- Juan Diego Flórezek irekiko du bakarlari gailenen esku-hartzean bereziki aberatsa izango den edizioari, Grigory Sokolov beteranotik hasi eta Julia Hagen gazteraino.
- Kursaal Auditorioan ariko dira Mahler Chamber Orchestra, The Constellation Choir and Orchestra, Seoul Philharmonic Orchestra eta Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa, zuzendari handien gidaritzapean: Riccardo Chailly, Sir John Eliot Gardiner, Daniel Harding eta Jaap van Zweden. Erik Nielsenek zuzenduta, Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Easo Abesbatzak Berliozen Hildakoen Meza Handia zaila bezain erraldoia interpretatuko dute.
- "Arriaga harrigarria" izenbur hartuta, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak eta Easo Abesbatzak, bilbotar konpositorearen bigarren mendeurrena gogora ekarriko dute Victoria Eugenia Antzokian izango den kontzertuan.
- Eva Yerbabuena flamenko dantzariak eta bere konpainiak "Yerbagüena" Oscuro brillante ikuskizuna aurkeztuko dute.
- Tabakalera jaialdiaren egoitza gisa finkatu eta eskaintza garaikidearen erdigune bihurtuko da: Tabakalera Dantzan zikloarekin batera, Musika Garaikideari eskainitako zikloa eta Zomozorroak Haurren Hamabostaldiko ikuskizun nagusiaren estreinaldia hartuko ditu.
- Natxo de Feliperen Arantzazura itzulera mugarri izango da; Kuarteto Philiperenarekin batera ariko da han.
- Sarreren salmenta orokorra bihar asteartea, maiatzaren 19an hasiko da, 11:30ean. quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira sarrerak.
Abuztuaren 2an hasiko da 87. Donostiako Musika Hamabostaldia; Inaugurazio Egunak berak erakustiko du proposamenen kalitate eta heterogeneotasuna ezaugarri dituen jaialdiaren espiritua; nazioarteko eta tokiko artistak ditu ardatz, ospetsuak eta hasiberriak; musika-ondarearen zein sorkuntza berriarekin konprometitua komunitatea sortzea du helburu, askotariko publikoari zuzendua, espazio klasiko eta berezietan, arte-diziplina desberdinen arteko zubiak sortuta. Hamabostaldiko lehen notak eguerdiko 12:00etan entzungo dira Kursaaleko musikadun ipuin kontaketan eta, aldi berean, Udaletxeko Batzar Aretoan izango den piano errezitalean; ondoren, Villa Sacramentoko egoiliarrentzako kantu errezitala izango da, eta Ataunen organo eta bertsolarien emanaldia; arratsaldean, dantza izango da Udaletxeko Batzar Aretoan, eta baita Paseo Berrian, Jorge Oteizaren Construcción vacía eskulturaren oinean; organo musika entzungai izango da Atotxan zein Artzain Onaren Katedralean, eta kantu errezital bat Zorroagan. Eta egunari gorenean amaiera emateko, Peruko Juan Diego Flórez tenore handia Hamabostaldira itzuliko da, Kursaal Auditorioko lehenbiziko kontzertuan.
Egun horretan hasi eta abuztuaren 30era arte, izango da zer etzun eta gozatu: musika sinfonikotik errezitalera, musika zein dantza tradizionaletik abangoardistara, espazio handietan (Kursaal, Victoria Eugenia edo Arantzazu) nahiz Tabakaleran, San Telmon edo Chillida Lekuko proposamen txikiagoetan dira; norberak nahi duena aukeratzeko aukera zabalena izatea da helburua, hartara bakoitzak bere jaialdia eratu dezan: Hamabostaldia, a zer plana! Aurtengo kartela Mari Puri Herreroren lana da; tonu laranja baten gainean, kolore urdineko (artistaren gogokoena) trazoez egindako natura eta musika irudikatzen duten giza-irudiak agertzen dira, eta horien gainetik egindako izpi gorrixka batzuk nabarmentzen dira, artistak bere obrarekiko etengabeko entzutearen emaitza.
