Txekiar Orkestra Filarmonikoak 83. Musika Hamabostaldia itxiko du Kursaalen emango dituen bi kontzertuekin

  • Europako onenen artean dagoen Txekiako taldea 2019tik bere titularra den Semyon Bychkov zuzendariak gidatuko du.
  • Lehen kontzertuko programa obra bakarrari eskainiko diote, Gustav Mahlerren 7. Sinfoniari. Bigarrenarekin festa txekiarra ospatuko dute, Dvořák, Martinů eta Janáček konpositoreen obrekin.
  • Abuztuaren 27ko itxiera kontzertuan Katia eta Marielle Labèque pianistek, Donostiako Orfeoiak eta lau ahots bakarlarik ere hartuko dute parte.

Musika Hamabostaldiaren 83. edizioa abuztuaren 26 eta 27an helduko da bere amaierara Europako orkestra onenetako baten emanaldi bikoitzarekin. Txekiar Orkestra Filarmonikoa bere titularra den Semyon Bychkov zuzendariarekin itzuliko da, elkarren artean oso ezberdinak diren bi programa interpretatzeko. Lehenengoak (abuztuak 26) Gustav Mahler konpositorearen 7. sinfonia izango du protagonista, Txekiar Orkestra Filarmonikoak berak estreinatutakoa 1908ko irailean, eta ordutik bere errepertorioaren erdigunean iraun duena. Egun bat beranduago (abuztuak 27) orkestra txekiarrari Katia eta Marielle Labèque ahizpak batuko zaizkie, Evelina Dobračeva sopranoa, Lucie Hilscherová mezzoa, Aleš Briscein tenorra, Jan Martiník baxua, Daniela Valtová Kosinová organista eta Donostiako Orfeoiarekin batera. Hala, handitasunez itxiko dute Musika Hamabostaldia konpositore bohemiarren obrekin, Dvořák, Martinů, eta Leoš Janáček musikagilearen Meza glagolitiko erraldoiarekin. Bi kontzertuak Kursaal Auditorioan izango dira, 20:00etan.

Txekiar Orkestra Filarmonikoak Pragan eman zuen 1896ko urtarrilaren 4an bere lehen kontzertua, Antonín Dvořák zuzendariarekin, Rudolfinum Aretoan. Hori bera izan da gaur arte orkestraren egoitza. Hasieratik izan du konpromiso sendoa maila artistiko altuarekin eta laster egin zuen bere lekua Europako orkestra onenen artean, txekiar nahiz nazioarteko zuzendarien lanari esker: Vilem Zemanek, Ludvik Celansky, Oskar Nedbal, Nikolai Malko, Gustav Mahler, Edvard Grieg… Orkestraren hari atala bereziki ospetsua bihurtu zen, gehienbat Otakar Ševčík irakasle izan zuten ikasleek osatu zutelako. Garai hartako biolinista entzutetsuenetako bat izan zen bera, Viottiren itzalean sustraiak zituen eskola biolinistikoko katebegia. Biolontxelistak Marcus Wihan-en oinordekotzat hartuta zeuden. Hari eskaini zion Dvorak konpositoreak Biolontxelorako kontzertua. Honek guztiak Pragara XX. mendeko zuzendari garrantzitsu asko gerturatu zituen: Karajan, Abbado, Böhm, Celibidache, Mehta eta Dohnanyi bezalaxe, Pablo Casals, Yo Yo Ma, Rudolf Firkusny, Sviatoslav Richter, Angelica May, Gidon Kremer, David Oistrakh, Pinchas Zukerman edo Itzhak Perlman bezalako hainbat bakarlari ere.

Semyon Bychkov Leningradon jaio zen 1952an, Estatu Batuetara emigratu zuen 1975ean eta Europan bizi da laurogeigarren hamarkada erdialdetik. 1989an Sobietar Batasuna izandakora itzuli zen San Petersburgoko Filarmonikoko zuzendari gonbidatu nagusi bezala eta, urte berean, Parisko Orkestrako musika zuzendari izendatu zuten. 1997an Koloniako WDR Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi izendatu zuten eta harekin etorri zen lehen aldiz Musika Hamabostaldira 1998an. Handik gutxira Dresdeko Operako zuzendari nagusi izendatu zuten. Bychkov opera zuzendari bezala bereziki balioesten dute eta pandemia hasi aurretik bere ibilbideko mugarri bat erdietsi zuen Bayreutheko Festibalean zuzentzen arituko ondoren 2018 eta 2019an. Musika Hamabostaldian ere bi opera -kontzertu bertsioan- gaualdi gogoangarri sinatu zituen: 2004an Richard Straussen Elektra, Deborah Polaski protagonistareki; eta, 2007an, Verdiren Otello kartsua Johan Botha hegoafrikarra zerrendaburu zuela. Bychkov zuzendaria 2020an izan zen azken aldiz festibalean, Euskadiko Orkestra zuzentzen Beethoveni eskainitako programa monografikoarekin.

