[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Talentu musikal berria izango da Musika Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloko protagonista

  • Aste osoan zehar, Interprete Gazteen Zikloak arituko dira Miramar Jauregian beren ibilbide profesionalak hasten ari diren musikari gazteak.
  • Asteburuan Musikeler egitarauko bi kontzertu ere izango dira, musika klasikoa giro informalean entzutea proposatzen dutenak.

Musika Hamabostaldiak bertako talentu gaztearen aldeko apustua egin du beti. Aurtengo edizioan, Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) eta Easo Gazte Abesbatza bezalako taldeak, edota Elena Sancho-Péreg eta Xabier Anduaga bezalako bakarlari gazteak protagonismo handia izaten ari dira jaialdiaren egitarauan. Hala ere, Hamabostaldiak musika-talentu berriei laguntzeko egiten duen ekimen nagusia Interprete Gazteen Zikloa da. Abuztuaren 22tik 25era egingo da, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren lankidetzarekin. Guztira lau kontzertu izango dira zikloaren ohiko egoitzan, Miramar Jauregian. Guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrerek 5 euroko prezioa izango dute.

Zikloa abuztuaren 22an hasiko da, astelehenean, Marta Cubas akordeoi jotzailearen bakarkako errezitalarekin. Iñaki Alberdiren ikaslea da Musikenen. Melomano Ikastetxe Arteko XV. Lehiaketa Nazionala irabazi du eta RTVEko Prodigios 2 programaren finalista izan da. Cubasek oso programa heterogeneoa aurkeztuko du, Berpizkunde eta Barrokotik hasita, Narvaez, Scarlatti eta Soler konpositoreen sonatekin, ondoren XX. mendeko musika garaikidearekin jarraitzeko, Albeniz, Schnittke, Zorn, Hosokawa eta Gerenabarrena egileen sorkuntzekin.

Egun bat geroago, abuztuaren 23an, Ensemble L 'Inégalité taldeak Musikenen lantzen den beste espezialitate baten lagin bat emango du: antzinako musika. Roi Fernandez eta Clara Perez biolinistek, Luis Alejandro Castillo biolontxelo jotzaileak eta Víctor Perea organistak bultzatuta, taldeak aro Barroko osoa zeharkatzen duen programa bat aurkeztuko du, Cima edo Castello bezalako egileekin hasiz, Corelli, Lecleir eta Galloren musikekin bukatzeko. Lehenengo biek musika barrokoaren hasiera irudikatzen dute, ondorengo hiruek, aldiz, haren osotasuna. Ensembleak, Klasizismoan sartu-irtenak ere egingo ditu, Mozart eta Haydnen organo eta harietarako kontzertu eta sonatekin.

Zikloko hurrengo kontzertuan, abuztuaren 24an, bakarlari batek hartuko du agertokia. Nerea Azcona Musikenen ari da harpa ikasketak amaitzen eta gainera dantzaria eta euskal dantzen irakaslea da. Ondorioz, prestatu duen programak hainbat diziplina jorratuko ditu. Instrumentuaren aukera guztiak aztertzen dituzten Weiss, Glinka, Renié, Hindemith eta Gombauren piezak interpretatu ondoren, euskal folkloreari keinu eginez amaituko du emanaldia: Jesus Guridiren Zortziko Zarra obraren bitartez, hain zuzen.

Interprete Gazteen Zikloko azken kontzertua Javier Hombría pianistak emango du, abuztuaren 25ean. Marta Zabaletaren ikaslea da Musikenen eta baita Andoaingo Piano Lehiaketaren eta Aragoiko Melomano Ikastetxe Arteko Interpretazio Sariaren irabazlea ere. Musika Hamabostaldian bere debuta izango da eta aukera baliatuko du piano-literaturako hiru lan nagusi jotzera ausartzeko: Johann Sebastian Bachen 3. Suite frantsesa, Ludwig van Beethovenen Pianorako 21. Sonata “Waldstein” ezaguna eta Sergei Rachmaninoven pianorentzako 2.Sonata, azken hau zailtasun handikoa.