Sarreren salmenta bihar, maiatzaren 19 asteartean, hasiko da, 11:30ean. Aurtengo edizioko kontzertu guztietarako sarrerak www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira. Hamabostaldiaren Lagun izateak abantailak eta deskontuak dakartza sarrera solteak eta abonuak erosterakoan, esaterako % 25erainoko deskontua.
KURSAAL AUDITORIOA: NAZIOARTEKO ONENA ETA TOKIKO ZIGILUA DUEN PROPOSAMEN SINFONIKO-KORAL MONUMENTALA
Abuztuaren 2an, Juan Diego Flórez tenore perutarra jaialdira itzuliko da, eta, bi hamarkadaren ostean Donostian ariko da berriz, munduko ahotsik handienetako bat bihurtuta; hogeita hamar urtetik gorako ibilbide oparoa egina du opera tenpluetan, hala nola, New Yorkeko Metropolitan Operan, Milango alla Scala antzokian, Londresko Royal Opera Housen eta Veronako Arenan. Vincenzo Scalera pianistak lagunduta, Verdi, Donizetti, Bellini, Rossini, Massenet, Gounod, Serrano, Lecuona eta abarren piezen gainean eraikitako programa joko du; programa horrekin berarekin Salzburgoko jaialdi entzutetsuaren itxiera kontzertuko protagonista izango da.
Abuztuaren 6an, Daniel Harding Hamabostaldira itzuliko da Mahler Chamber Orchestra zuzentzeko, eta bakarlari gonbidatu berezi batekin datoz: Daniil Trifonov; Kursaal Auditorioko hurrengo hitzordua den Grigory Sokolov bezalako pianista handien ubera jarraitzera deitutako pianista gailenen belaunaldiaren ordezkarietako bat da bera. Daniel Hardingek berebiziko garrantzia izan du Mahler Chamber Orchestraren garapenean laurogeita hamarreko hamarkadan sortu zenetik.
Grigory Sokolov abuztuaren 13an ariko da Kursaalen. Unibertsalki miretsia, bere trebetasun gaindiezinagatik, hainbat hamarkada igaro dira kritikak eta publikoak munduko pianismoaren gorenera goratu zutenetik, eta han dirau gaurdaino. Azken urteotan Hamabostaldiko ohiko gonbidatua izan da eta jaialdiko publikoaren miresmena ere bereganatu du; entzulegoa gogo handiz joaten da haren kontzertuetara, eta ilusioz hartzen dute jada Sokolov marka bihurtu den ohitura: bere emanaldia bis zerrenda luze batekin ixtea.
Abuztuaren 19an, Euskadiko bi orkestra sinfoniko nagusiek eta lurraldeko abesbatza ospetsuenetako bik erakutsiko dute errepertorioko edozein obrari ekiteko berton dugun potentzial handia erakutsiko dute, horren eskakizun-maila handia zein tamaina gorabehera. Euskadiko Orkestrak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Easo Abesbatzak Berliozen "Requiem" Hildakoen Meza Handia interpretatuko dute, Erik Nielsenen zuzendaritzapean eta John Matthew Meyers tenorraren bakarlari interpretazioarekin; eszenatokian laurehun bat pertsona inguru bilduko dituen formatu oso handiko sinfonia honek.
Abuztuaren 22an The Constellation Choir & Orchestra estreinakoz ariko da Donostian. Sir John Eliot Gardinerren proiekturik berriena, 2024an sortu ziren eta musikaren bikaintasunari eta berrikuntzari eskainitako bizitza oso baten gailurra irudikatzen dute. XXI. mendeko artea berriz zehaztea xede duen Springhead Constellation deritzon kolektiboaren parte dira, musika, artea eta ideiak modu eraldatzailean lotzen dituen abangoardiako kolektiboa. Brahmsen Patuaren kanta eta Mendelssohnen 2. Sinfonia "Lobgesang" interpretatuko dituzte.