Ostirala, abuztuak 26 – Gustav Mahler-en 7. Sinfonia

Bere emanaldietatik lehenengoan, Txekiar Orkestra Filarmonikoak eta Bychkovek Gustav Mahleren obra handietako bati egingo diote aurre, 7. sinfoniari. Konpositore bohemiarrak txekiar orkestrarekin batera estreinatu zuen eta partitura bere aurkezpen-gutunetako bat bilakatu da mundu osoan zehar; izan ere, Musika Hamabostaldian izan ziren aurreko aldietako batean interpretatu zuten, 2005ean, Vladimir Ashkenazy zuzendariaren gidaritzapean. XX. mende hasieran, Mahler orkestra zuzendari gisa zen ezaguna gehienbat, eta bere obrak entzuten zituen publikoak maiz ez zuen ulertzen bere musikaren ikuspegi kosmikoa eta konbentzionalismoei aurre egiteko bere nahia. Hori dela eta, Zazpigarren sinfonia 1904 eta 1905 artean konposatu arren, hiru urte igaro ziren eta hainbat berrikuspen egin behar izan zizkion, Pragan 1908an estreinatu arte. Egin zituen aldaketetako askok instrumentazioari eragin zioten: neurritasun eta intimitate sentimendua transmititzera arte findu zituen, orkestra erraldoia baliatzen ari bazen ere.

80 minutuko iraupenarekin eta bost mugimenduko egiturarekin, Mahlerren tonalitatearekiko ikuskera harmonia tradizionalaren mugak behartzen ari zen dagoeneko. Partitura ia esplorazio modukoa da, eta agian horregatik da ziklo sinfoniko mahleriarretatik gutxien interpretatu ohi dena. Bosgarrena eta Seigarrena bezalaxe, Zazpigarrena ere obra instrumental purua da, korurik, bakarlaririk eta gidoi programatikorik gabekoa. Arku bat osatzen dute bere bost mugimenduek, Scherzo iluna erdigunean dutela, gaueko bi musikek inguratuta (Nachtmusik). Horiek ere irekiera eta itxierako energiaz inguratuta daude. Sinfonia honetako baliabide originalenen artean dira lehen mugimenduko zintzarriak, mendian udak izan ohi duen lasaitasun bukolikoa gogora ekartzen dutenak, eta laugarren mugimenduko mandolinaren erabilera xarmagarria.

Abuztuaren 26ko kontzertu hau Laboral Kutxak babesten du.

Larunbata, abuztuak 27 – Dvořák, Martinů eta Janáček konpositoreen obrak

Txekiar Filarmonikoaren bigarren kontzertua jaialdiaren itxiera ere izango da, musika bohemiarraren festa handi batekin. Antonín Dvořák konpositore txekiarraren Inauteriko oberturarekin hasiko da. Jarraian, Katia eta Marielle Labèque ahizpa lapurtarrek osatzen duten duoa batuko zaie pianoan: “sailkatzen ezinezkoak diren bi pianista inkonformista” moduan aurkezten dute beren burua. Bach, Brahms, Liszt eta Mozart konpositoreetatik, Thomas Adès eta Philip Glass garaikideetara egiten dute jauzi. 2018an izan ziren azken aldiz Musika Hamabostaldian, “Amoria” ikuskizunarekin. Haiengan bereizgarria den eklektizismo ereduarekin, beren sustraiak omendu zituzten, euskal musikaren 500 urte berrikusiz: Joanes Antxiena errenazentistatik, Alberto Iglesias konpositore donostiarrera, Carlos Mena, Eñaut Elorrieta eta OrekaTX bezalako euskal artistez lagunduta. Oraingoan, Labèque ahizpek bakarlarientzat ohikoagoa den lana egingo dute Bohuslav Martinů konpositorearen Bi piano eta orkestrarako (1942) kontzertua emanda. Kemenez gainezka egiten duen partitura erritmikoa da, jazzari keinu egiten diona, eta benetako tour de forcea bakarlari duo batentzat.

Bigarren zatian, agertokira igoko dira Donostiako Orfeoia, Evelina Dobračeva sopranoa, Lucie Hilscherová mezzoa, Aleš Briscein tenorra eta Jan Martiník baxua. Leoš Janáček konpositorearen Meza Glagolitiko erraldoia interpretatuko dute. 1926an idatzi ondoren 1928an berrikusi zuen konpositoreak. Haren hitzetan, meza hau erlijiosoa baino patriotikoagoa da. Janáček konpositoreak debozio sutsua zuen musikako tradizio herrikoiekiko, eta Txekiako literatura eta hizkuntzarekiko. Hori dela eta latindar testua erabili beharrean, alfabeto glagolitikoan idatzitako antzinako testu erlijioso bat baliatu zuen. Hain zuzen, horregatik, meza, konpositoreak azaldu bezala, “jai-girokoa da, bizitzarekiko baieztapena, panteista, zerikusi gutxikoa elizkoitzat jo genezakeenarekin”. Musikari buruzko xehetasun batzuk ere azaldu zituen: “Luhačovice [bere oporrak igarotzeko erabiltzen zuen bainuetxea eta mezaren zati handiena idatzi zuen lekua] inguruko basoen usaina intzentsua da. Eliza basoko errezel erraldoia, zeru oker zabala eta haragoko lanbroa dira. Artalde baten zintzarriak entzuten dira Ostiaren eraldatzea irudikatzeko. Tenorraren soloan apaiz nagusia entzuten dut, sopranoarenean haur aingerua, koruan gure jendea”.

Abuztuaren 27ko kontzertu honetan EDP Fundazioak kolaboratzen du.