Interprete Gazteen Zikloa ostegunean amaitzen bada ere, ostiralean eta larunbatean talentu gaztea gailenduko da beste behin Musikelerren, bi gauetan musika-emanaldiak izango dira eta. Hauek, giro lasaian eta garagardo batez gozatu ahal izango dira, publiko berriak musika klasikoaren esparrura gerturatzeko asmoz. Musikeneko ikasleak izango dira berriro protagonista, Tabakalerako laugarren solairuko Kutxa Kultur gunean. Aurten, 20:00etatik aurrera, Musikelerreko emanaldiak girotzeaz arduratuko diren bi taldeak Cadenza Quartet (abuztuak 26), Gershwin, Debussy, Ligeti, Piazzolla, Falla eta Iturralderen obrak interpretatuko dituen saxofoi laukotea, eta zurezko haize laukotea, Cuarteto Koda (abuztuak 27) izango dira, dantza herrikoietan inspiratutako pieza klasikoen egitarau alaiarekin, hala nola tangoa, pasodoblea, ragtime, bossa-nova eta abar. Musikeler kontzertuek 3 euroko prezioa izango dute aurretiaz erosita eta 5 euro leihatilan, kontzertuaren egun berean.

Interprete Gazteen Zikloko eta Musikeler kontzertuetako sarrerak Kursaal eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta www.musikahamabostaldia.eus webgunean eskuratu daitezke.

BIOGRAFIAK

Marta Cubas - Abuztuak 22, 19:00 - Miramar Jauregia

Espainiako Gaztedi Musikalen lehiaketa irabazi zuen, “XV. Melomano Lehiaketa Nazionala” eta RTVE Prodigios 2 lehiaketako finalista izan zen Marta Cubas Hondal (2002). Madrilgo Auditorio Nazionalean estreinatu du, 16 urterekin eta Madrilgo Orkestra Metropolitarrak lagunduta, Alejandro Vivas Puig konpositorearen Concierto Indálico, berariaz berak interpretatzeko konposatutakoa. Gainera, aurretiaz Alexander Yasinski konpositorearen Akordeoi eta orkestrarako kontzertua estreinatu zuen Ataúlfo Argenta Gazte Orkestra Sinfonikoarekin, eta Gorka Hermosaren Atlantia kontzertua Salamancako Gazte Orkestra Sinfonikoarekin. Hogei lehiaketa baino gehiagotan saritu dute, horien artean nabarmentzekoa “1er Concours Internacional Accordéons-nous” lehiaketako 1. saria, 2. saria “Akordeoiaren 66. Mundu Trofeoa” lehiaketan, Cuenca Hiriko Interprete Gazteen VI. Lehiaketa Nazionaleko 1. saria, Lleidako Sant Anastasi XVI. Lehiaketa Instrumentaleko 1. saria eta XXXIX Arrasateko Akordeoi Lehiaketako 1. saria. Santanderren hasi zen akordeoi ikasketak egiten Gorka Hermosarekin eta gaur egun goi-mailako ikasketak Musikenen egiten dihardu Iñaki Alberdirekin.

Ensemble L’Inégalité - Abuztuak 23, 19:00 - Miramar Jauregia

L'Inégalité ganbera taldea 2021ean sortu zen lau musikari gaztek beren ezagutza zabaltzea erabaki zutelako. Interpretazio Historiko Informatuaren munduan sartu ziren, ezezagunagoa den baina artista nahiz entzuleentzat ikuspegi freskoa eskaini dezakeen errepertorioa ezagutzera emateko. Taldeak jorratzen duen errepertorioa goiz-barroko italiarrean hasten da, G. P. Cima adibidez, A. Corelli, J. Haydn edo W. A. Mozart maisu handietatik igaroz. Estilo italiar eta frantsesean ere iharduten da, garaiko arauak, itunak, ikonografia eta beste iturri batzuk kontuan hartuz, betiere, oinarri bezala, baina sormena alde batera utzi gabe, taldea ezaugarritzen duena baita. Taldeak Pedro Gandía Musikeneko interpretazio historikoko irakasle eta biolinista/biola jotzaile barrokoaren gida jarraitzen du. Musika ezezaguna bertsio bakar eta oinarrituekin ezagutzera ematea du xede.