Abuztuaren 25ean eta 26an Seoul Philharmonic Orchestraren bisita bikoitza jasoko du jaialdiak, Jaap van Zwedenek zuzenduta. Jaap van Zweden New Yorkeko Filarmonikako zuzendari ohia da eta udazkenean Orchestre Philharmonique de Radio France orkestraren musika-zuzendari kargua hartuko du. Asiako orkestra nagusietako bat, Seulgo Orkestra Filarmonikoa bere doitasunagatik eta soinu ahaltsuengatik nabarmentzen da. Lehenengo kontzertua (abuztuaren 25a) afizioa sortzen duten kontzertuetako bat izango da, publiko ororentzat egokia: orkestrak Mozarten 40. Sinfonia, , Respighiren Erromako pinuak pieza deskribatzaile eta koloretsua, eta Mendelssohnen Biolinerako kontzertua, Bomsori biolinista korearrarekin. Kontzertua Inferno piezak irekiko du, orkestrak Jung Jae-il konpositoreari egindako enkargua; bera da Parasite (Parasitoak) filmaren eta Squid Game (Kalamarraren jokoa) seriearen soinu-banden sortzailea. Abuztuaren 26ko kontzertua ere publiko zabalarentzako aproposa izango da; Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia “Korala” ospetsuaz gozatzeko aukera izango da, Koreako orkestrak Easo Abesbatza lagun duela, eta Matthias Goerne baritonoa bakarlarien artean dela. Programa osatzeko, John Adamsen The Wound-Dresser (Erizaina) obra interpretatuko du orkestrak; ganbera-orkestrarako eta baritonoarentzako idatzia, publikoarentzat aurkikuntza izango da.
Eta abuztuaren 29an eta 30ean, beste bisita bikoitza jasoko dugu: Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa eta Riccardo Chailly. Lehenengo kontzertuan Julia Hagen biolontxelistak Biolontxelorako Kontzertua op. 104 interpretatuko du. Hagen artista moldakor eta bikaina da eta egonaldiak egiten ditu Festspielfrühling Rügen-en, Aix-en-Provence-ko ganbera-musikako jaialdian, Risør-eko jaialdian eta Norvegian Leif Ove Andsnesek zuzentzen duen Rosendale jaialdian, eta Gautier zein Renaud Capuçonen lankide ere bada. Bigarren zatian, konpositore beraren 9. Sinfonia "Mundu Berriarena" izango da entzungai, haren obra gailenetako bat, hastapenetan zen kultura amerikarreko kantuak biltzen dituena.
Eta amaiera kontzerturako (abuztuak 30), Chailly maisuak Verdiren La forza del destino operaren obertura eta Lau pieza sakratuetako bi, Stabat Mater eta Te Deum aukeratu ditu, Donostiako Orfeoiaren parte-hartzearekin; eta Tchaikovskyren 4. Sinfonia, su artifizialen erakustaldia, oso egokia jaialdiari amaiera bikaina emateko.
VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA: "ARRIAGA HARRIGARRIA", EUSKADIKO ORKESTRA ETA EASO ABESBATZAREKIN, JUANJO MENAREN ZUZENDARITZAPEAN, ETA EVA YERBABUENAREN FLAMENKOA
Abuztuaren 12an, Arriaga harrigarria izenburupean, Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren heriotzaren bigarren mendeurrena ospatuko da. Haren talentu goiztiarrak eta heldutasun musikal harrigarriak Europako lehen erromantizismoaren figura berezienetako bat bihurtu zuten, eta horrela dirau bi mende geroago ere. Juanjo Mena maisuaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak bere obra ezagunenetako batzuen hautaketa interpretatuko du: “Los esclavos felices”en Obertura, Sinfonía re miorren, Stabat Mater, O Salutaris Hostia eta Obertura re maiorren. Abesbatzaren atalak Easo Abesbatzak kantatuko ditu.
