[Translate to Euskera:]

[Translate to Euskera:]

Operak, programa sinfoniko-koralek eta dantzak bete dute Kursaal Auditorioa 85. Musika Hamabostaldian

•    Carmen operaren lehen emankizunean, Budapest Festival Orchestraren eta Euskadiko Orkestraren kontzertuetan - biak Donostiako Orfeoiaren parte hartzearekin - dantza eta musika uztartzen dituen Folia ikuskizunean eta Riccardo Chaillyren gidaritzapean aritu zen Orchestra Filarmonica della Scalaren kontzertuan Kursaaleko sarrerak amaitu ziren.

•    Halaber, aretoa bete zen Úrsula Lópezen Flamenko Konpainiaren hitzorduan,  Egia ala geRuza haurrentzako operaren erabateko estreinaldian, Arantzazuko emanaldian eta San Telmon gauzatutako Antzinako nahiz Ganbera zikloetako zenbait hitzordutan ere.

•    Nabarmentzekoak diren zenbait mugarri ere izan ditu aurtengoak: beren neurri eta zailtasunagatik ezohikoak diren bi pieza sinfoniko-koralen emanaldiak -Shostakovichen Stepan Razinen exekuzioa eta Beethovenen Missa solemnis , Riccardo Chaillyren parte-hartzea Milango Orchestra Filarmonica della Scalarekin edota Käfig konpainiaren Folia ikuskizunak izan zuen harrera beroa.

•    82 emanaldi izan dira guztira, horietako 31 doakoak, eta 889.962 euro bildu dira leihatilan.

Zuzendari titularra duen Mikko Franck finlandiarraren gidaritzapean, Orchestre Philharmonique de Radio France orkestak eta Sol Gabetta biolontxelo jotzaileak itxiko dute Kursaalen Donostiako 85. Musika Hamabostaldia. Erabateko kutsu frantziarra duen programa eskainiko dute: jatorri errusiarra duen Sol Gabetta frantziar-argentinarrak Édouard Laloren Biolontxeloarentzako kontzertuari helduko dio, Claude Debussyren Prélude à l'après-midi d'un faune, Maurice Ravelen Shéhérazade, ouverture de Féerie eta Igor Stravinskyren L'Oiseau de feu lanak ere bere baitan dituen programan.

Horiek izango dira aurtengo edizioaren azken doinuak. Hala, abuztuaren 1etik 30era bitartean, bidaiak eta exotismoa agintzen zituen hariari erreferentzia eginez, musika, dantza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartu dituzten 82 proposamen egin dira, Donostiako eta Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko hogei herritako hainbat gunetan barrena. 32.728 lagunek egin dute bat Uda, emadazu musika leloarekin, eta aipatutako hitzordu horietakoren batean hartu dute parte. Guztira, 889.962 euro bildu dira txarteldegian.

Programazioaren bizkarrezurra den Kursaal Audiotorioko kontzertu zikloak 16.159 ikus-entzule elkartu ditu aurten. Bost aldiz amaitu dira sarrerak: Batetik, Hamabostaldiaren ekoizpen propioa den Bizeten Carmen operaren lehen emankizunean, José Miguel Pérez-Sierra musika zuzendariaren gidaritzapean, Emilio Lópezen zuzendaritza artistikoarekin eta Euskadiko Orkestraren, Easo abesbatzaren eta Rihab Chaieb, Dmytro Popov eta Miren Urbieta-Vega bakarlariak buru dituen interprete taldearen parte hartzearekin; ondoren, Ivan Fischerrek zuzendutako Budapest Festival Orchestrak eta Donostiako Orfeoiak Mozarten inguruan ondutako kontzertu monografikoan, Requiem lana zegoela tartean; hirugarrenik, Beethovenen Missa Solemnis piezaren emanaldian, Jérémie Rhorerren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestraren eta Donostiako Orfeoiaren eskutik; jarraian, dantza eta zuzeneko musika nahiz barrokoa eta garaikidea uztartzen dituen Folia zoramen zoragarrian, Compagnie Käfigeko zuzendaria den Mourad Merzouki koreografoak eta  Le Concert de l’Hostel Dieuko Franck-Emmanuel Comte zuzendariak lankidetzan osatua, eta amaitzerakoan, goia jo eta aretoko giroa berotu zuena, txaloekin erritmoa markatzen hasi eta aretoa zutitzeraino; eta azkenik, Riccardo Chaillyren Hamabostaldiko itzuleran, oraingoan Milango Orchestra Filarmonica della Scala orkestarekin.

