- Hamabostaldiak sustatu eta finantzatutako sail hau Nacho Castellanos kontratenorraren egitasmoa ere bada eta musika klasikoarekiko grina piztea du helburu.
- Hamabostaldiaren joan zen edizioan grabatutako 6 ataletatik lehena urriaren 3an estreinatuko da doako plataforma nagusietan (Spotify, YouTube, AppleMusic. iVoox). Ondoren, atal berri batez gozatu ahal izango da ostegunero.
Urriaren 3an "El Vomitorio" podcastaren estreinaldia da, musika klasikoa eta, hedaduraz, artea eta kultura hautemateko eta sentitzeko modu berri bat proposatzen duen podcasta. Proiektu hau, Mario Marzo aktore, pianista eta 2024ko Ondas Saria irabazi zuen podcasterrak sortu eta zuzendu du, Nacho Castellanos kontratenorrarekin batera, eta ez da soilik entzumen-espazio bat, musika klasikoa eta bere istorioak indarrez berpizten diren esperientzia bat da, entzuleak nota bakoitzak bizia hartzen duen unibertso batean murgiltzera gonbidatuz. Hilaren 3tik aurrera, ostegunero, doako plataforma nagusietan (Spotify, YouTube, AppleMusic. iVoox...) El Vomitorio saioaren kapitulu berri bat ikusi ahal izango da.
Donostiako Musika Hamabostaldiak sustatu eta finantzatutako El Vomitorio Donostian abiatu zen, joan zen abuztuan, 85. Musika Hamabostaldiaren baitan, Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugenia Antzokiko eszenatokietan grabatutako 6 atalekin; horiek, Gustavo Gimeno zuzendariaren, Sol Gabetta biolontxelo jotzailearen, Bruce Liu eta Alexandra Dovgan pianisten edo Donostiako Orfeoiaren interpretazioen ondorenean grabatu ziren. Atal horietako bakoitzak artisten esentzia harrapatzen du, begirada intimoa eskaintzen du podcastaren bi gidariek bizitako esperientziatik abiatuta, eta horiek entzun berri dutenaren testuinguru historiko-artistikoa eskaintzen dute.
Podcast honetarako ideia 84. Hamabostaldiaren testuinguruan, 2023ko abuztuan, "¿Quieres ser mi amigo?" podcastaren kapitulu bat grabatu ondoren sortu zen. Sail horri esker, Mario Marzo eta Dane Rivarolak Podcast Errebelaziorako Ondas Saria eskuratu zuten Ondas Globales del Podcast sarien hirugarren edizioan, aurtengo ekainean.
Baina zer da El Vomitorio? Ikuskizuna amaitzean emozioa zerion antzoki erromatarren espazio zahar horiek gogora ekarriz (gaztelaniaz vomitorio esaten zaio zirku edo antzoki zaharren ate edo irekidurari, edo antzeko lokal modernoetan, harmailetatik sartu eta ateratzeko ateari), podcasta une magiko hori harrapatzeko xedearekin sortzen da, kontzertua amaitzean, publikoa besaulkiak uzten ari denean, eta musika oraindik airean taupadaka ari dela; Kursaala bezalako leku enblematikoetan, azken noten oihartzunek oraindik durundi egiten duten bitartean, Mario eta Nacho eszenatokira igo dira, kamera eskuan, musika klasikoaren pasadizo liluragarri eta argigarrienetako batzuetan bete-betean murgiltzeko. Musika bera gainditzen duten istorioak bildu dituzte, halanola Napoleon konpas bakoitzean durundatzen duen borroka ideologiko batean desafiatu zuen Beethovenen ezaugarri gizatiarrenak eta apartekoenak azaleratzeko edo harakin batek bere ganbaran gordetzen zuen partitura bildumari esker berpiztu zen Bachenak, edo opio gaindosi baten ondoren bere Sinfonia Fantastikoari forma eman zion Berliozenak.
El Vomitorio-ren atal bakoitzak musika klasikoarekin modu intimoan konektatzera gonbidatzen ditu entzuleak, bereziki adituak izan gabe edo bereziki zaleak izan gabe jakin-mina dutenak. "Jendea musika klasikoarekin maitemintzea nahi dugu, guk egin dugun bezala, bere alderik gizatiarrena, pasionalena erakutsiz", azaldu du Mario Marzok. Proiektu hau batez ere publiko gazte bati zuzentzen zaio, izan ere Mario Marzok bereziki menderatzen duen “target”a da hori, sare sozialetan duen esperientzia zabalari esker (500.000 jarraitzaile ditu). Xedea ez da melomanoak bakarrik erakartzea, kultura maite duten belaunaldi berri bati atea irekitzea baizik, narratiba fresko, moderno eta irisgarri batetik musika klasikora hurbilduz.
Donostiako Musika Hamabostaldiaren konfiantza eta babesa funtsezkoak izan dira soinu-abentura hau aurrera eramateko. "Biziki eskertzen diogu Musika Hamabostaldiari bere babesa eta hasiera-hasieratik gugan izandako konfiantza. Atal horiek Europako jaialdi ospetsuenetako batean grabatzea pribilegioa eta betetako ametsa izan da", dio Nacho Castellanosek.