Flamenkoa azken hamarkadetan generoan izan den artista bikainenetako baten eskutik dator edizio honetan: Eva Yerbabuena. Abuztuaren 17an, flamenko dantzari eta koreografo ospetsuak Yerbagüena (ilun distiratsua) ikuskizuna ekarriko du Victoria Eugenia Antzokira. Artistak berriz ere dualtasunera jotzen du adierazteko eta hausnartzeko modu gisa; funtsean elkarren aurkakoak eta osagarriak diren bi indarretan sakontzen du. Eva Yerbabuenaren hemeretzigarren ikuskizuna kontrakoak diren kontzeptuen artean mugitzen da, bere ustez absolutua eta mugiezina dena birplanteatzeko: zurruntasuna eta malgutasuna, lasaitasuna eta mugimendua, argia eta iluntasuna, kantua eta dantza, klasizismoa eta abangoardia, artisautza eta teknologia...
TABAKALERA: JAIALDIAREN ESKAINTZA GARAIKIDEAREN GUNEA
Hamabostaldiak hiriko kultur gune nagusietan egoteko duen interesari erantzunez, Kursaal, Victoria Eugenia Antzokia edo San Telmo Museoarekin batera, Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa jaialdiaren egoitza gisa finkatu da azken urteotan. 2020tik aurrera Tabakalera Dantzan hartzen du, Tabakalerarekin elkarlanean garatutako dantza garaikideko zikloa, eta aurten Musika Garaikideko Zikloaren eta Zomozorroak, Haurren Hamabostaldiko ikuskizun nagusiaren agertoki ere izango da.
Tabakalera Dantzan zikloan, Ion Munduatek, aurtengo artista egoiliarrak Hafuura estreinatuko du (abuztuaren 11n), Blanca Calvo koreografoarekin lankidetzan (2015ean ikusizko arteen arloan egindako jarduera aintzatesten zuen Gure Artea saria jaso zuten biek) eta Iñar Sastre pianistarekin batera; Paula Quintanak Atlas de anatomía aurkeztuko du (abuztuaren 13an), horretan zuzeneko ahotsa beste gorputz bat gehiago balitz bezala gehitzen zaio koreografiari; eta Lorena Nogalek (2024ko Dantza Sari Nazionala) PICASSa interpretatuko du saio bikoitzean (abuztuaren 14an); Picassoren unibertso artistikoan inspiratzen den pieza ibiltariak Tabakalera eraikineko hainbat espaziotan barrena ibiltzera eramango du publikoa.
Musika Garaikideko Zikloan, Sigma Project saxofoi laukoteak Amerikaren 250. urteurrena izenburudun kontzertua aurkeztuko du: Hass, Shaw, Czernowin eta Glassen lanen aukeraketa bat eta J. Esnaolaren Zurrumurru obraren estreinaldia (abuztuaren 10ean); Quatuor Béla hari laukoteak Mochizuki, Saunders, Jeon eta Avramidouren partituren hautaketa interpretatuko du, baita Pablo Sorozábal XVIII. konposizio lehiaketa irabazi duen P. Franchelliren obraren estreinaldia ere (abuztuaren 14an); eta Dúo Cassadók Esencia de los elementos aurkeztuko du (abuztuaren 16an), Martina Ampuero artista bisualarekin batera garatutako proiektua.
Tabakalerako Patio Aretoak Haur Hamabostaldiaren ikuskizun nagusia hartuko du: Zomozorroak Musika Hamabostaldiaren eta Easo Abesbatzaren ekoizpen berriaren erabateko estreinaldia (abuztuaren 7an). Kontzertu pedagogiko dramatizatu horrek musika klasikoa (Griegen Suite Peer Gynt nº 1 eta Hummelen Tronpetarako Kontzertuaren pasarte bat), narrazio dramatikoa eta elementu bisualak uztartzen ditu 360º-ko eszenatoki baten gainean. Musikariak zomorroak dira. Beltzez jantzita beti, askotan ogibidea daramate soinean. Bakoitzak bere zeregina betetzen du kontzertuak irauten duen bitartean eta, ondoren, nolanahi ateratzen da eszenatokitik, jirabiran. Agian musikariek zomorro mozorroa jartzen dute, musikarekin ez nahasteko. Musikaren inguruko elkarrizketa izango da, iksukizunean zentzu ororekin ikuskizunean murgiltzeko aukera izango duen ikus-entzulegoarekin lotura zuzena izango duena, musikarekiko jakin-mina, entzute aktiboa eta irudimena piztea helburu hartuta. Lucía Arzallusen musika zuzendari, David de Oliveiraren zuzendari liriko eta Iñigo Santacana zuzendari eszeniko direla, ikuskizunak Elixabete Herreroren eta Marta Garcíaren libretoa du eta Easo Sinfonietta, Easo Abesbatzako bakarlariak eta Mikel Murillo Studio24-ko dantzariak izango dira eszenatokian..