Nerea Azcona – Abuztuak 24, 19:00 - Palacio Miramar

Harpa ikasten hasi zen 8 urterekin Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan Estibaliz Aldecoa eta María Llanos Calleja irakasleekin, ikasketak kalifikazio altuenarekin amaituz. Orain Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako Kontserbatorioan dabil ikasketak amaitzen Christine Icart, Julien Marcou eta Bérengère Sardin irakasleekin. Isabelle Perrin, Elisabeth Colard, Mirjam Schröder, Frédérique Cambreling, Sandrine Chatron eta Celine Landelle harpista internazionalen eskutik klaseak jaso ditu. Hainbat orkestra gaztetan parte hartzen du hala nola EIO, OJSG eta EGOko kide erreserba da. Era berean, beste orkestra, banda eta taldeekin kolaboratzen du horien artean Et Incarnatus eta Korrontzi. Musikaz haratagoko beste arte disziplinekin lan egitea du gustoko, ADOS Teatroa konpainiarekin kolaboratzen du eta Poetika zikloan parte hartu. Aldi berean, bere dantza taldearekin gira nazional eta internazionaletan hartu du parte. 2020an Azul Hirukotea sortu zuen eta talde honekin hainbat kontzertu eman ditu, Kutxaren Ganbera Musikaren Zikloan, Arrasateko Udaberriko Musikaldian etab. Ikasketak irakaskuntzarekin uztartzen ditu: Pasaiako Musika Eskolan harpa irakasle da eta Kai Alden euskal dantzako irakasle.

Javier Hombría - Abuztuak 25, 19:00 - Palacio Miramar

Marta Zabaletaren egungo ikaslea Musikenen, Javier Hombría pianistak ondoko pianista eta pedagogoen eskolak jaso ditu: Michael Schäfer, Begoña Uriarte, David Kuyken, Frank van de Laar, Alexander Kandelaki, Josep Colom, Denis Pascal, Kennedy Moretti, Miguel Angel Ortega eta Ramon Coll, besteak beste. Andoaingo Piano Lehiaketa, Aragoiko Melómano Nazioarteko Interpretazio Saria, Alcañizko Ganbera Musika Lehiaketa eta APA – Pilar Bayona – FIDAH Interpretazio Lehiaketaren hainbat edizio irabazi ditu. Joan den ikasturtean Musikenen egin ditu ikasketak, AIEren beka batekin. Javierrek bakarlari gisa kontzertuak eman ditu CPMZko Orkestra Sinfonikoarekin. Aragoiko Gazte Orkestrako pianista titularra da, eta beste askoren kide izan da, hala nola Aragoiko Kontserbatorioetako Hari Pultsatuko Orkestra (OCPCA).

MUSIKELER

Cadenza Quartet – Abuztuak 26, 20:00 – Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera)

Cadenza Quartet saxofoi-laukote bat da. 2020. urteko urrian sortu zen, era honetako talde batek eskaintzen dituen aukera artistikoak ezagutzeko asmoarekin. Musikene, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia, da kide guztien arteko lotura, eta Miguel Ángel Lorente saxofonista handiaren babespean dihardute. 2021. eta 2022. urteetan Musikenek antolatutako kontzertu-programa bat aurkeztu du, bai erreferentziazko klubetan, hala nola Sociedad Bilbaínan, bai kontzertu-areto txikietan, hala nola Basauriko kultura-etxea; horrez gainera, kontzertu didaktiko bat antolatu dute Donosti Musika Eskolako ikasleentzat. Honako hauek dira taldeko kideak: Diego Levices Sanz (saxofoi sopranoa), María Ortiz Pozo (saxofoi altua), Claudia Carballo González (saxofoi tenorra) eta Jorge Esteban Larreina (saxofoi baritonoa).

Cuarteto Koda – Abuztuak 27, 20:00 – Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera)

Laukote honetako kide dira Laura Palop (flauta), Míriam Castelao (oboea), Carmen Juara (fagota) eta Belén Troitiño (klarinetea). Gaur egun Musikenen (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian) dihardute laurak goi-mailako musika ikasketak egiten, musikaren alorreko erreferente handiekin, esate baterako Álvaro Octavio, Christian Wetzel, David Tomás eta José Luis Estellés. 2021. urteaz geroztik dihardu taldeak lanean, Ricardo Sciammarellarekin eskolak ematen eta estilo askotako lanak interpretatzen, nahiz eta XX. mendeko errepertorioan nabarmentzen den taldea. Taldekideek dagoeneko esperientzia handia dute musikaren munduan, eta orkestra handietako kide dira: JONDE (Espainiako Gazte Orkestra Nazionala), JORCAM (Madrilgo Erkidegoko Gazte Orkestra), JOL (Leóngo Gazte Orkestra), EGO (Euskadiko Gazte Orkestra) edo OJSG (Galiziako Gazte Orkestra Sinfonikoa).

Quincena Musical / Musica Hambostaldia Laguntzak

Webgune hau Next Generation EU funtsen laguntzaz egin da.