#SOLasean ekimenak musika klasikoaren ateak zabalduko dizkie aurrenekoz Hamabostaldiko kontzertu batera datozenei

  • Musika klasikoko kontzertu batean inoiz izan ez diren pertsonek Hamabostaldiko kontzertu batera doan joan eta esperientzia berria nolakoa izan den elkarrekin partekatzeko aukera izango dute.
  • Operaren, Kursaaleko kontzertu sinfonikoen eta Tabakalerako dantza garaikideko ikuskizunen artean aukeratu ahal izango dute 18-30 eta 30-55 adin-tarteetako ikus-entzule berriek.
  • Aurrez izena eman beharko dute parte-hartzaileek www.musikahamabostaldia.eus/eu/solasean webgunean.

Pandemiaren ondorioz bi urteko etena egin ostean, #SOLasean ekimena berreskuratuko dugu aurten, musika klasikoaren jarraitzaile izan gabe ere, Hamabostaldian lehen urratsak egin nahi dituztenentzako proposamena.

2014an sortu zen #SOLasean ekimena, eta 200 lagunetik gora izan dira dagoeneko Hamabostaldiak sustatutako jarduera honetan parte hartu duten ikus-entzuleak.

Aurten, gainera, inoiz baino aukera zabalagoa eskainiko dugu ekimenaren baitan. Batetik, ohi baino kontzertu gehiagotan izena emateko aukera egongo delako eta, bestetik, lehen aldiz, dantza garaikideko emanaldietara joateko gonbidapena luzatuko zaielako ikus-entzuleei.

Asko dira musika klasikoko kontzertu batean sekula izan ez diren hiritarrak, musika mota hori arrotza zaielako, edota ez direlako musika klasikoaren jarraitzaileek osatzen duten talde 'berezi' horretako kide sentitzen... Itxuraz Hamabostalditik urrun dauden pertsona horiek dira, hain zuzen ere, #SOLasean ekimenaren jomuga. Izan ere, jarduera honi esker, pertsona talde batek aukera izango du aurrenekoz, doan, Hamabostaldiko emanaldi batera bertaratzeko. Aurtengoan, operaren, orkestra handiak protagonista dituzten musika klasikoko kontzertuen (Kursaal) eta baita dantza garaikideko emanaldien (Tabakalera) artean ere aukeratu ahal izango da.

Emanaldiaren aurretik, saioaren nondik norakoak azalduko zaizkie hasiberri diren pertsona horiei, eta amaieran ere haiekin elkartuko gara, 6-10 laguneko taldeetan; Kursaaleko jatetxean edo Taban (Tabakaleran) egingo dugu hitzordua, ikus-entzule gisa bizitako esperientziaren berri eman diezaguten. Gustuko izan al dute? Errepikatuko al lukete? Zergatik ez dira etorri orain arte? Zerk harritu ditu gehien? Ezagutzen al dute Hamabostaldiko egitaraua?

Aurten ere, bi adin tarte bereiziko dira: 18-30 urtekoak batetik, eta 30-55 urtekoak bestetik, ikuskizunaren osteko solasaldiak errazago bideratze aldera.

Ekimen honetan parte nahi dutenek, eta lehen aldiz Hamabostaldiko esperientzian murgildu, gure webgunean eman dezakete izena (derrigorrezkoa da aurrez izena ematea): www.musikahamabostaldia.eus/eu/solasean

Bakarka zein lagunekin etor daitezke. Horretarako, data eta dagokien adin tartea aukeratu baino ez dute egin behar. Hona hemen aurtengo eskaintza:

SOLasean 18-30 urte
Abuztua 7 20:00 Kursaal Auditorioa “La tabernera del puerto”, P. Sorozabal
Abuztua 11 20:00 Tabakalera “Aditu”, Jone San Martin
Abuztua 12 20:00 Tabakalera “Aditu”, Jone San Martin
Abuztua 14 19:00 Kursaal Auditorioa “La Fille du Régiment”, G. Donizetti
Abuztua 18 20:00 Tabakalera “Dead”, Lasala
Abuztua 20 20:00 Kursaal Auditorioa Euskadiko Orkestra / Andra Mari Abesbatza
Abuztua 21 20:00 Kursaal Auditorioa Orquesta Sinfónica de la Radio de Frankfurt / Vocalia Taldea
Abuztua 23 20:00 Kursaal Auditorioa Orquesta Barroca Collegium 1704 / Collegium Vocale 1704

SOLasean 30-55 urte
Abuztua 5 20:00 Kursaal Auditorioa EGO / JOCAN / Orfeón Donostiarra / Donostiako Orfeoi Gaztea
Abuztua 7 20:00 Kursaal Auditorioa “La tabernera del puerto”, P. Sorozabal
Abuztua 11 20:00 Tabakalera “Aditu”, Jone San Martin
Abuztua 12 20:00 Tabakalera “Aditu”, Jone San Martin
Abuztua 14 19:00 Kursaal Auditorioa “La Fille du Régiment”, G. Donizetti
Abuztua 18 20:00 Tabakalera “Dead”, Lasala
Abuztua 20 20:00 Kursaal Auditorioa Euskadiko Orkestra / Andra Mari Abesbatza
Abuztua 21 20:00 Kursaal Auditorioa Orquesta Sinfónica de la Radio de Frankfurt / Vocalia Taldea
Abuztua 23 20:00 Kursaal Auditorioa Orquesta Barroca Collegium 1704 / Collegium Vocale 1704
Abuztua 27 20:00 Kursaal Auditorioa Orquesta Filarmónica Checa / Orfeón Donostiarra

*(Sarrera mugatua)

 

 

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.