- Ikuskizunaren izena Federico García Lorcak 1920an idatzitako lehen antzerkitik dator. Antzerki hark ez zuen arrakastarik izan: porrot handia izan zen.
- Zilarrezko Garaian zehar ibilbidea egiten du ikuskizunak, koreografoen, eta Granadako poetari lotutako artistek sortutako dantzen bidez.
Bigarren aldia izango du Ballet Flamenco de Andalucía konpainiak Musika Hamabostaldian, Úrsula López-en gidaritzapean. Andaluziako Juntaren konpainia instituzionalak ekarriko duen ikuskizunak Federico García Lorca (1898-1936) idazleak sortutako lehen antzerki obratik hartzen du izena. El maleficio de la mariposa (Tximeletaren sorginkeria) (1920) lanaren estreinaldia, Madrilgo Eslava Antzokian, porrot handia izan zen eta kroniketatik onik atera zen bakarra Encarnación López Júlvez, La Argentinita dantzaria izan zen, tximeleta zuriaren papera dantzatu zuena. Anekdota aitzakia ezin hobea da Andaluziako ballet Flamenkoak poeta granadarrarekin era batera edo bestera harremana izan zuten emakumeak omentzeko, Zilarrezko Garaiko artista hauen dantzen bidez.
Ikuskizunak ordu bat eta berrogeita bost minutu inguruko iraupena du eta hiru bloke nagusitan banatuta dago: Pregón de las naranjas de Antonio El Divino, Pregón de las brevas de Anastasio Ruiz eta Pregón del Zarapico del Niño de las Moras. Aldi berean, bloke bakoitzak eszena ezberdinak ditu, eta bederatzi dira guztira. Fanny Elssler koreografoaren La cachucha (1836) dantzatik hasi eta Camen Amaya-en Taranto (1942) delakoraino, El maleficio de la mariposa «Zilarrezko Arotik igarotzen den ibilbidea da. Ibilbide horretan era batera edo bestera Lorcarekin lotura izan zuten emakumeak omentzen ditugu. Berrikuspen ahalik eta fidagarriena egiten saiatu naiz, artista garaikide nahiz flamenko hauen dantzak errespetatzeko: Fanny Elssler, Pastora Imperio, Antonia Mercé, La Argentinita, Tórtola Valencia, Martha Graham eta Carmen Amaya, besteak beste», dio Úrsula López (Montilla, Kordoba, 1976) Ballet Flamencoko zuzendariak. Bera ere ariko da emanaldian, Victoria Eugenia Antzokian, abuztuaren 17an, 20:00etan.
Emakume artisten katalogoa Fanny Elssler (1810-1884) dantzari erromantikoaren La cachucha obra ezagunarekin hasten da, Le Diable boiteux balletean azaltzen den dantza espainiarrarekin. Eta, ondoren, koreografo garaikideon pieza ikonoklastak jasotzen dira: Loïe Fuller (1862-1928), Martha Graham (1894-1991), Gret Palucca (1902-1993) eta Ruth Page (1899-1991). Antonia Mercé, La Argentina (1890-1936), Pastora Imperio (1889-1979), Tórtola Valencia (1882-1955), Encarnación López Júlvez, La Argentinita (1898-1945), Pilar López Júlvez (1912-2008) eta Carmen Amaya (1918-1963) artista espainiar iraultzaileen piezak ere badaude. Gainera, keinu bat egiten zaie Diaghilev-en Ballet Errusiarrei, Cuadro flamenco (1921) lanarekin, Donostiara etorritako azken alditik mende bat betetzen den honetan.
Audi Menaik babestutako ikuskizuna da Ballet Flamenco de Andalucíaren emanaldia.