HAMABOSTALDIAREN GAINERAKO ZIKLOAK: ZUZENEKO MUSIKAZ GOZATZEKO MILAKA MODU ETA GUNE
San Telmo Museoan, Ganbera Musika Zikloan Francesca Dego biolinista, VibrArt hirukotea (Miguel Colom, Fernando Arias eta Juan Floristán), La Ritirata eta Cuarteto Quiroga jardungo dira; eta Antzinako Musika Zikloak La Real Cámara, Collegium Musicum Madrid, Gli Incogniti eta Capella de Ministrers hartuko ditu.
Musika Aitzaki zikloak Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko herrietara eramango du jaialdia, eta Chillida Leku, Senpere edo Hondarribira itzuliko da. Aurten ere, Arantzazuko hitzordu enblematikoak, non musika klasikoa eta folklorea uztartzen diren, mugarri izango da: iaz leku berean Alos Quarteten gonbidatu gisa izandako esperientziaren ostean, Natxo de Felipe proiektu propio batekin itzuliko da eszenatokietara, Oskorrik behin betirako agur esan eta 11 urtera, Musika Hamabostaldiaren eskutik eta Kuarteto Philiperenak lagunduta. Abandonatuak izenburudun kontzertuan, de Felipek Oskorriren garaian argitaratzeke geratutako zenbait abesti berreskuratuko ditu, behin taldekideei egindako mehatxu profetikoa beteta: “Egunen batean, nire lagunek abandonatu kantuak berpiztuko ditut, zuen lotsagarri”.
Organo Zikloan lurraldeko organo erromantiko baliotsuak entzungo dira, dantzarekin, kantu koralarekin, bertsolariekin edo txistu, alboka, korno ingelesa, zanfona edo biolontxeloarekin batera; S. Máynez Vidalen bi obra estreinatuko dira horretan.
Eta Miramar Jauregia talentu gazteen topagune izango da.
Gainera, beste hainbat jarduera ere programatu dira: “Montserrat Torrent. 100 años al servicio de la música” erakusketa, ehun urte beteak dituen organista katalanari eskainia (abuztuaren 3tik 14ra, Koruko Andre Mariaren Basilikako sotokoroan); eta Gozamenerako gakoak, Mari Jose Cano musika krikoaren hitzaldiak, abuztuaren 4an eta 6an, San Telmo Museoan.
ORORENTZAKO ESKAINTZA
Hamabostaldiak berau sostengatzen duten herritarrekiko du konpromisorik handiena; horregatik, Hamabostaldia biziki ahalegintzen da eskaintza askotariko eta kalitate handieneko hori guztientzako eskuragai izan dadin. Oso prezio lehiakorrak izateaz gain, Kursaaleko kontzertu-ziklorako sarrerak 14 eurotik gora eskura daitezke, eta Inaugurazio Eguneko emanaldiak (Kursaal Auditorioko kontzertua eta Kursaaleko Foyer-eko ipuin kontaketa izan ezik), organo zikloko kontzertu guztiak eta Musika Aitzaki zikloko zenbait hitzordu doakoak dira (sarrera librea, edukiera bete arte).
30 urtetik beherakoek Ordu Gaztea balia dezakete: Kursaal Auditorioko kontzertuetarako eta Victoria Eugenia Antzokiko emanaldietarako sarrerak 5 eurotan erosi ahako dituzte, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, dagozkien leihatiletan, baldin eta eserleku libreak badaude, adina egiaztatu ondoren. 30 urtetik gorako lngabeak ere baliatu ahalko dute abantaila hori, Izena Emateko Aldien Ziurtagiri eguneratua aurkeztuta.
