[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Santanderreko Nazioarteko Jaialdiak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak 1800 tona CO2 aurreztu dituzte azken 8 urteetan jaialdietan parte hartu duten artista eta orkestrek egindako bidaien kudeaketa partekatuari esker

Lankidetza gure enborra

  • 5,45 hektareatan 61.243 zuhaitz landatzearen baliokidea da aurrezte hori, hedaduraz parekagarria Kursaal Auditorioko edo Kantabriako Festibalen Jauregiko 143 agertokik hartuko luketen lekuarekin.
  • Estatu mailan aitzindaria den ekintza partekatu hau bi erakundeetako ingurugiro politiken barruan garatu da.

2014. urtean, Santanderreko Nazioarteko Jaialdiak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak, beren jarduera ingurugiroari dagokionez ere jasangarri bilakatu beharraz jakitun, politika bateratuari ekitea erabaki zuten, besteak beste, interprete, orkestra, ballet, eta abarren bidaiak kudeatzeko, baita haien instrumentu nahiz eszenarako tresnak garraiatzeko ere. Hala artista eta orkestrak haien egitarauetan “partekatuz”, horiek modu independentean ekarri izanak eragingo lituzkeen bidaiak erdira murrizten dituzte, nazioarteko eta askotan ozeanoan zehar egindako lekualdatze horiek eragindako CO2a bezalaxe. Orain, proiektu honetan elkarrekin 8 urte igaro ondoren, Prysma aholkularitza-enpresak, bi jaialdiek hala eskatuta, politika honen emaitzak balioztatu ditu.

AZTERKETA. Prysmak egindako CO2 emisioen murrizketari buruzko azterketa hau bi jaialdietan 2014tik 2021erako tartean egindako bidaia luzeetan oinarritzen da soilik, barneko mugimenduak kontuan hartu gabe, esan nahi baita, hiri barruan egindakoak edo jaialdiko beste egoitzetara mugitzeko egindakoak; aurreztea CO2 tonatan eta landareen espezieko baliokide batekin aurkezten du. 2014tik 2021era, estatu mailako musika klasikoko jaialdietan aitzindaria den lankidetza honi esker 46 orkestra eta artista taldek hartu dute parte FIS eta Hamabostaldiko egitarauetan, horietako gehienak nazioartekoak (Berlin, Budapest, Cincinnati, Hong Kong, Londres, Paris, San Petersburgo, eta beste hainbat hiritatik etorritakoak). Horrek 2.359 pertsona eta beharrezko materiala lekualdatzea dakar 239.210km-tan zehar. Datuon analisitik ondorioztatu daiteke pertsonen lekualdatzeak dakarrela aurrezte handiena (%90). Aurrezte horri esker atmosferara 1800 tona CO2 gutxiago isuri dira. Pinus Sylvestris iberiarraren 61.243 ale landatzearen baliokidea da hori: Kursaal Auditorioko edo Kantabriako Jaialdien Jauregiko 143 agertokik hartuko luketen hedadura beteko lukeen basoa sortzea bezala litzateke, gutxienez 20 urteko bizi-itxaropenarekin.

JAIALDIAK INGURUNEARI BURUZKO KONTZIENTZIAZIOA BULTZATZEN. Lankidetzak aberastu egiten duela eta, zalantzarik gabe, balioa ematen duela sinetsita, CO2-aren aztarna murrizteko lehen ekimen horren ondorioz, bi erakundeek, lankidetzari jarraipena emateaz gain, etorkizunean ere beren jarduera jasangarriagoa bihurtuko duten ekintza berriak partekatzeko asmoa dute. Sostengatzen dituen gizartean errotutako kultura-erakundeak direnez, biek ala biek ingurumenari dagokionez garatzen dituzten ekintza guztiek, eragin objektibo eta neurgarria izateaz gain, gizarteari ekarpena egin diezaiokete ingurugiroari buruzko kontzientziazioa bultzatzeko, kontzientziazio hori bera sorkuntza artistikoari lotutako pertsonengan ere sustatuz (artistak, orkestrak, agentziak…). Izan ere, guztiok eta guztia, baita musika ere, naturaren parte gara. Ingurugiroarekiko harmonian bizitzea posible izateaz gain, beharrezkoa eta ezin onuragarriagoa dugu.