Kursaalen beste zenbait momentu gogoangarri ere bizi dira: Bruce Liu pianistaren lehen aldia Musika Hamabostaldian eta Mahlerren 5.sinfonia ezagunaren interpretazioa (“Kontzertu borobila izan zela esatea gutxi da: esferikoa izan zen, eta gu geunden zentroan”, Marta Garcia, Berria) edota Stepan Razinen exekuzioa ezohiko lanarena Easo Ahots Miston Abesbatzaren eskutik, Orchestre Phiharmonique du Luxembourg eta Gustavo Gimenorekin; Masaaki Suzukiren parte-hartzea Bach Collegium Japanekin (“Eta emaitza gutizia izan zen, Leipzigen idatzitako Bachen lau obrekin erabateko bizikidetzan”, María José Cano, El Diario Vasco); Patricia Kopatchinskaja biolin-jotzailearen Hamabostaldiko debut bizia, Ivan Fischerrekin eta Budapest Festival Orchestrarekin (“Moldaviako biolin-jotzailea energia eta berrikuntza uharra da agertokian. 2009an Der Spiegel Alemaniako astekariak ezarritako “musika klasikoko Janis Joplin” ezizena indar betean dago oraindik”, Pablo L. Rodriguez, El País).

Victoria Eugenia Antzokia, jaialdiaren beste epizentroetako bat, flamenkoz zipriztindu da beste behin Úrsula Lópezen eskutik. Musika Hamabostaldian jada parte hatutakoa zen ordurako, baina lehen aldia izan du jaialdian konpainia propioarekin. Lorcaren oroimenez egindako proiektu berri bat ekarri du agertokira, oraingoan diktaduran zehar egilearen inguruan lan egin zuten zenbait koreograforen ikuspuntutik (“Adituentzako ñabardurez betetako Musika Hamabostaldiko ikuskizuna, Comedia sin título emanaldiak hiru minutuko txalo zaparrada jaso zuen beteta zegoen Victoria Eugeniaren eskutik”, Iratxe de Arantzibia, El Diario Vasco). Ondoren, Alexandra Dovgan piano-jotzaile gaztea izan dugu antzokian; eta handik ordu eskasetara, Pragatik Lurralde Santura bidaia egin dugu, Krystof Harant heroi txekiarraren eskutik, Cappella Mariana eta Constantinopleren kontzertu eta Ramon Bareak kontatutako narrazioari esker. Han bertan eskaini da, halaber, eserlukak agortuta egin ere, Egia ala geRuza haurrentzako operaren erabateko estreinaldia; Donostiako Hamabostaldiak eta Easo Abesbatzak lankidetzan osatutako ekoizpenak talentu gaztea sustatu, erakarri eta bestelako gai sozialetan arreta jarri du, hala nola, jasangarritasuna, inklusioa eta heziketa balioen sustapena.

Nabarmentzekoa da Arantzazuko emanaldian izan den garai eta soinu ezberdinen arteko uztarketa, Abraham Cupeiroren eta zenbait euskal musikariren artean sortutako lankidetzaren emaitza eta santutegia bete duena; Gerhard laukoteak ere Shostakovichen Hari kuartetoen integrala burutu du Chillida Lekun; Eduardo Chillidaren eta Nestor Basterretxearen omenaldiak egin dira edizio osoan zehar, etab.

Hamabostaldiaren eskaintza osatzen duten beste zikloek publiko leial baten bilgune izaten jarraitzen dute, Donostian zein hiritik kanpo. Edizio honetan, 12.430 pertsona baino gehiago bildu dira kontzertuetan eta dantza-emanaldietan, eta honako ziklo hauek nabarmendu dira ikusle kopuruagatik: Victoria Eugenia Antzokia (1.662 pertsona), Antzinako eta Ganberako Musika San Telmo Museoan (2.568 pertsona eta 6 emanaldi bete dira), Tabakalera Dantzan (987 pertsona) Organo Zikloa (5.001 pertsona), Musika Aitzaki (2.043) eta inaugurazio eguneko kontzertuak (1.156 pertsona).

85. edizioak 9 ikuskari eta musika lanen erabateko estreinaldia hartu du:

-    Carmen operaren ekoizpen berria (Kursaal)
-    Egia ala geRuza haurrentzako opera (Haurren Hamabostaldia)
-    Isiltasuna zizelkatzen, Myriam Perez Cazabonen koreografia Sofía Martínez musikagilearekin lankidetzan (Tabakalera Dantzan)
-    Hiru, Kresala Dantza Taldearen ikuskizuna Eduardo Chillidaren omenez (Inaugurazio Eguna).
-    A Reverence to San Sebastian, Carol Williams (Organo Zikloa).
-    Félix Ibarrondoren Glass eta J. J. Peña Aguayoren Palladium Motus, Spanish Brassen eskutik (Musika Garaikideko Zikloa).
-    Fernando Buideren La Constelación de Sagitario, Abraham Cupeiroren eta Ensemble Música Prácticaren eskutik (Musika Garaikideko Zikloa).
-    Ziyi Taoren Notspur (Pablo Sorozabal Hari Laukoteentzako Konposizioaren XVII Nazioarteko Lehiaketako lan irabazlea), Cikada String Quarteten eskutik (Musika Garaikideko Zikloa).