Munduko areto esanguratsuenetan aritu da, horien artean Milango La Scala, Amsterdameko Concertgebouw eta Sydneyko Opera. Laurogeita hamargarren hamarkadan Mozarten zazpi opera helduak interpretatu zituzten, baita sinfonia heldu guztiak eta pianorako kontzertuen ziklo osoa grabatu ere. Maiz partekatzen dituzte proiektuak Monteverdi abesbatzarekin: haiekin Bachen kantaten erromesaldia burutu zuten 2000. urtean eta Europa osoan zehar interpretatu zituzten Bachen kantata sakratuak. 2015ean Glucken Orphée & Eurydice lanarekin bira egin zuten Hanburgon eta Versaillesen; jarraian Londresko Covent Gardenen operaren bertsio eszenifikatua eman zuten. Urte berean Monteverdiren “Orfeo” lanaren 50. urteurrena ospatzeko bira egin zuten Estatu Batuetan, eta Bachen Meza Si minorrean interpretatu zuten Munich, Frankfurt, Luzerna eta Parisen.

Sir John Eliot Gardiner

Gure garaiko zuzendari moldakorrenetako bat da, eta antzinako musika berreskuratzen funtsezkoa. Monteverdi Koruaren, English Baroque Soloists eta Orkestra Iraultzaile eta Erromantikoaren sortzaile eta zuzendari artistikoa da, eta zuzendari gonbidatu gisa jardun ohi du Europako orkestra garrantzitsuenetan, hala nola Viena eta Berlingo Orkestra Filarmonikoan, Boston eta Clevelandeko orkestretan, Amsterdamgo Concertgebouw orkestran edo Londresko Orkestra Sinfonikoan. Bere errepertorio zabala Europako zigilu nagusientzat (Deutsche Grammophon eta Philips Classics batez ere) egindako 250 grabaziotan oinarritzen da, nazioarteko sari ugari lortu dituzten grabazioak. Lyongo Unibertsitateko, Ingalaterra Berriko Musika Kontserbatorioko eta Cremonako Unibertsitateko ohorezko doktoretza eta sari ugari jaso ditu. 1992an Londresko King's Collegeko eta Royal Academy of Music-eko Ohorezko Kide bihurtu zen. 1996an Commandeur dans l 'Ordre des Arts et des Lettres izendatu zuten, eta 2010ean Chevalier de la Légion d' Honneur. Bachi buruzko bere liburu arrakastatsua hainbat hizkuntzatara itzuli dute. 2014tik Leipzigeko Bach Artxiboko lehen lehendakaria da.

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.